Hizkuntza-baliabideak

Hitz-elkarketa/2: I. BEHI-ESNE MODUKO IZEN-ELKARTE ARRUNTAK

I. BEHI-ESNE MODUKO IZEN-ELKARTE ARRUNTAK

I.1. Sarrera

Euskaltzaindiak esan zuenez, bi hitz elkartuz adierazle berri bat sortzeko bidea da hitz-elkarketa, euskaraz baliabide indartsua dena, “erdarazko hainbat hitzarte euskaraz eroso eta labur azaltzeko. Erdal A de B moduko izen-konplementazio askoren ordaina, esate baterako, horrela ematen du euskarak: guraso-elkarte, telefono-zenbaki, garapen-maila, zerga-biltzaile”. (H-E/4, I.1.: 51 / 37).

Horrexegatik ez da harritzekoa euskal gramatikariak hitz-elkarketaz arduratu izana (Campion 1884, Uhlenbeck 1911, Azkue 1923-25, Villasante 1974, Lafitte 1944…, azken urteetan De Rijk 2008).

Dagoeneko hitz elkartu horietako asko aztertuak eta lan horiek argitaratuak ditugu, Sarrerako hitzetan azaldu dugun bezala. Oraingoan “Mendekotasunezko izen-elkarte arruntak” ditugu aztergai, hau da, bi izenez osatuak; bi horietatik lehena, ezkerrekoa, mugatzailea da, eta bigarrena, eskuinekoa, mugakizuna (H-E/4, 11.: 91 / 77). Beste hitz batzuetan esanda, lehen osagaiak osagai nagusia zehazten du; hau da, X + Y elkartearen esanahia Y da, ‘X-ren’ Y, X-k zehazten, mugatzen duen Y (De Rijk 2008: 867).

Modu askotakoak izan daitezke horrela eratutako izen elkartuak, baina guztiek izango dituzte ezaugarri hauek:

  1. Hitz elkartua beti izena da, eskuineko osagaia hala delako: [behi + esne]I izena da esne izena delako. Zabalago esan, eskuineko osagaiak (mugakizunak) iragazten dizkio bere ezaugarri guztiak hitz elkartu osoari, eta, horren ondorioz, elkarteak eskuineko osagaiaren jokaera eta aukera berak ditu. Alegia, esne izen bizigabea, konkretua, zenbakaitza… delako da behi-esne hitz elkartu osoa ere halakoxea.
  2. Ezkerreko osagaia ere beti izena izango da. Beraz, mota honetako hitz elkartu guztiek osaera morfologiko bera dute: [[izena] + [izena]]. Honetan bereizten dira H-E/3 liburukian aztertu genituen jarleku moduko izen elkartuetatik (H-E/3, XI.: 83 hur. / 63 hur.). Jarleku edo jangela ere izenak dira, eskuineko osagaia izena delako; baina ezkerreko osagaia, mugatzailea, aditza da.
  3. Esanahiaren ikuspegitik ere, eskuineko osagaiak (mugakizunak) ezartzen du hitz elkartuaren mintzagaia, erreferentzia, eta ezkerrekoak (mugatzaileak) zehazten, ñabartzen, mugatzen du nolakoa den eskuinekoa. Behi-esne diogunean, ‘esne’ esaten diogun edari edo urkariaz ari gara eta ezkerreko behi horrek adierazten digu zein esne-mota den, behiak ematen diguna, behiarengandik hartzen duguna eta ez ahuntzarena, edo ardiarena, esate baterako.
  4. Ildo beretik, bi osagaiak maila berean ez egotetik datorkie elkartu horiei, hain zuzen, mendekotasunezkotzat jotzea. Lehen esana beste modu batera esanez: eskuineko osagaia burua da, eta ezkerrekoa (mugatzailea) horren mendeko modifikatzailetzat edo har daiteke. Behi-esne elkartuan esne da burua eta behi bere modifikatzailea.

Horrek guztiak agerian uzten du zein garrantzizkoa den osagaien hurrenkera4.

Beste alde batetik, azterketan hasi aurretik komeniko litzateke bereiztea gaurko hiztunak hitz elkartutzat dauzkanak —esan nahi da, osagaiak bereizteko modukotzat dauzkanak— eta, jatorriz hala izanik ere, osaeraren ilunak, osagai bakartuak ezin bereizteak bakuntzat, ihartutzat jotzera daramatenak. Ihartzean mailak edo urratsak izanagatik, bidea azken muturreraino egin dutenok hiztunak hiztegiko gainerako izen bakunak bezala ikasi behar ditu, osatuak ez balira bezala (H-E/3, XIII.1.: 193 hur. / 173 hur.): otordu, senar, zipotz, izotz, opil, deiadar …Gure hemengo azterketa osagaiak “gardenak”, bereizteko modukoak, dituztenetara mugatuko dugu batez ere; alegia, hiztunak bizirik sentitzen duen baliabidearen ispilu izan daitezkeenetara.

Aipatu ditugun lanetan esaten den bezala, elkarte-mota hau bizi-bizia izan dugu eta gaur ere halaxe dugu euskaraz: “Los compuestos de esta 3ª clase son, sin duda, los más frecuentes. En vasco se recurre constantemente a ellos”, dio Villasantek (1974: 20). Euskaltzaindiak ere, antzera: “Hau da seguruenik, elkarte-modu zabal eta korapilatuena” (H-E/1, VIII.: 70 / 65); “gaur egun sortzen ditugun hitz elkartu gehienak honelakoak dira” (H-E/4, XI.1.: 91 / 77), etab.

Hain baliabide emankorra den honek, baina, oso eremu zabala estaltzen du, arestiko ezaugarriak dituzten mendekotasunezko izen elkartu guztiak ez baitira gisa berekoak. Hainbat irizpidez balia gaitezke (morfologikoak, sintaktikoak, semantikoak…) eremu honetan sailak eta atalak bereizteko5. Baina kontura gaitezen baditugula hemen bi gogoeta-gai pitin bat lantzea merezi dutenak: baliabide honen emankortasuna eta mugak eta barrengo sailkapen xeheagoa egiteko beharra.

I.2. Emankortasuna eta mugak

Emankortasunaz den bezainbatean, garbi dago aspaldidaniko baliabidea izanik ere6, estandarizazioarekin batean, eta euskarak arlo berriak irabazi ahala, erruz ugaldu direla halakoak. Alegia, hitz-elkartea hiztunak aukeran duen bitartekoa da, oro har, ez baitago behartuta noraezean elkartera jotzera7 ―sintaxira jo dezake (txori-kaiola erabili beharrean, txorien kaiola, txorientzako kaiola… egin ditzake)―, eta, nahiz aukerakoa izan, hiztunak oso maiz jotzen du elkarketa-mota honetara, egitura honetako izen elkartuen ugaritasunak ispilatzen duen moduan. Horrek adierazten du euskal hiztunak oso eskura sentitzen duen baliabidea dela.

Areago, (H-E/4, I.1.: 51 / 37) lanean genioen bezala, itzulpenerako ere iturri oparoa dugu elkarte-mota hau:

Aukera paregabea eskaintzen du, orobat, erdal “izen + adjektibo erreferentzial” egiturak ordezkatzeko: eskulan (trabajo manual / travail manuel), aho-literatura (literatura oral / littérature orale), ekonomi teoria (teoría económica / théorie économique), etab. Bide honi eutsi behar litzaioke orain ere, ahal den guztian, erdal hitz-moldaera arrotzen mendekoegi bihurtu nahi ez badugu.

Baina ba ote du baliabide honek mugarik? Edo hiztunak bi izen, edozein, elkar ditzake mendekotasunezko izen bat eratzeko? Hau da, zer da ahal den guztian horretatik kanpo geratzen dena? Auzi korapilatsu samarra da eta azterlan sakona merezi eta behar duena. Guztiarekin ere zertxobait esango dugu, baliagarria izan daitekeelakoan.

Lehenengo kontua argitasunarena da. Ez dugu ahaztu behar hitz elkartua beti ilunagoa dela, hartzaileari deskodetzen lan handiagoa ematen diola eraikuntza sintaktikoak baino. Horrexegatik genioen (H-E/4, I.1.: 52 / 38): “osagaien arteko erlazioak ilunak” direnean, mezuaren hartzailearentzat ilun gerta daitekeenean hobeko genukeela bestelako eraikuntzetara jotzea (unibertsitate-soldatak ez baina unibertsitateko soldatak, merkatu-bilakaera ez baina merkatuaren bilakaera…).

Errepara, hala ere, halakoetan auzitan dagoena ez dela delako elkartearen gramatikaltasuna, igorleak ez du “debekurik” halakoak egiteko, euskal gramatikak ez du bide hori ixten, baina benetako hartzaileak, apika, bai. Pragmatika kontua da areago, hortaz, gramatika hutsarena baino. Baina argitasunak argitasun, ba al dago benetako mugarik? Noiz galarazten dizkigu euskal gramatikak mendekotasunezko izen-elkarteak?

Jo dezagun Azkueren (1923: § 600) eta Villasanteren (1974: 20) lanetara:

[aurre, aitzin, arte, barru…] se unen a nombres de seres animados, lo mismo que de materiales, para componerse con ellos cuando son específicos; pero no a seres individuales, a nombres propios, con los cuales no pueden formar nombres compuestos. No decimos ni-auŕean por nire auŕean delante de mí, ni Pedro-atzean por Pedroren atzean detrás de Pedro. El griego theotókos, no cabe usar entre nosotros en esa forma de nombre compuesto: Jainko-Ama sino Jainkoaren Ama. Si entre los vascos se profesó alguna vez el politeísmo, como es muy probable, entonces habrá sido posible el uso Orzama, pues Orzi «Dios» habrá tenido categoría de nombre específico más que de individual o propio. (Azkue 1923: § 600).

Cuando se trata de nombres propios, no se puede elidir el caso de declinación. Pedroren aurrean, no Pedro aurrean. Jesusen Bihotza, no Jesus Bihotza. Dígase lo mismo de los pronombres personales: Nire aurrean = delante de mí, no ni aurrean. Con Jainko = Dios, el uso es más vacilante, pues, por una parte, en vasco recibe tratamiento de nombre común, y, por otra parte, en la conciencia del hablante es como un nombre propio. Se dice Jainko-bila = en busca de Dios, Jainko herria = pueblo de Dios, y aun Jainko-Semea = el Hijo de Dios. No recordamos haber oído Jainko-Ama por Jainkoaren ama = la Madre de Dios, y, en definitiva, parece más propio en todos estos ejemplos el uso del caso posesivo. (Villasante 1974: 20).

Benetako elkartea nahiz postposizioa tarteko izan, badugu hor benetako muga: izen bereziek eta izenordainek ezin osa dezakete mendekotasunezko izen-elkarterik (beste era batzuetako elkarteak bai: aposizioak8 buruen-buruenik (Azkarate 1990: 290-293). Horrexegatik ez da harritzekoa Azkaratek (1990) milaka hitz elkarturen azterlanean mintzagai ditugunen gisako oso gutxi (eta oso autore gutxirenak) aurkitu izana.

Arrazoia aski argia da, ezkerreko osagaiak beti erreferentzia zabala, generikoa behar du izan9: horrexek garamatza Lehendakariaren mintzaldia eta Aita Santuaren bedeinkazioa esan eta idaztera, baina ez *Lehendakari mintzaldia eta *Aita Santu bedeinkazioa.

Ba al dago bestelako mugarik? Lehen ahotan genituen erdal adjektibo erreferentzialen ordainei10 dihoazkien auziak dira tarteko. Alegia, euskaraz gisa horretako adjektiboen gabezia ia erabatekoa (-dun atzizkiaz eratorriak eta jatorri-izenki -(t)ar atzizkidunak11 eta gabeak (frantses, holandes…) dira salbuespena) eta hutsune horrek sortzen duen bete beharra.

Ildo horretan, honela zioen Euskaltzaindiak (H-E/4, I.1.: 52 / 38):

Gaztelaniazko música rockera esateko aukera erosoa eskaintzen digu euskal ekarte-bideak, rock-musika eginaz. Erosoa bezain mugatua da, ordea, baliabide hori: “una música muy (bastante, demasiado…) rockera” esateko, izan ere, alferrik saiatuko gara rock-musika elkartearekin.

Bistan da, hortaz, erdal adjektiboak onartzen dituen modifikatzaileentzako ordainik ezin asma dezakegula euskaraz hitz-elkartearen bidetik abiatuta, erdal modifikatzailearen ordain litzatekeen gure maila adberbioa (EGLU-lab: 448) nekez erabil baitezakegu izena modifikatzeko (*oso musika, *oso rock-musika….). Honek, ordea, berriz ere, ez dio eragiten hitz elkartuaren barrengo gramatikaltasunari, erabilerari baizik.

Baina bada auzi korapilatuagorik. Demagun comportamiento normal / conduite normale, cajero automático / guichet automatique de banque, yogur natural / yaourt naturel, marcador electrónico / tableau d’affichage électronique… itzuli beharrean gaudela. Euskaraz, hitz-elkartera jotzekotan, ezinbestean erdal adjektiboen oinarrian dauden izenen euskal ordainetara jo behar dugu; alegia,arau, automata, natura, elektroi izenetara, esate baterako. Baina horrek ekarriko luke nekez onartuko genituzkeen (onartuko ez genituzkeen) *arau-jokaera, *automata-kutxazaina, *natur(a) jogurta, *elektroi-markagailua, esate baterako, egin beharra.

Badirudi erdal adjektiboa zenbat eta bere oinarria den izenetik urrutiago egon, orduan eta zailagoa egiten zaigula euskaraz elkarketara jotzea, eta, kontrara, zenbat eta “erreferentzialagoa” izan, oinarrian duen izenarekiko lotura zenbat eta gardenagoa eta zuzenagoa izan, orduan eta aiseago egin ditzakegula elkarteak Lotura urrunekoa duten horientzat beste aukera batzuetara jo beste aterabiderik ez dago: izenlagunetara12 , esate baterako: ohiko, arrunteko… jokaera, edo mailegatzera: kutxazain automatiko, jogurt natural, markagailu elektroniko. Horren lekuko dauzkagu arruntean darabiltzagun portu, hizkuntza edo jende naturalak edo Hegoaldeko lagunarteko hizkerako: gazte formala (‘zintzoa’), esate baterako13 .

Guztiarekin ere, beste zerbait ere ez genuke begi aurretik kendu beharko; hots, erdal adjektibo horren oinarrian dagoen izena euskaraz beti modu bakarrean eta berean eman beharrik ez dagoela (rural adjektiboaren ordainak izan daitezke, besteak beste, baserri-giro, nekazaritza-produkzio, herri-kirolak, landa-lan…). Era berean, itxuraz adjektibo bera denak izan ditzake irakurketa edo balio bat baino gehiago eta horien arabera hitz-elkartea zilegi izan daiteke batzuetan eta bestetan ez. Urrutirago gabe, arestiko natural adjektiboa erreferentzial garbia denean, ‘naturari/izadiari buruzkoa’, ‘natura/izadia gai duena’ adierakoa denean, hitz-elkartera jo ahal izango dugu: Ciencias Naturales, Natur(a) Zientziak egin dezakegu (eta egin dugu). Baina ‘berezkoa’, ‘artifiziala ez dena’, ‘kanpoko eransgarririk gabea’… adierakoa denean; hau da, dena delakoa nolakoa den adierazteko darabilgunean14 , ezingo dugu jo elkarketara: *natur(a) janariak, hizkuntzak, pertsonak…ez baina janari, hizkuntza, pertsona… naturalak.

Bukatzeko beste kontu bat aipatu besterik ez dugu egingo, § IV.3 atalean polikiago aztertuko dugu eta. Hitz elkartuen osagaien gramatika kategoriari doakiona da: hitz-elkarketaren funtsezko ezaugarrietako bat da bi kategoria lexikok osatu behar dutela; hots, izen, adjektibo, aditz eta aditzondoaz besterik ezin balia gaitezkeela hitz elkartua osatzeko (H-E/3, I.2.3.1.: 38 / 18). Beste era batera esanda, hortik gorako osagairik, sintaxitik datorren kategoria sintagmatikorik ez dugula izango hitz elkartuak osatzen. Eta hori liburu honetako elkartuena ez ezik, eskuarki, hitz-elkarketaren mugetako bat da. Horrelaxe betetzen da gure hemengo aztergaian, oro har: bi osagaiak izenak izan ohi dira.

Baina ikusiko dugu gure adibideetan badirela mugatzailearen tokian kategoria lexiko hutsa ez diren osagaiak; Izen Sintagmak ditugula mugakizunaren ezkerretara: gazta zahar puxka, liberal mantso talde, arto bero usain… bezalakoak, alegia15. Hauek egin eta egiten ditugu euskaraz. Baina gertakari honek hainbat galdera sorrarazten dizkigu: elkarketan al gabiltza bete-betean? Hala izatekotan, mendekotasunezko elkartu guztiek al dute aukera hori? Bistan dago ezetz; ez daukagu *txori polit kaiola edo *behi beltz esnea egiterik. Argi dago, honenbestez, murriztapenak egon badaudela eta lehen aipatu dugun mugari —baliabide lexikoetan kategoria lexikoek hartzen dute esku— ez eusteko arrazoirik ez dagoela.

Corpusa aztertuta argitu beharko da noiz, zein mugakizunek onartzen dituzten horrelakoak (hauek baitira salbuespena) eta, ahal den neurrian, zergatik horiek onartzen duten ohikoa ez den mugatzailea. Horrixe helduko diogu, besteak beste, liburuaren bukaera aldean (§ IV).

I.3. Hitz-junturako hots-aldaketak: hots-legeak

Sarrerako hitzetan esan dugu ez ditugula xehatuko osagaien topaguneetan gertatzen diren hots-aldaketak, H-E/3 lanean jasoak daudelako. Baina, labur izanik ere, beharrezkoa iruditzen zaigu -ia amaierako osagaiez hitz erdi bat esatea. 1992ko arauak hala dio (H-E/4, I.3.: 55 / 41):

Bukaeran >ia< duten hitzak lehen osagai edo mugatzaile gisa dihardutenean, >a< hori kenduta nahiz kendu gabe erabili: (…) ortografi arauak, erreferentzi puntua, diplomazi falta, bidai agentzia, Filosofi Fakultatea, Euskal Autonomi Elkartea, edota ortografia (-) arauak etab. Hala ere, >a< kenduta erabiltzeari ematen zaio lehentasuna.

Araua ez da aldatu, baina amaierako -a kenduta nahiz kendu gabe erabiltze horretan, eta 1992an esandakoaz bestela, Euskal Autonomia Erkidegoa arautu zuen Euskaltzaindiak 45. arauan, “Gure egitura politiko batzuen euskal izenaz” delakoan (1995.09.29). Eta, irizpide berari jarraikiz, bidaia agentzia, bidaia bulego16, diplomazialari, historialari edo zientzialari arautu ditu Hiztegi Batuan.

I.4. Idazkera

Hitz-Elkarketa/4 liburuan honako bereizkuntza egiten da hitz elkartu mota hauen idazkeran: forma ihartuak edo ihartze bidean doazenak, baturik (galeper, betile, baserri, gurdibide, lankide…). Izen-elkarte berriak direla eta, berriz, aukeran uzten du Euskaltzaindiak marratxoz loturik edo bereiz idaztea.

Arau zabal horrek baditu salbuespenak:

  1. Baturik idatziko dira, salbuespenak salbuespen:
    1. Aldi, buru, gizon, (g)une, kide, (k)ume, orde mugakizuna duten elkarteak (agintaldi, sailburu, legegizon, solaskide, kalekume…).
    2. Aurre, azpi, gain mugatzailea duten elkarteak (aurreproiektu, azpiegitura, gainazal…).
  2. Bereiz idatziko dira erdal, euskal, giza, itsas mugatzailea duten elkarteak (erdal itzulpen, euskal aldizkari, giza zientziak, itsas ekologia…).

Bestalde, Euskaltzaindiak gomendatzen du osagai biak letra larriz idazten direnean hitz elkartua marrarik gabe idaztea. Batez ere errotulu, titulu eta izendapenetan: Eusko Jaurlaritza, Bertsolari Txapelketa, Zinema Jaialdia…

Nolanahi dela ere, komeni da Hiztegi Batua kontsultatzea, euskara estandarrerako zer forma hobetsi den jakiteko.

I.5. Sailkapena

Esan dugu mendekotasunezko izen elkartuek oso eremu zabala hartzen dutela eta, horrexegatik, hain zuzen ere, komeni dela sailkapen xeheagoa egitea. Erabili izan diren irizpideen artean, ikertzaile askok hitz elkartuko osagaien arteko erlazio semantiko edo logikoa erabili izan dute sailak antolatzeko. Sailkapen honen funtsa ezkerreko osagaiak eskuinekoarekin zein erlazio modu duen zehaztean datza; alegia, mugatzailearen esanahiak nola zehazten, mugatzen duen mugakizunaren esanahia17.

Bi izenez osatutako mendekotasun elkarte hauetan xehetasun gehiagoren bila abiatzean bi izen horien arteko erlazio semantikoetara jotzeak, ordea, ez du esan nahi irizpide argi edo erraza denik. Izan ere ugariak dira bi izenen artean gauza daitezkeen erlazio semantikoak eta, horregatik, izen elkartu berri bat interpretatzeko analogiaz baliatzen omen gara: aldez aurretik ezagunak zaizkigunen eredura jotzen omen dugu, horietatik zeinen antzekoen den begien aurrean dugun izen elkartua (Heyvaert 2009: 249). Jakingarriak dira, honi dagokionez, De Rijk-en hitzak (2008: 867): bi osagaien arteko erlazio semantikoa pragmatikaren argitan aztertu behar da, eta gerta daiteke erlazio semantiko jakin bat izen elkartu bakar batean aurkitzea. Dioena azaltzeko, Azkuek aipatzen duen hodeigari izen elkartua baliatzen du (oin-oharrean aipatu duguna). Esanahiari dagokionez, “hodeiekin zerikusia duen garia” izendatzen duen izena dela baiezta dezakegu, ez gehiago. Euskal nekazaritzako ohituretan aurkitu beharko dugu azalpen zehatzagoa, “trumoiak uxatzearen trukean ematen den garia”. Beste batzuetan adibidetegiko testuinguruetara jo beharko dugu hitz-elkarte jakin baten oinarrian zein erlazio semantiko dagoen argitzeko.

Zailtasunak zailtasun, bi izenen arteko erlazio semantikoa hartuko dugu oinarri Eguzki-lore motako mendekotasunezko izen elkartuak hobeki xehatzeko. Baina ‘helburua’ erlazio semantikoa aztertzean, berariaz aztertuko ditugu “aditzetik eratorritako izena + izena” osaera dutenak, gero ikusiko ditugun arrazoiengatik. Sailkapenean hasi aurretik, halaz ere, zerbait argitu beharrean gara:

  1. Batzuetan hitz elkartu berak aditzeko modu bat baino gehiago onar ditzake (Levy 1978). Erlazio semantikoak aski gertukoak direnean gertatzen da hori batez ere. Esate baterako, ‘iturburua’ eta ‘egilea’ (‘kausa’ edo ‘zergatikoa’ ere bai) ez dira horren urrutikoak: trumoi-hotsa uler daiteke ‘iturburua’ (“hotsa trumoitik dator”), nahiz ‘egilea’ (“hotsa trumoiak egiten du”) erlazioen arabera. Zerbaiten egilea dena horren iturburutzat har daiteke, nahiz ‘iturburu’ guztiak ez diren nahitaez ‘egile’: arto-irin elkartuko mugatzailea arto bada irin-aren ‘iturburua’, baina ez ‘egilea’.

     

    Beste horrenbeste gertatzen da ‘egilea’ eta ‘jabegoa’ erlazioen artean, aldizka: giza kultura “kultura gizakiona da” ‘jabegoa’, nahiz “kultura gizakiok egin dugu” ‘egilea’ bietara uler daiteke. Gauzak erraztearren, ‘egilea’ ezkerreko osagaia biziduna denerako erabiliko dugu.

    Gertu dauden beste bi harreman ‘gaia’ eta ‘edukia’ dira. Zerbait gai batez eginez gero, gai hori edukiko du ezinbestean gauza eginak: porrusalda “salda porruz egina da” ‘gaia’ eta “saldak porruak ditu” ‘edukia’ uler ditzakegu.

    Ildo beretik, ‘osoa-zatia’ harremana dagoela diogunean, modu batean behintzat, onartzen ari gara ‘osoa’ den hori ‘zatiaren’ nolabaiteko jabea dela edo aldizka izan daitekeela: oilo-luma: “oiloaren zati bat da luma”, “oiloa lumaren jabea da”.

    ‘Helburua’ eta ‘edukia’ harremanetan ere antzera gertatzen da: txori-kaiola “txorientzako kaiola” da eta aldi berean “kaiolak txoriak izan ohi ditu” barrenean, ‘edukia’, hortaz.

     

     

  2. Beste kontu bat da erlazioon emankortasuna. Gaiari buruzko bibliografiatik hasita18, ohart gaitezke ikusiko ditugun harremanetako batzuk autore askok aipatzen dituztela (‘gaia’, ‘garaia’, ‘lekua’, ‘baliabidea’, ‘helburua’); beste batzuek, aldiz, ia ez dute oihartzunik izan (‘modua’, edo ‘-en gainean’, ‘-i buruz’). Gure azterketan ere ohartuko gara erlazio batzuez askoz maizago baliatzen garela beste batzuez baino: esate baterako, ikertzaile guztiek aipatzen ez badute ere, ‘edukia’ euskal izen elkartu asko eta askotan adierazten dugu; ‘ariketa’ erlazioak, berriz, adibide gutxi bide ditu. Guztiarekin ere, azken muturrerainoko sailkapena egitea ia ezinezkoa denez gero, gure corpusean maizenik ikusten ditugunen berri emango dugu.

Beste hizkuntzetarako eginaren ildotik, euskararako ere ondokoak bereiziko ditugu: ‘iturburua’, ‘jabegoa’, ‘osoa-zatia’, ‘edukia’, ‘ondorioa’, ‘baliabidea’, ‘gaia’, ‘garaia’, ‘lekua’, ‘helburua’, ‘ariketa’.

I.5.1. ‘iturburua’, ‘egilea’, ‘zergatikoa’ (edo ‘kausa’), ‘jatorria’

Ezkerreko osagaiak, mugatzaileak, zehazten du nondik/norengandik datorren eskuinekoa, mugakizuna; nork edo zerk sortzen/egiten duen, osatzen duen eskuineko mugakizuna:

auzi eta epai arazo, foru-arazo, maitasun-arazo, eguzki-argi, izar-argi, kandela-argi, oin-arrasto, inflazio-arrisku, duintasun-auzi, hizkuntza-auzi, oinatz, langile-batailoi, elizbatzar, trumoi-danbarrada, ardi-esne, aker-euskara, eper-familia, arrantzale-giro, familia-giro, giza giro, festa-giro, ardi-gorotz, asto-gorotz, beldur-haize, erreuma-haize, hego-haize, ipar-haize, egur-hauts, ikatz-hauts, piper-hauts, aleman-herri, apez-hitz, gerrate-hondakin, kale-borroka hots, olatu-hots19, trumoi-hots, poz-ikara, artile, arrain-irin, gari-irin, eliz jai, herri-kanta, zigarro-ke, arrantzale-keinu, arrantzale-kofradia, apezpiku-konferentzia, mikelete-konpainia, abeslari-koru, Jainko-lege, arbi-lore, gerezi-lore, damu-malko, poz-malko, zikin-mantxa, haur-min, maite-min, espos-oihu, pandero-soinu, amorru-su, haize-txistu, zitroin-ur, arrain-usain, goma erre usain, izerdi eta jantzi busti usain, porru berde usain, usteldutako hosto usain, olatu hots zantzu, giltza ta sarraila-zarata, haur-zarata, ontzi-zarata, automobil edo beribil-zarrastada, eztabaida-zipriztin, platano-zumo…

Mugakizunak: bizigabeak dira aztertu ditugun guztiak. Multzo zabala osatzen dute ‘hotsen’ alor semantikoko izenek: hots, oihartzun, oihu, soinu, zarata…, onomatopeiak barne (burrunba, karraska, ufa, zarrastada…).

Mugatzaileak era guztietakoak dira: bizidunak nahiz bizigabeak, konkretuak (gehienak) eta abstraktuak. Badira bizidun zein bizigabetzat hartzen ditugunak: aberri, eliza, herri… Arestian esan bezala, ‘egilea’ harremana bizidunak tarteko direnean hobeki egokitzen da: aker-euskara “akerrek euskaraz egin” (balio metaforiko argia duena, bestalde, animaliek ez baitute hitz egiten), mutil-jolas “mutilek jolas egin”, eper-kanta “eperrak kanta egin”, herri-kant “herriak kanta egin”, arrantzale-keinu “arrantzaleek keinu egin”, espos-oihu “esposek oihu egin”, haur-zarata “haurrek zarata egin”…, baina hainbat bizigabe ere uler daitezke era honetan: trumoi-hots “trumoiak hotsa egin”, oin-arrasto “oinak arrastoa egin”…

‘Iturburua’ erlazioa ikusi dugu mugatzailea biziduna izanik, kofradia, konpainia, batailoi… moduko mugakizunak dituzten elkarteetan: ‘langileek egiten/sortzen/osatzen duten batailoia’, ‘mikeleteek egiten/sortzen/osatzen duten konpainia’, ‘arrantzaleek egiten/sortzen/osatzen duten kofradia’ edo ‘abeslariek egiten/sortzen/osatzen duten korua’ gisan ulertu ditugu, alegia. Bi osagaien arteko erlazio semantikoari dagokionez, ez daude urrun § II.2.2.1 atalean aztertuko ditugun elkarteetatik.

Erlazio modu bera ikusi dugu gerezi-lore, artile eta arbi-lore motakoetan ere, ‘gereziak eman lorea’, ‘ardiak eman ilea’, ‘arbiak eman lorea’ gisa hartuaz. Baita gari-irin, arrain-irin eta platano-zumo… ere, mugatzaileak ‘irin’ edo ‘zumo’ horren iturburua zehazten duelakoan. Baina agian beste batzuei egokiagoa irudituko zaie hor ‘gaia’ erlazioa ikustea.

Oinarri-oinarrian ‘iturburu’ erlazioa egon arren, erlazio modu hori metaforikoa dela erakusten dute ahuntz-erdara, ahuntz-euskara, aker-euskara, beldur-haize, erreuma-haize edo egia-hots… elkarteek.

Itxuraz bizigabea izan arren, ‘euskaldun’ adieran ulertu beharrekoa da euskal mugatzailea hainbat elkartetan, hala nola euskal etnia, euskal arraza edo euskal belaun. Beste zenbaitetan, aldiz, jatorrian duen ‘euskara’ baino ez da (eta dagozkion hots-aldaketek azaltzen dute euskal forma): euskal izen. Eta behin baino gehiagotan zaila da hitz-elkarteko mugatzailea ‘euskaldun’ adieran ala ‘euskara’ adieran hartu behar den zehaztea: euskal mugimendu, euskal sentimendu

Bi osagaien arteko erlazio semantikoari dagokionez, berriz, zenbait hitz-elkartetan (guraso-ondare, esate baterako, edo gramatika-arau, gramatika-lege) ‘jabegoa’ erlazioaren arabera ere aditzeko debekurik ez dago: “ondarea gurasoek dute, gurasoena da”, “gramatikak arauak ditu”, “gramatikak legeak ditu”… Arazo, auzi, min… mugakizuna dutenak ‘zergatikoa’, ‘kausa’ erlazioaren arabera hobeki ulertzen dira: maitasun-arazo “maitasunak arazoa sortu”, hizkuntza-auzi “hizkuntzak auzia sortu”, aberri-mi “aberriak mina sortu”, haur-min “haurrak mina sortu”…

Bidenabar, ohart gaitezen arestiko puntuan aipatzen genuen auziarekin eta berrelkarketarekin topo egin dugula horko izerdi eta jantzi busti usain, usteldutako hosto usain adibideetan: mugatzailea, determinatzailerik gabeko izen-sintagma da: [[jantzi busti]IS usain]I, [[usteldutako hosto]IS usain]I baita dagokien egitura.

Horretaz gain, ikus izerdi eta jantzi busti usai edo auzi eta epai-arazo adibideetan nola bi hitz elkartu juntatu ditugun lehen elkartuko mugakizuna isilpean gordeta (§ IV.2.1.1); hau da, bien mugakizuna azkenean emanda:

izerdi (usaina) eta jantzi busti usaina, auzi (arazoa) eta epai-arazoa

Kapitulu osoa eskainiko diegu (§ IV) bi osagaitik gorako elkarteei eta han izango dugu aukera batera aztertzeko orain, kapitulu honetan, erlazio semantiko mota batean edo bestean aipatzen ditugun egitura hauek guztiak.

Azpisail berezi batean dira kokatzekoak ezkerreko osagaia ‘jatorria’ adierazten dutenak. ‘iturburua, jatorria’ bi modutara uler bide daiteke: orain arte jaso duguna (“elatiboa20”); hots, ‘mugimendu edo bilakaera batetik sortzen den zera’ gisara, eta orain aipatzera goazena: ‘leku jakin batetik sortzen den, leku jakin batekoa den zera’ gisara.

Auziaren iturria batez ere euskal (egun gutxiagotan eusko) eta erdal mugatzaileak dituzten hitz elkartu franko dira. Egun erabiltzen ari garen moduan, euskara edo euskaldun izenen adieratik urrundu eta, beste gabe, “Euskal Herrikoa/Euskadikoa dela, Euskal Herrian/Euskadin egina dela”… adierazteko baliatzen ari garela dirudi21. Alde honetatik begiratuta, ikus dezakegu berez “jatorri-izenkiei”, adjektibo jentilizioei dagokien eginkizuna bereganatzen ari dela jatorriz euskara izen itxuraldatua besterik ez den euskal osagaia22.

euskal bazkun, euskal diputazio, euskal politikari, euskal populu, euskal ume (euskalduna izan ez izan), eusko baso, eusko folklore, frantses ardo, nafar mendi…

Nolanahi ere, saiatu gara euskal mugatzailea duten elkarteak ere bi osagaien arteko erlazio semantikoaren arabera bereizten. Beraz, ‘iturburua’ erlazioa erakusten dutenen ondoan, bestelakoak ere aurkituko ditu irakurleak ondoko sailkapenean eta adibidetegian: euskal odol, euskal ohitura, euskal libertate, euskal pizkunde edo euskal nortasun ‘jabegoa’; euskal nobelari, euskal olerkari, euskal olermen, euskal poesia, euskal testu, euskal toponimia, euskal umore… ‘baliabidea’; euskal hiztegi, euskal giro, euskal filologia, euskal egun… ‘edukia’; euskal lur, euskal etxe ‘lekua’ (Euskal Herri adiera nagusitzen denean); euskal sen ‘helburua’.

I.5.2. ‘jabegoa’

Mugatzailea mugakizunaren ‘jabea’ dela adierazten dugu, ‘jabe’ zentzurik zabalenean hartuta. Hau da, mugakizunak adierazten duen zera, mugatzaileak adierazten duenarena dela, “x-k duen y”. Era horretan, bertso-doinu ‘bertsoek duten doinu’ gisa ulertuko dugu, edo industri indar ‘industriek duten indarra’.

giza adimen, euskal aditz, eliz agintari, ontzi-agintari, haragi-ahulezia, errege-alaba, giza arrazoi, esposa-arropa, eliz artxibo, herri-baso, kristau-bertute, gizarte-bizitza, lore-bizitza, herri-botere, sozialista-buruzagi, bertso-doinu, soin-edertasun, kristau-egiteko, kristau-erlijio, giza eskubide, herri-etxe, euskal fede, karlista-fede, aditz-forma, euskal foru, gizagogo, herri-gogo, euskal gramatika, etsai-gurdi, aberats-haur, euskal hitz, jakitun-hizkera, industri indar, emazte-izen, herri-izen, leku-izen, apaiz-jantzi, gizon-janzkera, teknokrata-joera, urre-kolore, hizkuntza-lege, euskal libertate, alkate-makila, euskal muga, bertso-neurri, herri-nortasun, judu-odol, aitzindari-ohore, bizi-oinarri, euskal ortografia, zaldun-oski, txalupa-patroi, alargun-seme, eliz seme, laborari-seme, jentil-sinesmen, giza soin, handiki-soineko, marinel-txapel…

Era guztietako izenak ditugu erlazio honen araberako izen elkartuak osatzen. Azpimarratzekoa da beste erlazioetan ikusten ez dugun zerbait: bi osagaiak bizidunak izan daitezkeela (errege-alaba, lapur-kapitain, alargun-seme…). Mugakizunak: bizidunak direnean, gehienetan ahaide-izenak dira.

Mugatzaileen kategoria dela eta, horko sozialista, teknokrata, izentzat hartu ditugu, karlista, euskaldun edo mairu bezala, esate baterako. Hortaz, honela aditu ditugu hitz elkartuok: “sozialistek duten buruzagia”, “teknokratek duten joera”23

Mugatzaileak: bai bizidunak bai bizigabeak. Herr mugatzailea dutenak bitara har daitezke: batzuetan bizidun garbiak dira (herri-gogo, herri-nortasun…), baina bestetan bi ulerkerak onartzen dituzte (herri-izen). Bizigabe garbiak badira, berriz, ohikoagoa da ‘jabegoa’ ez baina ‘lekua’ (§ I.5.9) adieraztea (herri-gizon, herri-jai, herri-lapur…). Izan ere, hemen sailkatutako hainbat, beste erlazio batean ere sailka daitezke. Esate baterako, ontzi-agintari, eliz artxibo, gizarte-bizitza, txalupa-patroi… ‘lekua’ (§ I.5.9) eran ere uler daitezke: “ontzian agintaria aritu”, “elizan artxiboa dago”…; bestetik, hizkuntza-lege (“hizkuntzak dituen legeak” ulertu duguna) ez dugu ukatzen ‘iturburua’ (§ I.5.1) ere izan daitekeela (“hizkuntzatik legeak atera”…). Mugakizuna denean ‘leku’ adierakoa, uler daiteke ‘edukia’ dela bi osagaien arteko erlazioa, ‘zer-non’ (§ I.5.4.2): errege-jauregi uler daiteke ‘erregea dagoen jauregia’ dela; kaminero-etxe eta guarda-etxe ‘kamineroak edo guardak dauden etxea’ edo euskaldun-egoitza ‘euskaldunak dauden egoitza’, etab.

Euskal mugatzailea duten hemengoek “euskarak duen” (euskal aditz, euskal gramatika, euskal hitz, euskal ortografia, “euskarak duen aditza, gramatika, hitza, ortografia”…), nahiz “euskaldunek duten” (euskal fede, euskal libertate, euskal nahitasun… “euskaldunek duten fedea, libertatea, mina, nahitasuna”…) moduan ulertu ditugu.

“Konparazio-eta irizpen-ekarteetan” (§ II.5) aztertuko ditugun hitz-elkarteetan ere, oinarrian, ‘jabegoa’ erlazioa dago askotan. Baina oinarrizko erlazioari gailentzen zaio konparazioa. Han aztertuko ditugu, beraz, zakur-estilo, hauts-kolore, kokolo-aurpegi edo karlista-fede moduko elkarteak.

I.5.3. ‘osoa-zatia’

Itxura batean, aurrekoaren sail berezitzat ere har daiteke, ‘osotasuna’ adierazten duen ezkerreko osagaia ‘zatia’ adierazten duen eskuinekoaren ‘jabetzat’ jo baitaiteke; esana dugu, hortaz, horixe dela erlazio honen funtsa: ezkerreko osagaiak ‘osoa’ adierazten du eta eskuinekoak ‘oso’ horren ‘zatia’24.

Hori dela eta, hemengo izen mugakizunek meharragoa dute hitz elkartuak osatu ahal izateko bidea: izter izenak oso izen-mota zehatza besterik ezingo du onartu mugatzailearen lekuan; izterra duen izakia alegia. Geroxeago aztertuko ditugun zati, puska… “Zati-elkarteetako” mugakizunek (§ II.3.2), berriz, askoz ere aukera zabalagoa dute ia edozein izenen eskuinean hitz bat eratzeko, ikusiko dugun bezala.

Ildo beretik, mugakizun hauek, zati-elkarteetakoak bezalaxe, beste “zer” batera eramaten gaituzte, nolabait, baina ez gisa berean. Hemengo mugakizunek erreferentziazko balioa badute berez, beste zerbaiten zatia izan ez izan. Adibideetako izter, beso, bizar, hezur… izenek izen-elkartetik kanpo ere esanahi osoa dute. Zati-elkarteetako puska, zati eta gainerakoek, berriz, ez dute halako berezko baliorik, beste zerbaitek ezartzen du erreferentzia (ogiak ogi-puska-n, esate baterako); bere osagarriak. Hori islatzen du zati izenaren definizioan zerbait eta zera izenordain zehaztugabeak erabiltzeak: ‘zerbait haustean, ebakitzean edo banatzean gertatzen diren gauzetako bakoitza’.

Bestetik, guztiak ‘osoa-zatia’ harreman zabalean sartu ahal izanda ere —eskuineko osagaia ezkerrekoaren zatia baita kasu guztietan— hemengoak ‘jabegoa’ (§ I.5.2) harremanaren arabera ere uler daitezkeela esan dugu, zati-elkarteak ez bezala. Eta, kontrara, hemengoetan ez dirudi ‘edukia’ harremana adi daitekeenik eta zati-elkarteetan, aldiz, bai: oilo-izterra ez da ‘oiloa’, oiloaren atal bat baizik, izterrean ez dago oilorik; oilo-puska, berriz, bada ‘oiloa’, puska-ren osagaia baita, eta, hortaz, ‘edukia’ harremana ere gauzatzen dela pentsa daiteke. Zenbaitetan ‘lekua’ (§ I.5.9) ere ikus daiteke bi osagaien arteko harremanean: izter-zain bada ‘izterreko zaina’, hau da, ‘osotasuna-zatia’; baina har daiteke ‘izterrean dauden zainak’ moduan ere. Oro har, ordea, ‘osotasuna-zatia’ erlazio semantikoa hobetsi dugu hurrengo adibideetan.

abeto-adar, elorri ta lizar adar; pago-adar, olerki-ahapaldi, esku-ahur, hitz-amaiera, urte-amaiera, elor-arantza edo adartxo bat; gabi-ardatz, bezpera-arrats, larunbat-arrats, biharamun-arratsalde, jai-arratsalde, eliz atari, erloju-aurpegi, betazal, limoi-azal, platano eta kakaues azal, mende-azken, txerri-azpizun, alkandora-beso, astearte-bezpera, festa-bezpera, Santio biharamun, arto-bizar, eihera-borta, erbi-buztan, eliza-dorre, igande-eguerdi, aditz-erro, mendi-gailur, igande-gau, jai-gauerdi, arbola-gerri, antzara-gibel, jai-goiz, ortzirale-goiz, primadera-goiz, arrautza-gorringo, ahari-hanka, errotarri, Pizkunde hasiera, marrazo-hegats, arrain-hezur, berna-hezur, aza-hosto, gabi-igun, igande-ilunabar, zartagin-ipurdi, fusil-kainoi, aitzur-kirten; laia, aitzur eta aizkora kirten, matela-kosko, belaun-kozkor, otso-larru, txori-lepo, oilo-luma, ipurmami, ogi-mami, burmuin, haritz-orritxo, etxe-pareta, jaka-poltsiko, ahosabai, emasabel, bildots-saihets, txahal-saiheski, uda-sarrera, zaldi-ule, txahal-haragi xerra, urdaiazpiko gordin xerra, izter-zain, aratxe-zango, abarka-zola, arrautza-zuringo…

Adibide ugari ditu mota honek. Mugakizun guztiak bizigabeak eta, oro har, konkretuak dira. Mugatzaile gehienak ere bizigabeak dira, baina animalien izen franko ere erabiltzen ditugu gisa honetako elkartuak eratzeko, gizakia ere tartean dela.

Merezi du ohartaraztea ‘denbora’ adierazten duten mugatzaileak ere franko aurkituko ditugula, adibideetan ikusi bezala, dela egun bateko goiz, arratsalde, arrats, etab. adierazteko; dela egun baten bezpera zein biharamuna adierazteko; dela denbora-tarte baten (urte sasoi baten) hasiera edo amaiera adierazteko…

Bezpera, biharamun direla eta, aurrerago aztertuko ditugun “Hitzaurre moduko deiktiko (mugakizun)en” jokamoldetik gertuago bide daude ―esanahiz “beteagoak”, apika, haiek baino― gainerako “Behi-esne moduko Eguzki-lore” arruntetatik baino. Eztei-biharamun eta ezteiondo hartzen baditugu, esate baterako, ikus dezakegu ez dagoela horrenbesteko alderik bien artean, denboraren muga zehatza alde batera utzita. Ikusi besterik ez dago bai “deiktiko” deituak bai bezpera, biharamun mintzagai ditugunak batez ere postposizio sintagmetan (azken batean egitura sintagmatikoetan) darabiltzagula maizenik. Haiek eta hauek hitz elkartuko buru izanik, osagarri baten premia dute; horrek ere bereizten ditu aipatuko ditugun arratsalde, egun, gau… ‘denbora’, ‘garaia’ adierazten duten izen “beteagoetatik”.

Bereziak dira, orobat, izen abstraktua mugatzailea duten elkarteok: nahimen unitate, gaiztakeri unitate:

“gaiztakeri unidade asko eta nahimen unidade gutxi” (HE35:84)

“gaiztakeri unidadeak besterik tokatu ez zaizkion kriminal gizarajo bat” (HE35:83)

Gaiztakeriak eta nahimenak nekez izango dute ‘unitate’-rik. ‘osoa-zatia’ erlazioa, beraz, ez da benetakoa; ez da erbi-buztan edo abarka-zola elkarteetan bezalakoa.

Mugatzaileen artean badira juntagailuz lotuak ageri diren igande edo domeka (gau) eta laia, aitzur eta aizkora (kirten) bi osagaitik gorako elkarteei eskainitako kapituluan (§ IV.2.1.1) berariaz aztertuko ditugunak.

Azkenik, ‘osoa-zatia’ erlazioa ikusi dugu ale mugakizuna duten corpuseko adibideetan:

almeja-ale, artale, baja-ale, bertso-ale, “Herria” ale, hondar-ale, kafe-ale, liburu-ale, mahats-ale, patata-ale, ur-ale, gatz-ale

Egia da adiera bat baino gehiago duela ale izenak; honakoak, behintzat, bereiz daitezke gure adibideetan EHk ematen dituenak kontuan hartuaz: 1. Gariaren eta kideko landareen hazia (artale); 2 zenbait landareren hazi edo fruitu txiki biribil antzekoa (kafe-ale); 3 fruitua (mahats-ale); 4 hainbat gauzaren zati xehe biribil antzekoa (hondar-ale, gatz-ale, ur-ale); 5 banakoa (almeja-ale, baja-ale, bertso-ale); 6 liburu, aldizkari, inprimaki eta kidekoen aldaki bakoitza (liburu-ale); 7 aldizkariez mintzatuz, zenbaki bakoitza (“Herria” ale). Adiera-ugaritasun horren azpian, ordea, batasun-moduko bat ikusi nahi izan dugu: mugatzaileak, ezkerreko osagaiak, osotasuna adierazten duela ulertu dugu eta, ñabardurak ñabardura, eskuineko mugakizunak osotasun horren zati bat.

I.5.4. ‘edukia’: ‘zer-zerk’, ‘zer-non’, ‘zer-noiz’

Ezkerreko osagaiak eskuinekoaren ‘edukia’ adierazten du. Eskuinekoa izan daiteke, oro har, horren ‘jabea’ (‘zer-zerk’), nahiz dena delako edukia tokian (‘zer-non’) edo denboran (‘zer-noiz’) kokatzen duena. Hala ere, behin baino gehiagotan ―batez ere ‘zer-zerk’ eta ‘zer-non’ dugunean―, bitara har daiteke izen elkartu bera: bertso-bilduma “bildumak bertsoak ditu”, nahiz “bilduman bertsoak daude”.

Bestalde, esan dugun bezala, ‘edukia’ eta ‘gaia’ erlazioak oso gertukoak dira: arrautzopil “opilak arrautzak dauzka”, “opila arrautzez egin” uler daitezke; beste horrenbeste esan daiteke odol-ibai elkarteaz, “ibaiak odola darama” edo “ibaian odola dago” moduan uler daiteke, baina baita “odolez osatutako/egindako ibai” moduan ere. Bestetan, berriz, ‘helburua’ erlazioaren arabera ere uler daitezke elkartuotako batzuk: umetoki “umeentzako tokia”… Badira, bestalde, ‘-en gainean, -i buruz’ erlazioaren arabera ere uler daitezkeenak: bertso-liburu “bertsoen gainean liburua zertu25”… Hauxe dugu liburu, ipuin, bertso, kantu… bezalako mugakizunak ditugunean eta euskal mugatzailea dugun beste hainbatetan sor daitekeen zalantza. Baina esan dugu ‘-en gainean, -i buruz’ erlazio semantikoak ez duela oihartzun handiegirik izan beste hizkuntza batzuetan eginiko sailkapenetan. Horregatik nahiago izan dugu halako erlazio semantikoa bazter utzi eta, zalantzak zalantza eta anbiguotasunak anbiguotasun, adibide guztiak ‘edukia’ erlazioaren azpian ematea: ‘liburuak bertsoak ditu’, ‘ipuinean abereak daude’… moduan ulertuz. Seguru aski, hau da interpretazio gehien onartzen dituen izen elkartu mota, interpretatzeko korapilatsuena dena, ‘edukia’ erlazioa txoil zabala izaki.

Oso erlazio emankorra da, beraz, ‘edukia’; horrek garamatza, hain zuzen ere, arestian aipatu ditugun bi osagaien arteko erlazio-motak zertxobait gehiago sakonduz, hiru azpimultzo egitera.

I.5.4.1 ‘zer-zerk/nork’: Mugakizunak mugatzailea du, mugatzailea mugakizunaren edukia da. ‘jabegoa’ (§ I.5.2) erlazioaren ifrentzua:

fruitu-aberastasun, bataio-agiri, heriotza-agiri, izen-agiri, nora-agiri, poesia-antologia, euskal arazo, kondaira-arazo, lege-arazo, politika-arazo, kondaira-auzi, substratum-auzi, testu-auzi, paper-bilgo, azukre-bola, kanoi-bateria, urkabe-bertso, bertso-bilduma, kanta-bilduma, turismo-biltzar, politika-borroka, elebitasun-dekretu, jakintza-edesti, maite-eresi, sendakin-familia, kare-harri, denbora-hitz, laudorio-hitz, mendetasun eta zintzotasun-hitz eta agindu, euskal hiztegi, herri-hitz hiztegi, olerki-idazti, kultura-ideia, kultura-iritzi, sorgin-istorio, euskal jakintza, etxejaun, maite-kanta, itsas kantu, ongarri-kilo, potasa-kilo, euskal kontzientzia, arto-korda, baratxuri-korda, tipula-korda, olerki-kritika, bekatu eta herio lege, hil-mezu, dialektika-mugimendu, literatura-mugimendu, maite-musika, auzi-paper, bertso-paper, olerki-pentagrama, maite-poesia, gaztetasun-seinale, inflazio-teoria, kostu-teoria, nazionalismo-teoria, arte-txaraka, proposamen-txosten, jende-uholde, gazur, metal-ur, arkakuso-zama; langile-premia; oro ardura…

Hauetako bat baino gehiago, aditu ditugun moduan ez ezik (“urak burdina du”, “idaztiaren edukia olerkiak dira”…), ‘zer-non’ eran ere uler daitezke: “uretan burdina dago”, “idaztian olerkiak daude”, esan dugun bezala. Aldi berean ‘gaia’ (§ I.5.7) ere izan daiteke: azukre-bola uler daiteke “azukrea duen bola” nahiz “azukrez egina den bola” moduan; beste horrenbeste esan daiteke arto-korda edo baratxuri-korda izen elkartuez.

Bestalde, askotxok onartzen dute aditzeko modu bat baino gehiago. Esate baterako, agiri, hitz… mugakizunak dituztenak, hemengoaz gain, beste era batzuetara ere uler daitezke: ‘iturburua’ (§ I.5.1) (“bataiotik agiria zertzea”, “egiatik hitza zertzea”) edo, paradoxa dirudien arren, ‘ondorioa’ (§ I.5.5) (“agiriak bataioa / mendetasuna, zintzotasuna… zertu”, “hitzak egia / mendetasuna, zintzotasuna zertu”)26. Ildo beretik, arkakuso-zama gisako elkarteak erraz uler daitezke ‘iturburua’ erlaziopean: “arkakusoek sortzen duten zama”…

Erlazio-mota hau, ‘edukia’, antzeman dugu, bestalde, jakinduria, jakintza edo teoria, zientzia mugakizunak dituzten hainbat elkartetan ere: folklore-jakintza, hizkuntza-jakintza, ipuin-jakintza, itsas jakintza, folklore-zientzia, inflazio-teoria… Eta baita seinale, mezu… mugakizun duten gaztetasun-seinale edo hil-mezu elkarteetan ere: “seinaleak gaztetasuna adierazten du”, “mezuak hil dela adierazten du” moduan ulertu ditugu. Halaber arazo, auzi mugakizun dituzten kondaira-arazo, kondaira-auzi, lege-arazo, politika-arazo, substratum-auzi, etab.

Euskal mugatzaile duten elkarte sorta bat ere badugu ‘edukia’ erlazio semantikoaren adibide: euskal arazo, euskal hiztegi, euskal esentzia, euskal filologia, euskal jakintza, euskal kontzientzia, euskal mezenas, euskal ondasun… Guztietan literalki hartu dugu euskal lehen osagaia ‘euskara’ izen balioan eta ulertu arazo, hiztegi, esentzia, filologia, jakintza… horien edukia adierazten duela (ikus § I.5.1 puntuan euskal mugatzailea duten elkarteez esanak).

Osagaien gramatika-kategoriari behatuaz, mugakizun gehienak bizigabeak dira. Mugatzaileak ere halaxe dira. Euskal eta erdal mugatzaileak dituzten horiek hemen paratu ditugu “mugakizunak euskara / erdara du” ulerkeraren arabera.

Hemen sailkatu ditugu corpuseko langile-premia eta oro-ardura elkarteak ere, nahiz H-E/3 lanean (H-E/3, II.2.1.1.2: 58-59 / 38-39) aztertutako jabe edo premia mugakizunek osaturiko egile-elkarte sintetiko soiletatik oso gertu egon. Orduan ere esan genuen etxe-jabe edo ontzijabe Eguzki-lore elkarteetan sailka zitezkeela (H-E/3, 59 / 39); hau da, orain azterkizun ditugun Behi-esne motakoetan. Alderantzizko bidea eginez esan dezakegu hemengo oro-ardura eta langile-premi ere erraz sar daitezkeela hango ‘egile-elkarte sintetiko soiletan’. Zergatik? Onartuko bagenu ardura eta premia izenek argumentu-egitura dutela27 (Grimshaw 1990) eta egitura hori elkartuaren barrenean ase dezakeela, sintetikoen eremura hurbilduko ginateke. Esan nahi da, ulertuko genuke ardura-ren (edo premia predikatuaren) argumentua —zehatz esan, barneko argumentua28: ZEREN premia edo ardura den— ezkerreko izenak asetzen duela elkarteetan. Hortaz, arrazoibide honen arabera, funtsezkoena ez litzateke izango ‘egile’ ñabardura horren agerikoa izatea, argumentu-egitura izatea baizik, eta, horren ondorioz, ez legoke zailtasunik premia edo ardura mugakizunek osatutako bi elkarte horiek ere sintetikoen artean sailkatzeko29. Beste horrenbeste esan daiteke juntagailuz elkartutako mugatzailea duen ondasun edo langile eskasia elkarteaz (§ IV.2.1.1).

Mugatzaileen kategoriari dagokionez, berezia da nora-agiri izen-elkartea, ez baita ohikoa galdetzaile kategoriako mugatzailea aurkitzea. Badirudi, elkarte itxura izan arren, izen elkartua baino areago perpaus laburtua izan daitekeela azken batean hemen duguna, ‘nora goazen agiria’ edo horrelako zerbait:

“Orain, beribilleen ta gu geronen nora-agiriak erakutsi-bearra (HE17: 40)

Bestalde, adibideen artean ikusi ditugu mugatzailetzat izen elkartua duten adibideak, herri-hitz hiztegi, mugatzaile juntagailuz elkartua dutenak, bekatu eta herio-lege, eta baita mugatzailea eta mugakizuna, biak, juntagailuz elkartuak dituztenak ere: mendetasun eta zintzotasun hitz eta agindu.

I.5.4.2 ‘zer-non’: Mugakizunean mugatzailea dago. Gero ikusiko dugun ‘lekua’ (§ I.5.9) erlazioaren atzekoz aurrerako hurrenkerakoak dira.

emazteki-alor, eleder edo literatura alor, euskal arlo, folklore-arlo, jakintza-arlo, uraska, euskal baratze, kultura-barruti, ardo-bonbilla, koinak-botila, alpargata-denda, liburu-denda, ezkil dorre, botoi-errenkada, liberal-errenkada, giza erretratu, apez-etxe, komunista-etxe, telegrafo-etxe, udaletxe, filosofia-fakultate, ardangela, txori-habia, hilerri30, txakur-herri, harrobi, hilobi, telefono-kabina, erle-kaiola, pospolo-kaxa, kaputxino-komentu, xaboi eta lustre kutxa, zurgin-lantegi, eihera-larre, atun-lata, sardina-lata, arrisku-leku, erle-leku, tximista eta trumoi-leku, su-leize, bertso-liburu; erlijio-, arteeta jakite-liburu, euskel-olerki edo poesi liburu, euskaldun-lur, patata lur, gurutze-mendi, arrain-merkatu, perretxiko-mintegi, kultur mundu, hitzontzi, jostorratz-ontzi, ur bedeinkatu ontzi, zakarrontzi, ogi-otarka, arrain-otzara, tabako-pakete, arto-soro, belar-soro, alkohol-tanke, elur-toki, lore-toki, zerri-toki, sare-txalupa, idi edo behi-uztarri, sutondo-xoko, supazter-xoko, burni ta berun-zama, egur-zama, belar-zelai, urun-zorro, begi-zulo, koba-zulo, sator-zulo, sorgin-hagin zulo…

Hau da itxura batean joriena. Mugakizunak bizigabeak dira eta, espero izatekoa den bezala, ‘leku’, ‘toki’, edo ‘alor’, ‘ontzi’… adiera dute askok, nonbait kokatzeko edo zerbait edukitzeko alegia; horrek berak adierazten digu hauetako asko ‘helburua’ (§ I.5.10) gisara ere uler daitezkeela. Mugatzaileak, berriz, izan daitezke bai bizidunak (“etxean apaiza bizi da”, “komentuan kaputxinoak bizi dira/daude”, “errenkadan liberalak daude”…), bai bizigabeak (“otzaran arrainak daude”, “askan ura dago”…). Eta azken hauen artean, gehienak izen zenbakarriak diren arren, zenbakaitzak ere badaude (arrisku-leku, kultura barruti…). Bizidunak direnean, aldizka, ‘jabegoa’ tartean dela ere uler daiteke: “etxeak apaiza barruan du”, nahiz, “apaiza etxearen jabea da”. Edo ‘iturburua’: “liberalek osatzen duten errenkada”…

gisako elkarteak erraz uler daitezke ‘iturburua’ erlaziopean: “alienatuek sortzen/osatzen duten ilara”, “arerioek osatzen duten koluna”…

Balio metaforikoa du hitzontzi elkarteak, ez baitu “hitzak sartzeko ontzia”, “hitzak dituen ontzia”… adierazten, baizik “hitz ugari egiten duen pertsona”. Hala ere, atal honetan sailkatu dugu.

Aipamen berezia merezi dute zulo, txulo mugakizun duten elkarteek, beste hainbatetan bezala, mugakizun beraz erlazio semantiko desberdinak nola gauza daitezkeen erakusten dutelako. Horietako batzuk ‘edukia’ erlaziopean sailkatu ditugu —lanperna-zulo, arrain-zulo, begi-zulo, erreka-zulo, hagin-zulo, istinga-zulo, leize-zulo, tunel-zulo…— Aurrerago aipatuko ditugun lur-zulo, haitz-zulo… elkarteek, berriz, justu alderantzizko erlazioa gauzatzen dute: “lurrean, haitzean… zuloa dago” (§ I.5.9). Beste batzuetan, aldiz, hala nola sator-zulo, kainonazo-zulo elkarteetan, ‘iturburu’ (§ I.5.1) erlazioa ikusi dugu, “satorrek/kainonazoek eginiko zuloa” alegia. ‘Osoa-zatia’ moduan ulertu ditugu belarri-zulo, ipur zulo,edo sudur-zulo. Beste batzuk, azkenik, —elur-zulo, karta-zulo—, ‘helburua’ sailean kokatuko ditugu: “elurra gordetzeko zuloa, kartentzako zuloa” aditu dugulako31 (§ I.5.10).

Azken ohar bat mugatzaileen osaeraz: hemen ere erraz aurkituko ditugu juntagailuz elkartutako mugatzaileak —xaboi eta lustre kutxa; erlijio, arte eta jakite-liburu; tximista eta trumoi-leku…—; aldi berean hitz elkartu direnak, jostorratz-ontzi; edo [izen + izenondo32] osaerako mugatzaileak, ur bedeinkatu ontzi.

I.5.4.3 ‘zer-noiz’: Mugakizunaren sasoian mugatzailea dago, egin da… Geroko ‘garaia’ (§ I.5.8) erlazioaren alderantzizkoa.

errepublika-denbora, gazte-denbora, gerra-denbora, haur-denbora, euri-denboraldi, astegun, atake-egun, barkamen edo pekamen egun, barau-egun, erromeria-egun, eztei-egun, euskal egun, feria-egun, opor-egun, sosegu-epe, alkatetza-garai, krisi-garai, sorgin-batzar garai, ilargi-gau, elur handi goiz, urre-mende, bakardade-memento, haurgintza-momentu, behar-ordu, heriotza-ordu, lanordu, negu-parte, borroka-prozesu, arto-urte, elur-urte, ezkur-urte, inflazio-urte…

Mugakizun bizigabeak ‘denbora’ adierazten du era batera edo bestera: denbora, egun, ordu, sasoi, urte… Mugatzailea bai biziduna bai bizigabea izan daiteke. Mugakizuna ‘denbora’ adierakoa izanik, ‘ariketa’, ‘jarduna’ adierako mugatzaileek osatzen dituzten elkarteak beste erlazio semantiko baten pean aztertuko ditugu (§ I.5.11).

Bestalde, berriz, saio mugakizuna dutenak ‘gaia’ harremanaren bitartez ere azal daitezke: “bertsoez saioa zertu”, “dantza eta kantaz saioa zertu”… Mugatzaile bereko bertso-despita eta bertso-festa, berriz, ‘baliabidea’

Aurrekoetan bezala, hemen ere ez zaigu falta bi osagaitik gorako elkarterik: sorgin-batzar garai, aizkora-joko egun, euskal pizkunde egun, karlista gerra denbora; barkamen edo pekamen egun, mehe eta baraur egun

I.5.5. ‘ondorioa’

Nolabait esan, lehen aztertu dugun ‘iturburuaren’ (§ I.5.1) ifrentzua da. Alegia, ezkerreko osagaiak orain eskuinekoaren ondorioa edo emaitza adierazten du: esne-behi da adibide paradigmatikoa. ‘edukia’ harremana ere suma daiteke hainbat adibidetan; mugakizunak mugatzailea sorrarazi, egin… badu, sortu duen hori bere edukia izan daiteke. Esate baterako fabrika, industria, ola mugakizunak ditugunean, oihal-fabrika bada, fabrikan badago oihala. Bestalde, maiz, ‘helburua’ (§ I.5.10) erlazioa ere adi daiteke osagaien artean: argi-zuzi: “zuziak argia ematen du” / “zuzia argia emateko da”, irin-fabrika “fabrikak irina egiten du”, “fabrika irina egiteko da”… Izan ere, fabrika irina egiteko bada (‘helburua’), normala izango da fabrikan irina egitea eta, beraz, hein batean, fabrikaren ‘emaitza’ irina izatea.

samin-agur, beldur-amets, olio-aran, fruitu-arbola, intxaur-arbola, sagar-arbola33, musika-banda, soinu-banda, esne-behi, amodio-belar, umore-bertso, sagardo-dolare, elur-ekaitz, esperantza-ele, barre-erretratu, indar-etxe, kukurruku-eztul, irin-fabrika, kartutxo-fabrika, kontadore-fabrika, oihal-fabrika, porlan-fabrika, irri-gizon, zeta-har, argi-harri, arbi-hazi, arto-hazi, liho-hazi, maitasun-hazi, hileta-hots, zezin-idi, argi-indar, elektrika-indarrola, petrolio-industria, amodio-iturri, argi-iturri, esne-iturri, gaitz-iturri, jakinduria-iturri, poz eta negar-iturri, txakolin-iturri, artizar, esklabo-izpiritu, herio-kolpe, literatur kreazio, trumoi-laino, ur-laino, burdin meatze, su-mendi, bizi-odol, burdinola, indar-ola, justizia-palazio, euri-seinale, indar-su, argi-zuzi…

Merezi du bereiz aipatzea hemen sailkatu dugun kukurruku-eztul elkartea (euskaraz zakur-eztul ere esaten zaiona); eztul egitean kukurruku moduko bat egiten dela ulertzen badugu, ‘emaitza’ izango da bi osagaien arteko erlazioa. Esklabo-izpiritu elkarteari dagokionez, berriz, testuinguruak laguntzen digu “esklabo izatera garamatzan izpiritu” moduan ulertzen:

“Esklabo izpiritua erran nai baita esklabotzen duen izpiritua” (EJ71: 32)

Bestalde, hemen sailkatu dugu hileta-hots ere, honela ulertu dugulako: “hotsak hileta izango dela adierazten du”34; nahiz eta beste testuinguru batzuetan bestelako interpretazioa izan dezakeen, adibidez ‘iturburua’: “hiletak sortzen duen hotsa”, ikusi ditugun beste hots batzuen gisa.

Mugakizunak bizigabeak dira (irri-gizon “irria sorrarazten duen gizona”, “bufoia” eta esne-behi kenduta) eta mugatzaileak ere bizigabeak izan ohi dira35.

Bi osagaitik gorako elkarteak ere baditugu, nahiz beste erlazio semantiko batzuetan bezain ugariak ez izan: poz eta negar-iturri, sagardo-dolare

I.5.6. ‘baliabidea’

Eskuineko osagaia zerez baliatuta, zein baliabidez ‘zertzen’ den adierazten du ezkerrekoak.

esku-aldaba, ahari-apustu, idi-apustu, lastargi, amuarrain, olio-argi, batel-arrain, esku-arrantza, esku-bonba, ezpatadantza, gona-dantza, danbolin-dantza, bertso-despita, haize-errota, esku-eskailera, aho-euskara, bertso-festa, idi-gurdi, zalgurdi, eskutitz, aho-hizkera, esku-idazki, arraun-indar, aizkora-joko, hitz-joko, karta-joko, pilota-jolas, begi-keinu, aitzur-kolpe, burruntzali-kolpe, ezten-kolpe, diru-laguntza, buru-lan36, eskulan, belar-sega lan, lurrin-makina, haize-oihal, bertso-saio, dantza-saio, indar-saioesku-tresna, ganadu-txapelketa, txakolin-txapelketa, aizkora-ukaldi, alkabuz-ukaldi…

Mugakizunak: bizigabeak, ia guztiak. Horietako asko mugimendu bortitzekin, kolpeekin zerikusia dutenak; halakoetan mugatzaileak kolpe edo mugimendu bortitz hori zerez egin den adierazten du garbi. Beste batzuek ‘joko’arekin dute zerikusia —apustu, joko— edo baliabide batez baino gehiagoz egin daitezkeen dantza, partida, eta abarrekin.

Mugatzaileak: gehienak bizigabeak, baina bizidunik ere bada, animalia-izenak batez ere: ahari-apustu, idi-apustu edo ganadu-txapelketa, ahariak, idiak edo ganadua baitira apusturako edo txapalketarako baliabideak (horrela ulertu dugu, behintzat). Kasuren batean edo bestean (haize-oihal, haize-errota, lurrin-makina) bizigabeak izanik ere, nolabaiteko mugimendua eragin dezaketela sumatzen dugu. Hauek guztiak ‘egilea’ erlaziotik gertu egon daitezke. Badira maiz ageri diren mugatzaileak, hala nola esku, begi, mailu, pilota… goraxeago aipatu ditugun mugakizun-klaseekin erraz elkar daitezkeenak ‘baliabidea’ erlazioa adierazteko.

Euskal, erdal mugatzaileak dituzten hainbatek ere hemen sartzekoak dirudite, “euskaraz / erdaraz baliatuz dena delakoa zertu” ulertuta. Mugakizunak bai bizidunak bai bizigabeak izan daitezke:

euskal agerbide, euskal aldizkari, euskal artikulu, euskal autore, euskal bertso, euskal editorial, euskal egunkari, euskal egutegi, Euskal Herria, erdal idazle, euskal idazle, euskal ikastola, euskal intelektual, euskal ipuin, erdal irakasle, erdal itzulpen, euskal izen, euskal kultura, euskal liburu, euskal liburugintza, euskal literatura, erdal olerki, euskal olerki, euskal saio, erdal testu, euskal testu…

I.5.7. ‘gaia’

Ezkerreko osagaiak adierazten du eskuinekoa zertaz, zein gaiz egiten den.

kimika-abono, mahats-ardo, sagardo, zimitz-armazoi, odol-bafada, su-bola, haize-bolada, urre-botoi, berun-ezkur, zur-ezpata, egur-gabila, marfil-gaztelu, burdin haga, kare-haitz, burni-hari, harresi, malko-ihintz, elur-izara, arto-jaki, esne-jaki, landare-janari, luma-jantzi, euri-jasa, argizari-kandela, izotz-kapa, odol-kolpe, diru-kopuru, magurio-krema, bakailao-kroketa, burdina-kutxa, algodoi-laino, hondar-mahai, harmaila, zur-mailu, elur-maindire, lizar-makila, mizpira-makila, elur-maluta, gerezi-marmelada, mertxika-marmelada, hodei-muilo, belar-olatu, lurrontzi, zur-ontzi, arto-opil, aran-pattar, tela-pieza, hari-pilota, paper-plama, tabako-razio, baba-salda, oilo-salda, otarrain-salda, porrusalda, ahate-saltsa, intxaur-saltsa, piper-saltsa, burdin sare, ile-trentza, esperantza-uhin, burdin uztai, egur-zama, elur-zaparrada, kaka-zipriztin, burni-ziri, egur-ziri, su-ziri, berakatz-zopa, baratxuri-zopa, oilo-zopa, hartzubi, arrain-zuku, haize-zurrunbilo…

Hauetako asko arestian aipatutako ‘edukia’ (§ I.5.4) erlazioaren arabera ere uler daitezke: diru-kopuru, egur-gabila edo egur-zama uler daitezke, hemen egin bezala, “diruz osatutako kopuru”, “egurrez osatutako gabila” moduan, baina baita “kopuruak dirua du”, “kopuruan dirua dago”, “zamak egurra du”, “zaman egurra dago” gisa. Beste horrenbeste esan daiteke eguraldiarekin, naturarekin zerikusia duten mugatzaileek osatzen dituzten elkarteetan: euri-jasa, elur-zaparrada, haize-bolada, haize-zurrunbilo, hodei-muilo, olatu-bolada… Erraz uler daiteke bi osagaien artean ‘edukia’ erlazioa dagoela. Beste batzuk, berriz, ‘iturburua’ erlaziopean (§ I.5.1) ere sailka zitezkeen: “garagarretik ardoa zertu”, “lizarretik/mizpiratik makila zertu”… Benetako ‘gaia’ ez izan arren, metaforikoa baizik, hemen sailkatu ditugu dirditz-uztai eta urre-eztei ere. Gezur mugatzailea duten gezur-ardo, gezur-aska, gezur-lili, gezur-min edo ezur-ile ere hemen sailkatu ditugu “gezurrezko ardoa”, “gezurrezko aska” adierazten dutelako (benetakoa ez dela, alegia) eta, alegiazko balioan izanik ere, burdin barra “burdinezko barra”-ren parekotzat hartu ditugulako.

Mugakizunak bizigabeak eta konkretuak dira. Mugatzaileak ere, oro har, hala dira. Bakailao, otarrain, arrain… bizidunak izan arren, halako elkarteetan doazenean hiztunak janaritzat eta ez animaliatzat hartzen dituelakoan gaude.

Azkaratek (1990: 254) azpimarratzen du denek ez dutela parafrasi-mota bera onartzen: suzko bola, burdinazko uztaia, harrizko hesia bai, baina *porruzko salda, *baratxurizko zopa edo *ahatezko saltsa modukorik ez dugu egiten. Deigarria da parafrasia onartzen ez dutenak janarien alorrekoak izatea.

I.5.8.‘garaia’

Zabal esanda, mugakizuna noiz gertatzen, “zertzen” den, zein garaitan, adierazten du mugatzaileak.

bijilia-afari, Gabon-afari, bedats-aire37, gau-amets, Erdi Aro, udaberri-arrosa, arratsalde-askari, eztei-bazkari, jai-bazkari, bukaera-bertso, Pazko-bildots, arrats-dei, uda-egun, Gabon-enbor, Olentzero-enbor, hileta-eresi, gau-eskola, uda-euri, argi-ezkila, ilun-ezkila, gari-eztei, bataio-festa, negu-gau, Mendekoste-gerezi, goiz-haize, sarrera-hitz, uda-ikastaro, gau-itzal, Korpus-jai, su-kanpai, gabon-kanta, gau-klub, uda-lore, goiz-meza, argi-oilar, hileta-ospakizun, Gabon-sari, urte-sari, jai-soineko, Donibane-su, San joan su, gautxori, negu-udare, udaberri-uhin…

Mugakizunak bizigabeak dira, balio metaforikoa duen gautxori izan ezik.

Mugatzaileak: izen bizigabeak dira guztiak, Olentzero, San Joan, Donibane ez baititugu hor biziduntzat hartzen, urte-sasoi baten adierazletzat baizik. Arruntak dira gehienak, baina bereziak ere baditugu: aipatu berri ditugunak, besteak beste.

Esanahiari dagokionez, mugatzaile askotan ikus dezakegu ‘denbora’, ‘une’ adiera: halakoak dira negu, gau, goiz, urte, arrats… Beste batzuetan mugatzaileak berez halakorik ez izan arren, “mugatzaileak adierazten duena gertatzen denean” moduan ulertzen dugu mugakizunari ematen dion xehetasuna: gari-eztei “garia biltzean egiten den ezteia” izango da; su-kanpai “sua denean jotzen den kanpaia”; komunio-soineko “komunioa egitean janzten den soinekoa”, etab.

Batzuetan, ‘garaia’ erlazioak ez ezik, beste erlazio batzuek ere azal ditzakete hemengo hainbat izen-elkarte: ‘helburua’ (§ I.5.10), meza-liburua “mezetan erabiltzeko liburua”, su-kanpai “sua dela adierazteko kanpaia”, komunio-soineko “komunioa egiteko soinekoa”; ‘ariketa’ (§ I.5.11), ezkontza-kantu “ezkontzean kantua zertu”… Hau gertatzen da batez ere mugatzaileak berak nolabaiteko jarduna, ekintza, gertaera… adierazten duenean.

Egia da ez direla ‘garaia’ adierazten duten izen bakarrak, hortxe ditugu, urrutirago gabe, arrats, arratsalde, egun, gau, goiz… lehen ikusi ditugunak, baina, batez ere ‘edukia’ erlazioan ‘zer-noiz’ (§ I.5.4.2) —feria-eguna “egun horretan feria izaten da”— edo ‘osoa-zatia’ erlazioan38 (§ I.5.3) —jai-arratsaldea bada ‘jai’ osoaren atal edo zati bat— ulertzeko modukoak bide ziren. Oraingoak nekez uler daitezke horien modura.

I.5.9. ‘lekua’

Hemen, berriz, non, zein tokitan ‘zertzen’ den mugakizuna adierazten du mugatzaileak.

etxe-abere, Ipar-Afrika, artxibo-agiri, herri-aguazil, mendi-ahuntz, mendi-aieka, korta-aitzur, Hego-Amerika, Ipar-Amerika, itsas anaia, muga-ate, itsas bainu, infernu-batzar, baserri-bazkari, baso ta solo behar, uztar-behi, erdibide, kokots-bizar, baserri-bizitza, familia-bizitza, itsas bizitza, itsas borroka, kale-borroka, eskuburdina, bizkai dantza, gizarte-erlazio, horma-erloju, mendi-ermita, auzo-eskola, herri-eskola, ezker-esku, iturretxe, kale-etxe, landetxe, mendietxe, mandeuli, Hego-Euskadi, bizkai euskara, gipuzko euskara, plaza-festa, izkribu-fetxa, herri-gaztedi, eliz gela, mundu-gudu, mendi-gurutze, matrail-hagin, eskuin-hanka, mugarri, sepultura-harri, itsas herri, itzal-herri, kosta-herri, mundu-herri, liturgia-hitz, atzerri-hizkuntza, estatu-hizkuntza, eliz hobi, harri-idazki, herri-idi, uztar-idi, lepo-ile, itsas indar, ate-ispilu, Hego-itsaso, Ipar-itsaso, kale-janzkera eta ohitura, itsas jeneral, kale-jira, eliz kanta, eliz kantari, auzo-katu, fabrika-langile, basa lapur, herri-lapur, itsas lapur, mendi-lapur, itsas lapurreta, mahai-leku, eliz liburu, hilerri-lili, korta-lohi, eliz lur, eliz mahai, eskola-maisu, landa-maisu, ontzi-maisu, esku-makila, mendi-malkar, ate-morroi, eskumuin, bide-muino, ipar-Nafarroa, itsas neska, etxe-oihal, itsas oihal, itsasontzi, ur-ontzi, eliz otoitz, udal-otsein, lur-paradisu, eliz petril, lepo-soka, ontzi-soka, etxe-tresna, mendi-txabola, ur-txakur, buru-txapel, ibai-ur, itsas ur, zingira-ur, baserri-zakur, baso-zelai, sabel-zorri, baso-zuhaitz, oihan-zuhaitz, haitz-zulo, harkaitz-zulo, lur-zulo…

Adibide ugari ditu erlazio honek, nahiz batzuek aipamen berezia merezi duten, adibidez mintzaira-ohitura izenak (“mintzairen artean dauden ohiturak” adieran ulertu duguna) eta esanahi ihartua duen plazagizon elkarteak, azken hau ez baita “plazan aritzen den gizona” besterik gabe, baizik EHk ematen duen definizioa aintzat hartuaz, “jendaurrean edo jendartean askotan aritzen eta trebeki moldatzen den gizonezkoa”.

Mugakizunak era guztietakoak dira: bizidunak, bizigabeak, konkretuak (gehienak), abstraktuak… Mugatzaileei dagokienez, espero izatekoa den bezala, asko dira berez ‘lekua’ adierazten duten izenak. Guztiak bizigabeak, mandeuli izen-elkarteko mando izan ezik; “mandoen inguruan dabilen euli” moduan ulertu dugulako hemen sailkatu duguna.

Osagaien arteko erlazioa semantikoari dagokionez, ‘jabegoa’ (§ I.5.2) erlazioan aipatu ditugun batzuk hemen ere koka daitezke, esana dugun bezala: eliz artxibo, gizarte-bizitza… “elizan artxiboa dago”, “bizitza gizartean egiten da”… hartuta. Eta, alderantziz, hemen sartu ditugunetako bat baino gehiago —etxe-tresna, eliz liburu, eskuburdina…— ‘helburua, zertakoa’ erlaziopean ere sailka zitezkeen.

Basa mugatzailea ‘lekua’ adieran hartu dugu beti; alegia, jatorrizko adieran mugakizunari ‘non/nongo’ zehaztapena ematen diola ulertu dugu, eta berdin egin dugu larre mugatzailea duten larre-behi, larre-behor, larre-elorri edo larre-zerri elkarteekin ere. Mugarri, muga-ate (‘aduana’), berriz, “mugan dagoen harria, atea” aditzeko moduaren ondoan, “atea / harria muga da” atribuziozkotzat ere jo daitezke. Bestetan ere badugun (lepo-soka: “lepoan jartzeko, leporako soka”…) ‘helburua’ (§ I.5.10) erlazioaren arabera ere bai: “muga egiteko harria / atea”…

‘egilea’ eta ‘ekintza’ adierako lapur, lapurreta mugakizuna duten arestiko adibideok (basa lapur, herri lapur… itsas lapurreta), berriz, hemen dira kokatzekoak eta ez elkartu sintetikoen artean (HE/3, II), ezkerreko osagaia ez baita eskuinekoaren osagarri —ez du zehazten zer lapurtzen duten (lapurrak ez du basoa, herria… lapurtzen)—, modifikatzaile baizik, non gertatzen den dena delakoa adierazten du. Honek guztiak berriz ere agerian jartzen digu hitz elkartuen interpretazioa ez dela beti-batekoa.

‘Lekua’ erlaziopean sailkatu ditugun amets-herri eta amets-amore izenek badute, hein batean, ‘gaia’ (§ I.5.7) erlazioa aztertzean aipatu ditugun gezur mugatzaileaz osatutako gezur-aska, gezur-ardo edo gezur-min elkarteen antzik: azken hauek “gezurrezko aska/min/ardo…” gisa ulertzen ditugu eta lehenak, berriz, “ametsezko herri edo ametsezko amore”, “ametsetan ageri zaizkigun herri/amore” moduan. Alegiazkoak dira batzuek eta besteak, ez egiazko ‘gaiak’ edo ‘lekuak’.

Bereiz aipatzekoak dira izen bereziak eta puntu kardinalak adierazten dituzten mugatzaileak. Bizkai-dantza, gipuzko euskara, bizkai euskara, Huitzi-haur aski bazterreko adibideak (garai jakin batekoak eta autore gutxirenak) besterik ez ditugu. “Bizkaian egiten den dantza, euskara” edo “Gipuzkoan egiten den euskara” ulertu dugulako kokatu ditugu hemen. Ipar Afrika, Hego Amerika… bestelakoak dirudite: ez dakigu noraino den egokia “iparrean / hegoan dagoen Afrika, Amerika…” (‘lekua’ erlazioak eskatuko lukeena, hain zuzen ere) ulertzeko modua; “Afrikaren iparra, Amerikaren hegoa…” adieratik gertuago dagoela dirudi.

Aipamen berezia egin diegu zulo/xulo eta oko/xoko mugakizun dituzten elkarteei § I.5.4.2 puntuan, eta han esan dugu horietako batzuetan ‘lekua’ erlazioa antzeman zitekeela:

ate-xoko, ate-zulo, buru-zulo, denda-zoko, esku-zulo, etxe-xoko, etxe-zoko, etxe-zulo, ezpain-xoko, ganbara-txoko, haitz-zulo, harkaitz-zulo, harri-zulo, horma-zulo, kafe-zulo, kaiola-zoko, kalezulo, koartel-zulo, labe-zulo, leiho-zulo, lur-zulo, meazulo, mendi-xoko, mendi-zoko, mendi-zulo, ostatu-xoko, paper-zoko, pareta-xoko, taberna-zulo, teilatu-zulo, ukuilu-txoko, ukuil-zoko…

Guztiak ‘lekua’ erlaziopean sailkatu ditugun arren, eta, beraz, “buruan, atean, dendan, eskuan, horman, kalean, labean, leihoan… dagoen zulo/zoko” interpretazio orokorra eman diegun arren, aski dugu OEHra jotzea jabetzeko ñabardura bat baino gehiago dutela mugakizun horiek. ‘Irekidura’, ‘sakonunea’ da zulo izenaren oinarrizko adiera, hemengo adibideetan ikus dezakeguna; adiera bereko mugakizuna duten beste elkarte asko, berriz, ‘gaia’ erlazioan aztertu ditugu (§ I.5.4.2), eta bakar batzuk ‘helburua’ (§ I.5.10) erlazioan ere aurkituko ditugu. ‘Zenbait animaliaren babesleku edo gordeleku’ adierako zulo mugakizuna duten elkarteak ‘gaia’ erlazioan eta ‘iturburu’ erlazioan ikusi ditugu. Bada, ordea, beste adiera bat kalezulo, kuartel-zulo edo kafe-zulo adibideetan ageri dena eta OEHk horrela definitzen duena: “(Ref. a una habitación o estancia subterránea u oculta, a un cuarto o lugar pequeño y oscuro o en malas condiciones, a una vivienda de un pueblo o ciudad en contraposición a la situada en la montaña; tbn. como segundo miembro de compuestos, añadiendo un matiz peyorativo al lugar referido). “Empléase también esta voz en el sentido de “rincón”. Horrelakoetan “kalea zuloa da”, “kafea zuloa da”, atributu elkartetzat (H-E/3, IX.1: 99 / 79) ere har daitezkeela dirudi § I.5.4.2 puntuan esan dugun bezala kalezuloa ez da ‘zuloa’, ‘kalea’ baizik, ustezko mugakizunak ñabardura semantikoak eransten baitizkio ezkerreko osagaiari. Horixe du eginkizun bakarra.

I.5.10. ‘helburua’, ‘norentzakoa’, ‘onuraduna’

Zertarako, norako, norentzat… den mugakizuna adierazten du mugatzaileak. Adibide asko eta asko ditu erlazio honek. Lehenik eta behin atal honetakoak beste izen elkartu mota batekin lotu behar ditugu, Jarleku motakoekin (H-E/3, XI.: 83-94 / 63-74), hain zuzen; izan ere, mota hau, azken batean, Eguzki-lore motaren azpisail bat da, mendekotasunezko izen elkartuak dira: ezkerreko osagaiaren, mugatzailearen kategorian datza aldea, haiek “aditzoina + izena” modukoak izaki. Lotura hemen egiteko arrazoia honakoan datza:

Bi osagaien arteko erlazio semantikoari dagokionez, ‘xedea’, ‘zertakoa’ adierazten du mugatzaileak adibide gehienetan, izen mugakizuna ‘zertako’ den alegia. (H-E/3: 86 / 66).

Lotura hau are eta argiagoa gertatuko da mugatzailearen kategoria dudakoa duten hainbat adibidetan; esan nahi da mugatzailea bai izentzat bai aditz eratorriaren ointzat edo aditz-esapidearen osagaia den izentzat har daitekeenetan (H-E/3: 84-85 / 64-65). Har dezagun barre-aldizkari: “aldizkaria barrea sortzeko da” ulertuta ere, duda egin daiteke mugatzailea barre izen hutsa den edo barre egin / eragin aditz-esapidearen osagaia. Bestalde, mugatzaileak (aditzetik eratorritako) ekintza-izenak (“izenkiak”, H-E/3: 86 / 66) dituztenek bereiz aipatzekoak dirudite, ikusiko dugun bezala.

herri-agindu39, barre-aldizkari, itsasargi, lan-arau, ortografia-arau, frailedi-arau, herri-araudi, bazka-arbi, gudu-arma, bazka-arto, ohe-atorra, ziri-bertso, mendi-bota, turismo-bulego, su-burdina, talo-burdina, borroka-dei, irrada-dei, meza-dei, otoitz-dei, oturuntz-dei, meza-diru, mozkor-diru, kristau-doktrina, jainko-edari, korrale-egur, su-egur, borroka-ele, eskapu-entsegu, diru-erakunde, giza eredu, bazka-erremolatxa, eliz erropa, haur-eskola, irakasle-prestakuntza eskola, auzi-etxe, ejerzizio-etxe, kultura-euskara, batzar-gela, zinema-gidoi, komentu-giltza, oinaze-gogo, herio-gorputz, iraultza-gudu, irrati-hari, bataio-harri, proba-harri, txiskero-harri, sudur-hauts, esker-hitz, jakintza-hizkuntza, kultura-hizkuntza, borroka-indar, haur-ipuin, giza irakaspen, bakardade-irrits, emazte-irrits, zorion-irrits, iraultza-itxaropen, lohasma-izpiritu, sabel-jai, azeri-janari, ohe-jantzi, erdal joera, eliz kale, propaganda-kanpaina, haur-kanta, dantza-kantu, txibia-korain, haur-kotxe, bidaia-kutxa, jantzi-kutxa, bizar-labana, bazka-landare, eskularru, kristau-lege, mendeku-lehia, bakantza-leku, behar-leku, bola-leku, dantza-leku, ehiza-leku, gau-leku, pasiera-leku, esku-liburu, behar-mahai, barau-ohitura, oin-ohol, talo-ohol, idun-oihal, pixa-oihal, ziri-olerki, guda-ontzi, koktel-ontzi, loreontzi, errege-opil, dantza-orkestra, galtzorratz, moko-painelu, bokadillo-paper, Santio-pelegrin, bataio-ponte, estatutu-proiektu, dantza-soka, batzar-toki, behar-toki, kultura-tresna, sukalde-tresna, ehiza-txakur, eper-zakur, erbi-zakur40 , eskuzapi, haur-zapi, hauts-zapi, musuzapi, sudur-zapi, jainko-zerbitzu, diru-zorro, oin-zorro, elur-zulo, karta-zulo…

Mugakizunak eta mugatzaileak bizigabeak dira batez ere. Nolanahi ere, erlazio semantikoari dagokionez, hemen jaso ditugun batzuk beste erlazio batzuetan ere aipatu ditugu: ‘edukia’ (§ I.5.4.2)ontzi, kaiola, kaxa… mugakizun dituzten elkarteak, hala nola poxpolo-kaxa, kafe-taza, erle-kaiola, edo hautsontzi, “ontzian, kaiolan, kaxa… poxpoloak, kafea, erleak… egon/gorde…” adieran hartu ditugu, baina izan daitezke “kafea hartzeko, erleentzako, hautsentzako… ontzi, kaiola edo kaxa” ere—, ‘ondorioa’ (§ I.5.5) —ikus, esaterako, irin-fabrika dela eta han esanak—, ‘lekua’ (§ I.5.9)literatur euskara har daiteke “literaturan erabiltzen den euskara” moduan, baina baita “literaturarako den euskara” moduan ere—, ‘ariketa’ (§ I.5.11) —erlazio semantiko horren pean sailkatu ditugun guztiek onartzen dute, praktikan, ‘helburu’ irakurketa ere—… Bestalde, Azkarateren (1990) irizpideari jarraituz, ‘zertako’ baino areago ‘nora’, ‘jomuga’ adieraren arabera interpretatzekoak bide diren: eliz kale, Santio pelegrin41… bezalakoak ere hona ekarri ditugu.

Mugakizuna irrits dutenek (bakardade-irrits, emazte-irrits, zorion-irrits) beste ulertzeko modu bat ere onartzen dute; ‘iturburua’ edo ‘kausa’, alegia: “bakardadeak, emazteek, zorionak… sortzen du irritsa”.

Har ditzagun orain lehen ahotan hartu ditugun “aditzetik eratorritako izena + izena” eraikuntzakoak, eta ekar dezagun abiatzeko 1991n genioena (H-E/3: 86 / 66):

Hau da, euskaraz ‘aditzoina + izena’ erabiltzen den askotan, espainieraz ‘izena +preposizioa + izenkia42 (aditzetik eratorritako izena)’ ageri da. Hor ditugu, urrutirago gabe, gure adibidetegiko itzul lan eta trabajo de traducción, eta badirudi euskaraz azken urteotan, espainieraren eraginez seguruenik, ‘izenkia + izena’ egiturak ugaltzen ari zaizkigula; areago orain arteko jaiotegun edo jaioterri baztertu eta jaiotze-data, jaiotze-leku bezalakoak ikustea ez da zailegia.

Agerian jarri nahi izan genuen orduan neurrigabeko ugaltzea eta honek dakarrena, alegia, aldez aurretik bagenituen hitzak zokoratzea eta bizirik dagoen baliabide lexikoa atzentzea (edo atzentzeko arriskua). Baina zer dago kezka horren azpian?

Itxura guztien arabera, bi eraikuntza morfologiko mota ditu aukeran euskal hiztunak orain hizketagai ditugunen gisako mendekotasunezko izen elkartuak eratzeko, batez ere ‘helburua’ erlazio semantikoa tartean denean: “aditzoina + izena” eta “aditzetik eratorritako izena + izena”. Baina, guztiz baliokideak al dira?43 Esan nahi da, hiztuna erabat aske al da bide batetik nahiz bestetik jotzeko? Aukera honetan ere murriztapenez hitz egin behar al da?

Lehenik eta behin argi dezagun liskarrean dauden motak ez dihoazkiela aditzetatik eratorririko izen guztiei; ‘ekintza’ adiera dutenei besterik ez dagokie, adiera hauxe baita, azken batean, aditzen adieratik hurbilen dagoena. Alegia, aditzetik eratorritako beste adiera batzuetako izenak (‘egilea’ adierakoak, esate baterako), beste Eguzki-lore arruntak bezalaxe aztertzekoak dira. Horrek esan nahi du batez ere -t(z)e, -tza, -(k)eta, -kuntza, -pen/-men, -era… atzizkiez eratorritako izenei dihoakiela hemengo auzia44.

Zehatz esan: gaurko euskal hiztunarentzat erakustareto eta erakusketa-areto edo ikerketa-lan eta ikerlan… aski parekoak, baliokideak bide dira. Honenbestez, mugatu dugun barruti honetara iritsita, badirudi esan daitekeela, oro har, hiztunak mota batera zein bestera jo dezakeela. Baina, hori horrela izanik ere, honen ondoan esan behar da gure corpus osoa begiratuta bat ohartzen dela XX. mendea arteko testuetan askoz ugariagoak direla Jarleku motakoak “aditzetik eratorritako izena + izena” motakoak baino. Hemendik ateratzen dugun ondorioa da hiztunak Jarleku mota beti aukeran duela eta izen elkartua eratzera doanean mota horretara joko duela batez ere. Hartara, argitu behar da berez eskura sumatzen duen baliabide horrek mugarik ba ote duen.

Has gaitezen “ekintza-izenak” aztertzen: Guztiak gisa berekoak al dira? Zer daukagu gure corpusean? Lehen begiratuan ikus dezakegu badagoela nolabaiteko sailkapena egitea alde batetik euskaraz eratorri ditugun izenen —euskal eratorbidearen arabera azal daitezkeenen— eta bestetik izen izanda mailegatu ditugunen artean. Lehen multzoan sartuko genituzke, hortaz:

alfabetatze-batzorde, azterketa-etxe, erakusketa-gela, zabaltze-indar, alfabetatze-kanpaina, bilera-leku, lotura-muga, irteera-ordu, ulertze-posibilitate…

Bigarren multzoan ditugu, esan bezala, oinarrian duten aditza mailegatuta edo ez (esate baterako, konfesatu, meditatu), itxura guztien arabera izen izanda (erdaraz “nominalizazioa” gertatu ondoren gehienak) mailegatu ditugunak.

konfesio-epe, errepresio-indar, produkzio-indar, puntuazio-marka, konpentsazio-mugimendu, kontserbazio-sen, koakzio-sistema, konfirmazio-tresna…

Multzo berean sar ditzakegu ‘ariketa’ erlaziopean (§ I.5.11) ikusiko ditugun konfesio-leku eta meditazio-liburu ere; hots, maileguz hartu ditugun aditzetiko izenak mugatzaile dituztenen artean.

Lehen multzoan bereizi ditugunak dira batez ere lehen ekarri dugun gogoeta eginarazi zigutenak. Halakoek, oro har (ez beti), “aditzoina + izena” (Jarleku) motakoen aditzeko modu bera dute: “alfabetatzeko batzorde”, “zabaltzeko indar”… Guztiarekin ere, argi ibili behar da interpretatzean, mugatzailea aditzetik eratorritako ekintza-izena eta osagaien arteko erlazio semantikoa ‘helburua’ izanda ere, beti ez baitago “oinarrian dagoen aditzak adierazten duena egiteko dena delakoa” interpretatzerik. Esate baterako, multzo berezian sartu ez dugun, gure ustez “Behi-esne moduko elkartu arrunta” den jakintza-hizkuntza ez da “jakiteko hizkuntza”, “jakintzetan erabiltzeko hizkuntza” baizik.

Antzeko zerbait izango genuke bigarren multzoan bereizi ditugunetan. Konfesio-epea bada “konfesatzeko epea”, baina ejerzizio-etxe ez genuke ulertuko ez ‘helburua’ erlazioaren arabera (“ejerzitatzeko etxea”), baina ezta kide duen jaiotetxe aditzen dugun eran ere (“etxean ejerzitatu”, “etxea zeinetan ejerzitatzen den”) alegia. ‘Helburua’ bada, ordea, baina “ejerzizioak egiteko etxea” ulertzen dugu. Hots, bai kasu batean, bai bestean, oinarrian zegokeen aditzaren arrastorik ia ez dago egun.

Hortaz, alde batetik, badirudi zenbat eta hitz eratorriak esanahi zehatzagoa, mugatuagoa izan, edo oinarri duen aditzetik urrunago sumatu, orduan eta zailagoa egiten dela guztientzako ematen genuen ‘helburuzko’ parafrasira jotzera.

Bestelako auzirik ere bada. Esate baterako, gure adibideen artean ez zegoen, baina corpusetan agertzen den euskalduntze-erakunde bezalakoak hartzen baditugu, ohart gaitezke aditza aldi berean eratorria denean (euskaldundu), -tze atzizkia edo besteren bat azaltzen ez bada, mugatzailea izentzat hartzeko arriskua dagoela: euskaldun-erakunde “euskalduntzeko erakundea” ez ezik, “euskaldunek osatutako erakundea” edo antzeko zerbait ere uler baitezakegu. Halakoetan, hortaz, badirudi egokiagoa dela izen eratorrira (adib. euskalduntze izenera) jotzea.

Alfabetatze bezalako mugatzaileek, berriz, auziaren beste adar bati heltzeko parada ematen digute: noraino egingo lituzke gaurko hiztunak alfabeta-batzorde, alfabeta-kanpaina edo hauen gisakoak? Esan nahi da, zenbaterainoko eragina izan dezake aditza mailegatua izateak erabide honetan? Gure corpuseko mugak onartuta ere, H-E/3ko Jarleku motakoen adibide-zerrenda (H-E/3: 325 / 305 hur.) begiratu besterik ez dago konturatzeko mailegu itxura garbia duten aditzoin gutxi direla mugatzaileak. Eta mailegatzen ditugun aditzen artean ere ba ote dago bereizkuntzarik? Hortxe baititugu, esate baterako, konfesaldi, kontsolabide, pentsa-ordu, pentsamolde… Eta mugakizunak ba al du ikuskizunik? Itxura guztien arabera, bai: aldi, bide, gai, kide…(“erdi-atzizki” izendatuekin), alde, lan, toki, leku bezalako mugakizunekin aiseago eta, kontrara, klase, suerte, mota, kontu, modu eta abarrekin nekezago egiten baititugu Jarleku motakoak. Polikiago aztertu beharreko kontuak lirateke hauek denak.

Eta aipatu ditugun xehetasun horien ondoan aholku hau ere ez genuke ahantzi beharko (H-E/4: 89 / 75):

[Jarleku] Hitz-erabide emankorra eta erraz ulertzekoa izanik ere ez da komeni, ordea, neurriz gain hartara jotzea: inoiz edo behin agertu ohi diren elikaiturri, ebaluatalde edo informabulego gisakoak, esate baterako, ez dira gomendagarri. Hobe da, horrelakoetan, bestelako elkarte-moduez baliatzea edo are sintagma-eraikuntza libreagoetara jotzea: elikadura-iturri, (edo elikatzeko iturri), ebaluazio-talde, informazio-bulego. Hiztunaren senak asko dezake, noiz bide batera jo edo noiz bestera erabakitzeko. Baita kasuan kasuko komenentziak ere.

I.5.11. ‘ariketa’45

Ezkerreko osagaiak nolabaiteko ariketa, jarduna, ekintza… adierazten du (hauetako asko ere, arestikoak bezala, gertaera-izenak dira) eta eskuinekoak, askotan, ariketa horren egilea; lekua, beste batzuetan. Hau da, ariketa edo jarduna nork egiten duen edo non egiten den adierazten dute erlazio honetako izen-elkarteek. Hori dela eta, mugatzailea bizigabea eta mugakizuna biziduna zein bizigabea izan ohi dira, eskuarki.

prediku-aulki, jolas-egun, politika-erakunde, kultur fronte, langela, laborantza-gizarte, arma-gizon46, joko-gizon, legegizon, otoitz-gizon, liturgi komisio, finantza-konpainia, guda-langile, sega-leku, meditazio-liburu, prosa-maisu, lan-opor, pilotaleku, ihizi-sasoi, arte-soziologo, hitz-toki, pilota-txapeldun…

“Laborantzan aritzen den gizartea”, “politikan aritzen den erakundea”, “liturgiaz ari den komisioa”… ulertuta. Beste erlazio batzuen arabera ere uler daitezke, jakina. Esate baterako, ez dago horrenbesteko alderik ‘edukia’ atalean, ‘zer-noiz’ erlazioan (§ I.5.4.3) aztertu dugun lanordu eta ‘ariketa’ moduan ulertu dugun ihizi-sasoi elkartearen artean; edo ‘zer-non’ (§ I.5.4.2) puntuko leku, etxe edo toki mugakizunak dituzten elkarteen eta otoitz-leku edo lan-mahai izenen artean. Alde bakarra, hemengo mugatzaileak ‘jarduna, ariketa’ adierakoak izatea da. Ikus, bestalde, ‘helburua’ erlazioan (§ I.5.10) konfesio-epe edo meditazio-liburu elkarteetako mugatzaileez esana; hau da, aditzetik sorturiko izen mailegatuak dituztenez.

Dena den, ez da hain ohikoa hitz elkartuko bi izenen artean erlazio semantiko hau aurkitzea; askoz maizago antzemango du hiztunak aurreko puntuetan aztertu dugun erlazio semantikoetakoren bat. Horrek berarekin dakar, jakina, adibide gutxiagao jasotzea.

Honaino Behi-esne mendekotasunezko izen elkartu arrunten azterketa. Hurrengo ataletan banan-banan ikusiko ditugu “berezitzat” jotzen direnak.


4 Ohart gaitezen ingelesak edo alemanak bezalako, baina hizkuntza erromantzeek ez bezalako hurrenkera duela euskarak: “mugatzailea + mugakizuna”, alegia: cow-milk, Kuh-Milch, behi-esne / leche de vaca, lait de vache.

5 Azkarateren lanera (1990) jo daiteke xehetasunetarako.

6 Esate baterako, Villasantek dio (1974: 21) era honetako elkartu asko eta asko (“muchísimas”) darabiltzala Axularrek. Hala guztiz, aipatzen dituen adibide batzuk egun ez genituzke mota honetan sartuko; besteak beste, alda nahi, afal aitzinean, athal zain, gibel beldurti

7 Orain bazter utziko dugu azterlan xeheagoa beharko lukeen beste muga bat: elkarketara ezinbestean jo beharra, noiz eta nola.

8 Halaz ere, bada aposizioak sintaxian, hitz-elkarketatik kanpo eratzen ditugula aldezten duenik.

9 Horrexegatik gaitzetsi izan dira gramatikaren ikuspegitik hainbat “egun” seinale, nahiz eta hizkuntzan geratu diren (Alderdi eguna, Aberri eguna…).

10 Ikus honetaz Ensunza (1989), Loinaz (1995) eta, batez ere, Zabala (1997).

11 Artiagoitiak (2002) jorratu ditu oraindik orain.

12 Ez dugu hemen kategoria gogoan, izenaren modifikatzailea izatea baizik.

13 Zabalak (1997), beste hizkuntzalari batzuei jarraikiz, izenondo erreferentzial tematikoak / sailkatzaileak bereizten ditu. Izenondoa, modifikatzen duen izenaren argumentutzat har daitekeenean, izenondo tematikoa dela esan daiteke. Modifikatzen den izena aditzetik eratorria denean aurkituko dugu erlazio-mota hau: transporte electrónico edo infección vírica¸ esaterako. Izenondo erreferentzial sailkatzaile deitzen die, aldiz, modifikaturiko izena sailkatzeko erabiltzen ditugunei: microscopio electrónico, material quirúrgico edo demostración matemática… Bietan, bai tematikoetan eta bai sailkatzaileetan, izango dugu behin baino gehiagotan mailegua hartzeko beharra, izenaren eta izenondoaren arteko harremana urruneko bihurtu denean.

14 “Kalifikatzailea” denean (Zabala 1997).

15 H-E/3 lanean (IV: 139-150 / 120-130) zale-k ezkerretara kategoria sintagmatikoak ere onartzen dituela jaso genuen (arrimatuzale, astiro ibilizale…). Ez ginen, baina, argibideetan murgildu. Hemengo bukaerako azalpenean saiatuko gara guztiak batzen. Ik. puntu horren azterketa xehea Perez Gaztelu (2004, 2008) lanetan.

16 Marra aukeran dutenak. Beraz, bidaia-agentzia zein bidaia agentzia; bidaia-bulego zein bidaia bulego.

17 Gure barrutian, Azkue eta Villasante konturatu ziren harreman-motak bazeudela, izenik eman ez bazieten ere: “D) Lo que acaso más generalmente se omite en nuestros compuestos es alguna desinencia casual (partícula de declinación), especialmente el posesivo (…) E) Hay vocablos compuestos cuya elipsis es una frase, tales como baru-txistua equivalente a barurik ateratzen degun txistua saliva que sacamos en ayunas; kanpanburu (B-elgeta) (…) literalmente «ayuno de campanas, ayuno mientras no suenan las campanas»; egur-yan liter. comida de leña, equivalente a eguŕa lortzeaŕen ematen dan yana comida que se da por acarrear leña; giltzaŕi liter. piedra de llave, elipsis de (mako baten) giltz izateko aŕia piedra que ha de ser llave de un arco; gizotso duende, de gizon-antzeko otsoa lobo parecido a hombre; odeigari liter. trigo de nubes, elipsis de odeiak (ostotsak) uxatzeaŕen ematen dan garia trigo que se da por ahuyentar truenos”. (Azkue 1923: § 584 D,E). “Aquí la elipsis consiste (generalmente, no siempre) en omitir el caso de declinación (por lo regular, el posesivo) (…) pero lo que se omite no siempre es el caso de declinación. En frases como “Bada zerbait egin beharra” = hay precisión de hacer algo, se advierte la elisión de -teko en el nombre verbal; como en biltoki (biltzeko tokia)”. (Villasante 1974: 20).

18 Ikus Azkarate (1990: 134-136).

19 Hots, usain, kutsu… mugakizunez ariko gara konparazio- eta irizpen-elkarteetan. (§ II.5).

20 Hau da, hitz elkartuko bi izenen artean ez da antzematen ‘nonbaitetik ateratzeko mugimendua’ (Bauer 2004) adierazten duen erlaziorik.

21 Muturreko adibiderik ez da falta gure kaleetan: euskal sofa, euskal bizikleta, euskal hotz

22 “Hala ere, egia da adibideotan euskal-ek ia-ia izenondo ‘jentilizioen’ (frantses, ingeles, italiano/italiar…) balioa hartzen duela. Baina euskaraz euskal, erdal ez dira izenondo lokabeak, euskara, erdara izenek hitz elkarketan (eta eratorketan) hartzen dituzten formak baino”. Azkarate (1990: 315). Hala ere, elkartu guztien atzean euskara balego bezala interpretatzen ditu.

23 Oroi honetaz gramatikan (EGLU-lab: 117) esana: “… ohartuko gara gauza bat dela ―zerbait baldin bada behintzat― sozialista alderdia (=sozialisten alderdia) eta bestea alderdi sozialista (izena + adjektibo dugularik oraingoan). (…) Arrazoi berberagatik, *ekonomiko arazoak (adjektibo + izen) gaitzetsi dugun arren, ondokook zuzenak dira, hauetan bi izen elkartu (izen + izen) besterik ez baitugu: ekonomi arazoak…”.

24 Bosquek (1999: § 1.2.3.4) izen “meronimiko” deitzen die hauei, hau da, unitate handiago baten zatia adierazten duten beso, adar, oin, buru, alde, ertz edo adar bezalakoei; eta “Zati-elkarteetan” ikusiko ditugun pixka bezalako mugakizunei, berriz, “zedarri-izenak” (acotadores). Azkenok cuantificativo-tzat dauzka beste izen-mota batzuekin batean, hala nola ‘neurria’ adierazten duten kilo bezalako izenekin eta ‘taldea, multzoa’ adierazten duten mordo bezalako izenekin batera. Nolanahi dela ere, egia da batzuetan bi izen-mota hauen artean muga ezartzea ez dela erraza edo era batera nahiz bestera darabiltzagula: izpi meronimikotzat hartzen bide dugu argi-izpiez ari garenean, baina zedarri-izena bide da zalantza-izpiez edo dihardugunean.

25 Beste aditz egokiagorik ezean, Azkaratek (1990) darabilen hau erabiliko dugu zeinahi gisatako gertaera, jarduera, ekintza… gauzatzea adierazteko.

26 Bistan da izen-motak berebiziko garrantzia duela, atzera ere: horko bataio edo agiri gertaera / ekintza izentzat hartzen ditugun... Bataio horrela hartzekotan, ‘ariketa’ erlazioan aipatu beharko litzateke.

27 Egia esan, argumentu-egituraduntzat aditzak, preposizioak eta adjektibo batzuk besterik ez dira aipatzen, Azkaratek (2002: 91) jasotzen duen bezala. Alabaina, galdetzekoa da izaera predikatiboa duten hiztegi-sarrerek edo preposizioen pareko gure postposizioek ere ez ote duten argumentu-egiturarik. Ikuspegi honen alde egiten du Artiagoitiak (2011) ere “osagarria hautatzen duten izenak” bereizten dituenean eta “osagarriak hiztegian zehazteko Egia esan, argumentu-egituraduntzat aditzak, preposizioak eta adjektibo batzuk besterik ez dira aipatzen, Azkaratek (2002: 91) jasotzen duen bezala. Alabaina, galdetzekoa da izaera predikatiboa duten hiztegi-sarrerek edo preposizioen pareko gure postposizioek ere ez ote duten argumentu-egiturarik. Ikuspegi honen alde egiten du Artiagoitiak (2011) ere “osagarria hautatzen duten izenak” bereizten dituenean eta “osagarriak hiztegian zehazteko gaitasuna bigarren ezaugarri honekin [hots, izaera predikatiboarekin] lotzen da ezbairik gabe, eta esan dezakegu honetan antzekoak direla, edo izan daitezkeela, izenak eta aditzak”, dioenean. Bi multzo bereizten ditu osagarriak hartzen dituzten izenen artean: erlaziozko izen arruntak eta aditzetik eratorritako izenak. Eta lehen motaren barnean, beste bost sail egiten ditu: a) izen abstraktuak; b) irudi izenak (argazki, erretratu, irudi, edo poema); c) erlaziozkoak diren beste izen konkretu batzuk (arerio, etsai, jabe, lagun, nagusi, zale); d) senidetasun izenak, eta e) kokapen izenak (aitzin/gibel, aurre/atze, azpi/gain).

28 EGLU-lab. lanaren araberako terminologia darabilgu.

29 Antzeko zerbait pentsa al daiteke afari, bazkari… mugakizunak dituztenez? Hau da, horrenbesteko aldea ote dago bildots-afari-ren eta erabat “ekintza elkarte sintetikotzat” jo genuen zikiro-jate-ren artean? Berriz ere, izen-moten eta hauen ezaugarrien azterketa xehearen premia aldarrikatu beharrean gara.

30 Hil mugatzailea duten hitzok ezinbestean izen moduan (“hilen herria”, “hilen hobia”…) ulertu behar ditugu; alegia, bestetan gerta daitekeen aditzoinaren eta izenaren arteko aukerarik hemen ez dago, Jarleku motaren araberako irakurketa zaila (ezinezkoa?) da eta: *“hiltzeko herria, hobia”, edo *“herrian, hobian hil”… "http://www.euskaltzaindia.net/dok/iker_jagon_tegiak/11582.pdf#page=65"(Ik. H-E/3: 85-86 / 65-66).

31 Etxezulo, amazulo eta gisakoen zulo bestelakoa da, adjektiboak eratzen ditu. Kalezulo, etxezulo etab. ere bereziak dira: itxura guztien arabera, hor zulo ez da elkartuaren mugakizuna, kalezuloa ez da ‘zuloa’, ‘kalea’ baizik eta bestetik, ñabardura semantikoak besterik ez bide dizkio eransten ezkerreko osagaiari, dela gutxiespenekoa, dela adierazkortasuna, atzizki handigile-txikigileek egiten duten gisara.

32 Hainbat gramatika, hiztegi eta ikerlanetan (HE/1, HE/3, HE/4 lanetan, Hiztegi Batuan, EGLU-lab.-ean, Ibon Sarasolaren hiztegietan…), izenondo terminoa erabili izan da eta erabiltzen da izenaren eskuinean kokalekua duen adjektiboa izendatzeko. Ez dute, baina, ikertzaile guztiek egoki ikusten kategoria izendatzeko izenondo erabiltzea (ik. Artiagoitia (2002), Sareko Euskal Gramatikan “Adjektiboa, izenondoa, izenlaguna”). Guk hemen kategoria izendatzeko adjektibo erabiliko dugu eta izenondo terminoari eutsiko diogu adjektiboaren kokalekuaz ari garenean batik bat.

33 Arbola, landare, zuhaitz mugakizunak dituztenak sumpsumtiboetan ere aipatuko ditugu. (§ II.6), Euskaltzaindiak eginiko sailkapenari jarraiki (H-E/4: 11.2.3). Baina, dagokion atalean esango dugun bezala, bi osagaien artean hiponimia erlazioaz bestelakoa izateak zilegi egiten du sagar eta arbola edo porru eta landare izenen artean bestelako erlazio semantikoak atzematea.

34 “Maiz entzuten dira gure artean hileta-hotsak; badirudi udazkeneko hotzikara sentitzen dugula gorputzean” (HE27, 304).

35 Corpusean ez zegoen Koldo Mitxelenaren txoro-fabrika bitxia da alde horretatik, mugatzailea biziduna baita:

“Zinema amets-fabrika izan daiteke, norbaitek deitu zuenez, baina ez du horrek esan nahi, nik uste, txoro-fabrika izan behar duenik nahitaez”. (Mitxelena 1957: 172).

36 Lan mugakizunaz eratuak “Sumpsumtive” motan aztertuko ditugu. (§ II.6).

37 Hau benetako ‘airea’ da, ez ‘antza’. Bestelakoaz “Konparazio- eta irizpen-elkarteak” atalean ariko gara. (§ II.5).

38 Honenbestez ez dugu esan nahi erlazioa beti bi hauetako bat denik. Esate baterako, San Joan eguna, Gabon gaua aposiziotzat joko genituzke.

39 Herri mugatzailea dutenek ‘iturburua’ edo ‘egilea’ aditzeko moduak ere onartzen dituzte: “herriagandik agindua, araudia… etorri”, “herriak egin agindua, araudia…”; nola ulertzen den delako herriaren eginkizuna.

40 Txakur, zakur mugakizuna dutenak “Sumpsumtive” motakoetan ere aipatu beharko ditugu (§ II.6).

41 Bide mugakizuna duten gehienak ere modu berean hartuko ditugu (§ II.7.2.2).

42 Ez dakigu “aditzetik eratorritako izenak” izendatzeko izenki terminoa egokiena den, kontuan hartuta Euskal Gramatika laburrean, esate baterako, beste hizkuntza-zer batzuk izendatzeko erabiltzen dela. Aditz-izen ere erabili izan da, baina hau ere ez da guztiz zehatza. Beste hizkuntzetako nominalizazioa da hemen tarteko; aditzetik eratorritako ‘ekintza / ondorioa’ adierako izenak, alegia.

43 Galdera honi erantzuteko saioa da hemen oinarri hartu dugun Azkarate; Olarte (1991) lana.

44 Eratorbideari buruzko lanean poliki aztertzekoak lirateke atzizki hauen arteko aldeak eta berezitasunak. Nolanahi dela ere, atzizki berak adiera edo ñabardura bat baino gehiago izan dezakeela gogoan hartuz, zehatz dezagun hemen ‘ekintza’ hartzen ari garela.

45 Ekintza-elkarte sintetikoen ispilu modukotzat har daiteke.

46 Gizon, mutil, neska mugakizunak dituztenak § II.7.2.5 atalean ere ikusiko ditugu.

 

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper