Hizkuntza-baliabideak

Hitz-elkarketa/2: II.7. ANDREGAI MODUKOAK: ALDI, BIDE, BURU, GAI, GIZON / MUTIL, (G)UNE, JENDE, (K)IDE, (K)UME, LAGUN, ORDE, (Z)ARO

II.7. ANDREGAI MODUKOAK: ALDI, BIDE, BURU, GAI, GIZON/MUTIL, (G)UNE, JENDE, (K)IDE, (K)UME, LAGUN, ORDE, (Z)ARO

II.7.1. Sarrera

Kapitulu honetan aztertuko ditugun mugakizun guztiek ezaugarri bera dute: zalantzazkoa da osagai beregain ote diren ala atzizki. Beraz, zalantzazkoa da osatzen dituzten hitzak, izen-elkarteak diren ala izen eratorriak. Hala aitortzen zuen LEF Batzordeak lehen lanean:

Ez da inoiz gauza erraza izan hitz-elkarketa non hasten den eta non bukatzen jakitea: ez euskararen eremuan eta ez, egia esan, atzerri-hizkuntzen kasuan ere. (…)

Euskarari dagokionez, bi dira, besteak beste, mugarri finko baino sarriago istilu-iturri gertatu ohi diren puntuak: hitz elkartuen eta eratorrien arteko muga, alde batetik; eta, bestetik, hitz-elkarketaren eta sintaxiaren artekoa.(…)

Bukaeran -dun, -gin/-gile, -zain/-zale, -bide, -aldi, -ola, -tegi… duten eraikuntzak hitz elkartuak dira, ala eratorriak? (H-E/1: 27-30 / 22-25).

Hitzok kezka-kate luze baten ispilua dira: euskalariek ez dute gisa berean jokatu elementu lexiko batzuk sailkatzean. Horren erakusgarri dugu, adibidez, Campionek (1884) eta Lopez-Mendizabalek (1943) elkarketan sartu dituztela Uhlenbeckek (1909), Azkuek (1923-25), Lafittek (1944), Villasantek (1974) erator-atzizkitzat jotako hainbat120. Baina betiere mugakotzat jotzen dituzte: bi baliabide lexikologikoren ―eratorbidearen eta elkarketaren― artekotzat, hain zuzen ere. Alegia, bai aspaldi samarreko gramatika-ikerlanetan, bai gerokoetan (Azkarate 1990, 1991; Euskaltzaindia H-E/3, H-E/4) errepikatzen da elementu horien izaeraren gaineko zalantza, eta, honenbestez, eratzen duten hitzarena. Horietako batzuk izendatzeko erabili zuen, hain justu, “erdi-atzizki” deizioa, Marchand-en (1960a) semi-suffixe edo Dimitrescu-ren (1969) suffixoïde terminoen bidetik.

Baina, zein irizpide aipatu edo erabili izan dira lexikoko elementu horiek mugakotzat jotzeko?

  1. Oro har, maiztasuna aipatzen da (Henzen 1947; Marchand 1960a; Guilbert 1971: LXXIII; H-E/4…). Elementu horiek beste izen edo adjektiboak baino askoz maizago darabiltzagu beste kategoria lexiko baten (batez ere izen baten) eskuinean hitz eratu121 bat osatzen.
  2. Bilakaera ere aipatu izan dute (Uhlenbeck1909; Azkue 1923-25; Villasante 1974; (H-E/4, 11.2.5): hitz beregaina zena, denboraren joanean atzizki bilakatua da.

    Irizpide horiek askietsi ez eta arrazoiak bilatzeko saioa egin dute hainbat ikertzailek.

  3. Maiztasunak osagai horren esanahia aldatzean izan behar du euskarria (Bally 1932: 244; Rohrer 1967: 16; Lifetree-Majumdar 1974: 65-67…). Lotuta nahiz aske joan, delako hiztegi-sarrerak esanahi-aldaketa sendorik ez badu, ezin atzizkitzat hartu eta hitz elkartuko osagaitzat jo beste erremediorik ez dago.
  4. Giurescu-k (1970: 263-264), Dimitrescu-ren (1969: 3-4) suffixoïde-en azterketari eransten dio delako osagaiak beregaintasuna galdu ote duen ere kontuan hartu behar dela: osagai hori bakarrik ezin erabil badaiteke atzizki bilakatu den seinale da.
  5. Azkaratek (1991) kategoria-aldaketa ere aipatzen du, adierazgarria izan baitaiteke osagai bat lotuta doanean eta beregain darabilgunean kategoria berekoak ez izatea.

Mugako eraikuntzen gaia (baliabide lexikoen artekoa, nahiz lexikoaren eta sintaxiaren artekoa) guztiz interesgarria eta gaurkotasun handikoa da122 eta adar asko eta aski bihurriak ditu. Baina guk atal honetan LEF Batzordeak andregai modukoetan sailkatuak besterik ez ditugu aztertuko (H-E/4, 11.2.5). Bihoa aurretik esana, dena dela, multzo honetan bilduak ere ez direla alde guztietatik berdinak123: esate baterako, maiztasun soila irizpide hartuta, adibideek erakutsiko digute (k)ide, (k)ume, orde, (z)aro maizago erabiltzen ditugula lotuta aldi, bide edo lagun baino. Bestetik, berriz, mugakizun hauetako gehienak polisemikoak dira eta adiera-aniztasunak badu ondoriorik gure aztergaian. Berezitasun horiek ezinbestean eramango gaituzte atal honetan mugakizun bakoitzaren berri ahalik eta zehatzena ematen ahalegintzera.

II.7.2. Adibideen azterketa

Alfabetoaren araberako hurrenkeran emango ditugu puntu honetan mugakizunak. Kasu bakoitzean aztertuko dugu zein mugatzaile ageri diren ezkerrean eta zein kategoriatakoak diren, bai eta mugatzailearen eta mugakizunaren arteko erlazio semantikoak nolakoak diren ere.

II.7.2.1. ALDI

Mugatzaileak. Kategoria bateko baino gehiagoko mugatzaileei elkartzen diegu aldi. Izen bizidunak: errege, gizon, karlista, morroi, preso, txita, ume… Bizigabeak: aginte, agoa, ahots, aitzin, argi, arnasa, atseden, azken, azterpen, bake, barre, batzar, batze, belaun124, berba, bero, berriketa, beso, bide, bitor, borroka, briska, dantza, dei, denbora, diru, egun, eguzki, ekaitz, erbeste, errieta, esku, eztula, festa, gaitz, galda, gau, gaztaina, gerra, gerrate, gezurketa, gogo, gorputz, grina, haize, hauts, hazkunde, hega, hegaztada, hitz, hizketa, hortz, hotz, indar, inflazio, itsaso, jai, jolas, kanpo, karga, kasketa, koroazio, krisi, kroskada, labe, lan, lerro, lo, loaro, loratze, lurmin, maldizio, min, mintzo, mokoka, morkots, mundu, oinaze, opor, poz, sabel, sen, siesta, solas, sozialismo, tentu, transizio, tripa, uda, udaberri, une, ur, urte, zabu, zinema, zurra… Abstraktuak eta konkretuak.

Izen bereziak: Neolitos, Pazko, Pizkunde

Adjektiboak: antzu, beltz, bizkor, elbarri, estu, gaixo, goibel, gozakaitz, gozo, haserre, huts, mozkor, samin, txoro, zakar, zaputz, zoro

Adberbioak: antzina, orain

Zenbatzaileak: hamabost

Izen eta adjektiboen artean aipatu ditugun batzuk aditzointzat ere har daitezke: bizkor, borroka, dantza, dei, galda, pausa…; beltz, goibel, gozo, huts, zaputz… Areago, Jarleku motan jasotako hainbat adibidek ordain zuzena dute hemen, esanahian alde handirik egon gabe, gainera: mintzaldi / mintzoaldi; tentaldi / tentu aldi

“Ijeliak badaucaz une luziak agoe aldi bacochian” (HE20,129).

“Do-nia-ne diote, bai garaztarrek, hiru abotsalditan” (EJ51,65).

“Txirrita, bertsolarien erori-aldian, antzu-aldian, guzien eusle, buru, biotz ta maixu izana” (EJ79,139).

<“Egualdiak, argi aldia du, ta ÑO’k, eskuan zerabillen argia itzali du” (HE57,106).

“elerti-batzaldietan sarbidea uka egin zaie” (HE17,34).

“Aldi artan apaiz eta pralleak zurian beltzaldi lizunak egitea gauza arrunta baitzen” (HE28,68).

besoaldi bat sutara dute, baiña ke gorri emaiten” (HE18,87).

“baño alare, bi urteotan egin dunakin, ezin ixildu diteke Santutegiari eman dion bizkor-aldi beroa, ta bultzada zer-naitarakoa” (EL70,257).

“Billareal’ko burruka-aldian il zan” (EJ60,88).

“Ereji baten azpian egon diran demboraldi gucietan chit sarri icusi da” (HE40,67).

“Guizalditic guizaldira, eta denbora alditic denbora aldira” (HE40,7).

“bada, diru-aldi dabenean be, ogi zorrak kitutu ta praka-jaka mengel batzuk egin ezkero” (EJ59,48).

“Creatçailleac bere amoriozco(aren) eta botherezco(aren) escu aldi batez hari naturaleçaco içaitearequin batean graciaco iaitea ere eman cioenaz guerostic” (EJ58,85).

“Aide onec bereala erantzun zuen: gai ontaco nere escualdi guziac uzten ditut, eta nere lecuan zu sar-zaite, gogo badezu. Escualdi oyec batec uzten zituenean, oñeco abarca erantzi, eta escualdian sartzen zanari ematen zion, eguindaco uztearen sinistgarritzat, eta gueroz etzezaquean itz emanic jan” (HE45,206).

“Jaungoikoak egun on dizula, Joxe Mañuel! Etxe aldi? (…) Bai, gaur ere, lanerako baño etxe inguruan egoteko giro obia dago, ta ementxen nabill bare billa” (EJ79,110).

“Alare, naikoa egin zun gure erriak [eliza] altxatze utsarekin, anbat zoritxarrez eta gudaz abaildutako gizaldi artan” (EL70,202).

“Giza-asmo aundi guzietan gertatzen da. Gizaldi gazteak zaarrari zirika, zaarrari bultza. Zaarra bere egonean goxo, ta aurrerago ez nai” (HE17,55).

Gizaldi berri baten eta gizaldi horren obren aitzindari gisa agertzen zaizkit” (HE27,302).

“Mendizaleak, errira agertuz, kantarako du gogaldi” (HE18,85).

Gorputz astuna gorputz-aldi txarra daukagula adi-erazoteko ere esaten dogu” (EJ06,81).

Aizealdi bigun onek ere aldegingo baitugu” (HE17,27).

“Lenbiziko ortzldiko ortz eroriak” (HE24,53).

“Batzuec besteen ondoren utsaldi gabe jarraituaz dijoacen becela” (HE40,139).

“hango eta inguruko euskal jaialdiak ikusteko zoria izan dut” (EI94,28).

Karga-aldi bat ona eman ezkero, lo pixka bat egin litekek” (EJ62,26).

“Meza, mintzoaldi xamurrez; batzarrea, aurtengo gora-beerez ta etorkizunerako asmoez, apainduak” (HE17,43).

“Garaitu ote dezu zuk beti, edo bere tentualdi guzietan sulezeko zere lapur-etsaia?” (EH13,90).

“Hamabi umalditan, laurogei eta hamaika umez erditu zen” (HE39,17).

“Bidasoak uraldi aundietan karreatzen dituen zuaitz enbor eta arbaztei eskerrak” (EJ03,23).

Mugatzaileen gramatika-kategoria: gehienak izen125 arruntak dira; bizidunak, gutxi; bizigabeak dira ugarienak, konkretuak nahiz abstraktuak. Horiezaz gain, izen bereziak, adjektiboak, adberbioak126 eta zenbatzaileak ere atera zaizkigu. Bistan da, hortaz, elkarketan oso ohikoak ez diren osagaiak onartzen dituela aldi-k bere ezkerretara.

Zenbatzaileak ez dira oso ohikoak izaten izen-elkarteetan127, baina uste dugu hiztunak, arrazoi pragmatikoak direla medio, batasuna duten denbora-unitatetzat dauzkala hamabost egun corpusekoak, eta baita erants daitezkeen zortzi edo berrogei ere. Horrexegatik horietatik kanpo, ez dugu [Zenbatzailea aldi] modukorik egiten; alegia, zortzialdi, berrogeialdi bai, baina ez dugu eratu *bialdi, *bostaldi

Adjektiboak hitz elkartuetako mugatzaileak, ezkerreko osagaiak, izatea ere ez da batere arrunta. Aurrera dezagun, halaz ere, egoerako predikatuak direla mugatzaileok (behin-behineko egoera adierazten dutenak), ez izaki mailakoak (behin betiko izaeraren adierazleak) (Zabala 1993): haurdun, gaixo, zakar, hits….

Orainaldi, antzinaldi… elkarteetako ezkerreko osagaiak ere izen kategoriakotzat hartu behar ditugu. Hiztegiek ere jasotzen duten izenen eginkizuna onartzen dute, eta, bestalde, kide lituzketen denborazko aditzondo edo adberbioak ez ditugu erabiltzen elkarte honetan: *berandualdi, *etzialdi

Bestalde, mugatzailearen kategoriaren ondoan, beharrezko zaigu aldi mugakizunaren adierez128 ere arduratzea.

Hiztegietara jotzen badugu, ikusiko dugu aldi-k ez duela berez oso esanahi sendoa eta aldi berean polisemikoa dela: 1.‘denbora hedadura’ (‘denbora’, ‘garaia’), 2.‘gertaera baten gauzatze bakoitza’, 3.‘txanda’, 4.‘denbora zatia’, 5.‘gramatikako aditzaren aldiak’.

Era berean ohartzen gara denbora adierazten duenean oso erreferentzia-balio zabala izan dezakeela: kontrakoak diruditen hedadura eta unekoa barne hartzen dituela. Baina ez du berez erreferentzia sendorik, denbora-muga zehatzik ezartzen: zerbaiten edo norbaiten aldia da, ez ‘aldia’ berez. Alegia, badirudi osagarri bat behar duela denborazko erreferentziazko ardatza mugatzeko.

Bestetik, berriz, azpimarratzekoa da gertaera gauzatzea ere adieraz dezakeela, 2. eta 3. adieretan ikus daitekeen bezala. Gertaera hau, gainera, iteratiboa izan daiteke, behin eta birritan gerta daiteke.

Adiera kontu hauek gure adibideetara egokituta honakoa ikusten dugu:

  1. Aldi-k denboran hedadura adierazten duenean, ezkerretara daramatzan osagaiei ezartzen dien murriztapena da hauek ere iraupena adieraztea. Horregatik, izen bizigabeak ditugunean, oro har, beren adieraren ezaugarrietako bat da denboran iraupena izan ahal izatea. Gertaera edo ekintza adierazten duten izenak dira batzuk (aginte, borroka, gerra, karga, loratze, zurra..), denbora adierazten dutenak beste batzuk (denbora, opor, uda, urte…; Neolitos, Pazko, Pizkunde… eta lehengo hamabost…). Gizakiak bizi ditzakeen sentimenduak, egoera adierazten dutenak bestetzuk: atseden, bake, poz… Eguraldiarekin zerikusia dutenak ere bai: bero, ekaitz, hotz… Baina izen bizidunak ditugunean ere (errege, morroi, preso…) egoerako predikatu moduan ulertzen bide ditugu gehienak, ez baitute izakiaren berezko ezaugarria adierazten, izaki horren egoera bat baizik: ‘erregetzak, morrontzak, preso egoteak irauten duen epea’.
  2. Adberbioak izateaz gain izenak ere badiren antzina, gero, orain, lehen… mugatzaileek ere denboran iraupena adierazten dute129. Era berean, iraupena adierazte horrek argituko luke ohiko elkarteetan gertatzen ez den adjektiboak ezkerretara onartu ahal izatea: ez dira izaki mailako predikatuak130 (*polit-aldi, *kezkagarri-aldi…), egoerakoak baizik.
  3. Baina ez dezagun ahantz aldi-k gertaera gauzatzea ere adierazten duela. Adiera hau dugu batez ere ezkerretara ekintza edo gertaera adierako izenak ditugunean: kasketa, hitz (egin), jai, hizketa, haize… Antzeko eran hartuko genituzke, besoaldi131 , hortzaldi, tripaldi, txitaldi, umaldi…, besteak beste. Hots, “besoez eragitea”, “hortzak ateratzea”, “tripa betetzea”, “umeak izatea”…

    Gertaera gauzatzea adierazten dutenen artean badira aldi bakoitza izendatzeko darabiltzagunak, behin eta birritan132 gertatzen dena izaki: eztul (egin), arnasa (hartu), dardara (egin)

  4. Bestetik, berriz, badirudi aldi-z ez dugula elkarterik osatzen ezkerreko osagaiaren denboraren zatietako bakoitza adierazteko. Beste era batera esanda, ‘Europako guduaren bi aldiak’ eta ‘Europako bi gudaldiak’ ez ditugu esanahikidetzat jotzen.
  5. Ildo beretik, dantzaldi, agintealdi… modukoak ez ditugu ulertzen aginteak, dantzak irauten duen denboraren zati bakoitza, ‘dantzatzea’ edo ‘dantzak, aginteak… irauten duen denbora osoa’ baizik. Honek adieraziko luke aipatuko dugun osagaien arteko harreman semantikoen ikuspegitik ez dugula ‘osoa-zatia’ harremanik aldi-z eratutako hitz-elkarteetan133.

Osagaien arteko erlazio semantikoak. Zabal hartuta, ‘edukia’ harremanaren bitartez azal daitezke, ‘zer-noiz’ (§ I.5.4.3), bai ‘iraupena’ bai ‘gertaera gauzatzea’ adierazten dutenean. Adib. oporraldi “aldi horretan oporrak zertu”, “oporrek betetzen dute aldi hori”; haurdunaldi “aldi horretan haurdun egon”, “haurdun egoteak betetzen du aldi hori”, eztulaldi “eztulak, eztul egiteak betetzen du aldia”, “aldi horretan eztula zertu”…

Ihartutzat joko genituzke, azkenik, ahapaldi (OEH: ahape (aho + pe) + aldi) eta eguraldi (egun + aldi), besteak beste.

II.7.2.2. BIDE134

Mugatzaileak: kategoria bateko eta besteko mugatzaileekin elkartzen dugu bide. Izen bizigabeak: aberastasun, aburu, adiskidetasun, aitzakia, amets, ardandegi, arrazoi, askatasun, asmo, aurrerapen, auzi, bake, batasun, baso, bekatu, burdina, burni, buru, damu, diru, ele, eliza, elur, erbeste, esku, ezkontza, feudalismo, formazio eta informazio, gaitasun, gaitz, gaztaina, gurdi, gurutze, haize, harri, heriotz(e), herri, hitz, indar, iritzi, iseka, itsaso, iturri, jakintza, jornal, kalbario, ke, kritika, kultura, lan, lege, leize, maitasun, mendi, mistika, mozkin, nahaste, ondra, ogi, oihan, okasio, orga, osasun, poesia, politika, produkzio, salbamen, salbazio, solas, soluzio, sortze, susmo, traktore, ukamen, ur, urrats, zehaztasun eta aberastasun, zeru

Izen bizidunak: errege, gizon, jainko, mando, zamari

Izen-kategoriakotzat nahiz aditzoin-kategoriakotzat har daitezkeen: solas, froga, garai, negar

Adjektibo nahiz aditz-kategoriakotzat har daitezkeen: erraz, jator, on, umil, zabal, zabar

“Afrika-Asietako herri askatu berri edo askatasun bidean direnen marmar hotsa” (HE27,339).

“Aurkientzak han nituen, aspaldiko muiño, ibar; basobide bazterretan sasi, ota, isats eta iñar” (EJ50,155).

“Ibarrik-ibar, edur-bideetatik neguan” (HE31,20).

“Atharratzeko hiria ordoki / hur handi bat dizu alde batetik errege-bidea erdi-erditi / Maria Maidalena beste aldeti” (HE18,111).

“batasun bidean jar gintzazketen zenbait errepide nagusi erakusteko ustetan edo” (HE27,376).

Gaitz-bidez bide, edo bide gaistoz dabillena” (HE13,16).

Arribidea beian, basoaren erditik ziar” (HE31,64).

“Ola-kebide bakar bat ez, ortziaren aratza, izerdizko, nekezko, oñazezko lurrun-gandor zikiñaz lardazten (HE17,45).

“Arren bai arren, bizkor utzi leze-bide, yaso goiruntz begiok izarren senide” (EJ50,41).

“Zeren Lastur-ko eta Itziar-ko mendibideak gaiztoak baitira ilunduz gero” (EJ48,8).

“Beste ogibide bat beharko dut horrelako ostikoak sartzen jarraitu nahi baduzu” (EJ53,120).

“Goiko jabea igaro zan oian-bidetik orduan” (EJ50,121).

“Aurrak erdi-goserik eta gurasoak erretxinduta, okasio-biderik ez da faltatuko” (EJ03,114).

“Ustezko onbide arrigarriak dituzten belar eta zuaitz guztiak” (HE24:50).

Mugatzaileen gramatika-kategoria. Gehienak izenak dira, izen bizigabeak —konkretuak nahiz abstraktuak—, nahiz eta bizidunen bat edo beste ere badagoen. Adjektiboak arras gutxi dira.

Dena den, ez da beti erraza lehen osagaiaren kategoria finkatzea. Behin baino gehiagotan duda egin daiteke izena, adjektiboa edo aditza ote dugun. Adjektibotzat hartuz gero, argi dago ‘adjektiboa+izena’ egitura ez dela ohikoa izen-elkarteetan. Horrek berak bultzatzen gaitu adjektiboa edo aditza izan daitezkeen osagaietan, aditz kategoriari begiratzera135: erraz(tu), zabar(tu), umil(du). Hala ere, jatorbide izenean ez dugu jator(tu) aditz kategoriako osagairik. Adibide guztiak interpretazio bakarrera ekar ditzakegu ‘jator, zabar, erraz, umil… izateko bide’ moduan ulertzen baditugu, predikatu-sintagma moduan, alegia; azken batean, aditz-kategoriatik hain urrun ez dagoen interpretazioa.

Azkenik, gogoan izan behar dugu adibide batzuetan aski ilundua dagoela bi osagaien arteko harremana; hala gertatzen da, besteak beste, errepide, errazbide (‘dejadez’ itzultzen du OEHk), onbide… eta, zer esanik ez, leku-izen bihurtua den Zabalbide adibidean.

Aldi-ren atalean egin bezala, orain ere mugakizunaren adieraz zerbait esan beharrean gara. Horrela, gogoan izan behar dugu bide-k, berez, benetako bide fisikoa izateaz gain, bestelako adiera abstraktuak ere badituela: ‘bitartekoa’, batez ere, eta baita ‘aukera’, ‘legea’ edo ‘zergatikoa’ ere. Elkartuko osagaia denean ere adiera-aniztasun horrixe eusten dio; ez dago, hortaz, alde horretatik alde handirik bere eskuko nahiz elkartuko osagaia denean.

Lehen bide hori da nagusi batik bat izen konkretuekin (ardandegi bide, basobide, burdinbide, elizbide, harri-bide…) eta bizidunekin (errepide, mando-bide, zamalbide…) elkartuta. Hauetan, “norabait doan bidea”, “nondik doan bidea”, “zerez eginda dagoen bidea”, “norbaitek/norbaitentzat egindako bidea”… adierazi nahi dela ulertzen dugu.

Mugatzaile abstraktuek, berriz, beste bide metaforikoa ulertzea ia eskakizun dutela esan daiteke, espero izatekoa zen bezala (amets-bide, askatasun-bide, auzibide, bakebide…). Baina mugatzaile biziduna duten batzuek eta konkretu batzuek ere multzo honetan sartzekoak dirudite: dirubide, elebide, gizabide, isekabide, jainkobide…, besteak beste, nekez joko genituzke beste gairen batez egindako bidetzat.

Bestalde, itxura guztien arabera, konkretu / abstraktu bereizkuntzaren ondoan bada besterik. Mugatzaile konkretuen barrenean erabakigarria izan daiteke materiazko izaera izateko edo ez izateko: zenbat eta ikus edo ukigaitzagoa izan, orduan eta aukera gehiago bide metaforikoaz aritzeko.

Hemen bildutako forma batzuek kideak dituzte Jarleku motan: aberastasunbide eta aberaspide, salbamen-bide, salbazio-bide eta salbabide; osasun-bide eta osabide…, adieraren aldetik alde handirik ez dutela.

Osagaien arteko erlazio semantikoak era askotakoak izan daitezke, mugatzailearen ezaugarrien arabera.

  1. Ezkerreko izena konkretua eta berez nahiz besteren baten indarrez mugi daitekeena denean: biziduna bada, pentsa daiteke ‘jabea’ errepide ‘erregearen bide’ edo ‘onuraduna’, ‘erregearentzako bidea’… erlazioak ditugula. Azken harreman hauxe dugu, hain justu, ezkerreko izena [-biziduna] izan eta garraioa edo nolabaiteko ‘mugimendua’ egozten diegunetakoa bada: gurdibide
  2. ‘Helmuga’ adieraz dezakegu ezkerreko izenak leku jakin bat izendatzen duenean: elizbide, zeru-bide
  3. Ezkerreko izenak bidea egin daitekeen gaia adieraziz gero, horixe da harremana, ‘gaia’: burdinbide, harbide
  4. Beste batzuetan ‘non’ dagoen bidea adierazten da: mendibide
  5. ‘Xedea’, ‘zertarakoa’ da ezkerretara izen abstraktuak ditugunean, oro har, zorionbide, amets-bide136
  6. Badira, azkenik, zenbait forma esanahia aski lexikalizatua dutenak: burubide, eskubide, gizabide, hizpide, irizpide, lanbide, ogibide
  7. II.7.2.3. BURU

    Honelako mugatzaileak aurkitu ditugu buru mugakizunaren ezkerrean. Izen bizidunak: apaiz, aratxe, diakono, ero, ertzain, euskaltzain, fraide, gudari, kanonigo, legatz, otso, txahal, txerri, txori, zapo…; izen bizigabeak: adar, arbi, auzitegi, batzorde, begi, belaun, beso, bide, ekintza, eskailera, etxe, festa, gari, goi, herri, hiri, ingeniari-konpainia, iturri, landare, mahai, mahasti, negu, ohe, olerki, soka, su, sukalde talde, udal, udazken, ur, urte, zerbitzu

    Adjektiboak: zabal137

    “nagikeriz bezala kulunka adaburuak labur eta mazal” (HE34,26).

    “horra batzordeburuak hitzaldia hasten duen mementua” (HE39,103).

    bepuru luze betien azpian begi urdiñ-abar bigun bigunak” (EJ59,93).

    “Hamazazpigarren mendearen azken partean Iruñeko diakon-buru zen” (EB87,50).

    “Eta ez dago ezer Kondairan aldagarriagorik, hain zuzen, gizonen ekintza-burua baino!” (EJ51,52).

    “ondo esan da aditu nai ez emakumiaren griña, arratserako eskall-buruan askotan total egiña” (EJ67,268).

    “Guraso, edo Eche-Burua bazara, beguira ondo, celan, ta nondic dabiltzan zure hume, ta oguipecoac” (EC61,132).

    “Juane, bere emaztea eta semeak ari ziran etxeburuko soroan arta jorran” (HE19,46).

    Euskaltzainburuaren eskabidez hurrengo oharrok eta ereduok prestatu ditut” (EJ56,33).

    “Barrena sartu gera eta an arrapatzen ditugu geren usteko lagun batzuk, abertzaleetan oso goiburu egiten zutenak” (EJ49,60).

    “iturri apala da guziz, neri gustatzen zaizkidan bezelakoa: goldioak berdez margotua, iturburuaren xirripa etengabeaz besterik ez du” (HE34,22).

    “bizitzan ia gauza guztien iturburua da nekazaritza” (EF92,3).

    “Lizenziadu, Irakasle ta Kanonigo-buru, Avilan” (HE33,49).

    landara-buru (ta ez bata bestearen aijen edo adar) izateko dabeen eskubidea ere erderaak eurak erakusten deuskue ederto” (EJ06,82-83).

    “Apaiza ta Alkatea jarri dira mâiburu” (HE18,20).

    “nik, beintzat, mai-burutik altxa eta amonari sorbaldatik oso indarrez eldu eta besarkatuaz” (EJ49,79).

    “saskiak mahasti buruetan pausaturik, lagun multxo bat muntatzen ginen bi lagunek lerroa artean harturik” (EJ04,47).

    “Noiz hila zen Butron eta idazten noiz estreinatua Gamiz, olerki-buruetan begiratzea aski zukeen” (EJ00,175).

    sokaburu dagona bai mutil martzala” (HE18,22).

    “Kebide orrek, lengo izen eder suburua galduta, erbesteko itz barri tximinia artu eban” (EJ06,72).

    “Langintza aurrez ikasteke ez zitekeen sukalburu ipinia izan” (EJ00,177).

    Txalburuak-eta bazebiltzan, bañan arekin kendu egarria” (EJ66,72).

    “kutsu gabeko ur garbiaren billa uburura joatea, alegia” (EC70,42).

    “zein diren goxo oraindik udazken-buruko egun epelak” (HE27,318).

    “Odolkiak, tserri-buruak, urdaiazpiko koipe gabea” (HE15,9).

    Zabalburun bizi den… Parkatu” (HE44,31).

    “oraintsu espainol telebistan zinemaldi, lehiaketa eta eurobisioko zerbitzuburu bezala” (HE50,53).

    Mugatzaileen gramatika-kategoria. Bat ez beste guztiak izenak dira: bizidunak eta bizigabeak. Salbuespena lehen ere jaso dugun zabal da.

    Adiera dela eta, hiztegiek jasotzen dituzten adierak ikusi orduko ohart gaitezke buru-ren polisemiaz. Hona hemen nagusiak: 1. Gorputzaren goiko edo aurreko zatia. 2. Adimenaren iturburua 3. Gauzaki baten muturra (puntaren kontrakoa). 4. Zerbaiten hasiera edo bukaerako gunea. 5. Zerbaiten muturra aurrekoa, goikoa edo nagusia denean. 6. Buruzagia, nagusia. 7. Buruxka. Landareen bilduma biribila. 8. Banakoa.

    Elkarketan ondorioa izan dezakeelako, lehen urratsetatik bertatik komeni da aipatzea buru-ren erreferentea bai bizigabea, baina baita biziduna ere izan daitekeela. Alegia, elkartuko osagaia izan gabe ere, buru izenak adiera zabaldu duela eta metafora (metonimia edo) dela medio138, buru fisikotik abiatuta, abstrakturako eta biziduna, gizakia batez ere, adierazteko bidea egin duela. Hortaz, bide izenari gertatzen zaion bezalaxe, ezingo genuke esan buru-k adiera aldatzen duenik bere eskuko darabilgunean eta elkartuko osagaia denean.

    Horrela bada, bizigabea denean, lehen adiera hartzen badugu —lepo gaineko gorputz atala, alegia—, pentsatzekoa da ezkerretara mugatzaile biziduna eraman behar duela. Halakoak dira corpuseko batzuk: arrainburu, legatzburu, otsoburu, txerriburu, txoriburu, zapaburu… Buru mugakizunak adiera hori duenean, elkarteko bi osagaien artean ‘osotasuna-zatia’ (§ I.5.3) erlazio semantikoa antzeman daiteke; beraz, erlazio semantiko bera duten gainerako behi-esne motako elkarteen artean ere sailka genitzakeen. Mugatzaile bizidunak dituzten gainerako guztiak ez dira lehen adiera honetan ulertzekoak, azalduko dugun bezala. Hitz elkartu osoa bizigabea da.

    Bururen bigarren eta hirugarren adierako hitz elkarturik ez dugu corpusean ikusi.

    ‘Banakoa’ adiera da tarteko batez ere mugatzailea animalien izena denean —gure adibideetan139 azienda denean, zehazkiago esanda—: aratxeburu, txahalburu

    Landareen alorreko hainbatek arestiko 7. definizioaren bitartez (“buruxka, landareen bilduma biribila”) azal daitezke, arbi buru, artaburu, galburu

    ‘Hasiera’, ‘bukaera’ —tokian eta denboran— adierako buru dugu, oro har, ezkerreko osagaia bizigabea duten hainbat elkartutan: urteburu, udazkenburu (corpusean ez zegoen asteburu bezalaxe)… nahiz tokia: iturburu (adiera metaforikoa ez duenean), mahaiburu (adieretako batean), oheburu, uburu

    Oso gertukoa den ‘muturra’ adiera du, berriz, beste hauetan: adaburu, bepuru, besaburu, eskailburu, etxeburu (“Juane, bere emaztea eta semeak ari ziran etxeburuko soroan arta jorran” adibidekoa; ez beste adibide izen berekoa), mahaiburu

    Azken adiera honek (‘muturra’, baina ‘nagusia’ denean) hain zuzen, galdetzera garamatza ea orain arte ikusten ari garen mendekotasunezko elkarketa arruntetik beste elkartu mota batera ez ote dugun jo behar. Izan ere, besta, herri, hiri, izen, goi, landare… ezkerreko osagaia bizigabea dutenak eta diakono, kanonigo140… biziduna dutenak ez ote ditugu “burua, nagusia den besta, herria, hira, izena…; diakonoa, kanonigoa” eran ulertzen? Hala izatekotan, hitz elkartuak atribuziozkotzat hartu beharko genituzke, (“B den A” motan), hiriburuzagi atribuziozkoetan aipatu genuen bezala (H-E/3, IX.1.2., 100 / 80).

    ‘Buruzagia’ adiera dugu, hain justu, beste elkartu batzuetan. Ezkerreko osagaia biziduna izan daiteke ―areago; bururen esanahi hau dela eta, espero izatekoa da beste adieretan baino mugatzaile bizidun gehiago izatea―: apaiz, ertzain, euskaltzain, fraide, gudari…, baina bizigabeak ere asko dira: auzitegi, batzorde, etxe (“Guraso, edo Eche-Burua bazara, beguira ondo, celan, ta nondic dabiltzan zure hume, ta oguipecoac” adibidean, guraso-ren kide denean), ingeniari-konpainia, mahai (adieretako batean hau ere), soka, talde, udal, zerbitzu… Elkartu hauei dagokien parafrasia: “apaizen, ertzainen… burua, buruzagia” da. Mugatzailea biziduna nahiz bizigabea izan, adiera hau dugunean, hitz elkartuaren azpikategorizazioa [+gizakia] da, eta, arestikoak ez bezala, mendekotasunezko elkartu arrunten artean sailkatzeko ez dago batere eragozpenik.

    Azkenik, bide-buru (‘bidegurutze’), bepuru (‘bekain’), iturburu (‘hasiera’) aski lexikalizatutzat jo bide daitezke, hitzez hitzeko esanahia ere adieraz dezaketela ukatu gabe, noski.

    Osagaien arteko erlazio semantikoak. Aurreko puntuan ikusiriko adieren araberakoa da izen-elkarteko bi osagaien arteko erlazio semantikoa. Lehen adierako buru-a dugunean, ‘osoa-zatia’ harremana dugu. Esate baterako, txerriburu hartzen badugu, ezkerreko osagaiak osoa eta osotasun horren zatia adierazten dute. Erlazio honi dagokion bezala, ‘jabegoa’ ere gauzatzen dela esan daiteke: “txerria buruaren jabea da”.

    Erlazio-mota bera egotz bide dakieke ‘hasiera-bukaerak’ edo ‘muturra’ adierako buru-ak ditugunean: “urtearen zati bat burua da”, “urteak burua du”…

    Apaizburu, zerbitzuburu… bezalakoak ditugunean ere ‘jabegoa’ harremanean pentsa daiteke: “apaizek, zerbitzuek… burua dute”.

    Honaino aipatu ditugun guztiak, beraz, mendekotasunezko harremanaren baitan eta bururen adierak adiera, osagaien arteko erlazio semantiko beraren arabera uler daitezke. Hots, elkartu guztien burua alde guztietatik buru da eta ‘osoa-zatia’ (§ I.5.3), ‘jabegoa’ (§ I.5.2) da ispilatzen duten harremana.

    Bestetik ditugu, berriz, ‘banakoa’ edo landareen alorreko buru mugakizuna dutenak: txahalburu…, azaburu… Gure irakurketak ‘edukia’ (§ I.5.4) harremanean pentsatzera garamatza. Lehen adierakoak, gainera, ez dabiltza hagitz urruti pare mugakizuna dutenetatik141.

    Azkenerako utzi ditugu “bestelakoenak” bide direnak: diakon-buru, hiriburu… bezalakoak. Esan dugun bezala, elkartuok ez dira gainerako guztiak bezalakoak: ez dago esaterik osagaien arteko erlazioa Eguzki-lore mendekotasunezko arruntena bezalakoa denik, ezta buru denik elkartuaren burua. Ezkerreko osagaiak ezartzen du elkartuaren erreferentzia eta eskuinekoak esparru horretan mugatzen du atal bat. Horrela, “diakonoen esparruan burua dena”, “hirien esparruan burua dena”… aditzeko erak ditugu; alegia, eskuineko osagaia ezkerrekoaren atributu modukoa da; bere ezaugarri bat edo zehazten du.

    Bestalde, ohart gaitezke ezkerreko osagaiaren araberako erreferentzia hartzen duela elkartu osoak: biziduna bada, biziduna, eta bizigabea bada, bizigabea.

    Honenbestez, buru eskuineko osagaia duten izen elkartuetan bi harreman-mota eta bi elkarketa-mota gauza daitezke: Eguzki-lore motako mendekotasunezko izen elkartu arruntak eta atribuziozkoak.

    II.7.2.4. GAI

    Mugatzaileak. Izen kategoriako mugatzaileei elkartzen diegu euskaraz gai mugakizuna: izen arrunt bizidunak, bizigabeak, eta, adibideren batean, izen berezia.

    Bizidunak: abade, andre, apaiz, bakaldun, biko, diputatu, emakume, emazte, errege, erregina, gazte, idazkari, jabe, mediku, neurtizlari, premu, senar, suhi, zezen

    Berezia: Jainko

    Bizigabeak: afari, aitormen, alfabetatze, alkohol, arte, atzerri, auzi, bazka, bertso, biblia, bizkotxo, burdina, elerti, elerti-ederti, entsegu, erlijio, erredakzio, euskaltzaletasun, euskal egunkari, eztabaida, fisika, foto, gastronomia, gila, gona, hitz, hizkuntza, indar, jakintza, jatorri, kimika, kondaira, kontsumo, kultura, liburu, meditazio, menu, min, mizkineria, musika, olerki, olio, otoitz, poesia, polemika, poz, sari, soziologia, su, sukalde, teknika, zepa

    “gaurko Jesusen bataioa: ta bidenabar zuri arrerazteko, aitormen-gai berririk ez eguiteko” (HE13,73).

    “…eta Ricardo Arregi izendatu zituen alfabetatze gaitarako batzordea osa zezaten” (EI94,55).

    “Bagintuen aitzin hortan sei apez, eta apezgei bat” (HE59,15).

    “ori ere auzigai balitz bezala!” (EJ05,181).

    “judizioa eginen bailitzaioke eta bahigairik eduki ezik gartzelara sartuko” (HE39,43).

    “Beliek zer bazka-gaia!” (E60,177).

    “Iruñeako emakumeagatiko haserreaz geroz, uko egin ote zien ordurarte ohiko bertso-gaiei” (EJ00,190).

    Biblia gaietan egungo egunean aurki daitekeen laguntzarekin itzulia” (HE27,342).

    “Gerogo ta beroago bikoen asmaki / nor norengana dagoan batek ba daki. / Biko-gaiak oro dira begi ta belarri” (HE18,46).

    “Atxoa sukaldean bizkotxa gaien aphailatzen ari zen” (HE32,21).

    “1849-an Chaho deputatu-gaiaren alde” (HE43,14).

    “guk baino urriago ditu elerti-gai utsezko idazlanak” (HE17,13).

    elerti-ederti gaietazko aren illunaldi ezyakiñetan argi-emaille” (HE17,12).

    “Boskarrenik, entseiu-gai izan diren nobela bakarrak dira” (HE35,7).

    “Atsularrek bere liburuan erligino-gaiak traktatu zituen” (HE26,270).

    Eztabai-gaiarekiko ain axola gutxiko ezpalira!” (HE17,54).

    “lur baten azterketa osoak erakutsiko digu, bere fisika-gaiak ta kimika-gaiak nolakoak diren esanaz” (EF92,39).

    “Baita gastronomi-gaiaz idatzi duten literatura-egille trebe bat baiño geiago ere” (EJ64,16).

    Gazte-gaiak batez ere, sortu nai nituan nere lanetan” (HE57,127).

    “Cerren gañera munduco minteguia landare oquerrez betea dagoan, eta quillagai guchi dan” (HE07,226).

    Gonagayak naiz aur-zapi tsuri-tsuriak erosita” (HE15,8).

    “Baña gaur itzgai au icutzen degun ezquero, bear bada alperricacoa izango ezta” (HE40,128).

    hizkuntza gaietan ere eredu eta gidari gisa ager baitaiteke” (HE27,342).

    “Aita idazkari, semea idazkari, iloba idazkarigai” (HE39,67).

    indargai eta tximistargiak zuk asmatuak badira” (HE25,20).

    “Jesu-Cristoren senide, ta Ceruco erreñuaren jabegai edo heredero” (EC48,355).

    Yainko-gaiak, nekazaritza ta abar” (HE17,67).

    “Prezio oro goratu egingo da: kontsumogaiak, lansariak, salgai den gauza oro” (EB20,16).

    “eta, zer esanik ez, beraren paperak, eskutitzak, liburu-gaiak eta abar” (EJ67,63).

    “Mincor-minbera da mundura datorren edocein ta mingai guciac beguitan arcen dituena” (EI31,67).

    “egia esan, Euskalerri’ko idazle batzuk ikutu dute, gutxi-asko, mizkineri-gai au” (EJ64,17).

    “haietan ikas baitzitzakeen neurtizlarigaiak poesia bardikoaren arau oso korapilatsuak” (HE30,233).

    Oliogayak, guria, chardiñak, chipiroyak eta beste” (EJ64,30).

    “Urretan ematen zizkidaten sarigayak” (HE23,140).

    “Labe ziloan sartzen zituen ikaragarriko sugai pisuak” (HE32,21).

    “Irakurtzeko; ta orrela sukalde-gaiaz ondotxo bazekian” (EJ64,44).

    Zezen-gaiaz argitaratzen dan aldizkari batetik hartzen degu” (EJ64,101).

    Mugatzaileen gramatika-kategoria: esan bezala, mugatzaileak izenak dira, bai bizidunak, bai bizigabeak.

    Indar, min, poz… direla eta, berriz, duda egin daiteke izenak edo aditzak ote diren.

    Autore bakarraren adibide bakarrak izen berezia du mugatzailearen tokian: Jainko.

    Adierari dagokionez, atal honetako mugakizunak aztertzean gertatzen ari zaigun bezala, orain ere gai mugakizunari hiztegiek adiera bat baino gehiago alboratzen diote. Hauek dira ohikoenak, hurrenez hurren:

    1. Gauzak osatzen dituzten materia-motetako bakoitza, osagaia. Lehengaia. 2. Jarduten, gogoeta egiten den zeraren mamia. 3. (Izen baten eskuinean) X izango dena, izateko bidean dena. 4. Gaitasuna.

    Baina adiera horien ondoan, beste azpisarrera hauek ere jasotzen dituzte: GAI EGON: 1. Prest egon. 2. Ezkongai egon. GAI IZAN: 1. Gauza izan. 2. Merezi izan.

    Azken azpisarrerok ispilatzen dute garbien gai-ren predikatu eginkizuna.

    Gure adibideekin alderatuz gero, honakoa ikus dezakegu:

    1. Mugatzaile bizidunak ―areago, gizakiak― dituzten gehienak hiztegietako 3. adierakoak dira; alegia, mugatzaileak adierazten duena izateko bidean dena adierakoak:emakumegai eta gaztegai dira salbuespenak gizakia adierazten duten mugatzaileei dagokienez, horietan 2. adierako gai baita mugakizuna. Halaxe gertatzen da zezengai elkartean ere. Bestalde, adiera honetakoa da Jainkogai ere, Jainko izen berezia mugatzaile duen bakarra eta, jakina denez, mendekotasunezko elkarketan aski bitxia dena.
    2. Mugatzaile bizigabeak ditugunean ere, aipatu berri dugun ‘mamia, mintzagaia’ adiera dugu askotan eta ez dirudi mugatzaile-motak ikuskizuna duenik: konkretuak, abstraktuak, zenbakarriak, zenbakaitzak… ditugu: euskaltzaletasun-gai, elerti-gai, arte-gai, erlijio-gai, jakintza-gai, kultura-gai, sukalde-gai
    3. Beste mugatzaile bizigabe batzuekin elkartzen den gai hiztegiek jasotzen duten lehen adierakoa da, ‘osagaia, lehengaia…’ adierazten duena, alegia: afari-gai, alkohol-gai, bazkagai, bizkotxo gai, burdina gai, fisika-gai, gilagai, gonagai, indargai, kimika gai, kontsumo gai, liburu gai, menu gai, olerki gai, olio gai, sari gai, sugai, zepagai… Halakotzat hartuz gero, Eguzki-lore motako arruntak bezala (bereiz eta marratxoa aukeran, salbuespenak salbuespen) idatzi beharko genituzkeela dirudi, haien artean sailkatzekoak izaki.
    4. Kasuren batean edo bestean, batez ere mugatzailea abstraktua denean (aitormen, min, poz…), ‘lehengaia’ baino areago, ‘arrazoia’, ‘zergatia’ adierazten du gai-k.

    Azpimarra dezagun, dena den, zerbaitek lotzen dituela elkartu guztiak: etorkizuneko kutsuak, alegia.

    Osagaien arteko erlazio semantikoak aztertzen baditugu ohartuko gara elkartua gizakia denean, ‘helburua’ (§ I.5.10) dela erlazio nagusia; apaizgai, deputatugai… ‘apaiz, diputatu… izateko (bidean) dena’… Erlazio hauxe bera dugu elkartua bizigabea izanik ere zerbait egiteko lehengaia edo adierazten duenean142: bizkotxo-gai, gonagai, sugai

    Zehaztu dugun bigarren adiera dugunean, mugatzailea biziduna (emakume, gazte…) nahiz bizigabea izan (alfabetatze, gastronomia…), osagaien arteko harremana ‘edukia’ (§ I.5.4) da: “gaiaren edukia emakumeak, alfabetatzea… dira”.

    Bistakoa da, hortaz, lehen erlazio-motaren izaera, ‘helburua’, oso bat datorrela ‘etorkizun’ kutsuarekin, oraindik ez dena, baina izan daitekeena eta izateko bidean dena adieraztearekin, alegia. Era berean, azpimarratzekoa da harreman eta adiera hauetan bizidunek (gizakiek) ez ezik, bizigabeek ere badutela tokia.

    Era honetara azal daiteke, apika, gai izan eta gai egon predikatuen eta ‘helburua’ erlazio semantikoko elkartuon arteko harremana dirudiena baino estuagoa bide dela. Hots, gizakia ez ezik, bizigabea ere izan daiteke gai etorkizunean xede horretara iristeko, hori bilakatzeko: apaiza, emazte… izan, gona… izan. Nolanahi dela ere, badirudi mugatzailearen azpikategorizazioan datzala gakoa, edo gakoaren atal bat behintzat: biziduna ez bada, ezin du hiztunak elkartu osoa biziduntzat hartu; hortaz, ‘helburua’, ‘etorkizuna’, ‘xedea’ zehazten duen osagaiak, gai mugatzaileak, irakurketa behartzen bide du. Baina mugatzailea biziduna izateak ez du esan nahi elkartua beti [+biziduna] denik; adibideak lekuko. Hots, ‘mamia’, ‘mintzagaia’ ere adieraz dezakegu mintzagaia [+biziduna] izanik. Testuinguruan, informazio pragmatikoan ziurtatzen bide du hiztunak interpretazio egokia.

    Pragmatikara jo beharko dugu mugatzaile bizigabeak ditugunean ere, jakiteko zein eratako ‘gaia’ dugun mugakizuna, zein adieratakoa, alegia.

    Bestetik, itxura batean, gai izena predikatzeko erabiltzeak nahasi ditu pittin bat gauzak, baina ez dirudi kategoria-edo azpikategorizazio-aldaketan pentsatu beharra dagoenik143: predikatua ez da kategoria lexikoa, funtzioa baizik.

    Nolanahi dela ere, garbi samar dago, Azkaratek (1991: 106) dioenaren haritik, bi gai bereizi beharko genituzkeela: hiztegietako 2. definiziokoa alde batetik eta besteak bestetik. Beste hauek, ‘etorkizun’, ‘helburu’ kutsua dutenok, beharrezkoa bide dute zehaztea ‘zertarako’, ‘norako’ gai den dena delakoa eta hori elkarketaz baliatzekotan ezkerreko elementuak adierazten du (apaizgai, gonagai, sugai…) edo, betiere, sintaxira jo daiteke144.

    II.7.2.5. GIZON, MUTIL

    Bi mugakizunok batean aztertuko ditugu, aski antzeko jokamoldea eta adiera dituzte eta.

    Gizon

    Mugatzaileen kategoriari dagokionez, izen bizigabeei elkarturik ikusten dugu gure corpuseko adibideetan: arma, baso, batzar, eliza, erlijio, gerra, guda, gudu, herri, itsaso, jakintza, lege, letra, makina, mendi, ola, teoria

    “iñoiz baiño arma-gizon edo gudari geiago batuta” (EI99,137).

    Basaizon, ikazkin, egurguille ta arotz” (HE18,18).

    “(representante de la junta) mintzatzera dijoazkien probintziako batzar-gizonak makillaka artzen dituzte” (HE33,21).

    “Aita il eta urte gutxiren buruan elizgizon egin zen” (HE33,93).

    “Erri baten mugaldeak eta ondasunak, pake-zuzentasun bideak eta gizarte-legearen itzala guda-gizonak dituzte babesten” (EJ03,66).

    “ala marinelek nola herri-gizonek mota guzitako zikinkeriak bota oi zituzten uretara” (HE33,25).

    “Irakur orain errenteriar gudu-gizonen eta itsas-gizonen izen eta egin haiek” (HE33,71).

    “Ez zen berez hiztun trebe horietakoa (…) jakintza-gizona zen, ezer bazen” (HE27,351).

    “berekin zetortzan: arotza, igeltserua, zapataria ta baita erlojerua, lege-gizona eta errementaria” (EJ50,132).

    “mariñel-mariñelak zazpi, kontramaixuaren meneko; iru makina-gizon, arrantza-patroia, lemazaia ta sukaldaria” (EJ03,13).

    mendigizonak baimena eskatu behar dio bota behar duen zuhaitzari” (EJ53,16).

    “atsotitzen biltzaileak, euskal poesiaren teori-gizonak” (EJ51,96).

    Mutil

    Izen kategoriako mugatzaileei elkartzen zaie mutil; izen bizidunak —arotz, artzain, asto, itsu, rekete, zaldi….— eta bizigabeak: artalde145, baso, guda, mendi, muga

    Arotz-mutil eta beste, saririk gabe aritzen zireneko garaia ez da ain aspaldiko kontua” (EJ03,22).

    “jakin beazu beti naizela artalde-mutil artzaia, ni juango nintzan pozikan baño asarre zan nagusia” (EJ60,93).

    Artzain-mutil txarra dela otsoa ikasia dut” (EJ53,112).

    “Aita Santu Erromakoaren baimena badaukate automobil edo ‘astomutil’ oyek kamiñoetan” (HE22,40).

    “zatoaren lokarriari lotuta ibiltzen zuten baso-mutillak, eta baso-nagusiak ere bai” (HE29,96).

    “Anai zarragoak guda mutil zituztelako” (HE23,109).

    “Ezkutuko onen lagungarri ar dezagun itsu-mutil Gilbert Murray heladezale sonatua” (HE28,89).

    “eliza nagusiko meza-mutil dugu, Don Jose’ren laguntzalle” (EJ03,34).

    “karabiñeruak, mugamutillak, eta poliziak, ertzaiñek, ugari” (HE31,81).

    “Bereala, zarataka eta bullaka asi zan rekete mutil ura” (EJ49,66).

    Mugatzaileen gramatika-kategoria: Mugatzaileak bi kasuetan izen kategoriakoak izanik ere, mugakizuna gizon denean, mugatzaile guztiak bizigabeak dira. Ezkerreko osagaia izen biziduna zutenak atribuziozkotzat hartu zituen Batzordeak “B den A” egiturazkotzat; alegia, langile gizon ‘gizona den langile’ moduan ulertuta (H-E/3, IX.1.2). Mugakizuna mutil denean, berriz, mugatzaile bizigabeak eta bizidunak daude.

    Zenbait kasutan, mugatzailea bizigabea denean batez ere, gizon mugakizuna duten adibideak jar dakizkioke aurrez aurre. Esate baterako, basagizon / basomutil, gudagizon / gudamutil, mendigizon / mendi-mutil… hartzen baditugu, ikusten da adin-kontuak (eta, batzuetan, apika, lan-egoerak) bereizten dituela biak. Horixe bera ikusten da, ‘ofizio’ edo ‘lanbide’ kontua hertsi-hertsi ez bada ere, rekete-mutil hitzean: gaztea edo gradurik ez duena —ofiziala ez dena, alegia— adierazi nahi da, itxura guztien arabera.

    Bestetan, berriz, badirudi ez dagoela bi mugakizunen arteko pareko hitz elkarturik egiterik: legegizon, elizgizon, letra-gizon… egiten ditugu; nekez, ordea, lege / eliz / letra-mutil. Hau dela eta, pentsa daiteke mutil markatuagoa dela oro har; alegia, gizonek ez bezala, ez duela beste gabe ofizioduna adierazten. Salbuespena mugamutil hori izan daiteke, aldamenean duen karabiñerua-ren kide gisa erabili baitu egileak.

    Bi mugakizunen arteko alde handiena, halaz guztiz, mugatzaile bizidunak dituztenetan ikus daiteke: artzain, arotz hitzek, esate baterako, berez adierazten dute norbaiten ofizioa, eta ez dago zertan artzain / arotz-gizon egin (baldin arrazoiren bat dela medio artzain / arotz gizonak eta artzain / arotz emakumeak bereizi nahi ez baditugu; baina orduan atribuziozkoen sailean gabiltza). Artzain edo arotz-mutil, berriz, sail honetakoak dira. Garbi dago halakoetan mutilek ‘laguntzailea’, ‘ofizioa ikasten ari dena’ edo adierazten duela. Itsu-mutil ere hemen sartzekoa litzateke, ‘laguntzailea’ edo adierazten duen aldetik begiratuta, ‘itsu’ izatea lanbide bat ez izan arren. Halaber meza-mutil, nahiz mugatzailea bizigabea izan. Astomutil, berriz, berezia da; hitz-jokoa da.

    Osagaien arteko erlazio semantikoak aztertuaz, gizon mugakizuna dugunean, oro har, mugatzaileek ondoko adierak zehazten dituzte: batzuetan, ‘lekua’ (§ I.5.9) adierazten da: baso, herri, itsaso, mendi, ola… Leku “fisikoa” ez bada ere, lan-esparrua edo adierazten duten jakintza, lege, teoria bezalakoak, bai eta gerra edo guda mugatzaile dutenak, aldiz, ‘ariketa, jarduna’ (§ I.5.11) erlazioaren adierazletzat har daitezke. Bestetan, berriz, jarduerako ‘baliabidea’ (§ I.5.6) bide da mugatzaileak adierazten duena: arma, makina

    Guztiarekin ere, badirudi guztiak lotzen dituela ezkerreko osagaiak mugakizunaren jardunarekin zerikusia izatea. Hots, eskuineko osagai gizon-ek146 ‘egilea’ adiera du eta ezkerrekoak mugatzen du non, nola, zertan… egiten duen hori.

    Hortaz, mugakizunak elkartu osoa [+gizakia, +egilea] ezaugarrien jabe bilakatzen du. Honek berak adierazten du, bestalde, egiazko hitz elkartuak ditugula, eskuineko osagaiak irazten baitizkio kategoria eta azpikategoria hitz elkartu osoari.

    Mutil mugakizuna dugunean, bereizi behar dira mugatzaile bizidunak eta bizigabeak dituzten elkartuak.

    Bizigabeak direnean: baso, guda, meza, muga… gizon mugakizunarentzat zehaztu ditugun harreman berak ditugu; mugakizunaren adinean edo eskarmentuan bide datza bion arteko aldea.

    Bizidunak direnean, berriz, itxura batean behintzat, ‘jabegoa’ (§ I.5.2) harremanaz hitz egin daitekeela dirudi: “arotzak duen mutila”…, (k)ume mugakizuna denean dugunaren antzera, baina, ‘helburua’ ere bai: “artzain izatera iritsiko dena”… ; nola begiratzen den.

    II.7.2.6. (G)UNE

    Jatorriz forma beraren bi aldaera besterik ez direla dirudien arren (FHV: 227, 305), egungo erabilerak une ‘denbora’ eta gune ‘tokia’ bereiztera jo duenez gero, adibideak ere bi multzotan banatuta jasoko ditugu, azalpena erraztuko duelakoan. Era berean, mugatzailearen ondoan adiera ere zehaztuko dugu ‘denbora’ (d) eta ‘tokia’ (t) ikurrez, esan berri duguna esanagatik, batzuetan ez baitago mugakizunaren aldaeraren eta adieraren artean bana-banako egokitasunik.

    Mugatzaile bera bi mugakizunen bi aldaerekin erabili bada hitza eratzeko, biak jasoko ditugu.

    Gune

    Mugatzaileak. Bi kategoriatako mugatzaileei elkarturik ageri zaigu corpusean, izen bizigabeei eta adjektiboei.

    Izen bizigabeak: argi (t), bake (d?), itzal (t), lilura (t), tontor (t)…

    Adjektiboak: busti (t), garai (t), ilun (t), lodi (t), isil (d)…

    Une

    Mugatzaileak. Izen bizigabeen eta adjektiboen eskuinera aurkituko dugu une mugakizuna ere.

    Izen bizigabeak: argi (d), asti (d), errealizazio (d), gaitz (d), garbai (d), historia (d), jaiotza (d), tuntur (t)…

    Adjektiboak: beltz (t), bete (t), huts (t), isil (d), txakon (t), zelai (t)…

    “ardi sarkoia esi-inguruka dabilla argigune billa” (HE18,78).

    “oiñaztarri lerro azkarrean idatzia duk ire zorigaitzezko argi unia” (EJ50,162).

    astiune gitxi darabilt aspaldion” (EI99,150).

    “Compiegne’ko ohianean, tren-bagoi itxi bat biltokitzat, pake-gunea siñatuxe dute bi alderdietako arerio bortitzak” (EJ03,36).

    “tigrekumaen antzeko baltzunak be baeukazan” (HE31,23).

    “begiratu daijegun bada orain, euskal-iztegijaren esandako uts-une ta bete-uneai, izkera berarizkook bide-laguntzat artuta” (EJ06,86).

    Bustigunea listuka aizatuz isillik dira gelditzen” (HE18,87).

    “autodeterminazioaren errealizazio-unean, marxista baten irizpidea Estatuaren ekonomiazko potentzia” (EJ52,24).

    “Baina Maria guztiz maitea il zala leku urrunean ezebalako nunbait borrnuan inor euki gaits-unean ta orrdurik ara biotza eukala gaiso bakarrtasunean” (EJ70,168).

    “Orain egitera goazen basilika berrian pentsatzean, galdetu izan det nere kaxa: ez ote luken obeto emango, alegia, basilika orrek Aloña beraren gain-gañean edo Askartza-ko tontorrean edo nunbait urbilleko garai-gunean beintzat, bertako ta kanpokoen ikusgarri?” (EL70,54).

    “Nok garrbai-unea Iñontzat ez isteko Neutzako bidea” (EJ70,36).

    “bion arteko hutsunean mapa bakar bat ageri da: Euskal Herrikoa” (EJ51,95).

    “Umore ona eta txarra hutsune batetik sortzen dira gehienetan” (HE44,7).

    isilgunea dute batean egiten” (HE18,93).

    “Lurralde guztian aditzen da ixillune zabal bat” (EJ50,164).

    “Beren azken orenian Sar diten itzalgunian Diru metaren barnian” (EJ65,61).

    “Ametsai bet-betan utzi neskak, lilluragunetik asmamena kendu, ta zakur ederrarekin joan da” (HE34,30).

    “larrupetik lodigune batzu agertzerainokoan” (HE59,11).

    “Guztiz da neke gogorra damea bada lotsorra, agerrtutea tunturr-unea eskondu baino lenago garria baino berago” (EJ70,162).

    “Mutil orrek txakon-une bat billatuko zuan lapikoak jartzeko” (HE29,104).

    “Andikan piska bat gorago, badago zelai-une txiki bat” (HE29,9).

    Mugatzaileen gramatika-kategoria. Adibideak ikusita argi geratu da mugakizunaren aldaerak (une nahiz gune izan) ez duela ondoriorik. Mugatzailearen gramatika-kategoriari dagokionez, bizigabeak dira izen guztiak; ez dago izen bizidunik. Horietako asko abstraktuak dira, gainera. Batzuetan duda egin daiteke zein den mugatzailearen kategoria, ez baitago garbi izena, adjektiboa (argi, zelai, esate baterako), edo aditza ote den (garbai). Baina deigarriena adjektiboen ugaria da147, euskal hitz-hurrenkeran aski harrigarria dena. Are harrigarriagoa da ikustea gisa honetako adibide gehienetan hurrenkera alderantzizkoa izan zitekeela eta elkartuaren esanahia ez litzatekeela aldatuko: beltzune / une beltz, bustigune / gune busti, garai gune / gune garai, lodi gune / gune lodi, sakon une / une sakon

    Adiera dela eta, esan dugun moduan, egungo erabileran une ‘denbora’ eta gune ‘tokia’ bereiztea nagusitu da eta banaketa horixe ispilatzen dute gure adibideek. Horren erakusgarria da, esate baterako, mugatzaile beretik abiatuta, mugakizunaren aldaeraren arabera adiera bat edo bestea hartzea: argiune eta argigune, lekuko. Baina bestelako adibideak ere badaude. Urrutirago gabe, isilgune eta isilune, biek denbora adierazten dutela, edo ‘tokia’ adierako une (tunturrune), batez ere ezkerretara adjektiboak dituenean: beltzune, hutsune, sakonune…. Baina, berriz esan, arruntena formen eta adieren banaketa da. Nolanahi dela ere, ez da ahantzi behar ‘denbora’ eta ‘tokia’ aski antzera adierazten direla hizkuntza askotan.

    Osagaien arteko erlazio semantikoei dagokienez, oro har, ‘edukia’ (§ I.5.4.2, § I.5.4.3) adierazten da, alegia, “toki/denbora horretan zer” parafrasiaren bidez eman daitekeena.

    II.7.2.7. JENDE

    Mugatzaileak. Izenak dira, gehienbat, jende mugakizunaren ezkerrean ageri zaizkigunak corpusean.

    Izen bizidunak: andre, arrantzale, baserritar, buruzagi, erromes, frantses, gazte, gizon, judu, kristau, laborari, langile, liberal, marinel, moro, nafar, ofizial, riojano

    Izen bizigabeak: bertso, gerra, herri

    Adjektiboak: behartsu, bilogorri

    “Ken! ken!, andre-jendeak dio batez ere” (HE18,34).

    arrantzale jendia beti dabill justu, saiatubagatikan eziñ aberastu” (EJ78,26).

    “Egia, danok dakigu gaurko beartsu-jendearen iritxi-ezina ta bizimodu zalla” (EI70,258).

    “Erdal egituran biribildu du Gamizek bere bertso jendea” (EJ00,209).

    Bilo gorri jende biltzen hasten da” (HE58,85).

    “Billareal’ko kantoi bateko etxe batean, etsaiaren buruzagi-jendea biltzen zan” (EJ60,18).

    “ango zenbait bertsotan Xenpelarrek mozkortzat jotzen du frantzes jende ori” (EJ67,222).

    “Ziolar-ko zezenik sutsuenak erakarri ditut gazte jendeen sasoia eta trebetasuna probatzeko” (EJ48,15).

    “100 soldadu zeramazkian bi ontzitan Malagatik Oran-era eta gainera 11.000 dukat, inperadorearen gerra-jendearentzat” (HE33,87).

    “Jangoicoac berriz aien gaizquitíc atrázue óngui, au dá, erremediátzea guizaguéndea” (EJ55,158).

    “Ahizpa maitea, beldur izaiteko da, gizon kentea ez balitz, edo gal baladi aldika gizon bihurtuko ginateke” (HE58,54).

    “Ondo dakizu erri-jendeak ez dirala oso ajolatsu izaten paperekin” (EJ67,73).

    “Libertate konstituzionalak Euskal Herriko laborari jende apalari lehen zeukan askatasun eta soberania politiko gehiago kentzen bait zioten” (EJ20,29).

    “gau ura dan-dana ezer gelditu gabe lanean pasa ondoren, or asi zaigu moro-jendea inji-anju egiñaz” (EJ49,126).

    “ze opizial jende ta ze errekoziñamentu” (HE16,85).

    Mugatzaileen gramatika-kategoria eta adiera. Mugatzaileon berezitasuna da izen nahiz adjektibotzat har daitezkeenak (gazte, kristau…) direla nagusi148, eta gehien-gehienek erreferentea biziduna dutela. Corpusean suertatu ez bazaigu ere, OEHk jasotzen ditu jende mugakizuna duten animaliak izendatzeko elkartuak ere: ardi-jende, behi-jende, ganau-jende, txerri-jende.

    Esan bezala, mugatzaile bizigabeak dituzten adibide gutxi ikusi ditugu. Hitz elkartu osoa, baina, biziduna da eta adieraz plural bilakatzen zaigu.

    Elkarte osoaren kategoriari dagokionez, gure adibideetako forma berezi bakarra bertso-jendea da, gainerako izen elkartu guztiak —alde handiarekin, gainera—, mugatzailea biziduna nahiz bizigabea izan, bizidunak baitira eta hau, berriz, bizigabea da.

    OEHk ere jende sarreran jasotzen ditu corpusean suertatu ez zaizkigun gisa honetako adibideak, bai mugatzailea bai elkartu osoa bizigabeak dituztenak (“Como segundo miembro de compuesto referido a cosas”). Ez dira adibide asko: xurigente (ropa blanca), elzari eta ligu jende, esne gende; aragi-genderik ta garizuman arrautze ta esnegenderik.

    Oro har, badirudi jende-ren eginkizun nagusia dela izen (batez ere) gizakiak eratzea. Alde batera deigarria da, askotan duen esanahi “ahula” ikusirik, erreferentziaren ikuspegitik ez bide legokeela alde handirik mugatzaile soilei pluralgilea erantsiz osatutako izen sintagmen (demagun, behartsuak, gazteak, nafarrak, andreak, langileak…) eta jende mugakizunaz eratutako izen elkartuen artean (behartsu jende, gazte jende, nafar jende, andre jende, langile jende…).

    Jende gizakiez aritzeko darabilgunean, batzuetan, gizon/mutil mugakizunaz baliatuz eratutako pareko formak osa daitezke: gerra jende ≈ gerra gizon.

    Jende bai singularrean (goiko adibide ia guztiak), bai pluralean erabiltzen da (goiko gazte jende), adieraz plurala den arren, baina gure corpusean bederen, singularra da nagusi.

    Multzo-elkartetik oso urruti ez gabiltzanez gero, osagaien harreman semantikoak ere ildo berekoak dira: ‘edukia’ da. Mugatzaileak adierazten du jende hori zerk osatzen duen.

    Bestalde, sumpsumtiboen artekotzat ere har bide daitezke ezkerreko osagaia eskuinekoaren azpimultzoa, azpikategorizazioko ezaugarri berak dituztenak: langile jendea, arrantzale jendea

    Emankortasunari begira, berriz, ez dirudi euskara estandarrean oihartzun handirik duenik. Jende mugakizun duten izen-elkarteen erabilera-eremuak azal dezake, agian, zergatik ez duten horrelako egiturek oihartzun handirik euskara estandarrean. Batez ere gipuzkeraz erabili dira, ahoz, edo herri-literaturako testuetan, batik bat.

    II.7.2.8. (K)IDE

    Mugatzaileak. Izenak dira ezkerreko mugatzaileak. Gehienak bizigabeak.

    Izen bizigabeak: aberri, alderdi, batzar, bizi, elkarte, garai, gogo, herri, iritzi, izen, lan, mahai, muga, poz, solas, sustrai

    Izen bizidunak: apaiz, haur

    Izen berezia: Jel (laburdura).

    Ihartuak149: adiskide, ahaide

    “Agur, aberkide on ori” (EJ05,165).

    “loren amaieran errezteko geure adiskide eta gogaide” (EI99,140).

    alderdi kideen aintzinean ere ez nintzan apaltzeko gizona” (HE58,73).

    Apaizkide jaun: Luzaz eta zentzuz aztertu ondoren…” (HE39,67).

    “ordezkariak ez dira izango biltzar honetako batzarkideak” (HE37,117).

    “esposo eta bizikide on” (HE13,9).

    viciquide = cónyuge” (EI31,50,97).

    “Entzute aundikoak dira Euskalerri’ko tripazai-elkarteak. Elkarte-kideak beren eskuz jakiak gertutzen dituzten jatetxe oriek” (EJ64,45).

    “Aranaren pentsamentu berritasuna ta “iraultza”, eskandaloa haren garaikide guziek testimoniatu dute” (EJ20,15).

    “beste guzier jin zeraukun bezala, aita-amak, haurrdeak eta sortetxea utzi behar dituzuna” (EJ68,19).

    “bere herrikideen txaloak eta goresmenak harentzat eskatu beharrean arkitzen gara” (HE33,63).

    “eta orain begira ezazu nere irizkide zarenentz” (HE38,158).

    “horiek ez ziren “jelkideak” “jeltzaleak” baino” (HE27,381).

    “vicitcearen eta saluamenduaren lanquide loriosa eguin nahi cuena” (EJ58,86).

    “egun horretan nere mahaikide nahi zaituztet, gure zorionaren pozkide izan zaitezten” (EJ48,14).

    “Bearnesa ere erdara baita eta euskararen mugaide” (HE27,346).

    “Erderatiko itzak zabalgo andija ta zustraikide asko izatea” (EJ06,82).

    Mitxelenaren ustez150 herskaridun aldaera atzizki hutsa zen jatorriz (-kide), baina denboraren poderioz bere eskuko bilakatu da. Egun, antza, herskaridun forma horixe da (kide), hain zuzen, aske darabilguna eta -ide aldaera lotuta baizik ez dugu erabiltzen151.

    Mugatzailearen gramatika-kategoria aztertzerakoan, egia esateko, izenburu hau murritz samarra geratzen da orain, mugatzaileen gramatika-kategoriaz gain, besterik ere hartu beharko baitugu aztergai kideren berezitasunen berri emango badugu.

    Abia gaitezen, nolanahi dela ere, mugatzaileen kategoriatik: izenak dira hemen jaso ditugunak eta bestela ere, nekez eratzen du kide-k hitz elkarturik izena ez den beste kategoria baten eskuinean: aditza mugatzailea duten ezkontide, ikaskide adibideei askoz gehiago eransterik ez dugu. Gehienez ere solaskide, lehiakide, bizikide modukoak aipa daitezke, baina bistan da azken horien ezkerreko osagaia adiztzat ez ezik, izentzat ere har daitekeela; ‘gertaera’, ‘jarduna’, ‘ariketa’… izentzat, alegia.

    Hortaz, izenak ditugu, eta gehienak bizigabeak, nahiz eta bizidunik ―gizakirik― baden152. Izen berezi bat ere badugu (jatorria J.E.L. laburduran duena).

    Izen bizidunak ditugunean mugatzaile, oro har, ahaidego edo predikazio-izaerako (Zabala 1993) izenak dira: halaxe dira, esate baterako, apaiz corpusekoa eta jabe, mirabe, heredero, egile… corpusetik kanpokoak.

    Hauek guztiak atribuziozko parafrasiez eman daitezke: “haurrak, apaizak kideak dira”…; alegia, atribuzioaren ezaugarri bera dute predikazioaren subjektu bizidunek: ‘haur, apaiz’… izatea. Eta gainera, ezaugarri hori predikazioak besarkatzen dituen subjektu guztiek aldi berean batean izan behar dute eta ezin daiteke izaki bakarraz predika, esanahiaren ikuspegitik subjektu plurala (morfologikoki hala dena edo subjektu singularrak juntatuz sortua) eskatzen baitu. Nahitaezkoa du, hortaz, izaki hori beste batzuekin harremanean egotea153.

    Baina, esan bezala, mugatzaile bizigabeak dira ugarienak. Gogo, poz… moduko abstraktuak kenduta, konkretuak dira gehienak. ‘Kideak direla’ predikatzen den subjektuek orain ere zerbait izan behar dute batean ―kideren ezkerreko osagaiak adierazten duena― tokia, ariketa, iritzia, garaia…, baina ez dago atribuziozko harremanik; alegia, ez dago lehen bezala esaterik: “lanak… kideak dira”.

    Ezaugarri hau dela eta, kide (izan) izaki mailako predikatutzat, eta predikatu simetrikotzat jo daiteke, lagun, antzeko, ahaide, auzo… izan diren bezalaxe.

    Horrek ez du esan nahi, halaz guztiz, mugatzailearen azpikategorizazio hutsaren araberako banaketa dugunik; hots, biziduna denean, atribuziozko harremana eta bizigabea denean, ez. Adibidez, adibidetegiko herrikide ez bezalako herri kideak izan ditzakegu “halako eta halako herri kideak dira” badiogu, edo beheraxeago aipatuko ditugun baliokide modukoak ere era berean adi daitezke. Eta azken adibide horrek ematen digu bide kideren auzi-mauzietan gehixeago sartzeko. Ikus dezagun.

    Elkartu osoaren kategoria izan ohi da maiz auziaren muina. Alegia, hainbatetan duda egin daiteke kide osagaiaz eratu elkartua izena edo adjektiboa den, egitura predikatiboetako osagaia izaki. Gure adibideetako batzuk dira horren lekuko garbiak:

    “horiek ez ziren “jelkideak” “jeltzaleak” baino” (HE27,381).

    “Bearnesa ere erdara baita eta euskararen mugaide” (HE27,346).

    Alegia, horko jelkide, mugaide (edo garaikide, arte garaikide modukoak), besteak beste, izenen eta adjektiboen muga labainean ikusten ditugu; seguruenik —honela esaterik bada— batzuk “izenago” (jelkide) eta besteak “adjektiboago”. Esan dezagun, guztiarekin ere, tradiziotik datozkigun mugako adibideon erreferentea biziduna izan ohi dela.

    Baina bestetan adjektiboak dira garbi eta hiztegiek halakotzat dauzkate. Eta adjektiboak ez ezik, izen bizigabeen modifikatzaileak dira. Esate baterako, gure lanean aipatu adibideak besterik ez ekartzearren (H-E/4, 11.2.5: 93 / 79), terminologia batzuetan sortu diren ardazkide, baliokide, hoskide… asko eta askotan izen baten modifikatzaileak dira, garbi: kable ardazkidea, multzo baliokideak, hitz-amaiera hoskideak154

    Egia da kide beregaina ez dela izan eta egun ere ez dela bakarrik subjektu bizidunen predikatua, OEHn bertan badaude izen bizigabeak subjektu dituzten kide-ak (oinetako, zuhaitz, hots, hizkuntza…)155. Baina hortxe bertan nekez dugu gisa honetako elkarturik: *oinetakokide156, *hizkuntzakide.

    Hortaz, itxura guztien arabera, erreferente bizigabea duten elkarteak aurkitzeko beste era bateko adibideetara jo behar dugu, esan bezala, kategoriaren aldetik dudako izan daitezkeen aspaldi samarreko adibideak ere (mugakide, garaikide…) izen bizidunen modifikatzaileak baitira.

    Hoskide, baliokide… adibide berriagoak batez ere izen bizigabeen modifikatzaileak dira157, esan dugun moduan. Orain ere kide-ren ezkerreko izenak ezartzen du subjektuak kide egiten dituen predikazioaren funtsa, baina, mugakide, garaikide… ez bezala, parafrasi atribuziozkoa (‘hotsak kideak dira’) eta iragankorra onartzen dute (‘X eta Y hoskideak dira’ → ‘X-ek eta Y-k hotsak kideak dituzte’); horren isla da hiztegigileek definizioetan darabiltzaten: ‘X berak edo berdinak dituena’.

    Aldeak alde, simetrikotzat jotzeko beharrezko ezaugarriak betetzen dituztenez gero, adjektibo hauek ere kide predikatu simetrikoaz eratutzat jo daitezke.

    Argitzeko beste kontu bat da ea arestiko predikazio simetrikoak kide guztientzat balio ote duen edo kide bat baino gehiago bereizi behar diren.

    “ordezkariak ez dira izango biltzar honetako batzarkideak” (HE37,117).

    “Entzute aundikoak dira Euskalerri’ko tripazai-elkarteak. Elkarte-kideak beren eskuz jakiak gertutzen dituzten jatetxe oriek” (EJ64,45).

    Adibideok ikusita, badirudi batzar, elkarte… eta horien antzeko mugatzaileak ditugunean, hau da, giza talde edo erakunderen baten izena (izen bizigabea) mugatzailea denean, kide-z osatu elkartuak beste modu batean ere uler daitezkeela, nahitaez simetriko izan gabe; hots, ezkerreko osagaiak adierazten duen multzoko gizabanakoa. Hiztegiek beste adiera batean zehazten dute kide honen esanahia.

    Halakoetan ez bide dago “pluraltasun” beharrik; esan nahi da kide bakarreko elkarteak era ditzakegula, beste gizakirik aipatu gabe.

    Alegia, ezaugarri horiek dituzten elkartuek bi eratako aditzeko modu izan ditzakete: simetrikoa bata eta hala ez dena bestea:

    “Mikel eta Klara batzarkideak dira” (simetrikoa)

    “Batzarrera Klara beste inor ez da joan; Klara izan da, hortaz, batzarkide bakarra” (simetrikoa ez dena).

    Osagaien arteko erlazio semantikoak. Bereizi ditugun bi kide-ak puntu honetan ere ezinbestean bereiz aztertu behar ditugu.

    Kide simetrikoa dugunean, mugatzaileak adieraz dezake:

    1. Subjektuek batean duten ezaugarria, atribuziozko parafrasia onartzen dutenak; alegia, mugatzailea [+gizakia] dutenak (haurride…), eta adjektiboak (baliokide…).
    2. Mugakizuna “kokatzea”, lekuan, bai fisikoan, bai hala ez denean: lankide “lanean kide”, mugakide, gogaide, irizkide…, edo denboran: adinkide, garaikide
    3. Lehen aipatu ditugun solaskide, bizikide, lehiakide modukoetan ―hau da, batez ere mugatzailea izen edo adiztzat har daitekeenean edo izen erabatekoa izanik ere izenak berez ‘gertaera’, ‘jarduna’, ‘ariketa’… adierazten duenetakoa bada― horixe da ezkerreko osagaiak adierazten duena: zein gertaera, jardun, ariketa edo antzekoetan diren kideak.

    Bi ezaugarrik emango lukete ardazkide, hoskide eta abarrek erakusten duten kide-ren jokabide berrian argia. Batetik, kide-z osatutako adjektiboek gehienetan subjektu bizigabeen predikatuak eratzen dituzte. Bestetik, osagaien arteko harreman semantiko nagusia ez da mugatzaile bizigabeekin gertatu ohi den ‘kokatzea’.

    Kide simetrikoa ez dena dugunean, berriz, bi osagaien artean ‘osoa-zatia’ bide da harremana, gisa honetara ulertuta: elkartekide (elkarte- ‘osoa’ + kide-‘zatia’), batzarkide (batzar- ‘osoa’ + kide-‘zatia’)…

    II.7.2.9. (K)UME

    Mugatzaileak izenak dira, oro har; izenei loturik dugu ia beti (k)ume

    Izen bizidunak: abere, aingeru, alargun, andra, ahuntz, apaiz, ardi, asto, azeri, azkonar, behargin, behi, demonio, errege, erregina, gizon, handiki, idazle, katu, listo (adjektiboa, izen bihurtua), markes, or, otso, puta, saskigile, suge, tigre, txori, urde, uso, zerri, ziraun, zozo

    Izen bizigabeak: baso, baserri, euskara, eskola, kale, nekal

    Ihartutzat hartuko genituzkeen elkarteak: arkume, emakume, gizakume

    abelkume bat egiteko balitz ere, baina gizakume bat!” (HE39,96).

    “Anai zarragoak guda mutil zituztelako, alargun umeak…” (HE23,109).

    “nungo Gaisoteguijetan egon dira andracume azur imintzalla” (HE20,52).

    “nahiz apezkumeek, bidezko denez, beren deformazio berbera dutenengan deformaziorik ez somatu” (EJ51,85).

    “mutill batec ostu omen zuan anzume bat, confesoreac galdetu cion, arcumeric ostu zuan?” (HE07,357).

    “indioilar harro hura eta batez ere azkonarkume bizkor hura” (HE39,89).

    “Ezin dezakegu jasan basakume bat gutaz burla dadin” (HE39,28).

    “Jaiotzez behargin-ume ditun geientsuenak, erdi mixerian bizituak, eta alaz guztiz aundi-zaleak, beti dirudunen alde” (EJ03,70).

    “Chaala esaten jaco edozein beicumeri” (HE20,109).

    “Gure errian ez ei-zan aren moduko mutil demoniñokumerik ikusi” (HE31,16).

    “Orain, emakumeak gizakumeari begiratzen dio. Emakumea, ezkerreko aldetik dago, gizakumea eskuitik” (HE57,101).

    “Zer den ba, neska: edo erregekumeren bat al den?” (EJ62,101).

    “Kontu ikutu erreginkume hauei!” (HE57,146).

    “Irakasle arrek, beste eskol-umeentzat baño, neretzat bere eskuak arinagoak izan zituan” (HE50,38).

    “Ez leuke egon bear euskal-umerik euskerazko izen bat barik” (HE31,48).

    “Ta orra, ordun, ez soilki idazle bat galdua, baizik aren ikasbide ona ere, idazlekumerik sortzeko bideak langatu” (HE17,65).

    “Bi kale-ume azaldu ituan, ta bat bozeoan ikasten ibillia zala ta etzala” (EJ62,68).

    kalekumeontzat “astegun buruzuri” geldituak” (HE57,118).

    katakuma azitxoakaz agertzen zan” (HE31,23).

    katukuma batek bezela salto egiten zuan” (HE22,28).

    “horrelakorik ez zian listokume horrek espero” (HE39,87).

    “nundik ibilliko ote gera, ba, markeskume onek aizea ar dezan” (HE57,149).

    “Hartu zituen bi xakur gazte, bi orkume ama batenak” (HEAX,95).

    “Esaion hire putakume horri bihar goizean Aiuntamentura aurkez ez badadi, arratsaldean goardiazibilek arrastatuko dutela” (HE39,27).

    “ezartzen dira: urdaiazpikoa, ollandak eta usakumeak, kapoiak eta indiolloak, eta abar” (EJ64,27).

    Mugakizunaren aldaerak: herskari gabea (ume) bere eskuko maizago erabiltzen da herskariduna (kume) baino eta alderantziz: kume da elkarturik doanean maizenik darabilgun moldea, kontrako adibideren bat edo beste egonagatik (goiko kalekume / kale-ume, esate baterako).

    Mugatzaileen gramatika-kategoria: (k)ume-ren esanahiak hala eskatuta, espero zen bezala, gehienak izen bizidunak dira (asko animaliak), izen bizigabe batzuk ere badauden arren. Dagoen adjektibo bakarra (listo) izen bihurtua da. Guztiak konkretuak dira.

    Adiera. Esana dugun moduan, kume aldaera batik bat animaliekin darabilgu egun. Mugatzailea animalia denean, oro har, horren ondore hazi gabea izendatzen da, mugatzaileak adierazten duen animalia-motatik sortua. Gizakia denean, berriz, lehengo adieraz gain (adibidez, goiko alargun ume, behargin ume edo saskigilekum), askotan mugatzaileak adierazten duena izatera iritsiko dena adierazten da.

    Alde honetatik, gai-ren adieretako batekin bat dator: apaizkume / apaizgai, idazlekume / idazlegai… Hauek ez baikenituzke “apaizaren (k)umea” edo “idazlearen (k)umea” moduan hartuko. Halaz guztiz, bada edo egon daiteke alderik pare horien artean: gai dutenek nekez onartuko dute berez adiera “markaturik”, kume dutenek, berriz, bai. Nolanahi dela ere, kume-k hemen adinari dagokion ñabardura (haurra, umea izatea, alegia) galtzen du.

    Baina gizakiez aritzeko kume-z baliatzen garen beste hainbatetan ere —adibideen arabera, ez dirudi ume aldaerarekin gauza bera egiten dugunik— ez dugu ez adina ez izangaia adierazi nahi, irain-edo erdeinua baizik.

    Batzuetan berez du mugatzaileak kutsu hori (demoniokume, handikikume, listokume, putakume, urdakume…), bestetan, ordea, berez izan gabe, hitz elkartu osoak hartzen du: erregekume, erreginkume, markeskume…, testuinguruaren arabera.

    Hortaz, itxura guztien arabera kume gizakiez aritzeko markatuagoa da ume baino. Alegia, “umetasun” hutsa adierazteko aiseago jotzen dugu ume erabiltzera kume erabiltzera baino.

    Bada adibide bat, nolanahi dela ere, besteak ez bezalakoa dena:

    “Bere bigarren emazteagandik izan zuen Prantziskok Joan Batista, bosgarren eta uzker-ume” (EJ00,177).

    Esanahia ‘azkena’ du; ez da ‘uzkerraren umea’, baizik “uzkerra bezalako umea” edo halako zerbait. Metafora da.

    Osagaien arteko erlazio semantikoak. Mugatzaileak bizidunak direnean, batzuek ‘jabegoa’ (§ I.5.2) edo ‘iturburua’ (§ I.5.1) adierazten dute: alargunkume, azerikume

    Idazlekume-k bezala, “izateko bidean” adiera dutenek, berriz, ‘helburua’ (§ I.5.10) erlazioan kokatzekoak bide dira, kide dituzten gai mugakizuna dutenak bezala.

    Mugatzailea bizigabea denean, oro har, “non sortua den, non bizi den, non aritzen den… delako umea” adierazten du. Erlazioa, hortaz, ‘iturburua’ edo ‘lekua’ (§ I.5.9) izan ohi da.

    II.7.2.10. LAGUN

    Izen kategoriako mugatzaileak dira lagunen ezkerrean ageri diren mugatzaileak

    Bizigabeak: akademia, auzo158, baso, behar, bertso, bide, biko, bizi, dantza, ehiza, eskola, gerra, guardia, kontrabando, mahai, ohe, ontzi, pasio, txalupa, zorigaitz

    Bizidunak: bertsolari, dantzari, espos, gazte, gudari, hargin, heredero, hurko, mutil, neska, neskatila

    Bereziak: Jesu, Josu

    auzo-lagun onak izatea” (HE33,5).

    baso-lagunek nekez berorazi dute” (HE18,36).

    Batzorde-lagunen artetik aruntz-onezkan” (HE17,24).

    “Baita bere esan daigun mallua ebala bere bearlagun” (EJ77,62).

    “bere Chirrita’ren testamentua liburuxkan, bere lendabiziko bertso-lagunak zeintzuk izan ziran” (EJ79,67).

    “Beren hastapeneko bertsulari lagunak Basarri eta Uztapide zituzten. Lagun oso onak” (EJ04,88).

    “Santuak gaiñeratzen du bide-lagun bezala neskame-esklaba bat zeramatela” (EC07,58).

    biko-laguna nor dizun entzun du ta, an dago / Baztan-pertz ua baiño pozez gaiñezago” (HE18,60).

    “Donostiari emandako foru bera eman zien Oiartzuko bizi-lagunei ere” (HE33,31).

    “bederatzigarrnean debecatzen du arguiro lagun urcoaren vicilaguna cuticiatzea” (HE07,133).

    Dantza-lagun ziraden autu zorionez” (HE18,15).

    dantzari-laguna du oin-abe zutia” (HE18,126).

    “Lastur-ko ehize-lagunen artean ezagutu berri dugun Altzolako jauna” (EJ48,22).

    Eskola-lagunak giñan aurtzaroan, eta mutil-lagunak gero gaztetako urteetan” (HE31,14).

    “urrun utzirik aita-amak, haurrideak, gazte lagun guziak, eta ezin konpreni hemengo mintzamoldia” (EJ68,20).

    “Nere erriko guardi-laguna, Rafael Barkaiztegi, gerrietako minez jarrita” (EJ60,61).

    “Etxeberria, esandako mendigañetan gelditu zan bere gudari lagunekin” (EJ49,150).

    “Baserri batean jarri zan apopillo, beste bere argin lagun batzuekin” (EJ79,15).

    “Christorén echéco húme, anáia, ta miémbro, Sanduen aide, ta heredéro-lágun, gueureoc nor bagára” (EJ55,215).

    urko-lagunaren emazte irritsetan moral-esiak apurtu-miñez dijoan amodiozko ujolaren indarra eta bere arriskuak adierazten dizkigu” (HE28,71).

    Yosulagundarren Arauetan eta Idazkietan ez du giza-irakaspen aundiagorik” (HE24,9).

    “Ba al zuten mutil lagun (asistente)ik? Ez; geyenetan emaztea edo alaba berekin zuten ta familian bizi ziran” (HE23,119).

    Nexka lagunen abotsak eta istillua” (HE23,149).

    Neska-lagunak izan ziran nere arreba gaztea ta Begoña” (HE31,16).

    “Eta bere oelagun, Roma ceritzana gandic, izan cituen Tabee, eta Gaham…” (HE12,20).

    “Besterik ez ba’zan ere, beren buruak beintzat bizirik atera nai, ba, ontzi-lagun gizajoak” (EL70,143).

    Pazio-lagun, esaten dizut. Gogoz’ago esango nizuken: nekal-kide” (EL70,116).

    Izen horiek nolakoak diren xehekiago aztertzean, ikusi dugu izen bizidunak eta bizigabeak direla lagun mugakizunarekin izen-elkartea osatzen dutenak. Askoz ugariagoak dira konkretuak abstraktuak baino. Bi izen berezi ere baditugu; forma beraren bi aldaera: Jesu, Josu.

    Adiera dela eta, kide-z aritzean bereizi ditugun izen-motak ditugu, oro har, berriz hemen.

    Mugatzaileak bizidunak direnean adiera ohikoenak dira: ‘ofizioduna, zerbaiten egilea’ (bertsolari, dantzari, gudari, hargin…); ‘egoera’ (espos, heredero); ‘sexua’, batzuetan hori besterik ez (mutil lagun, nexka lagun (HE23,149)). Azkenok, apika, hobeto leudeke sailkatuta “Atribuzio” elkarteetan, “A den B” motan (H-E/3 IX.1.1., 99 / 79), hemen baino.

    Baina bestetan adinarekin, garaiarekin lotuta darabilgu lagun: nolabait gazte izen bihurtutakotzat joko genukeenaren ildotik (mutil, neska, neskatilla): “gaztetako, mutil, neska garaiko laguna”159… Honela, esate baterako, gazte lagun eta gazte jende aurrez aurre jartzen baditugu, ikusiko dugu “garaia, adina” dela adierazi nahi dena eta ez “lagun gaztea”: gazte jendea nahitaez “jende gaztea” da; gazte laguna, berriz, adinean aurrera egina bada ere, “gaztetako, gazte garaiko laguna” da, jende zaharrak eskola lagunak izan ditzakeen bezala.

    Bada, halaz ere, beste mutil lagun bat, aipatu berriak ez bezalakoa: testuinguru horretan, soldadu (ofiziala ez dena edo) lagun da adierazi nahi dena. Lagun, hemen, ‘laguntzaile’-ren parekoa da. Alegia, lehen ikusiriko mutil-en (rekete mutil…) pare-parekoa.

    Nolanahi dela ere, sail honetan sor daitezke, beharbada, nahasterik handienak, mugatzailea biziduna izanik, lagun aurrekoaren atribututzat har daiteke eta. Esate baterako, gure adibideko bertsulari lagun hartzen badugu, duda egin daiteke “bertsolari-lanetan lagun” (beste bertso-lagun-en kidea) hartu behar den edo “laguna den bertsolaria” ote den (honenbestez, atribuziozkoa):

    “Beren hastapeneko bertsulari lagunak Basarri eta Uztapide zituzten. Lagun oso onak” (EJ04,88).

    Mugatzailea bizigabea denean, delako mugatzaileak honako adierak ditu nagusi: ‘gertaera’, ‘ariketa’, ‘jarduna’… (behar, bertso, bizi, dantza, ehiza, gerra, guardia, kontrabando…), giza taldea edo zerbaitetan aritzen den erakundea (akademia, batzordea…); ‘tokia’ (auzo, mahai…). Tokia izanik ere, batzuetan jarduna edo ariketa egiten den tokitzat hartzen da: baso, bide, ontzi, txalupa…, edo, berriz ere tokia izanik, non baino areago, noiz adierazi nahi da; sasoia, alegia: eskola. Sentimenduak adierazteko izenak ere badaude: pasio, zorigaitz

    Berezia da biko, lagunek har dezakeen beste adiera bat islatzen baitu, pareak osatzearekin (“zapataren laguna”…) zerikusia duena. Hitz elkartua hemen biziduna da, Garazi izeneko emakumeak entzun du nor izango duen laguna:

    biko-laguna nor dizun entzun du ta, an dago / Baztan-pertz ua baiño pozez gaiñezago” (HE18,60).

    Mugatzaileak adierazten duen horretan (beste norbaitekin) aritzen den banakoa edo adierazten du askotan hitz elkartu osoak.

    Hortaz, lagun-en esanahia eta jokamoldea kide-renaren aski gertukoa da. Urrutirago gabe, hortxe ditugu hainbat pare horren erakusgarri: bizilagun-en adiera bat160 eta lehengo bizikide-a, ‘esposkidea’, alegia, edo, auzo-lagun / auzokide, batzorde-lagun / batzordekide

    Baina, bada alderik, gure adibideen azterketaren arabera bederen: lagun-ez osatutako hitz elkartu osoa, mugatzailea biziduna nahiz bizigabea izan, bizidunez —areago, gizakiez— aritzeko darabilgu (adibidetegiko (mailu) beharlagun-a metafora baita). Eta honek bereizten du (k)ide-z osatutakoetatik: haiek ere, oro har, gizakiak izendatzeko darabiltzagun arren, bizigabeak mintzagai zituzten adibideak ere atera zaizkigu.

    Beste xehetasun bat dugu lagun osagaiaz ez ditugula eratu kide osagaiaz egin ditugun baliokide bezalako adjektiboak.

    II.7.2.11. ORDE

    Izen kategoriako mugatzaileen ondoan aurkituko dugu orde, direla izen bizidunak edo bizigabeak, baina betiere izen konkretuak.

    Izen bizidunak: aita, errege, jainko, jaun, seme

    Izen bizigabeak: begi, buru, esku, etxe, isats, oin

    “haren aita-ordetzat hautatua” (Horde edo cataleju on batez dembora ayetara alderatu” (HE40,33).

    “Euskaltzaindiko buruorde den Haritxelharrek hain zuzen, bestelako aztarna argitsu bat aurkitu baitigu berriki” (EJ51,98).

    “Gero, gizon bentzutuak —berrogeitamar bat— erregeren galeretarako igorri zizkion Erregeordeari” (HE33,77).

    “bere eskuaz ezin baliaturik, mutiko bat zuen esku-ordeko” (HE33,63).

    “Escallera malleetati jasteco oratu eguijozu alboco aga escu ordeco oni” (HE20,118).

    Etxe-orde dun baztar artara / laister datorke atzera” (HE18,88).

    “Etxea zer samarra izanagatik, bazituan etxe-ordeko ta estalpe onak” (HE22,73).

    “biderdiko jainkoorde eta sasi-absolutu guziak sustraitik behar ditugu atera” (EI94,17).

    “Gosaldu ta apaindurik amarr da errdietan euren Iaun-orrdeagaz egozan berrbetan” (EJ70,142-143).

    “Bainan seme-ordea ez da egiazko semea, legez baizik” (EJ71,32).

    Adibideek erakusten duten bezala, batzuetan ordeko izenaz ere baliatzen gara.

    Mugakizunaren adieraz den bezanbatean, lehenik eta behin gogoan eduki behar da orde-k berak adiera bat baino gehiago dituela.

    1. Maizenik duguna da “mugatzaileak adierazten duen nor edo zer horren lekuan, beste norbait edo zerbait, baina aurrekoa erabat izan gabe” adierazten duena. Ez dago alderik mugatzailea biziduna nahiz bizigabea izan.
    2. Bestetan, berriz, batez ere kargua adierazten duten izenekin hitza eratzen duenean, burua, lehendakaria, zuzendaria… denaren bigarrena-edo adierazten du: horrelakoa da horko buruorde161, esate baterako.
    3. Hirugarren adiera bat ere bereiz daiteke; sasi-ren parekotzat har daiteke: adibideetako jainkorde

    Adierak adiera, ikus daiteke, oro har, mugatzailea biziduna bada, hitz elkartu osoak ere halaxe duela erreferentea eta bizigabea bada, bizigabea, bestelako arrazoirik ez bada behintzat. Izan ere, badira hitz elkartuak mugatzailea bizigabea izanik ere azken emaitza biziduna dutenak, edo, hobeto esan, bi ulertzeko era dituztenak. Adibideetako esku orde(ko) dugu horietako bat. Batean “norbaiten eskuaren ordekoa, lanerako laguntzailea” du adiera (amanuense dator erdal testuan). Baina metonimia-edo tartean dela esan daiteke eskuak gizabanako osoa ordezkatzen duela.

    Jasoa daukagun esku orde(ko)-ren beste adibideak, berriz, erreferente bizigabea du (pasamano de una escalera itzultzen du autoreak). Nolanahi dela ere, hemen ere metafora da tarteko, ez baita “eskuaren ordea” adierazten dena, “zerbait egiteko lagungarria” edo antzeko zerbait baizik.

    Biziduna / bizigabea aldaketarik gabe ere, bada beste hitz bat bi adiera dituena: etxe orde da. Orixeren adibidean (HE18) hitzez hitz aterako genukeen adiera du: casa que hace veces de suya dator erdal aldaeran. Besteak, berriz, berezko beste esanahi bat duela dirudi, “etxe izatera iristen ez baina aterpea, babeslekua dena” (cobertizo itzultzen dute gaztelaniara).

    Baina, berriz esan, ohikoena da mugatzailearen ezaugarriaren araberakoa izatea elkartu osoarena. Eta honek, jakina, oinarrizko galdera sorrarazten du, berriz ere: Mendekotasunezko izen elkartutzat badauzkagu orde-z osatuak eta mendekotasunezko elkartuen ezaugarria bada mugakizunak —eskuineko osagaiak— elkartu osoari bere ezaugarri guztiak iragaztea, nola uler daiteke hemen esatea mugatzailearen ezaugarriak direla elkartuak hartzen dituenak?

    Beharbada, pentsa daiteke orde-k ere, lehen kide-z esan dugun bezala, berez erreferente bizidunak zein bizigabeak izan ditzakeenez gero —hiztegiek jasotzen dituzten erabilera zaharrak lekuko—, elkartuak beste osagaiaren ezaugarri hau hartzen duela.

    II.7.2.12. (Z)ARO

    Honako mugatzaileak aurkitu ditugu gure corpuseko adibideetan aro edo zaro osagaiaren ezkerrean:

    Izen bizigabeak: bake, barau, gaztaina, harri, hazi, ikasketa, lo, nekazaritza

    Izen bizidunak: haur, gizon, kristau, nobizio, ume

    Izen bereziak: Cervantes, Noel, Pizkunde.

    Adjektiboak: gazte, heldu, zahar

    Zenbatzaileak: berrogei

    “Baliman, bake-aroan aipatzen zuten bere Misionera” (HE58,69).

    “asterik andiena, Aste Santua, ta beragaz batean baaru-zaroak, eliz-jai samurrak” (EJ59,44).

    berrogeizaro hark… utzi digun ondare ikaragarria” (HE27,375).

    Gaztainarora, ikazkintzara, irauli dute jarduna” (HE18,80).

    “Bestalde, sendagilleak esana, aita-amak badakite bein gizarora ezkero, ezin bestez, ondoezak berak artaratu ta, il-bearra dala” (EJ03,34).

    “XX. mendean bizi gera, ez Harri Haroan edo Tasmania urrun batetan” (EJ51,15).

    “bai haurzaroa, bai gaztaroa, izigarri dohakabe iragan zituen” (HE43,5).

    “Ereiten dogun lina-acija lur ondo guijau ta azaro onecuan” (HE20,138).

    “iguin zitun bere elduaro ta zahartzaroan beñepein” (HE28,87).

    “eta txori politen abesti leunenak zeugana eldu daiten luaro gurija” (EJ63,46).

    “Olentzaro, metatesis baten bidez Noel-tzaro-tik omen dator” (EB87,24).

    Mugatzaileen gramatika-kategoria: Izen arruntak dira gehienak, bizigabeak eta bizidunak, konkretuak eta abstrakturen bat edo beste. Izen bereziak ere badaude eta zenbatzaile bat ere bai. Guztiarekin ere, corpusak erakusten duenaren arabera, ez du ematen oso osaera emankorra denik.

    Adjektiboen artean sailkatu ditugunak direla eta, galde daiteke zenbateraino eusten dioten adjektibo izateari edo izen bilakatuak ote diren elkartu aurretik. Pentsa daiteke bestela ere aski kide duen aldi-k egiten duen bezala, (z)aro-k ere adjektiboak aukeratzen bide dituela elkartuak eratzeko, hark baino gutxiagotan egiten badu ere. Nolanahi dela ere, ez dezagun atzen berriz ere, itxura guztien arabera, egoerako predikatuak izatea dela murriztapena.

    Adiera. Aro-k ‘denbora’, ‘sasoia’, ‘garaia’, ‘eguraldia’… adierak ditu, oro har, baina betiere iraupen kutsua duela. Azken ñabardura semantiko honek bereizten du batez ere kide duen aldi-tik162: alegia, ez dugu hemen aurkituko ‘uneko’ adierarik.

    Badirudi euskalkien hizkuntza-aztura edo joerak zerikusia duela aro-ren erabileran. Alegia Ipar-ekialdeko euskalkiek gainerakoek baino maizago erabiltzen dutela aro hitz elkartuko osagaia izan gabe. Erabilera honetan ez dugu zaro aldaerarik aurkituko.

    Osagaien arteko harreman semantikoak. ‘edukia’ harremana gauzatzen bide da osagaien artean; ‘zer-noiz’ (§ I.5.4.3), alegia, “sasoi horretan zertu”.

    II.7.3. Mugatzaileen gramatika-kategoria

    Liburu honen bizkarrezurrak hala eskatuta izena + izena osaerako elkartuak ditugunez aztergai, espero izatekoa den bezala, atal honetan ere batez ere izenak dira mugatzaileak, beste kategoria bateko mugatzaileak ere aldian behin jaso ditugun arren, adjektiboak, esate baterako. Guztiarekin ere, ez dezagun ahantz kasurik garbiena aditzena dela: ibilaldi, argibide, abiaburu, irakurgai, ezkontide, bizilagun edo aterrune bezalakoena, alegia. Horiek guztiak H-E/3 lanean jasoak daude, Jarleku motan, hain zuzen ere (H-E/3, XI).

    Beste kontu bat da ea hemengo mugakizun guztiek aukera berak ote dituzten izenaz gain, beste kategoriaren bateko osagaia ezkerretara izanik hitz elkartua eratzeko. Eta honetan badirudi mugakizunetik mugakizunera aldeak daudela.

    Esate baterako, mugakizun hauetako batzuk aski maiz erabiltzen ditugu arestian aipatu dugun Jarleku motako izen elkartuak eratzeko: aldi, bide, gai, frankotan; buru, (g)une, (k)ide, lagun gutxiagotan; gizon, jende, (k)ume, mutil, orde…, berriz, inoiz ez.

    Bestetik, berriz, eta betiere gure adibideetan oin hartuz, badirudi hemengo mugakizunetako batzuek ez dutela adjektiborik onartzen mugatzailearen tokian: gai, gizon, mutil, (k)ide, (k)ume, orde… horietakoak ditugu. Beste batzuek, berriz, ez bide dute halako murriztapenik: bide, buru adibidez batzuetan —gutxitan— ikusten dugu gisa horretako osaeretan: (g)une, jende, (z)aro askotxotan, eta batez ere, bestela ere kategoriak aukeratze horretan gainerakoek baino dezente malguago jokatzen duen aldi.

    Eta ugariena den izenen multzora jotzen badugu, ikusiko dugu honetan ere ez dagoela esaterik edozein eratako izena atal honetako edozein mugakizunekin elkar daitekeela. Honela bada, bi muturrak aipatzearren, ikusi dugu gizon eta (g)une mugakizunak mugatzaile bizigabeak besterik ez zituztela onartzen; jende eta (k)ume, berriz, maizago elkartzen dira bizidunekin bizigabeekin baino. Bizigabeekin lotzeko joera nabarmena dute aldi-k, bide-k, (k)ide-k. Baina, beste batzuek ez bide dute murriztapen esturik; antzera onartzen baitituzte mugatzaile bizidunak eta bizigabeak. Buru, gai, mutil, lagun, orde dira horietakoak.

    II.7.4. Adiera kontuak

    Sarreran genioen bezala, hemengo mugakizunon ezaugarrietako bat da, aske erabil badaitezke ere, asko eta askotan lotuta, izen elkartu bat eratzen darabiltzagula. Hauetako batzuek ((k)ide, (k)ume, (z)aro…) hartzen duten forma bera ere aldatzen dute lotuta edo aske erabilita, baina aldizka euskalkien joerek badute zerikusia formaren aukeran, jaso dugun moduan.

    Era berean esana dago mugakizunetako batzuk aiseago erabiltzen ditugula deusi atxiki gabe beste batzuk baino. Baina honetan ere euskalkien arteko berezitasunak egon daitezke tartean.

    Nolanahi ere, mugakizunok zerbait baldin badute aipatzekoa esanahiaren alderdia da. Horrela, ikusi dugu mugakizun hauetako batzuek, gehienak egia esan, polisemikoak direla; alegia, esanahi bat baino gehiago dutela eta adiera horietako batzuk konkretutik abstrakturako bidea ispilatzen dutela eta horrek ondorioa duela hitz elkartua aditzeko unean.

    Bestetik aipatu ere aipatu dugu izen hauetako batzuek aski esanahi lausoa bide dutela; beste hitzez esanda, beste osagai baten beharra dutela erreferentziaz betetzeko. Azken arrazoiok batez ere argituko lukete zer dela eta erabiltzen ditugun horren maiz elkarketan.

    Eta azken puntu horrek beste zerbaitetara garamatza.

    Bukaeran -dun, -gin/-gile, -zain/-zale, -bide, -aldi, -ola, -tegi… duten eraikuntzak hitz elkartuak dira, ala eratorriak? (H-E/1: 27-30 / 22-25).

    Batzordeak 1987an egindako galdera horri erantzuna emateko moduan bide gara: berez erabil daitezkeenak, beregainak direnak ez dira atzizkiak; alegia, atal honetan ikusi ditugun aldi eta bide izen kategoriako hiztegi-sarrera erabatekoak direla esan daiteke —ezaugarri bereziak dituzten izenak—, eta eratzen dituzten eraikuntzak elkartutzat jotzekoak dira.

    II.7.5. Emankortasuna

    Aldeak daude aztertu ditugun guztien artean: euskara estandarrean aldi, bide, gai, gune eta kide dira seguruenik baliatuenak. Jaso ditugun adibideez gain, gure corpusetik kanpoko beste makina bat (terminoak asko) dira horren lekuko: errotazio-aldi, kitapen-aldi, gasbide, garraiobide, ureztabide, eragozpenbide, datu-bide, itomen-gune, anbulantzia-gune, merkataritza-gune, aldekide, ardazkide, auzokide (angeluez ere aritzeko), egilekide, demandatukide, elkargokide, klaustrokide

    II.7.6. Idazkera

    H-E/4 lanaren arabera, mota honetakoak bat eginik idatzi behar dira, salbuespenak salbuespen. Lehen osagaia luzea edo hitz-juntura bihurria duten elkarte berrietan salbuespenak egin daitezke: kapitalismo-aldi, erredakzio-buru, administrazio-gune, lehendakari-gai(H-E/4: 96-97 / 82-83)


    120 Honek ez du esan nahi guztiak beti bat datozenik sailkapenean.

    121 Termino hau oso erosoa gertatzen da bai eratorriak bai elkartuak izendatzen dituelako, bereizi gabe erabiltzeko aukera ematen duelako, alegia. Deizioa Azkarategandik (1991) hartua da.

    122 Azkenaldiko ikerlan gehiagok ere ildo horixe jorratu dute. Besteak beste, Val Álvaro (1999), Perez Gaztelu; Zabala; Gràcia (2004), Booij (2009).

    123 Hasieran jaso dugun aipamena poliki irakurtzea besterik ez dago jabetzeko aski gai zabala dela, muga-arazoak sortzen dituzten eskuineko osagai lexikoak gisa berekoak ez izaki. Nolanahi dela ere, garbi dagoena da “istilu-iturri” ez direla “erdi-atzizki” deituak bakarrik. Zehatz esan, arazoa H-E/3 eta H-E/4 lanetako lau saili dihoakie:

    1. andregai moduko “erdi-atzizkiak” (aldi, bide… eskuineko osagaiak dituztenak). (H-E/4, 11.2.5).
    2. hitzaurremoduko “deiktiko”-etako “batzuk” (alde, aurre…). (H-E/4, 11.3.1). (§ II.8)
    3. “Egile-elkarte sintetiko errokariak” (-gin, -gile, -dun, -zain). (H-E/4, 7.1).
    4. “Izaera-elkarte” (H-E/3, IV.3) nahiz “asmo-elkarte”-etan (H-E/4, 8) aipatutako zale.

    124 Bizigabeen artean aipatu dugun arren, bizidunez aritzeko erabiltzen da hemen, ez baita gorputzaren zatia, belaunaldi, gizaldi-ren parekoa baizik.

    125 Gogoan izan dezagun, nolanahi dela ere, ugarienak diren “aditza + aldi” modukoak ez ditugula hemen jasoak, Jarleku motan aztertuak daude eta.

    126 Corpusean ez geneuzkan baina irakurri eta entzuten diren merkealdi, lehenaldi... ere hemen sartzekoak lirateke.

    127 Lauburu, hamalauzanko… modukoak alde batera utzita, exozentrikoak baitira.

    128 Zehazkiago, aspektu lexikoaz hitz egin beharko litzateke (Vendler 1967; De Miguel 1999, etab.).

    129 Beste kontu bat da zer dela eta eratu ditugun opor bezalako izenek, orain izen bihurtua bezalakoek berez denboran iraupena adierazten badute.

    130 Bereizkuntza hau garbi ikus daiteke gaixo hartuta. Gaixoa izan daiteke 1.‘eria’ (egoerako predikatua batez ere), nahiz 2. ‘gajoa’, ‘errukarria’ (izaki mailakoa). Baina gaixoaldi-k, ‘gaixotasunak irauten duen denbora’ beste aditzeko modurik ez du; egoerako predikatutik abiatuta, alegia.

    131 Erdal aldaerak brazada dakar.

    132 Horren lekuko dugu euskal hiztegietan “dena delakoa egitea”, “dena delakoa egiten den aldia” definitzea.

    133 Eta honexek bereiziko luke, besteak beste, beste alderdi batzuetan kide duen alde izenetik: orrialde

    134 Bai hemen eta bai buru eta orde aztertzean, bazter uzten ditugu postposizio izenkideak, alegia, hori dela bide, gai horri buruz, hamabost egunen buruan, zure ordez gisako egituretan duten postposizio balioa.

    135 Eta, horrenbestez, Jarleku motako elkarteetan sailkatzera (H-E/3: 83-84 / 63-64).

    136 Hauetako askotan, lehen esan bezala, duda egin daiteke benetan izena edo aditzoina (amets, damu, solas…) ote dugun, edo aditz-esapideko osagaia (amets egin, damu izan, solas egin…). Nolanahi dela ere, harreman semantikoa ez da aldatzen.

    137 Zabalbide-ren kasuan bezalaxe, hau ere, Zabalburu, toki izen gisa bakarrik ageri dena.

    138 Buru-ren beste esanahi bat tarteko bada ere (adimena edo), honako esaeran gertatzen denaren ildotik: “Zenbat buru, hainbat aburu”.

    139 Hala diogu, nahiz jendeaz aritzeko ere gisa honetan erabiltzen den buru, arima-ren antzera.

    140 Testu horretan bertan erdal aldaerak honela dio: “Licenciado, Catedrático y Canónigo Magistral en Ávila”. Itzulpenaren egokitasuna gorabehera, ez da geroxeago aipatuko dugun “kanonigoen burua”, “buru (edo) den kanonigoa” baizik.

    141 Aipatu hutsean utziko dugu: aztertzekoa litzateke izen hauen eta zenbatzaileen arteko mugen auzia.

    142 ‘osoa-zatia’ (§ I.5.3) erlazioaren arabera ulertzeko tentazioa izan daiteke, beharbada; ez da, baina, guretzat guztiz egokia: gona-gaia ez da gonaren zati bat, lehen gona ez zena, baina gero itxuraldatuta hala izatera iritsiko dena baizik; sugaia ere ez da suaren partea, gero su izatera iritsiko edo sua egiteko balio duena baizik.

    143 Azkaratek proposatzen zuenaren ildotik saihestuz: “Elementu bat bakarrik erabiltzen denean kategoria batekoa izatea gerta daiteke; beste osagai baten ondoren doanean, aldiz, beste kategoria batekoa. Halakoak dira euskaraz gai1 eta zain (euskara estandarraren ikuspuntutik gutxienez). Biek osatzen dute aditz-esapidea, atributu edo izanik: zain egon eta gai izan; bi esapideak nor-motakoak dira eta subjektua oro har [+biziduna] izan ohi da. Bigarren osagai direnean, ostera, [+gizakia] motako izena osatzen dute. Morfologia Sortzailearen arabera, hitz elkartuak balira bigarren osagaiak eman beharko lioke elkarte osoari kategoria eta azpikategorizazioa. Nola, ordea, berez izena ez den elementu batek tasun hori eman elkarteari? Horregatik esan dezakegu atzizkietatik gertuago daudela hasierako aldi, alde, bide edo gai1 baino”. (Azkarate 1991: 106).

    144 Real Academia Españolaren gramatika deskriptiboan (GDLE), Demontek ere (1999: §3.2.3.1) capaz, apto…. bezalako adjektiboez ari delarik, azkenaz dio: “Selecciona complemento argumental ‘final’: apto para trabajar..”.

    145 Nahiz bizidunek osatu delako taldea, hizkuntzaren ikuspegitik bizigabetzat jo behar dela dirudi: “Ardi kutsatua artaldetik (*artaldeagandik) bereizten da”, “Herensuge horrek galera ikaragarriak egiten zituen artaldeetan (*artaldeengan)”...

    146 Bistan da gizon erabiltzea eta ez andre, emazte(ki),emakume... hizkuntzaz kanpoko arrazoi soziologiko hutsen ondorioa dela.

    147 Eta ezin esan daiteke gertakari berria denik. Ik. OEH: “De illo loco qui dicitur soilgunea (1076)”. Arzm 266. (Letra lodia gurea).

    148 Hiztegiek ere horrelaxe jasotzen dute: “Ezkerrean izen bat, izenlagun bat eta are izenondo bat duela”.

    149 Ihartutzat dauzkagu mugatzailearen iluna dela medio (*adinez kide, etab.). Formon etimologiaz ik. OEHn dagokien sarrera.

    150 “El significante con sorda inicial se usaba normalmente sufijado a otro y sólo tardíamente ha alcanzado existencia independiente (kide, tegi, etc.)”. (FHV: 240).

    151 Honen eta honen gisako aldaeren gainean (-(k)eria, -(k)izun, -(k)or, -(k)ume...) ik. FHV: 45 hur.

    152 Errepara adibiderik bat ere ez dagoela mugatzailea adjektiboa duena, normala den bezala. Honenbestez, itxura guztien arabera, ofizialkide(tasun) eta antzekoak bide berri bat urratzen ari dira.

    153 Ez bide da halabehar hutsa Mitxelenak (FHV: 122, 309) hemen ikustea -eki(n) postposizio-atzizki soziatiboaren etorkia: dena delako gertaera gutxienez biri dagokie. Ez gara ari, bistakoa da, mendebaldeko euskalkietan instrumentalaren baliokidetzat erabiltzen denaz (arkatzarekin idatzi, etab.).

    154 Lagun, berriz, ez bide dugu mota honetan erabili: *baliolagun, *zentrolagun

    155 Errepara, hala ere, hauek ez direla predikazio-izaerako izenak.

    156 Hau berezi samarra izan daiteke ‘pare’ baten, ‘biko’ baten osagarri izatea adierazten dugulako kide mugakizunaren bidez ―‘osagarritasun’ harreman semantikoa― eta horrek nolabaiteko murriztapenak ezar bide ditzakeelako. Ildo horretatik, ez dugu *idikide (uztarkide bai, ordea), *galtzerdikide… bezalakorik eratu. Ezkontide bai, baina oso ohikoa ez den [A kide] osaerakoa da, testuan jaso dugun bezala. Horregatik da berezia gure corpuseko bizikide-ren parekotzat har daitekeen egun entzuten den bikotekide. Polikiago aztertzekoa litzateke hitzak elkartu ahal izateko murriztapenen gaia.

    157 Aipagarria da adjektibo hauetako asko erdal con-1 (Grácia et al. 2000: 287) aurrizkiaz eratorritako adjektiboak (eta izenak) ordaintzeko sortuak izana.

    158 Bizigabeen artean kokatu dugu gure testuan hala hartua dirudielako. Auzo biziduna ere badugu.

    159 Corpusean ez dugu ikusi neska edo mutil-lagun-ik orain entzuten den beste adiera hau dutela: “andre edo emaztegaia, senargaia”.

    160 Bestea auzo edo auzo-lagun hitzen bera da.

    161 Lan hori 1978koa baita.

    162 Besterik ere bada, aipatu berri dugunarekin zerikusia duena: aldi-k aditzak onartzen ditu bere ezkerretara elkartuak eratzeko eta aro-k, ez

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper