Hizkuntza-baliabideak

Hitz-elkarketa/2: II.8. HITZAURRE MODUKOAK: AITZIN, ALBO, ALDE, ATZE, AURRE, AZPI, BARNE/BARREN/BARRU, BAZTER, BE(PE), BITARTE, ERTZ, GAIN, GIBEL, INGURU, ONDO, OSTE, (T)ARTE...

II.8. HITZAURRE MODUKOAK: AITZIN, ALBO, ALDE, ATZE, AURRE, AZPI, BARNE/BARREN/BARRU, BAZTER, BE(PE), BITARTE, ERTZ, GAIN, GIBEL, INGURU, ONDO, OSTE, (T)ARTE…

II.8.1. Sarrera

Aitzin, albo, alde, atze, aurre, azpi, barne(barna), barren, barru(n), bazter, be (pe), bitarte, ertz, gain, gibel163, inguru, ondo, oste, (t)arte… mugakizunak dituzten izen elkartuak dira atal honetako aztergaia.

Atal berezi batean bildu eta aztertzeko arrazoia mugakizunaren izaeran datza berriz ere. Mugakizunok lekua edo denbora adierazteko erabiltzen ditugun elementuak dira, leku-izenak; guztiak ez bada, gehienak polisemikoak dira eta, gainera, aski esanahi lausoa, zabala dute.

Hori dela eta, “deiktikoak” direla esan izan da (H-E/4, 11.2.6.: 94 / 80), adierazi nahiz mugatzaile hauen eginkizun nagusia igorlearen esakunea leku-denboretan kokatzen laguntzea dela. Alegia, elementu hauen esanahi zabal, lauso hori egoerari lotuta dago erabat eta, hori dela eta, beste nonbaitetik hartu behar du erreferentzia esanahia osatuko badu. Hiztegietako definizioak begiratu besterik ez dago horretaz ohartzeko. Aitzin dioenak “zerbaiten aitzina” du gogoan (dela lekua, dela denbora), eta beste horrenbeste albo, alde, atze, bazter, ertz… dioenak ere. Hortik bide datorkie ezkerretara beste esanahi zehatzago edo sendoagoko beste osagai bat hartzeko joera edo beharra.

Hurrengo atalean (§ III), Aurreproiektu motan, berriz ere ikusiko dugun bezala, lekua edo denbora adierazteko elementuak izate horrek badu eraginik hitz elkartuaren osaeran, hitz elkartuko burua zein den, elkartuaren esanahia zein den erabakitzean…, nahiz eta hemen ere segur aski mailak bereizi beharko liratekeen.

Nolanahi dela ere, gure azterketan batzuetan probetxuzkoa izango da buru morfologikoa (hitz elkartuari ezaugarri morfologikoak iragazten dizkiona) eta semantikoa (elkartuaren esanahia erabakitzen duena) bereiztea (Gràcia; Azkarate 2001). Konparaziorako, historiaurrea-ren buru morfologikoa eta semantikoa aurrea da; horretxek iragazten dizkio bere ezaugarri guztiak elkartu osoari. Aurreiritzi-rena iritzi den bezala. Aldiz aurredenboraldia morfologikoki bada denboraldia, denboraldi izenaren bezalako jokamoldea du, baina semantikoki ez, ez baita “aurretik (egiten) den denboraldia”, “denboraldiaren aurrekoa” baizik. Hauek, antza, euskaraz hitzaurre ereduaren arabera eman izan ditugu eta ez aitzinsolas ereduaren arabera.

Leku-denborak adierazteak, era berean, postposizioen eremura hurbiltzen gaitu. Galdetzekoa da, halaber, hemen jasotako hainbat mugakizun noraino ez ote ditugun gaur egun postposizio gisa besterik erabiltzen164. Izan ere, kontuan hartu behar da forma berak (edo forma homonimo edo kideak?165) bete bide dezakeela funtzio bat baino gehiago, eta, honenbestez, sarritan ez dagoela aldez aurretik jakiterik zein eginkizunetan darabilgun dena delakoa. Lexikoaren eta sintaxiaren arteko mugetan gabiltza, berriz ere; zehatz esan, elkarketaren eta postposizioen artean.

Bistan da, hortaz, funtsezkoa dela postposizioak hitz elkartuetatik bereiztea. Horretarako, Azkaratek (1990: 392-401), Odriozolak (1999), Zabalak eta Odriozolak (2004: 281-315) eman zituzten irizpideez balia gaitezke. Hondarrik hondarrenean ikusi beharko genuke aztergai ditugun eraikuntzek izenek onartzen dituzten modifikatzaileak onartzen ote dituzten, osagarririk ba ote duten… Guztiarekin ere, behin baino gehiagotan ez da samurra erabakitzea. Balia gaitezen adibide batez alde-k zein balio izan ditzakeen ikusteko.

Postposiziotzat joko genituzke hurrengoak: erabilera itxia dute, murriztua.

“Erdarazko «delirios» eta «despropósitos»en orde bere jatorrean etxalde aritua izan bagenu” (EJ00,184) (“NOREN / ZEREN alde” eta ez kontra).

“Irabazi politagaz etorri dira etxe aldera, ta euren nekeak oso azturik, zoro zoro dabiltz” (EJ59,47). (NORANTZ-en baliokidea litzatekeena).

Ez dituzte izenek izaten dituzten aukera berak sintagman erabiltzeko: ez du atzizkirik onartzen (*“bere jatorrean etxaldeetara aritua izan bagenu”), edo, onartzen badu, arestikoarena ez bezalako beste esanahi bat hartzen du (“Irabazi politagaz etorri dira etxe aldeetara, ta euren nekeak oso azturik, zoro zoro dabiltz”). Gainera, esanahiaren ikuspegitik ere berezitasunak dituzte: ‘aldeztea’ da etxalde-rena, edo leku-denborazko atzizki-marka duela, -rantz, inguru-ren kidea da (etxe aldera).

Besteok, berriz, hitz elkartu garbiak dira. Esate baterako, etxalde horrek izenek bezalakoxe jokamoldea du: handi adjektiboak modifikatzen du eta mendialde ere pluralean dago; postposizioetan ezinezkoa dena.

“Nik uste Donapaleu alderdiko etxalde handi batetako andregai bat zen” (HE32,51).

“bisitari arrotza, ongi etorri gure mendialdeetara, esan zion” (EJ53,107).

Alegia, bistan dago bi egitura-mota horiek bereizteko testuingurura jotzea nahitaezkoa dela, ez dagoela huts-hutsean esaterik ―konparazio batera eta ortografia alde batera utzita― etxe alde elkartua dela edo postposizioa dela.

Gehienez ere, batzuetan morfemen topagunean gerta daitezkeen hots-aldaketek eman dezakete laguntzaren bat: oro har, elkarketan gertatzen dira aldaketok, ez postposizioetan.

Izen elkartutzat jotzeko, hortaz, juntatzen ditugun bi osagaiak bere eskukoak izatea eta eskuineko elementua izena izatea ezinbestekoa denez gero, gure azterketa honetatik kanpo uztekoak dira baldintza hauek betetzen ez dituztenak.

Baina beti ez daude kontuak nahi bezain garbi. Eta are ilunago daude -ko atzizkia tartean denean. Nola ulertu behar dugu hurrengoa?

“Han nonbait, Arrigorriagako gudu aitzineko hura”

Badago guduaitzin (gerraurre, historiaurre eginak ditugun bezala) deritzan aldi bat? Hala bada, “iz[izena + izena]iz + -ko” da osaera ([gudu + aitzin]-ko), eta, hortaz, izen bat dago oinarrian eta emaitza elkartua dugu. Ala, hiztunak ez du horrela eratu beste era honetan baizik: “izena + postposizioa” (gudu + aitzineko)?

Bestalde, Arrigorriagako izenlagunak zer besarkatzen duen ikustea ere argigarria izan daiteke, espero izatekoa denez, elkartua bada ondoren datorrena, elkartu osoa (adibidez, “Urbiako [artzain-borda]” bezala) eta ez osagai bat bakarrik (*“[Urbiako artzain] borda”) modifikatu behar baitu. Zehatz esan, nola ulertzen du hiztunak horko Arrigorriako gudu aitzineko hori, elkartu (“Arrigorriagako [[gudu aitzin]eko]”) ala postposizio ([Arrigorriagako gudu] aitzineko) moduan?

Alegia, jokamoldeari erreparatu behar zaio erabakitzeko izen elkartuak edo postposizioak diren: postposizioek eraman ohi dituzten lekuzko atzizkiak kenduta, ea kasu-markarik, modifikatzailerik… onartzen ote duten.

Beste konturik ere bada. Hemengo mugakizunetako batzuk ere “erdi-atzizki” deituen artean aipatu izan dira.

Hitzaurre moduko deiktikoak. Mugakizuna leku-denborazko aitzin, alde, arte, atze, aurre, azpi, barne (…) deiktikoa dute. Erdi-atzizki bihurturik daude hauetarik hainbat ere. (H-E/4, 11.2.6.: 94 / 80).

H-E/4 lanean ―“deiktiko” direlakoetatik zein jotzen ziren atzizki bilakatzeko bidean zehazki esaten ez bazen ere― esana dago batez ere beregain, bakarrik erabilita ere, askotan beste izen bati lotuta erabiltzen direla; be (pe) buruen-buruenik. Hemen ere zehazten ahalegindu beharko dugu, bada, zenbateraino hitz egin daitekeen hitz elkartuez.

Ildo beretik, burubide horri jarraituta, galde daiteke zergatik ez aztertu aurreko atalean, aldi, bide, buru, gai eta abarrekin batean. Baina badago arrazoirik hemengo mugakizunok § II.7 puntukoetatik bereiz aztertzeko: haiek ez bezala, hemengo guztiek lekua edo denbora adierazten dute. Hortxe oinarrituta zegoen baita ere bai H-E/1 bai H-E/4 lanetan bereiz sailkatzea (H-E/4, 11.2.5 eta H-E/4, 11.2.6).

Orain arte esandakoetatik ondoriozta daiteke kapitulu honetan azterkizun ditugun aitzin, albo, atze, aurre eta kidekoek eratzen dituzten eraikuntzak mugakoak direla batetik, hitz elkarketaren eta sintaxi-egituren artean eta, bestetik, elkarketaren eta eratorpenaren artean.

Sarrera hau bukatzeko esan dezagun mugakizun hauen emankortasunari begiratuz gero, adibideen kopuruak garbi erakusten duela alde handia dagoela mugakizunetik mugakizunera, gure aztergaian bederen. Esate baterako, alde mugakizuna duten adibide ugari ditugu; eta oste eta ondo mugakizunak elkarren ondoan jarriz gero, berriz, ohartzen gara lehenak bigarrenak baino askoz adibide gutxiago dituela. Gauza bera gertatzen da aitzin eta aurre bikoteari dagokionez, eta abar. Euskalkien arteko banaketak eta euskara estandarrean batak eta besteak izan duen arrakastak ere emankortasunarekin ikuskizun handia du, dudarik gabe.

II.8.2. Adibideen azterketa

II.8.2.1. AITZIN

Mugatzaileak, guztiak izen arruntak dira, bizigabeak eta konkretuak: aldare, etxe, gudu(?), historia

“Gizon batzuek aldare aitzin guzian lerro-lerro ezarriak zituzten” (HE59,79).

etxe aintzin guzia plazako gizonez bete zen” (HE59,69).

“Han nonbait, Arrigorriagako gudu aitzineko hura” (EJ20,24).

“Suak piztea eta uretan buztitzeak historia aintzinetik datorzkigun ohitura zaharrak ditugu” (EB87,49).

Adiera. Sarreran esan dugun moduan, esanahi zabala, lausoa du hemengo mugakizunak.

Gure adibide urrietan lekua (lehen bi adibideetan), nahiz denbora (bestean) adieraz ditzake. Mugatzaileak, berriz, zehazten du zein tokitan edo noiz kokatu behar dugun dena delakoa, ZEREN aitzina den.

Osagaien arteko erlazio semantikoak kontuan hartuaz, mugakizunaren “arintasun” semantikoak ez dakar elkartuaren burua ez izatea. Esan nahi da, nahiz eta erreferentzia zehazteko beste erreferentedun izen baten premia izan, aldare aitzina eta etxe aitzina aitzina dira, eta ez aldarea edo etxea.

Beste kontu bat da nola ulertu behar diren osagaien arteko harreman semantikoak. Pentsa al daiteke, beharbada, tokiaz ari garela, “osoa-zatia” dela (“aldarearen parte bat aitzina da”) (§ I.5.3)? edo ‘jabegoa’ (§ I.5.2) (“aldareak aitzina du”)? Denbora adierazten dutenetan, berriz, zailagoa bide da harreman hori ikustea.

Edo, apika, pentsatu behar da mugakizunon berezitasuna, ZERAK espazioan edo denboran kokatzea besterik ez dela eta ez dela sortzen osagaien artean gainerako izen elkartu mendekotasunezko arrunten artean sortzen den bezalako harremanik?

Bestalde, aitzin mugakizunaren barrutia batik bat ekialdeko euskalkiak dira, nahiz eta mende honetan mendebaldera ere zertxobait hedatu den (gipuzkerara batik bat). Estandarrean ere badu tokia.

II.8.2.2. ALBO

Mugatzaileak: oraingoan ere izenak dira mugatzaileak, izen arrunt, bizigabe eta konkretuak: bide, gorputz, matrail

Bizkaieraz aurkitu ditugu, batik bat, albo mugakizuna duten izen elkartuak. Euskara estandarrean ez dirudi arrakasta handirik izan duenik.

“orduak orraztuaz, aurrera dijoa gaba: bide-alboak sasitzen” (EJ50,85).

“Bere burdiña odolguirua ez da igaroco gure corputz-albuetatik” (HE20,214).

“arpeguia gorrista, ta matralla albuac guicen guicenac” (HE20,193).

Osagaien arteko erlazio semantikoei erreparatuaz, albo adieretako batean ‘aldea’ da. Hala denean, ez dugu lehen esandakoari deus gehitzeko. Gehienez ere erants daiteke, alde mugakizunaz aritzean xehekiago ikusiko dugun bezala, adibideren batean (“matralla albuac”) esanahi zehatza hartzen bide duela: ‘saihetsa’ baino areago, ‘zatia’ edo.

II.8.2.3. ALDE

Mugatzaileak: mugatzaile ugari aurkitu ditugu gure corpusean alderen ezkerrean, gehienak izen arrunt, bizigabe eta konkretuak: arrats, baso, bazter, buru, eguerdi, egute, eguzki, esku, eskuin, etxe, gerruntze, gibel, goiz, haitz, hegal, hego, herri, iluntze, ipar, ipurdi, kale, kosta, lehor, lepo, lur, matrail, mendi, moko, muga, mutur, ohe, oin, portu, punta, saletxe, zeru

Izen berezirik ez zegoen corpusean166, baina batzuetan badirudi alde mugatzaile arruntari lotu eta gero bihurtu dela berezia izen elkartu osoa: Borda-alde, Gurutze-alde, Hegoalde, Iparralde, Koba-alde, Torrealde

Adjektiboak: borobil, oker, zikinBide-ri eskainitako atalean (§ II.7.2.2) adierazi dugun bezala, euskal hitz-elkarketan ez da ohikoa adjektibo + izen elkarketa. Hauek, baina, halakoak dirudite.

Ihartutzat (edo erdi ihartutzat) emango genituzke beste hauek, zein gehiago, zein gutxiago, bi osagaien arteko erlazioa ilunduta dagoen heinean: arratsalde, errekalde, eskualde, etxalde, goizalde, herrialde; Ernialde

“goizean eguzkiaren irteeran eta arratsaldean eguzkiaren sarreran” (EJ49,35).

“Udaberria lurraren jabe zan, Baso aldea, txori jai bete-betea” (HE57,150).

“Saltsamendi’ko puntatik berago, Itziar aldera, badago mendi-mutur txiki bat, Murgizarreko Borda-aldea du izena” (HE29,10).

“Derrior borobil aldearekin bea jo bear zuan aurrena” (HE29,32).

Buru-alde ori, berriz, bizarrakin eta illeakin dana tapatuta” (HE29,67).

“Orri izena bi modutara esaten zaio: Torrealdea lengo izen zarra; baiña Gurutze-aldea ere berdin esaten zaio orain” (HE29,11).

“Ta Lontxo ta ni, alaxe beiak (beeterritarrak ez dute beia deitzen) zaintzen, egute-aldeko pagadietan” (HE50,33).

“Alaxe ezagutu nuen Ernialde’ko aldapa luze ura” (HE50,90).

“Euskaltzaindiak emandako agiri baten bidez irakasle hauek egin zezatela beren lana eskualde eta herrietan” (EI94,55).

“Nik uste Donapaleu alderdiko etxalde handi batetako andregai bat zen” (HE32,51).

“bi eskumutur ezurtsu; lau aza-xurten baturik ainbat lodi; gerruntze-alde sendoa” (EJ03,21).

“Arantzazuko kalbario-mendian goizalde artantxe bete zan Juan ebanjelariaren: ecce mater tua” (EL70,127).

“Geroztik Hartzaren baratzea esaten diote Urbasa mendiko haitzalde bati” (EJ53,100).

“Bañan geuden lekutik, guk ez genduan beste egal-aldea ikusten” (EJ49,58).

“Elizaren ego-aldea, antziñan komentua egon zeneko terrenu ia dana, ondakiñetan zegoan artean, ezer egin-gabe” (EL70,213).

herrialde guztietan toki onak badira” (HE51,28).

“lenengo lana arbolari ipurdi-aldea garbitu” (HE29,101).

“Itziar’ko kale-aldea ere oso leku polita da” (HE29,19).

“Lastur aldeko ertzetik badu aitz-zulo kaskar bat. Koba-aldea du izena” (HE29,10).

“Bizkaiko itsas-hegalean (…) Bizkaiko lehor-aldean ere antzera izan da” (EB87,29).

“ÑO’ren lepaldea ta besondo guriak begiz jaten ari da” (HE57,103).

“berai biziya kenduagatik / lur-alde aitan etsaiak, pozez dijoaz anima batzuk / zerura ekarri naiak” (HE55,16).

“mamintsubac dauqueezan matralla alde ta zanguac” (HE20,59).

“Nafarruak ba ditu mendi-aldea ta Erribera” (EJ65,52).

“Edozein ispiluk bezala; baditu noski bere huts eta okerraldeak, baina eginahalean saiatzen da inguruko bizitzaren errainua jasotzen” (HE27,326).

“Ezteia txikiko saletxe aldea dauka orrek izena” (HE29,9).

zikin-aldetik jo bearrean, gai orrek duan alderdi parregarriari begira oi zioagu” (HE57, 119).

Mugatzaileen gramatika-kategoria. Izenak dira nagusi alderen ezkerrean167. Oro har, bizigabeak eta konkretuak dira: gauza bat, gorputz-atal bat edo lur-azalean koka daitekeen zerbait dira. Adjektibo bat edo beste ere badago. Hitz eratua beti izen bizigabea da.

Adiera dela eta, esan daiteke atal honetako mugakizunetan ikusi ditugun ezaugarriak guztiz egokitzen zaizkiola alde izen bere eskukoari: esanahi lausoa du, polisemikoa da (‘ingurua’, ‘zatia’, ‘desberdintasuna’, ‘taldea’ (ik. § II.2)… adieraz ditzake) eta erreferentziazko balio deiktikoa du. Azken alde horretatik begiratuta, zerbait nonbait kokatzeko erabiltzen dugun izena da, zabal esan. Eta gauza bera ikusten dugu hitz eratuko eskuineko osagaia denean eratzen dituen izenetan; alde-k ezkerretara duen izena nonbait kokatzea du eginkizun nagusia: eguzki alde diogunean ‘eguzkia sortu edo dagoen bitarteaz’ ari gara, eta ez eguzki deitzen diogun izarraz.

Ñabarduretan sartzen bagara, ikusiko dugu batzuetan alde ezkerreko izenaren kokapena lausotzeko edo zabaltzeko ere badarabilgula: ipurdialde, lepalde, kalealde… ‘ipurdiaren, lepoaren, kalearen inguruak’ dira, ez justu ipurdi, lepo, kalea… bera. “ÑO’ren lepaldea ta besondo guriak begiz jaten ari da” dioenak, ez du seguru asko parte zehatza edo osotasun baten zatia adierazi nahi, ingurua baizik.

Eta antzeko zerbait daukagu ezkerreko izenak denbora adierazten badu (goizalde, arratsalde): hemen ere alde-k ezkerreko izenak adierazten duen denbora lausotzen duela dirudi: ‘erabat goiza ez dena, erabat arratsa ez dena’… Hauexek dira postposizioetatik gertuen daudenak (mendi aldera joan / zortziak aldera hasi…) (Azkarate 1990, Odriozola 2002).

Beste batzuetan, ezkerreko izena zati daitekeena bada, alde-k zehatz dezake zatietako bat dela mintzagaia, hain justu: masailalde (oroit lehengo matrail albo-z), ipurtalde, orrialde

Hemengo adibideek batik bat ‘ingurua’, ‘alderdia’ edo ‘zatia’… adierazten dute, oro har, eta denborarekin lotuta dauden arratsalde, goizalde eta besteren bat kenduta, tokia adierazten duten, edo tokiren batean koka daitezkeen izenak dira.

Badira, bestalde, adibideetan adiera berezia hartu duten izenak, (erdi) ihartutzat jo daitezkeenak. Esate baterako: arratsalde, errekalde, eskualde, etxalde, goizalde, herrialde, Ernialde… Hitzok, oro har, hiztunak osorik ikasi behar ditu, batzuk besteak baino gardenagoak badira ere, osagaien esanahien bitartez garbi aditzerik ez baitago hitz elkartu osoaren adigaia. Erakusgarririk argiena eskualde izan daiteke, gaurko hiztunak bederen nekez uztartuko baitu: ‘esku’ + ‘alde’ baturarekin. Beste batzuetan, berriz, garbiagoa da osagaien esanahien eta hitz elkartu osoaren esanahiaren arteko lotura (errekalde, esate baterako).

Bukatzeko, beste adibide-sorta hau ere badugu:

“emazten jorratzeko hamar bat bertsu-alde badira” (HE43,14).

“Ah! zer gizaldea behiala Eskualdunena” (HE59,104).

“Azaña’ren ortzalde eder ura” (HE17,21).

“aitzina Eskualdunean hasi zen bere lerro-alde goresgarrien ager arazten” (HE59,12).

“Aurreko uralde oietan bazuean ba naikoa” (EJ62,66).

Orain arte aipatu ditugun adieretatik bazter samarrean geratzen zaizkigu, ‘multzoa’ adierazten baitute. Alegia; alde / talde alomorfoen arteko jatorrizko loturan oinarrituz ulertu ditugu. Horrela ikusi ditugulako sailkatu ditugu “Multzo-elkarteetan” eta ez hemen, baina, nolanahi dela ere, oroit mugatzaileen berezitasunaz han genioenaz (§ II.2.2.1).

Osagaien arteko erlazio semantikoak. Gehienak mendekotasunezko hitz elkartuetan ere ikusi dugun ‘edukia’ harremanaren bitartez azal daitezke: ‘zer-non’ (§ I.5.4.2), eguzkialde ‘alde horretan eguzkia dago’, lepoalde ‘alde horretan lepoa dago’… Alde-k ‘zatia’ adierazten duenean, berriz, ‘osoa-zatia’ (§ I.5.3) harremana genuke (orrialde…), ogi-puska, lur-zati… “Zati-elkarteen” gisan (§ II.3).

II.8.2.4. ATZE

Izen arrunt, bizigabe, konkretuak dira atze izenarekin elkartzen ditugun mugatzaileak: hegal, pago

“ginbail bulardetsuak, erabaki gorrien garaia eldu dalakoan, zutitu aurrea lerdenki bekoki-gañean, ta egal-atzea lepazamarreruntz etzin” (HE17,43).

“Orregatik jarri giñan pagotegi artan; pago-atze banatan gordeta” (EJ49,150).

“Gu, berriz, lasai-lasai pago-atzeetan” (EJ49,151).

Ez dirudi mugakizun honezaz askotan baliatu izan garenik hitz elkartuak eratzeko: ikusiko dugun bezala, elkarketan maizago jotzen dugu antzeko adiera duen gibel (edo oste) erabiltzera.

Atze izenak denbora ere adieraz dezakeen arren, guk ‘tokia’ adiera besterik ez dugu jaso corpusean168.

II.8.2.5. AURRE

Orain arte ikusi dugunaren haritik, izen arrunt, bizigabe, konkretuak izango ditugu mugatzaile aurre izenaren ezkerrean ere; ez dugu izen biziduna mugatzaile duen adibiderik gure corpusean: atari, ate, begi, buru, dantza, etxe, eztei, gerra, herri, historia, hitz, saletxe

atalaurrea garbitzen elkar-apustuan” (HE18,53).

“gauez nagusien ate aurreak zaintzen egoten dituk” (EJ53,26).

“norbaiten txalopeak bokarte asko artu badau, legorretik betaurreagaz geraldi on ori ikusi” (EJ59,42).

“arrantzalien aotik artu dotan lez ipinten badot izen ori liburutxu onen buruaurrean” (EJ59,7).

“Aurreskuak ederto egin eban dantzaurrea” (EJ59,141).

“Jauregi antzeko etxeaurrea dauko” (HE31,92).

“zer eztei aurre duten berêla bi gazte ôk afaltzean!” (HE18,85).

“atera eruazan maisubac mutilchu icaslac erri aurre edo atarira” (HE20,217).

“ohiturok historia aurretik datoz, baina Euskal Herriko agiri idatziak ez dira hain zaharrak” (EB87,50).

“Eskaera horri erantzun beharrez, aintzin solasa edo hitzaurre au idatzi dut” (EJ04,13).

“Ezteia aundiko saletxe aurrea du izena” (HE29,9).

Aurre-k bai denbora, bai tokia adieraz ditzake eta aztergai ditugun hitz elkartuok ere bi adiera horiexek ispilatzen dituzte. Tokia adierazten dute atalaurre, ate aurre, buruaurre, etxeaurre, erri aurre, hitzaurre, saletxe aurre adibideek; denbora, berriz, dantzaurre, eztei aurre, historia aurre

Esanahiaren munduan gehixeago sakontzen badugu ohartuko gara badirela aipatu beharreko zenbait ñabardura: hitzaurre edo dantzaurre hartzen baditugu ikus dezakegu hitz elkartu horien adiera ez dela “hitzen / dantzaren aurreko edozer”, baizik “hitzen, dantzaren aurretik egiten diren hitzak, dantza”. Horrek lotzen ditu hurrengo atalean ikusiko ditugun Aurreproiektu modukoekin (§ III).

Betaurre ere berezia da, esanahia zehaztua baitu: “begi aurrean paratzen den urrutira ikusteko tresna”169.

II.8.2.6. AZPI

Hemengo mugatzaileak ere, kapitulu honetako aurreko mugakizunekin elkartzen zirenak bezalatsu, izen arrunt, bizigabe eta konkretuak dira: arbola, begi, haritz, harri, lepo, lerro, lur, ohe, oihan, oin, pagotegi, sasi, urdai, xingar, zeru, zuhaitz

“fruituak adarretarik aurdikitzen dituela; arbola-azpietarat behatzen dut” (EJ72,56).

betazpiak baltzitubac; ortzac anchina juanac” (HE20,72).

“eriak aritz azpietan edo aritz pitzatuetan igarotzera eramaten dituzte” (HE24,50-51).

“Ai, baiña, aspaldi batu ziran neretzat amaren begiak; gorputz gaixo ura artu zun illobiko arri-azpiak” (HE57,250).

“geroztik gorria du lepazpia” (EJ53,11).

“itz, esaldi, yoskera… an dituzu oro arretaz yasorik (…) idazti-zokondo ta lerroazpietan piloturik baizik” (HE17,12).

lurr-azpia, guk lanerako lurra esan deguna, beste lur baten gañean egoten da” (EF92,15).

“Orduan danak, nun izkutaturik etzutela-ta, oi-azpietan ta al zuten tokietan sartu ziran” (EJ67,194).

“Bilatzen dute borda batzuetan, oihan-azpietan, sasi handien gibelean” (EJ72,62).

“¿Oinazpijac garbitu jaqueez?” (HE20,108).

“Bañan pagotegi azpi artan ia-ia alkarrekin asarretu giñan Etxeberria ta biok” (EJ49,109).

“Onako sasi azpi ontan gorde eta emen itxogingo dizuet” (EJ49,51).

Urdai-azpiak onduta gero kakotatik esegita, urte guziko gozagarriak etxean ondo jarrita” (HE25,140).

“Pikazazu xingar azpiaren hezur handia eta ongi garbi; atxikazu trenpan hirur egunez gaziduraren khentzeko” (EJ75,9).

zeru-azpia, izarrez; / zeru barrua, areago” (HE57,262).

“zakua ondoan zuela lo gelditu zen zuhaitz azpi batean” (EJ53,85).

Mugatzaileen esanahiari dagokionez, berriz, oro har, ‘lekua’, ‘tokia’ edo ‘nonbait koka daitekeen zerbait’ adierazten dute.

Goiko adibideen artean, betazpi izan daiteke berezi samarra, duen esanahi zehatza dela medio: ‘begi zulo’. Xingar azpi eta urdaiazpi hitz kideek ere aski adiera zehatza dute: xingar azpiki, urdaiazpiko dituzte pareko.

Bestalde, oihan-azpi hitzaz ere bi hitz esan daitezke. Hasieran harrigarri samarra gerta badaiteke ere, argitu behar da “oihan barrena” edo ulertu behar dela hemen ―kide duen oihanpe hitzean bezala― eta ez ‘azpia’, hitzez hitz.

II.8.2.7. BARNE, BARREN, BARRU(N)

Hiru mugakizun hauen gaineko azalpenak batean ikusiko ditugu.

BARNE (BARNA)

Mugatzaileak. buru, eliza, etxe… izen arrunt, bizigabe, konkretuak hauek ere.

“bainan buru-barnea… ez sobera eri” (HE51,39).

“Lekuinen bereziki, eliza barnea ez baita izpi bat baizik” (HE59,80).

“kabia aizatzen diten txorien antzera / etxe-barna garbituz aurrak atarira” (HE18,16).

“etxe-barne bizi bat egingo diat, erderaz bodegón viviente esango bagenduke bezala” (HE17,16).

BARREN

Mugatzaileak. bihotz, erro, etxe, gogo, gona, komentu, praka zahar, sobre… Izen arrunt bizigabeak; gogo ez beste guztiak konkretuak. Praka zahar mugatzailea, berriz, determinatzailerik gabeko IS dugu.

“prestuen loria hequien bihotz barrenetan dago” (HE06,144).

“Israel baitan loriazco etche baten eguitera, eta erro barrenac sartcera haren hautatuen bihotcetan” (EJ58,62).

“Jendea, ura libre ikusi zuanean, etxe-barrenetara sartu zan” (EJ67,194).

“eta beste aldean emakume aldra andia negarrez, euren gona barrenakaz malko samiñak igortzika” (EJ59,17).

“gorputz-irudia eman nai izan ez digunak, gogo-barrena behinik behin ez digu hartaraino izkutatu” (EJ00,180).

“Sukalde ta aldameneko komentu-barrenak170 galda bizian zeuden, goizeko lau ta erdietan kanpaiak esnatu ginduaneko” (EL70, 241).

“anketatik gora zelanbait jasoriko praka zar barrenak bustiaz” (EJ59,67).

“Eta, sobre barren arek zer enkargu zekarren irakurririk, onela dit Etxeberria’k” (EJ49,21).

BARRU(N)

Mugatzaileak. agiri, arima, bihotz, bular, eliza, etxe, horma, itsaso, katilu, klaustro, kolko, komentu, leize, lur, mingain eta tripa, zeru… Izen arrunt bizigabeak. Ia denak konkretuak.

“bidali zizkioten bataio ta jaiotza agiriak (…) Agiri barruetan bere Martiñ-en seme legezko agertzen zan” (HE57,45).

“euskal-fedearen anima -barrua zeñen zorrozki azterkatu ta atzitu zun liburu oietan, iritzia, nik eman-bearrik gabe…” (EL70,226).

“erregutu viotz barrutic jaunari, condenateco zorian, ta urrean dagozanacaitic” (EC61,58).

“Neskak entzun ezkero danbolinen otsa taup taup bularr -barruan dauka euren biotza” (EJ70,73).

Eleiza barrua ta inguru guztiak notiñez estalduta egozan” (HE21,76).

“Baztango errietan bezela Arrati-aldean, Bermion aña Etxalarren, nunaiko etxe-barruetan ikusten da isekita Garateren kalendarioa” (EL70,233).

itxas barruan ikusi eben eguzki garbiaren jaiotza pozgarria” (EJ59,210).

“Zerua, auspez dagon katillu-barrua, argi-intziritan zijoan galdua” (EJ50,64).

“ez orratik galerazi Arantzazukoak. Aitzitik, baiezkoa eman eta indartu egin zituzten, klaustro-barruko bi aldare-kapillatan emakumeak sartzeko baimenduz” (EL70,115).

“ibaiko urak (…) garbi garbi erakusten ebien kolko barrua, euren ondo edo oe gañeko tresna zar, arrain aldu ta erretillu zati guztiak banan banan agertuteraño” (EJ59,40).

“Ez eban komentu barruak ondo artu” (HE31,16).

“barnera so-dagit: gabeko itzal-antzo, lexa barru171 ontan ezin dagit zantzo” (EJ63,2).

“ta zu, goierritarra bazara, txorierrian edo lurbarruan jaio ta bizi zareana” (EJ59,7).

“Gorputzez zan milla ta berreun arrua, beste berreun mingaiñ ta tripa barrua” (EJ78,109).

“zeru-azpia, izarrez; / zeru barrua, areago” (HE57,262).

Hiru mugakizun hauen banaketa euskalkiei zor zaie. Zabal esan, jatorriz barru(n) batez ere bizkaierakoa; barren, gipuzkera, goi nafarrera eta lapurterakoa, eta barna eta barne ekialdeko euskalkietakoak ditugu, nahiz eta denboraren poderioz erabilera aldatu den. Gure corpusaren arabera, badirudi barna/barne dela zokoratuen gelditu dena elkartuak eratzeko eta, kontrara, “izena + barren / barru” dela osaera emankorrena.

Laburbilduz, forma bateko zein besteko mugakizunaren ezkerrean ageri diren mugatzaile guztiak izen arrunt bizigabeak dira.

Mugakizunaren esanahiari dagokionez, berriz, elkarte hauetan ez da sumatzen postposizioetan har dezakeen denbora balioa (“bi hilabete barru”…): guztietan tokia da, oro har, adierazten dena.

Hitz batzuek esanahi berezia dute: itsasbarrua, “itsaso zabala” da, “itsaso handia”; gardenxeagoa den lurbarru, berriz, “kostaldekoa ez den lurra” da; gona-barrena, praka-barrena gonaren, praken beheko partea da.

Corpusean ez zeuden bebarru, esparru < (hesi + barru) ihartuak ere aipatzekoak dira.

II.8.2.8. BAZTER

Mugakizun honi elkartzen zaizkion mugatzaile guztiak izen konkretu, bizigabeak dira:

Bide, basobide, denda, eliza, erregebide, erreka, etxe, gurdibide, herri, hiri, ibai, itsaso, kai, kale, kamino, karretera, komentu, kosta, landa, lehor, lurralde, oihan, soro, su, sorterri, sukalde, taberna, torilo, ur, zeru, zoko… Hemengo lehor izen balioan ulertu behar dugu.

“Oriotik Aiarako bide bazterrean” (HE53: 13)

“goiz batean zegoan Patxi bere denda bazterrean” (HE19: 103)

“eliza eta eliza-bazterrak gain-gainetik garbitu eta antolatu” (EJ72: 67)

erregebide bazterretan landatuak baitituzte izei luze mehar” (HE59: 91)

“aunitz automobil ehortzi ditu erreka bazterretan eta jendea frango eraman” (EJ68: 36)

“Orrelako uztai-azkonak maiz asko gure erri bazterretan ikusi izan ditut” (HE24: 40)

Etxe bazterretan hasten naiz zerbait lan porroska egin nahiz eta zonbait aldiz utzi behar” (EJ68: 44)

“ez ichasguizonak, ez Ameriketara ire izena zabaltzera bidali ta andik uri-bazterrak eche politez apaintzera etorri oi ditukan indianoak” (EJ07: 1)

“Ardura elgarretaratzen ziren itsas bazterrean” (EJ59: 100)

kale bazter, enparantza ta antzoki koxkorretan” (HE28: 78)

kamio-bazterrera azkar asko sakabanatzen ziran” (EJ60: 78)

Komentu bazterrak miatu ta, iñor ez. Atarira begiratu ta, elur-mandirea lau-lau, iñoren oñatzik ez…” (EL70: 141)

“mariñela, leihor-bazterretik huna bihotzño bat zitaz orhoit dena!” (EJ60: 165)

“biotzaren egoera bat dala lurralde-bazter bat ikustea” (HE31: 45)

“gure baserri-etseetako su-basterretan ekin da ekin” (EI199: 140)

Taberna baztar batean artu dituzte kape, kopa ta purua ere” (EJ62: 47)

Torillo-bazterreko barrera tartian zezena pasatu da kolera batian” (EJ67: 204)

“ur bazter = orilla. Aditzecoa da ur bazter batean predicatzen ari zen batez Jangoicoac egiña” (EI31: 96)

“Santurik balin bada zeru-baztarrean” (HE18: 95)

“Aritz ipurdi pilla galanta an dago zoko-bazterrean” (EJ03: 23)

Ohartzen gara mugatzaile horien artean badirela aldi berean elkartutzat hartu behar direnak, liburu honetako kapitulu batean edo bestean (edo H-E/3 lanean) aztertuak: sukalde, sorterri, erregebide, basobide, gurdibide, lurralde….

Oro har, esan dezakegu mugatzaileek ‘lekua’ adierazten dutela; horrela hartu behar baitira, gure iritziz, ur edo su mugatzaileak ere, “sua dagoen lekua” edo “ura dagoen lekua”, zentzurik zabalenean.

Mugakizunaren adierari dagokionez, EHk ematen dituenetatik, bi bereizi behar dira gure corpuseko adibideak ikusita: 1 ‘ertza, muga’, itsasbazter, torilo-bazter, kamio-bazter, ur-bazter…; 2 ‘zokoa’, etxe-bazter, kale-bazter, sukalde-bazter, taberna-bazter, zeru-bazter

Bereizkuntza horretan oinarrituta, pentsa daiteke bazter-ek lehen adiera duenean bere mugatzailearekin eratzen duen erlazio semantikoa ‘lekua’ eta bigarrena duenean ‘osoa-zatia’ dela.

II.8.2.9. BE (PE)

Mugatzaileak. Ia guztiak izen arrunt, bizigabeak dira: arku, ateri, barru, barrun, beso, buru, eliza, erro, estali, etxe, galtzar, gau, geriza, giltza, haitz, harkaitz, harri, hego, hegal, ilun, itsaso, itzal, kontzeju, lur, magal, muga, ohe, oin, sabai, sabel, sasi, teila, teilatu, ur, uztarri, zubi, zuhaitz

Baina, izen bereziak ere ager daitezke be (pe)ren ezkerrean: Loreto

Aski bitxia da, erabide lexikoetan (elkarketa nahiz eratorbidean) ez baita batere ohikoa izen bereziez hitzak eratzea. Baina egun behintzat, ez du ematen oztopo handirik izango genukeenik edozein leku-izen berezi (mendi-izenak…) + pe eraikuntza egiteko: Erniope, Izarraizpe

Bestalde, izen eratu osoa maiz agertzen da euskal leku-eta pertsona-izenetan: Aldabe, Altube, Etxabe, Erostarbe, Haizpe, Ilarbe

Ihartutzat joko genituzke, berriz, beste hauek: barrunbe, errape

“dardaratu egiten zait barrunbe osoa pozez” (HE34,39).

“Ta egingo nuke, barrupe artatik, amar, ogei, berrogeita-amar idazti atera baietz parra-parra, nork artua izan-ezkero” (HE17,76).

“Duçun beraz burupe baiño beldur guehiago eman caitzquitçun arguien eta talenduen gatic” (HE06,32).

“ardi arren errapea dena galdua zan” (HE50,53).

“bazituan etxe-ordeko ta estalpe onak” (HE22,73).

“emacume setatsuarequin echape batean vici baño obe da” (HE07,93).

“Eguin zuan Jaunac emacumea guizonaren galzarbeco sayets-ezur batetic” (HE07,90).

“Ezin gaupe hautan utz, hilen naizelarik, Gorphutz-hil ustel baten ikharaz bertzerik” (EJ50,67).

“Zugasti onetan sartuta, bere kerizpe indargarrian murgildu, ta badirudi beste mundu zoragarri bateko sarreran nagoela” (HE34,22).

“Gizonak bere burua munduan aurkitzen (…) Giltzape horretatik ezin irten ez ezaguera bidez, ez lurreko maitasun bidez” (HE27, 18).

“Aipha-çaçu bihotcez, Jesusen icena, eta ordutic emanen-çare descanxuan, suntsituco-dire çure ilhumbeac” (HE05,111).

“erriko pillare edo kontzejupe oietako batera baztartu zan, ni zaintzearren” (EJ60,120).

“«Loreto-pe» euskal izen jatorraren ordea «Pico del Lorito» erdal aldakera nardagarria” (EJ51,21).

Lehenik eta behin, aukeran ditugun bi aldaeren formez ohartxo bat egin behar da: Hiztegiek jasotzen duten bezala, herskari ahoskabea (pe) da batik bat hitz-eraketan erabiltzen duguna, nahiz eta aldaera ahostuna (be) behin edo beste ere erabiltzen dugun (barrunbe, ilunbe…, baina oinpe…).

Aztergai dauzkagun mugakizunetatik morfema hau da seguruenik euskalari gehienek atzizki izatetik gertuen ikusten dutena; Villasantek (1974: 114) urrutirago gabe, horrelakotzat dauka: “Sufijo -pe (-be)”. Baita De Rijkek (2008: 887-890) ere172. Azken hizkuntzalari honek, gainera, ohartarazten du jokabide berezi samarra duela atzizki izateko; izan ere, bera bakarrik ager daiteke, beregaina izan daiteke, aurretik -(r)en formako osagaia hartuaz (“Mitxelenaren promesaren pean”). Nolanahi ere, bi hizkuntzalariek azpimarratzen dute beste izen bati lotuta erabiltzea dela ohikoena.

Ez da, beraz, harritzekoa, hiztegigileek pe173 hiztegi-sarrera beregaintzat hartzea eta ematen dituzten adibideek horixe erakusten dute: beregaina dela. Izentzat jotzen dute. Baina ematen dituzten adibide horiei erreparatuta ikusten da jokamolde berezia duela. Ia ez dago osagarririk gabeko izenen jokamoldea ispilatzen duen adibiderik (“Larrungo pe horietan.). De Rijk-ek argitu bezala, adibide gehienek osagarria dute (-en) eta leku-atzizkiak daramatzate (“Zorren petik nolabait ateratzeko”, “Hila eta ehortzia nago nire bekatuen pean”). Alegia, azken adibideek pe-ren postposizio erabilerara eramaten gaituzte.

Hortaz, ezin esango dugu atzizkia dela. Zabal esan, gaurko erabilerak erakusten du pe batez ere postposizio gisa darabilgula, baina osagarria behar duen leku-izena ere badela. Eta azken kasu honetan, osagarria -en genitiboa nahiz beste izen bat (elkarketan) da.

Mugakizunaren esanahia azpi-ren parekoa da, ihartuetan izan ezik. Azpi izenaren osagarriak bizidunak ere izan daitezke (behiaren azpian)pe174; -be (pe)-renak ez.

II.8.2.10. ERTZ

Mugatzaileak izenak dira, izen arrunt, bizigabeak eta konkretuak: amildegi, bide, bidezabal, buztan, etxe, ezpain, galtzada, hodei, ibai, itsaso, iturri, kale, kosta, leiho, mahai, masail, mendi, ogi, pinadi, soin, txalupa, ur, zeru

“sinistu ezinezko miraria zirudin amildegi-ertzean gora” (EL70: 85).

“kotxeen faroak bide ertzeko arbolak argitzen dituzte” (HE35: 43).

“Borreruari danon arrtean biarr litzake buztan-errtzean imiñi laster arran tsikia eta zolia” (EJ70: 45).

“Saseta ori, naiz zauritua izan, etxe-ertz artatik etxe-atzera gu bezelaxe bere oñez biurtu zan” (EJ60: 124).

ezpain ertzak makur eta begia heze” (HE27: 310).

Galtzara-ertzetan ermitatxoak antzo, are apalago ta il-zoriago diraute kantazarrak aiton-amonen aoan” (EL70: 102).

odaiertzean, urrutirat, ukurtuz haren ganat jausten zela iduri baitzuen” (HE59:27).

ibai ertzetik pasiran doaz” (HE35: 42).

itxas-ertzeko ontzi txikiak ikusten genituan” (EJ49: 69).

“Ur gardenari begira iturri-ertzan lilija: ur altsuan lili aren irudija” (EJ63: 40).

“lenbiziko kale-ertz sarrerara allegatu geranean eta zabaltzen ari giñala” (EJ60: 124).

mahai ertza jo eta bi kandelak hankaz gora erori ziren” (HE39: 61).

“asko ezagun dute zure senar gizajoan masalla ertzak ase eta betean dabillela” (HE19: 119).

ogi-ertzari mamia kenduz egin dion zorrotena” (HE18: 80).

“ez zetorren zeren joan baitzihoan pinadi ertzean gora” (HE39: 65).

“Toleta. Karelean edo txalopertz gañean erramuari eusteko ipinten dan ziria” (EJ59: 94).

“Bartzelonatik asi ta Donostiaraño egozan urertzeko erri guztien sarrerak zelangoak ziran” (EJ59: 88).

“urrutira irristatzen zaizkit, zeru-ertzearen luzatze geldian nekatuak bezela!” (EJ50: 144).

Mugatzaileetako askok ‘lekua’ adierazten dute —kosta, leiho, amildegi, bide, etxe, galtzada, ibai, itsaso, iturri, kale, zeru…—; beste batzuek, ordea, gorputzeko atalen bat —buztan, ezpain, masail, soin—; berezia da, alde honetatik, ogi mugatzailea.

Ertz mugakizunari dagokionez, bi adiera bereiz ditzakegu: batetik, ‘gauza lau bat bukatzen den aldea’; hauxe da adibide gehienetan aurkitzen duguna. Bestetik, ‘irekidura baten muga lerroa’, ezpain-ertz elkartean duguna.

Zer adiera duten ikusita (eta corpusean adibide gehiegi ez dugunez) hemen sailkatu ditugu izkina, kantoi eta hegi mugakizun duten elkarteak. Izan ere, EH ikusiaz, izkina ‘bazterra, kantoia’ da; kantoi izena definitzean ere ‘izkina’, ‘ertza’ eta ‘bazterra’ ematen dira definitzailetzat. Halaber, hegi ‘ertza, bazterra’pe175 da.

Hiru mugakizunekin aurkitu ditugun mugatzaileak izen arrunt, bizigabe, konkretuak dira: bide, frontera, itsaso, kale, mahai, muraila, ohantze, trintxera

“badakik bi trenkada armamento Pikabea’k eta biok Txekoeslobakia’n erosi eta frontera-ixkiñaraño, Endaia’raño, iritxiak zirala” (EJ60: 84).

“beste aldeko kale-ixkiñatik neska gazte bat korrika ta bera ia jotzeraño etorri kantoiean”(EJ79: 89).

“egorretikan muralla-iskiñan jendia jostatzekua, itxas kanpuan denbora txarrak iñoi ez barkatzekua” (EJ78: 156).

ohantze echkinan amatto nigarrez” (HE51: 27).

“Kalamua mendiaren inguruetara eta etsaiaren trintxera-ixkin batera” (EJ49: 63).

“Pendejo, kale kantoiean burua ipiñita” (HE29: 26).

“ez nintzela segurki gehiago bide-hegietako aran ondoen gainerat iganen! (EJ72: 32).

itsas hegiari dauden ostatuetarik batean” (HE59: 97).

“ganibeta mahai-hegian pausa, eskuak dabantalean xuka” (EJ72: 64).

Lekua adierazten dute mugatzaileok, horrelakoxeak izan behar baitute aipatu ditugun mugakizunen osagarriak.

II.8.2.11. GAIN

Mugatzaileak: berriro ere izen arrunt, konkretu, bizigabeak dira mugatzaile gehienak: begi, bekoki, bortu, bular, esku, etxe, gorputz, horma, izen, izter, lepo, mendi, sabel, salda, zeru, zubi….

Izen berezi bat ere bada: Olloki

Ihartutzat hartuko ditugu, bestalde: bekain, mingain

“ikusi nuenean nik zure bekaiña” (HE18,55).

“San Bartolomein ermita bortu gain hartan omen baita” (HE60,152).

“nola pilotak bular-gain eta beso-ginarra hartzen dituen larrupetik lodigune batzuk agertzerainokoan” (HE59,11).

“praka ipurdian igurtziaz esku-gaña” (HE22,36).

etxe gañetan ondo lotu barik egozan tella zarrak eta tellatuen egaletako arriak” (EJ59,15).

“millika nahi dezan amorekati, gatz eta ogi phorrokiña iaourtzen deyote khorputz gaña sorthuberriari” (EI58,143-144).

“Prozesioari aurrea artuta, ormagain batean zuti-zuti jartzen da Baltzategi’koa, ta otsegin zien” (EL70,25).

“cembait cristau fededunec belaunetic-belaunera datorquien icengañ edo apellidoaren lecuan” (HE40,62).

“Neri deitutzen ditet Galtzaundi izengaña det nik Goñi Aldatxur-txoro izengoititzat deitzen didate neroni” (EJ76,136).

Iztargaiña arri dute” (HE18,93).

“ikasi-nairik geure eresia, lepo-gañetan artzen dabela txori guztien irudi argia” (EJ77,39).

“Nafarrete’ko mendigain ura artzeko eta bertan gelditzeko ordena zuala esan zidan” (EJ60,147).

“Deba’tik goraxeago dago Olloki-gaiña” (HE29,22).

Sabel-gaiñaz kontu du esterik lêr gabe” (HE18,125).

“gure salda-gaiñak ez dik hainbeste begi” (HE18,43).

“Lehen izarrek argitzen zuten zeru-gain urdina” (HE51,62).

“Bañan bigarrengoan, sei edo zazpi metro goragotik pasa zuan arriak zubi-gain ori” (EJ60,153).

Esan dugu izen arrunt bizigabeak ditugula mugatzaileak, eta horien ondoan badugula corpusean izen berezia den mugatzaile bat ere. Baina horrek ez du esan nahi izen berezirik —leku-izen berezirik, zehatzago esan— har ez dezakeenik, toponimian (eta onomastikan) ugariak baitira halakoak: Olloki-gain-en moldekoak, alegia. Hauen ondoan, aipatzekoak dira, berriz ere, elkartu ondoren izen berezi izatera iritsi direnak (Bidegain, Lizargain, Mendigain…).

Oro har, mugatzaileak adierazten duen leku horretatik gora dagoena adierazten dute.

Berariazko azalpena behar dute bekain, izengain hitzek, lehenak, gainera, hots-aldaketa dela medio, ilunagoa du osagai mugatzailea (begi). Begi-gaineko gorputz-aldea izendatzeko darabilgu lehena, eta ez begiaren gainean egon daitekeen edozer. Izengain-ek, berriz, bi esanahi ditu: ‘abizena’, ‘deitura’-ren parekoa, bata, eta ‘izengoiti’, edo ‘goitizen’-aren parekoa bestea. Gure adibideetan, ordea, lehena besterik ez daukagu.

Salda-gain-ek, azkenik, corpusean ez zegoen esne-gain bide du kide gertukoa. Gain izenak, hemen, ‘saldaren gainean egiten den koipezko geruza’, ‘esnearen gainaldean gertatzen den geruza mamitsua’ adierazten du; ez saldaren, esnearen gainean jarritako edozer. Nolanahi ere, hor dugu beti ‘saldaren gainean’, ‘esnearen gainaldean’ adieraz, corpuseko gainerako adibideekin parekatzen dituena.

Hemen sailkatu dugu goi mugakizun duen zeru-goi ere:

“zeru goietan kanta gogotsu Xalbadorrekin batean” (EJ69: 107)

II.8.2.12. GIBEL

Mugatzaileak. belarri, etxe… Izen arrunt, bizigabe eta konkretuak hauek ere.

“kopeta parekatu ondoan, beharri gibelean hatz egin eta, irri faltso bat ezpainetan duelarik” (EJ72,46).

Etxe-gibelez etxe-gibel landa, gatu zehatu bat bezala sartu ninduan etxera” (EJ72,18).

Gure corpusean adibide gutxi ditu176, kide duen atze-ren gisa berean, nahiz eta, OEHk jasotzen duenez, tradizio luzekoa izan eta ekialdeko euskalkietan ez ezik, mendebaldekoetan ere mende hau arte erabili izan den177.

II.8.2.13. INGURU

Aurrekoetan bezala, mugatzaile gehienak izen arrunt, bizigabe eta konkretuak dira: bazko, bular, eguerdi, eliza, ermita, etxe, gauerdi, herri, ipurtxulo, itsaso, giro, leku, onda, sagasti, testu, txabola

Bada izen berezi bat ere: Ama Neskuts eliza. Aski adibide berezia da bi aldetatik: mugatzailea izen berezia delako (hau lehen ere ikusi dugu) eta, batez ere, izen berezi horren osaera aski zalantzakoa delako: lotura-atzizkirik gabe (-(r)en, hemen), erreferente bakarreko izen berezia (Ama Neskuts —Ama Birjina, alegia―) mendekotasunezko izen elkartu arruntaren mugatzailea da178. Guztiarekin ere, corpusean adibide bakarra da179.

Ama Neskuts eleiza inguruak” (HE21,76).

“Ez da dembora asco ecusten cirala emacumeen bular-inguruan ustai andi batzuec” (HE07,120).

“elizkarietara datorrenari, eguerdi-ingurua bada, zerbait ematea, eztet uste pekatutzat iduki bear dala” (EJ07,1).

“oso mendigain alaia ta polita billatu genduan Salbatore’ko ermita ingurua” (HE29,121).

“aunitzetan gero erraten zautan gauerdi ingurua zela eta ez zuela erloirik” (EJ68,15).

“Jakizu Zanpantzarrek duela kargua, gaiso idukitzeko erri-ingurua” (HE18,100).

“iñok ezer ekarri eztaien, errien mugarri ta itxas inguruak zaintzeko” (EJ59,106).

leku-inguru artan billaka gabiltzala, or asi zaizkigu etsaiak tiroka” (EJ49,51).

“euriaren onda-ingurutxoak eta iturri-xirriparenak alkarrekin naasten ziran” (HE34,31).

“bañan nik sagasti-ingurua arrapatu nai, beren alderdira ninjoala itxura egiñez” (EJ60,53).

Testo inguru honetan, alderdi politikoen eginkizuna guztiz aurkakoa da” (EJ52,32).

Esanahia dela eta, berriz, testuinguru litzateke aipatzekoa, beste adibideek ez bezala, aski esanahi finkoa hartu duelako, hizkuntza eta literatura-kontuetan, bederen. Corpusean ez zeuden mahai-inguru, hitz-inguru (itzulinguru-ren kidea dena)… ere halakoxeak bide genituzke.

Oro har, mugakizunak hitz elkartuaren esanahiari dakarkiona da mugatzaileak adierazten duen tokiari zehaztasuna kentzea, alegia, eliza-ingurua dioenak, esate baterako, ez du zehazki “eliza” adierazi nahi, baizik “eliza inguratzen duena, elizaren aldetsua edo”. Lehen alderen balioetako batez esan duguna, alegia.

Bestetik, nahiz eta inguru ‘ia’, ‘gutxi gorabehera’ adierazteko ere erabiltzen den (kopuruaz ari garela batez ere), ohart gaitezke hitz-elkarketan ez dugula adiera horretako adibiderik. Seguru aski inguru ‘tokia’ / ‘denbora’ ez den adierakoa denean, postposizioen egituran darabilgulako: nolabaiteko kopurua, neurria adierazten duten sintagmekin (“Larogei pezeta inguru balio du”, “Ur-ardotan pitxerdi-inguru edan du”…) batez ere180.

Buelta mugakizun duten gerri-buelta, lepabuelta eta mutur-buelta ere hemen sailkatu ditugu, adibide gutxi direlako eta adierari dagokionez, gertueneko esanahia inguru izenarena izan daitekeelako:

gerri-buelta ikaragarria bear pixu oiek artzeko, oso altua etzala jakiñik” (EJ79, 91).

“aurpegi eta lepabuelta azaltsu haiek lanaren eta sufrimenduaren (…) gaztatze erruki gabea salatzen zuten” (HE39,55).

“bekokia eta mutur-bueltak hazkatu zizkion” (HE39, 15).

II.8.2.14. ONDO

Mugatzaileak. Izen arrunt, konkretu, bizigabeak dira mugatzaileak: afari, arreta, baserri, bazkari, bazko gauerdi, begi, belarri, bertso, beso, bide, bihotz, eztei, festa, gerra, gibel, guda, hatz, hesi, ibai, ile, itsaso, izen, lepo, meta, min, sasi, su, txabola, zoko

Ihartutzat eman daitezkeen adibideak ere baditugu corpusean: garondo (garrondo), ukalondo, ukondo

“zer afal-ondo alegera bezain goxoak zeramatzaten” (HE59,7).

Arretondo chaarra eguin… Mirar con desabrimiento” (HE20,222).

“gure etsaiak zeuden baserri-ondo batera allegatu gera” (EJ49,50).

bazkal ondo batez, senar emazteak lotzen gira beribil ixtorio batez” (EJ04,59).

“bizi denak orhit ukhenen dü bazko gaiherdi-ondua” (HE18,21).

“pozikan komeni ez biotz aundi ari, begiondoak malkoz biotzak ler-zori” (EJ69,51).

“Eibarren bertan serbitzen, orduko ere ondo nekien belarrondoa garbitzen181” (EJ79,41).

bertso-ondo polit hau ematen digu Gamizek” (EJ00,204).

beso-ondoak, guri-guriak agertzen zaizkio” (HE57,103).

“zauskada sakon eta latz batek astindu dit biotzondoa” (HE34,28).

“amaitu bide-da ezteiondo zaratatsua…” (HE33,30).

“Horrela amaituko zen festondoaren pasarte hau” (EJ53,7).

“askozaz gehiago ta zuri kiskur kirikolauak garondoan, bildots edo arkume baten irudira” (EJ59,93).

“kopetaldean nahiz garrondoan ez dakit” (HE27,399).

“Zaila zen giroa gerra-ondo ilun hartan” (EJ51,39).

“Etzakiat zer gibelondo ukanen duen ene solasak” (HE59,100).

“Halaber da ezagutzen beretik herioa, ezen lastimagarria uzten du hatz ondoa” (EJ80,155).

“billatu zuten gorputza Marrkane baserriaren azpian, esi-ondo batean” (EJ79,49).

“Zalapartaka zabilan, jo harat, jo hunat, begiak odoletan, nahasiak, haguna zaiola ahotik, ile-ondoak xutik” (HE59,69).

“artatik dizu Gerrieder izenondo” (HE18,82).

“urdeak lepondoa puztu lêr bearrez” (HE18,124).

“icusi zuen Booz, met-ondo batean etzaten” (HE54,205).

“Getsemaní nere miñ-ondo” (EJ50,51).

sutondotik zetorren argia bat ez adina baitzen” (HE39,13).

“iru edo lau pameli juntatuta bide-krutzeetan edo txabola-ondoetan” (HE29,22).

“Arantzazu menditarte izugarrienean dago (…) 700 metroko alturan eta alare zulo-zuloan (…) Zokondo arloteagorik. Dun ederra, orixe bait-du: bere arlotea ta zakarra” (EL70,54).

Afalondo eta bazkalondo hitzetan (afalaurre, bazkalaurre, afaloste, bazkaloste… hitzetan bezala) duda egin daiteke mugatzailea izena ote den (afari, bazkari) eta morfemak elkartzean hots-aldaketa gauzatu ote den, edo aditzoina ote dugun (afal(du), bazkal(du). Bigarren hipotesiaren alde (“afal(du) ondoa”, “bazkal(du) ondoa”) egingo bagenu, sail honetatik atera eta Jarleku motara (H-E/3, XI) igorri beharko genituzke, H-E/3 laneko adibidetegian bazkalordu (H-E/3: 348 / 328) jaso zen bezala, esate baterako. Halaz guztiz, ez dirudi ezinezkoa mugatzailea izena izatea; H-E /4 lanean afalondo “hitzaurre” mota honetako adibideen artean jasoa dago (H-E/4, 11.2.6).

Ondo mugakizunak bai tokia (‘aldamen’, ‘albo’…), bai denbora (‘ondoren’, ‘ostean’…) adieraz ditzake, oro har, eta baita denborarekin lotura estua duen ‘ondorioa, arrastoa, aztarna’… ere. Hain zuzen ere, adiera horiexen araberako hitz elkartuak ditugu hemen: belarrondo, beso-ondo, betondo, hesi-ondo, lepondo…; ezteiondo, festa-ondo, meza-ondo, minondo…; gibelondo, hatz-ondo…, hurrenez hurren.

Lehen adiera tarteko denean, ez dirudi alde handirik dagoenik, askotan bederen, ondo eta alde, inguru izenen artean: elizondo, elizalde, elizinguru aski gertukoak bide dira. Denbora adierazten duenean, berriz, oste bide du gertuen (oste-k, jakina, tokia ere adieraz dezake).

Ohar berezia merezi duten adibideak ere baditugu. Bihotzondo-k bi ulertzeko modu izan ditzakeela dirudi: bat erabat hemen sartzekoa “bihotzaren ingurua”, eta bestea, berriz, hondo-rekin lotzera eramango gintuzkeena. Bigarrenaren alde egitekotan, sail honetatik atera beharko genuke eta Eguzki-lore motako Behi-esne mendekotasunezko arrunten arabera aztertu: ‘osoa-zatia’ (§ I.5.3), edo ‘jabegoa’ (§ I.5.2) harreman semantikoetan, apika.

Izenondo gure adibidean ‘izengoiti’-ren parekoa da, baina gramatika (EGLU-lab.-ean esate baterako), eta hiztegi askotan (Hiztegi batua-n, Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegian, Interneten kontsulta daitezkeen hainbatetan), adjektibo-mota bat izendatzeko erabiltzen da, corpusean atera ez zaigun aditzondo, adberbio mota bat izendatzeko erabiltzen den bezalaxe.

Mugakizun honen baliokidea, bizkaierazko oste da. Atze eta gibel ere izan daitezke pareko.

II.8.2.15. OSTE

Mugatzaileak. Sail honetako gehienak bezalaxe, adibide hauetako mugatzaileak ere izen arrunt, bizigabeak dira: bazkari, belarri, eguerdi, gaixo, gogarte, jolas, urte

“osaba Bartelen ereinotzpeko hitzek gupida gabe mailukatzen zioten belarri ostea” (HE39,67).

“Naparroa-ardao guzurbakoak gorputza dauko ta indarra; gaiso-oste baten sendotuteko da osagarri bakarra: naibagak bere kenduten dituz ardaoak, izanik zarra” (EJ70,79).

“burura ez gordeteak inos iolasetan eukiten nendun makal iolas-osteetan” (EJ70,340).

Euskalkien banaketak badu ikuskizuna mugakizun hau hautatzean: bizkaierazko testuetan ageri da batez ere oste. Gainerako euskalkietan errazago jotzen da arestian ikusiriko ondo-ra edo besteren batera: atze, gibel

Adierari dagokionez, bai tokia (belarri-oste…), bai denbora (bazkaloste, eguerdi-oste…) adieraz ditzake. Ikus daitekeen bezala, hemengo hitz askok beste mugakizun batez baliatutako hitza kide dute, dagozkien sailetan ikusi bezala182.

Bestalde, oste-k beste adiera-erabilera batzuk ere baditu: erantzun moduan edo, hitza errepikatuaz. Ikus ondoko Mogelen adibidea:

“¿Cer urte ta cer urte oste? Urten eguizu aimbat lasterren onelango echeti” (HE20,71).

Gogora dezagun, azkenik, ekialdeko euskalkietan badela beste oste bat —izena hau ere—, baina hitz elkartuko osagaia denean batik bat izen bizidunak mugatzaile izaten dituela: talde, multzo-ren parekoa da (gudaloste, jende-oste, bekatu-oste…), “Multzo-elkarteetan” (§ II.2) ikusi dugun bezala.

II.8.2.16. (T)ARTE

Sail honetako gainerako mugakizunekin ikusi dugun bezala, izen arrunt bizigabeak dira mugatzaileak; gehienak konkretuak: ate, baso, baso eta harkaitz, barrera, begi, beso, bide, egun, erreka, esku, gogo, hanka, harkaitz, huts, hutsune, laino, lan, mendi, sasi, txaraka… Errepara mugatzaileetako bat bi izen juntatuk osatzen dutela: baso eta harkaitz.

Izen bizidunak ere baditugu, nahiz horrelako mugatzaileak ez izan ohikoak sail honetako mugakizunekin: gizon, jende, lagun, seni(de)

Adjektibo mugatzailea ere badugu: huts. Mugatzaileen artean ohiko kategoria ez izan arren, beste zenbait mugakizunekin ere ikusi dugu (ikus, esaterako, bide (§. II.7.2.2), alde (§ II.8.2.3).

Gaur ihartutzat hartuko genituzke: atarte, begitarte, eguarte, eskuarte, gogarte183, senitarte

“arin-arin sartu eban errotako atartera” (HE21,95).

“ondo gomuta dot, biok alkarregaz ioan ginean urrira urrengo egunean, eskolako atarteragino” (EI99,166).

“guk, baso-tarte aietan, oso xamurki egiten genduan sukaldea” (EJ49,32).

“etsaiari berriz ere baso eta arkaitz-tarte aietan arpegi emateko asmotan” (EJ49,143).

“txapel oker bat begitarte gaizto batekin hurrantzen zaitadanean” (HE58,84).

“Miren Eguzkiñe Azaolak eman zigun, gitarra eskuan eta edertasuna begitartean, kantu berriaren zantzua” (HE51,60).

“beste olatu batek txalopea ta semea besartetik kendu eustazanean” (EJ59,98).

“bihurguna itzaltsu batetan, Baretus-ko mugan, landarako bidarte ahantzia ikus daiteke” (EJ51,71).

“Ondarribitik araño hamasei kilometroko bide-tartea” (EJ03,16).

“euqui eraguingo deutsut arastegui, edo egubarte ez chaarragua” (HE20,137).

Errekarte ta mendi egal zoko katean dindilizka dagoan erri koskor bat da gure Arranondo” (EJ59,21).

“gastuei arpegia emateko, eskuarte mardultxoa bidali zuen Errenteriak” (HE33,71).

“Ilargiaren eskutartea ezagutzen zun, noiz onerako ta noiz gaiztorako” (HE,90).

“Gizartean lotzen eta askatzen gaitu hizkuntzak” (HE27,386).

“orra emen egun bacocheraco gogarte, edo Meditaziño labur batzuc” (EC61,13).

“lau aldietatik bardiñak diran otzaratxo zapalak ankartean arturik” (EJ59,84).

“ez du hutsarte hori beteko” (HE27,383).

“berak utzi zuen utsunarte negargarrizkoa gure aita-amentzat” (HE50,83).

“Lurrean bertze egitekorik ba nuen baina ez gauza ederrik, jendetarteari, populuari aintzinapen bat eginaraziko zuen” (HE58,61).

“noizean beingo lagunarteak or ez gaitu jartzen alai?” (HE25,70).

“Errezil’ko sarrera ederki ikusi genduan laño-tarte batean” (EJ60,78).

“seme bat bezala maitatu zuen (…) lan-arte edo bakantza-egun batzuez” (HE59,8).

“Zaraitzuko ibaiak Arbaiungo mendartea igaro eta laster osin handi baten ertzean” (EB87,50).

“auzoak auzoen kontra, anaiak anaien aurka, e’tzan gizon edo emakumerik, ez gordeleku edo menditarte izkuturik” (EL70,35).

“ezetz sasi-arte latz auetan oñik sartu” (HE17,74).

“Gure tabardoak eta falanjisten jantziak zulo edo sasi-tarte batean gorde genituan” (EJ49,24).

“Bere senitartean bakaldungaitan ba dauko ba” (HE21,57).

“Laster joaten zan mendizarratuko txaraka-arteetara” (HE31,23).

Adierari dagokionez, mugatzaile askok ‘tokia’ adierazten dute. Nolanahi dela ere, elkartu guztiok ez ditugu era berean hartzen, arte-ren berezitasun semantikoak direla medio.

Adieretako batean arte-k bi (edo gehiago) ‘zer’ lotzea ezinbestekoa du, dela denbora, dela tokia eta aniztasun hori ageri da batzuetan hitz elkartuetan. Honela, esate baterako, besarte “besoen artean dagoen espazioa” da, errekarte, “erreken artean dagoen…”, sasi-tarte “sasien tartean dagoen dena delakoa” eta ez “beso, erreka… bakarrean (edozein dela) dagoen (t)artea”. Gisa honetakoak ditugu bidarte, hankarte, txaraka-arte… Adibide horietan ikusten dugun bezala, ez dirudi arte eta tarte-ren arteko aukera garbirik dagoenik (sasi-arte eta sasi-tarte, lekuko), nahiz eta adibide gehienak arte-z baliatu.

Bestetik, berriz, beharbada joera orokorra ez bada ere, ematen du banaketa-modu bat dagoela ezkerreko osagaiaren arabera: -a + arte (errekarte), -o + -arte (besarte), -i + arte/tarte. Ematen du hitz-elkarketan ohikoa den bezala, ez dela batere zaila hots-aldaketarik gabekoak ere aurkitzea: basarte ‘zona boscosa, interior del bosque’ eta baso arte.

Beste batzuetan, berriz, arte-k ‘jomuga’, ‘helmuga’, ‘burua’ edo adierazten bide du, bai tokia bai denbora direla bide. Adibidez, bide-tarte hemen “bideak hartzen duen luzera”, “bidea osatzen duen distantzia”… da:

“Ondarribitik araño hamasei kilometroko bide-tartea” (EJ03,16).

Hurrengoa, berriz, “bideen, arteko dena delakoa” da:

“bihurguna itzaltsu batetan, Baretus-ko mugan, landarako bidarte ahantzia ikus daiteke” (EJ51,71).

Atarte ere, ihartua bada ere, arte-ren adiera honen arabera hartzen dugu: “ate arterainoko tokia” edo; alegia, batez ere denbora adierazteko darabilgunaren (NORAINO-ren parekoa litzatekeenaren) parean. Alde honetatik, atarte-k denbora adierazten dutenen kidea dela dirudi, egubarte, lan-arte-k duten aditzeko modu bera bide du-eta. Hau da, “eguna arteko denbora”, “lana (hasi) arteko denbora”, nahiz eta bigarren hau beste era honetara ere uler daitekeen “lanetik lanera, lanean aritzeen artean dagoen denbora”.

Baina beste batzuetan ez dugu ulertzen ‘zer’ bat baino gehiago jartzen ari garela harremanetan; ‘zer’ bakarra (baina, ohi denez, generikoa) adierazten du mugatzaileak eta hor zuloa, zirrikitua edo dagoela adierazten dugu. Adiera hau erdiesteko mugatzaileak nolabaiteko ‘gorputza’, ‘hutsunea’, ‘zirrikitua’ egin ahal izateko adinako ezaugarriak izan beharko dituela dirudi. Esate baterako, nekez adieraziko dugu halakorik mugatzailea biziduna izanik (erka / gizon (t)arte eta gizarte edo lagun (t)arte eta lagunarte…). Adiera honetarako, egun tarte aldaera gehiagotan erabiltzen dugu herskari gabea baino. Adibideetako baso-tarte, baso eta harkaitz-tarte, laino-tarte, menditarte184… aipatu dugun moduan uler daitezke: “basoan, lainoan, mendian… dagoen zuriunea” edo.

Arrunt izen abstraktu gutxi dira. Aipatuko dugun gogarte ihartua alde batera utzita, hutsarte eta aski kidea duen hutsunarte ditugu. Berriz ere badirudi adjektiboa dela mugakizuna, lehen hutsune-z aritu garenean esan dugun bezala185. (§ II.7.2.6). Bestetik, adieraren kontua ere badugu: lehen kolpean erredundante samarra dirudi, ez baitago alde handirik huts-en (eta zer esanik ez hutsune-ren) eta hutsarte, hutsune-ren artean186. Arte-k, hemen, bai denboraren bai tokiaren adiera har ditzake “norbaitek utzi duen toki / denbora hutsa” edo.

Mugatzaile biziduna gutxik dute eta, gainera, badirudi ezinbestekoa dutela aniztasuna adieraztea, arestian esan dugunaren ildotik: gizarte, jendetarte, lagunarte, senitarte… ezin uler ditzakegu “gizakiengan, jendearengan, lagun(ar)engan dagoen (t)artea…”, baina ezta mugatzaile bizigabeez ari ginela eman ditugun adierak ere (*“jendeen bitartean dagoen distantzia”, “lagunetik lagunera dagoen espazioa”…). Hitz hauek ez dute ez tokirik ez denborarik adierazten, morfologikoki singularrak izanagatik, zentzu plurala hartzen dute: jende, lagun, senide multzoa… Alde honetatik begiratuta, gertuago daude multzo-elkarteetatik (§ II.2) hemen ikusi ditugun adibideetatik baino.

Hitz elkartuon esanahiaz esan ditugunek ez dute ihartuen azalpenerako balio, ez dira-eta erabat gardenak: atarte (‘ataria’, ‘atalaurrea’), begitarte (‘aurpegi(era)’)187, eguarte (‘eguerdi arteko denbora-tartea’)189, eskuarte (‘baliabidea’, ‘ondasuna’…), eskutarte (‘eskua’, ‘eragina’), gogarte (‘gogoeta’)190

II.8.3. Mugatzaileen gramatika-kategoria

Hitz elkartu hauen mugatzaile ia guztiak izen arruntak, bizigabeak eta konkretuak dira. Kasuan-kasuan jaso ditugu orotariko joera honetatik saihesten direnak.

Bestalde, aipagarria da izen berezi bat edo beste ere atera zaigula mugatzailearen tokian (alde, pe, gain mugakizunen ezkerretara batez ere), mendekotasunezko hitz-elkarketan batere ohikoa ez dena. Guztiarekin ere, maizago gertatu bide da mugatzailea izen arrunta izanik, elkartu ondoren izen elkartu osoa toponimiara nahiz onomastikara igarotzea191

II.8.4. Osagaien arteko erlazio semantikoak

Esaten joan garen bezala, mugakizun hauen adiera zabala dela medio, ez dugu mendekotasunezko hitz elkartu arruntetan izan ohi dugun harreman semantikoen aukera eta ugaria.

Azaltzen joan garen adibide bereziak alde batera utzita, oro har, mugatzaileak adierazten duena espazioan (‘non’) edo denboran (‘noiz’) kokatzea du eginkizun mugakizunak; alde honetatik begiratuta ‘edukia’ harremanaz hitz egin daiteke, zabal hartuta. Hori dela medio, ulertzekoa da eskuarki mugatzailea izen konkretua izatea, nonbait edo noizbait koka daitekeen zerbait izatea, alegia.

II.8.5. Emankortasuna

Sarreran genioen bezala, alde handia dago mugakizunetik mugakizunera. Ikusi dugu mugakizun batzuek oso adibide gutxi zituztela (aitzin, albo, atze, gibel, oste); beste batzuek, aldiz, ugari (alde, (t)arte, aurre, gain, ondo…).

Joerak oso nabarmenak dira euskalkiak direla eta bikote edo hirukoteak lehian ditugunean: aurre-k hartu dio tokia aitzin-i; alde-k, albo-ri; ondo-k, oste-ri, barru-k barne eta barren-i…

Baina, xehetasunak xehetasun, egitura-mota hau estandarrean bederen aski erabiltzen dela dirudi.

Hala ere, ez genuke atzendu beharko lekua edo denbora adierazi nahi ditugunean, euskaraz, apika errazago jotzen dugula postposizioetara elkarketara baino; bestela esan, itxura batean badirudi hiztunak eskurago duela postposizioen egitura, elkarketak baino murriztapen gutxiago ditu eta.

II.8.6. Idazkera

Euskaltzaindiak ez zuen berariazko araurik eman hitzaurre modukoez, hitz elkartuen osaera eta idazkera arautu zituenean. Beraz, ez dugu berariazko araurik aurkitu Hitz-Elkarketa/4 lanean ere (H-E/4: 95-97 / 81-83). Hortaz, pentsatzekoa da gainerako Eguzki-lore motakoei dagokien bera dagokiela hauei ere: bereiz nahiz marratxoz loturik idatzi, salbuespenak salbuespen (hitzaurre bera, esate baterako).

Nolanahi dela ere, adibideen idazmoldeari erreparatzen badiegu, ohartuko gara guztiak edo bat eginik (begitarte, hutsarte, betaurre, dantzaurre, hitzaurre, lepagain, mingain, afalondo, bihotzondo… eta be/pe osagaia duten guztiak: aterpe, barrunbe, ilunbe, zubipe…), edo marratxoz lotuta (etxe-aitzin, etxe-atze, pago-atze, aldare-aurre, etxeaurre, gerra-aurre, beso-azpi, bihotz-barne, esne-gain, mendi-gibel, bular-inguru, etxe-ondo, gerra-ondo, belarri-oste, guda-oste…) jaso genituela.

Guztiarekin ere, ez dugu atzendu behar postposizioentzat emandako idaztaraua; hots, bereiz idaztekoak direla. Eta, ildo beretik, amaitzeko gogora dezagun orduan esana:

-pe(ko)-dunetan izan ezik, forma markatuak dira, oro har, idazkera baterabildu horiek: auzo-erdara nagusien international, interstate, preescolar moduko “hitz bakarren” eredura sortuak agian. Kasu horietan ere posible da, ihartze-fenomenoa tartean ez dagoenean, markatu gabeko idazkera erabiltzea: nazio arteko (lehiaketa), hil ondoko (berriak)192. (H-E/4: 97 / 83).


163 Atze-ren parekoa.

164 Egia da ez dela erraza postposizio terminoaz erabateko definizioa ematea, ez bederen ikertzaile guztientzat gogo-betegarri dena. Guk Euskaltzaindiaren (EGLU-lab) lanaren arabera erabiliko dugu; hots, xehetasunetan sartu gabe eta zabal esan, perpauseko osagaien arteko gramatikazko harremanak adierazteko darabiltzagun elementuak izendatzeko. Hemen aztergai ditugunaz, ikus, bereziki Azkarate (1990: 392-401), Odriozola (1999), Zabala; Odriozola (2004: 281-315), De Rijk (2008: 69-80).

165 Honekin zerikusi zuzena du hiztegigileek nola hartzen dituzten sarrerok. Oro har, hiztegi-sarrera berean bi azpisarrera bereizten dituzte izen kategoriarena bata eta postposiziotzat (edo/eta adizlaguntzat) daukatena bestea

166 Beharbada, izen bereziren bat dagoenean zailagoa (ezinezkoa elkartu mota batzuetan bederen) delako elkarketara jotzea (nahiz eta corpusetik kanpoko Tolosaldea, Oiartzualdea, Busturialdea, Durangaldea, Ezkerraldea, Mungialdea... Gipuzkoa-Bizkaietako eskualdeen izenak hor dauden. Ik. Euskaltzaindiaren 140. eta 145. arauak). Postposizioetan, berriz, ugari ditugu izen bereziak: urrutirago gabe, horko “Itziar aldera”.

167 Aditzak ere onartzen bide ditu (sartalde, sortalde...). Oso adibide gutxi ditugu, ordea, eta, nolanahi dela ere —lehen esana errepika dezagun—, ez dira liburu honetan aztertzekoak.

168 OEHn ere ez dago askoz adibide gehiago, eta daudenak adiera berekoak dira: esku-atze, esate baterako. Bestalde, toponimian eta onomastikan ere ez omen dago ia atze-rik, bai, ordea, gibel (Arratibel, Mendigibel, Jaizkibel...) eta (gutxiagotan) oste (Elexoste, Urioste ). (Mitxelena 1953; OEH).

169 Hitz hau egokia da ikusteko nola sortzen diren batzuetan izen bikoteak, adieran alde handirik ez dutela, atzizkiaz baliatuta nahiz atzizkirik gabe: betaurre / betaurreko, urdaiazpi / urdaiazpiko, belarrondo / belarrondoko (adieretako batean)... Nolanahi dela ere, ez da hitz-elkarketak argitu beharreko gaia.-ko

170 Juntadura dela eta, badirudi Gramatika Batzordearen lanean (EGLU-4: 39) jasotzen den gertakariaren antzekoa dugula hemen: “Ondarkia pluralekoa izateak, ordea, ez du esan nahi juntaturiko ardatz guztiak nahitaez pluralean direla, Lafittek bere gramatikan ongi seinalatu zuenez: (139) Jainkoak eginak dira eguzki, ilhargi eta izarrak (P. Lafitte Grammaire basque, 69)”.

171 OEHk jasotzen duenez, beste kategoria eta erabilerez gain (postposizioena batez ere), adjektiboarena ere badute mugakizunok, izenarenaren ondoan, noski. Horren adibide, esate baterako, horko lexa barru “profunda caverna” aldatu dute hiztegi handian. Beste testuinguru batzuetan izan dezakeen balioa ukatu gabe, ez dugu eragozpen larririk ikusten egitura hori elkarketaren bidetik aditzeko: “leizearen barrua” (“profundidad / interior de la caverna”).

172 “The suffix -pe has the meaning ‘under’ and is probably etymologically related to the noun behe”. (De Rijk 2008: 887).

173 Peko ere bai. Bazter utziko dugu hemen -ko atzizkiak dakartzan ondorioak aztertzea, baina itxura batean, leku-izena bizidun bilakatzeko modua bide da. Erka: “Oro dira haren peko, hura ororen gehien” / *“Oro dira haren pe, hura ororen gehien”.

Atzizki honek leku-izenekin duen jokamoldea poliki ikertu beharko litzateke. Ik. arestiko ataleko betaurre / betaurreko; urdaiazpi /urdaiazpiko eta abar.

174 Hala dio De Rijk-ek (2008: 887) ere: “In combination with a directional case ending (-an, -ra, -tik, etc.) -pe can serve to express the meaning ‘under’, like the word azpi: liburupean or liburu azpian ‘under the book’, ohapetik or ohe azpitik ‘from under the bed’. In contrast to azpi, the suffix -pe can only occur with inanimates: ‘under the cow’ can only be translated by behiaren azpian”.

175 ‘Osoa-zatia’ erlazioan (§ I.5.3) sailkatu dugu mendi-hegi, hor hegi mugakizunak beste adiera bat duelako, ‘mendiaren hegala; malda’.

176 Hala ere, Interneteko corpusetan badu lekua, batez ere Iparraldeko eta Nafarroako publikazioetan, elkarketa garbian eta gibelean postposizioan.

177 Hortxe daukagu Bidasoa eta Oiartzun arroak besarkatzen dituen Jaizkibel (< Haitz + gibel) mendia diogunaren seinale.

178 Oroit liburuaren hasieratsuan ((§ I.2) jaso dugula Azkueren (1923: § 600) eta Villasanteren (1974: 20) iritzia: *Jainko Ama ez baina, Jainkoaren Ama, *Pedro aurrean ez baina, Pedroren aurrean...

179 Berriz ere, egungo Interneteko corpusetan Bilbo ingurua, Rijeka inguruak, Csepel inguruak, Chalindray eta Chaumont inguruak… badaude.

180 Postposizioen eremuan gabiltzala, beste balio batzuk ere baditu inguru-k: “gai horren inguruan ez dut deus esatekorik”… Hori ere ez da hemen aztertzekoa.

181 “Belarrondoak garbitzen jakin” dio Txirritak “bizkorra, ernaia... izan” adierazteko.

182 Erka, esate baterako, hemengo gaixo-oste eta lehengo minondo, edo afaloste, bazkaloste eta afalondo, bazkalondo, denbora dela bitarte; eta, tokia dela eta, hemengo belarri-oste eta lehengo belarri-gibel, belarrondo, esate baterako.

183 Corpusean jaso ez dugun astearte ere hemen kokatzekoa bide litzateke.

184 Erka daiteke mendarte-rekin, hau “mendi arteko lekua” da.

185 Itxura batean, badirudi alde, arte, une… mugakizunekin ez dela hain ez-ohikoa adjektibo kategoriako mugatzailea aurkitzea.

186 Baina, era berean, egia da hutsarte-k errazago onartzen duela sintagma mugatuetako osagaia izatea huts-ek baino, batez ere neurri-sintagmetan: “toki batetik bestera bost metroko hutsartea / ?hutsa utzi”, “bi minutuko hutsartea, hutsunea / ?hutsa izan”.

187 Corpusean ez zetorren beste adiera bat ere badu hitz honek: ‘harrera’.

188 Honek ere bai, ‘arratsaldea’.

189 Gure corpusean mugakizunaren bi aldaerek adiera desberdineko hitzak gauzatu badituzte ere, OEHn biak, zeinek bere adiera duela, hiztegi-sarrera berean sartu dituzte; eskuarte-n, hain zuzen ere.

190 OEHn gogarta, gogarte dator. “Propósito de hacer algo” (Lar.). Zein ote osagaiak: gogo + arte ala gogo + arta (arreta)?

191 Argibideak: Mitxelena (1953; FHV; 1971...).

192 Errepara batez ere adjektiboen ordainak aipatzen direla hor.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper