Euskararen Biziberritzea Araban (EBA) egitasmoa Arabaz, Arabatik eta arabarrentzat sortua da. EBAren helburu nagusia da, xx. mendearen 60ko eta 70eko hamarkadetatik gaur egun artean euskarak lurralde horretan egin duen biziberritze-ibilbidearen kontakizuna osatzea eta gizarteari helaraztea, xede hezitzaile eta aktibatzaile batek bultzaturik. Belaunaldi berriei, bereziki, horren berri ematea garrantzitsua da, Araban euskara biziberritzeko edo indarberritzeko ahaleginetan jarrai dezaten. (Soziolinguistikan, HINBE izenaz ezaguna da prozesu hori, alegia: ‘Hizkuntza INdarBerritzea’). Beraz, egindako bidea, egungo egoera eta haren biziraupen osasuntsurako baldintzak zein diren bildu eta gizartean zabaldu nahi du EBAk, ezaguera horrek arabarren —batez ere, gazteen— euskararekiko atxikimendua eta konpromisoa areagotu egingo dituelako, eta Araba euskaldunaren identitatea sendotu eta ahalduntzen lagunduko.
Euskarak Araban izan duen biziberritzea nolakoa izan den azaltzeko, EBA gune honek bi informazio mota nagusi eskaintzen ditu. Alde batetik, euskararen bilakaera adierazten duen informazio estatistikoa dago; Iñaki Iurrebasok bere tesian oinarriturik osatutako lana da, Arabarako egokitua eta 2021eko datuekin eguneratua. Eta, beste alde batetik, biziberritze-prozesuaren lekuko edo protagonista izan diren hainbat laguni egindako elkarrizketak eta haiek emandako iritzi eta ideiak jaso dira, etiketaturik: ezagutza, erabilera, euskararekiko jarrera eta gizarte giroari buruzko argibideak dira oro har. Bi motatako zehaztapen-multzook atal bana izango dute gune honetan. Batean zein bestean erabiltzaileek baliatuko duten informazioa argiago ikusteko, hementxe aurrerapen bat.
Egoera eta bilakaera
Euskararen ezagutza. Araba, 1981-2021 (5-14 urteko haurrak, %)
Iturria: Biztanleriaren eta etxebizitzen zentsuak (EUSTAT”).
Aurrez aurreko harremanetako, etxeko eta kaleko erabilera. 16 urtetik gorako hiztunak, Araba, 1991-2021 (euskararen batez besteko erabilera, %)
Iturria: Biztanleriaren eta etxebizitzen zentsuak (EUSTAT eta NASTAT), Soziolinguistika Klusterraren erabileraren neurketen datu-basea, 1989-2021;
Euskal Herriko Inkesta Soziolinguistikoaren datu-basea, 1991-2021 (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza – Eusko Jaurlaritza).
Lekukotzak
Biziberritze aroaren hasiera
Biziberritze aroaren hasierari buruzko zenbait gako-ideia (I)
Biziberritze aroaren hasierari buruzko zenbait gako-ideia (II)
Biziberritze aroaren hasierari buruzko zenbait gako-ideia (III)
Biziberritzearen gaur arteko bilakaera
Euskararen Biziberritzea Araban (EBA). Biziberritzeren bilakaera gaur egun arte
Araba osoa
Lurralde historiko osoa hartzen duen proiektua da EBA. Lekukotzak jasotzeko lanak Gasteizen abiatu dira, baina beste kuadrilletan ere jasoko dira, horretarako aukera egonez gero. Beraz, gune honen gaur egungo edukiak osatzen joango dira informazio gehiago landu ahala.

