NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

Zurbao

Manuel Olaizola “Uztapide” (Zestoa, Gipuzkoa 1909 - Oiartzun, Gipuzkoa, 1983)

Manuel Olaizola “Uztapide” bertsolariak bere eskola-garaiak dakartza gogora Lengo egunak gogoan oroitzapen-liburuan. Mendi-auzoetan bizi ziren ume askok bezala, umetan baserri-eskoletan ikasi zuen. Bere maistra hiru hilabetetik hiru hilabetera aldatzen zen etxez, eta umeak haren atzetik ibili behar, baserriz baserri. Hala ere aurrerapenak egin zituen: “Irakurtzen ere ikasi genuen frenorik gabeko automobilak bezala; ez puntu eta ez koma. Dena segidan”. Arazorik handiena, eskolako liburuak erdaraz izaten zirela: “Guk txinoa izanda bezalaxe konprenitzen genituen”.

Hamahiru urterekin, Zurbaora (Araba) bidali zuten erdara ikastera. Baserrietako guraso askok bidaltzen zituzten semeak Errioxara, Burgosera edo Arabara, soldaduskara joandakoan erdaraz ez jakiteagatik arazorik ez izateko.

Testu-mota: Memoriak

Garaia: XX. mendea

Argitalpen-urtea: 1975

Atala: Literatura

1. Manuel Olaizola “Uztapide”.
Egilea: Antonio Valverde “Ayalde” (1915-1970).


Horretan gaudela, gurasoek, eskolan-eta erdaraz ere pixka bat gehiago ikasi beharko zela-eta, hamahiru urte nituelarik, Bitoria ondoko herri batera bidali gintuzten nire anaia bat eta biok, Zurbaora, udan lana egitekotan eta neguan eskolan. Uda luze samarra zen, baina pasa egin behar. Han zerbait gehiago ikasi genuen.

Sekula inora atera gabeak ginen gu, Zurbaora joan ginenean. Arroara eta Zestoara bestetara ez ginen joan. Handik ateratzen hasiz gero, begiak argi izaten genituen guk.

Trenean ere sekula ez ginen sartu, eta hura ere nobedadea. Baina sartu ginen, behintzat, aita eta bi anaiok, eta ez zen hitzik entzuten; elkarri begiratu eta isilik. Arroan sartu ginen trenean eta Elgoibar aldean edo horrela lehenengo hizketan hasi ginenerako. Konfiantzan sartu ginen gero eta handik aurrera hor nonbait.

Eskoriatza alde horretan hasten da trena jo alde batera eta jo bestera, eta ez dugula aurrera egingo.

Halako batean Gatzagaraino joan gara, eta han, berriz, elurra. Ez zen orduantxe ere udaberria oso ona. Ama Birjina Martxoko eguna zen eta elurra mardul egiten zuen. Dena zuritu zuen.

Bitoria aldeko ordeka haietara azaldu ginenean, zuri-zuri dena berdin zegoen. Guk behin ere ez genuen halako ordeka-sailik ikusi eta:

–Ikusten al dituk zer ordeka-sailak dauden hemen? –esaten nion nire anaiari.

Eta:

–Bai, motel! Ikusgarriak dituk, ba! Ez nian uste honelakorik ikusi behar genuenik!

–Ez nik ere, motel! Hemen lan-toki ederrak izango dizkiagu behintzat!

Hartan goazela, Bitorira ailegatu gara. Han bazkaria egin genuen, eta pixka bat ikusi genuen Bitoria. Eta handik Zurbaora joan ginen.

Hurrengo eguna igandea zen. Aitak han pasa zuen egun hura, eta arratsaldeko trenean alde egin zuen. Guk begiak ederki busti, aitak alde egin zuenean.

Hango alkatearen etxean egon ginen. Alkateak andrea euskalduna zuen. Lehenengo bi egunak hantxe pasa genituen, eta, aitak alde egin zuenean, morroi-tokira joan ginen.

Anaiak alkatearen semearen etxean zuen gero ere morroi-tokia, eta nik beste etxe batean.

Alkatearen etxean gaudela, erdaraz ikasten hasi ginen: «¡Ya lo creo!», eta «¡Qué barbaridad!» eta horrelakoak. Belarriak zain egoten ziren han.

Zurbao herri polita zen. Han berriz ere juntatzen ginen jaietan-eta anaiarekin, eta berehalaxe ohitu ginen.

Lehen esan dugun bezala, ordeka ederrak ziren. Etxeak banaka. Hemen bezala, ez zen tokirik harrapatu ezinda inor ibiltzen han.

Erdaraz, berriz, ez genekien hitzik hara ailegatu ginenean. Joan berria nintzen artean eta joan ginen, ba, langa bat jartzera nagusia eta biok, eta ez dakit propio-edo; behintzat, palankarik ez genuen eraman, eta nagusi horrek esan zidan:

iVete a casa y que te den la barra de hierro!

Ni orduan bai zintzo joan nintzela etxera. Berrogeita hamar aldiz esango nuen nik bidean, eta etxean, berriz, nagusiaren arreba atera zen atarira eta:

iQue te den la barra de hierro!

Barre pixka bat egin zuen, baina nik nagusiak esandakoa egin nuen behintzat. Ez zuten burlarik egiten. Gu okerragoak igual izango ginateke. Saiatu egiten ziren erakusten.

OLAIZOLA, Manuel “Uztapide” (1975). Lengo egunak gogoan. Auspoa Liburutegia. (55-58).

Ikus hau ere

ESNAL, Pello (2007). Olaizola, Manuel “Uztapide”. Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Irudiak

1. Euskera aldizkaria XXVIII (2. aldia), Euskaltzaindia, 1983.

2. Argia.eus.

Siège social

  • B
  • BISCAYE
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBAO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Centre de recherche

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 SAINT SÉBASTIEN
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Represéntations

  • A
  • ALABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 VITORIA-GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GUIPUSKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 SAINT SÉBASTIEN
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAVARRE
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 PAMPELUNE
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

L'association

  • P
  • PAYS BASQUE NORD
  • Château Neuf
    15, place Paul Bert
    64 100 Bayonne
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper