NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

'Marten' hegaldia

Enekoitz Telleria Sarriegi

Testu-mota: Artikulua

Garaia: XX. mendea (1960-1963)

Argitalpen-urtea: 2023

Atala: Historia

1. “Lehen neska ezkongai migratzaileak heldu dira Espainiatik”.
The Good Neighbour (1960-04-1), 2. or. Albistea, hemen.


Berria, 2023ko otsailak 8

Francoren erregimenak, Eliza katolikoarekin batera eta Australiako gobernuarekin tratua eginda, ehunka euskal emakumezko bidali zituen Australiara 1960ko hamarkadan. Han lan eginaraztea eta aurretik hara bidalitako gizonezkoekin ezkonaraztea zen bidaia haien benetako helburua. Marta Plana deitu zioten, eta El avión de las novias dokumentalean jaso dute.

2. “Migratzaileak neska eske”. The (Sydney) Sun-Herald (1960-02-14), 23. or. National Library of Australia. Albistea, hemen.

«Australiako medikuak etorri ziren. Ikusi nahi zuten sano geundela». «Biluzarazi gintuzten. Hori zen okerrena. Dena begiratzen zuten: ziurtatu nahi zuten ez zeneukala ezer apurtuta, ez zeundela haurdun...». «Etxeko lanak egiteko kontratu bat geneukan, bi urterakoa. Baina badirudi hori aitzakia bat zela, gobernuaren asmoa zela Australiako populazioa handitzea. Mutilek bazekiten elizara joaten ginela, eta hara joaten ziren autoan, neska ezkongabe eta espainiar baten bila...». Martak agertzen dira hizketan El avión de las novias dokumentalean. Plan baten parte ziren, eta haietako gehienek ez zekiten, eta orain jakin dute. Francoren erregimenak, Eliza katolikoaren laguntzaz eta Australiako gobernuarekin tratua eginda, 700 emakumezko baino gehiago eraman zituen Australiara 1960 eta 1963 artean —euskal herritarrak ziren horietatik asko—. Marta Plana jarri zioten izena, eta aurretik hara bidalitako gizonezkoekin ezkonaraztea zen helburua —azukre kanabera moztera joandakoak ziren gizon gehienak—.

Jakinaren gainean joan ziren emakume batzuk, eta aurretik Australiara joandako senargaiarekin ezkondu ziren han. «Beste askok, ordea, ez zekiten plan horren parte zirenik ere. Hasi dira orain argazkiak-eta ikusten, eta orduan konturatzen dira: 'Noski, horregatik etorri nintzen ni neskaz betetako hegazkin batean... Izan ere, niri parrokian galdetu zidaten ea Australiara joan nahi nuen, eta nik baietz esan nien'. Orain jakin dute», azaldu du Natalia Ortiz Zeberiok, Hegoaldeko Gales Berriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaile donostiarrak. 28 urte daramatza Australian, eta immigrazioari buruzko bere tesia prestatzen ari zela egin zuen topo Marta Planarekin: «Gizonezkoek egindako bidaiei buruz bazegoen lan bat eginda, dokumentazioa eta datuak zeudelako, baina emakumezkoei buruz ez zegoen ezer».

Eta ikertzen hasi zen, eta ikerlanaren emaitza dira dokumentala —Javier Castro zuzendariarekin batera egin duena— eta bidean datorren liburua. Ez da lan erraza izan. Elizak ez zien hegaldietan joandakoen izenik eman nahi izan, ezta Australiako gobernuak ere. Hegaldien kopuruaren eta dataren berri baino ez zieten eman: hamahiru hegaldi izan ziren guztira, 1960tik 1963ra; eta hegaldietan iritsi zirenen kopurua: 700 inguru. Hortik aurrerakoa dena izan da ikerketa eta dena elkarrizketa: 120 testigantza inguru.

Ortizek laburbildu du funtzionatzeko era: «Elizak errekrutatzen zituen. Haiek egiten zuten propaganda. Emakume oso elizkoiak eta katolikoak eraman nahi zituzten, eta parrokien bidez, publikazio erlijiosoen bidez konbentzitzen zituzten». Bi urterako lan kontratu bat sinatzen zuten, Australiako familietan etxeko lanak egiteko printzipioz, eta bi urteren ostean bueltatu egingo zirela agintzen zieten. Madrilera eramaten zituzten lehenengo, eta Alcobendasko komentu batean «prestatu»: Acción Católicako emakumezkoek erakusten zieten sukaldaritza, ingeles apur bat, portaera, eta «balio kristauak». Martek gogoratzen dute denak «elkarrekin» egoten zirela, denak «gustura», dena zela «berritasuna» haientzat. «Baina iritsi Australiara, eta banandu egiten zituzten: bata Sydneyko punta batera, eta bestea bestera. Ez zituzten behartzen, baina egoeraz baliatzen ziren. Behartu, ez zituen inork behartu: egoerak behartu zituen, bakardadeak... Herri txikietatik zetozen, ez zuten bertako hizkuntza hitz egiten, ez zuten ezer ulertzen».

3. Natalia Ortizen bilduma. SBS.

Non ezagutzen zuten orduan elkar? Gaztelaniaz emandako eliza eta sermoietan. Eta elizak berak ondorenerako antolatzen zizkien dantzaldietan. Gogoan ditu Ortizek bi testigantza: «Kontatu zidan emakume batek nola esan zion gizonari: 'Bakarrik zaude? Ni ere bai. Ezkonduko gara?'. Beste batek: 'Bera ez zegoen gustura; ni oso triste nengoen; eta galdetu zidan: 'Ezkonduko gara?'. Eta ezkondu egin ginen'». Ortizek dio «babestuta sentitzeko modu bat» zela emakumezko haientzat ezkontzea: «Aurrera egiteko eta egoera hartatik irteteko. Askori agindu zieten Australian dirua zuhaitzetatik irteten zela, dirutza irabaziko zutela, bi urteren buruan itzuliko zirela... eta iristean konturatzen ziren ez zela inolaz ere horrela».

'Marta' izena, zergatik?

Erregimen frankistak eta Australiako gobernuak lortutako akordio baten emaitza izan zen Marta Plana. Baina lehen akordioa gizonezkoen eskulanari buruzkoa izan zen: Kanguru Plana. Gizonezko haiei ere —euskal herritar asko tartean— bi urterako zihoazela esaten zieten, eta bi urteren ostean itzultzeko aukera izango zutela. Itsasontzian joan ziren, 1956 eta 1959 artean. Eskulan ona eta merkea nahi zuten; gizon indartsuak. «Baina haietako asko hasi ziren aberriratzeko eskatzen, oso bakarrik sentitzen zirela esaten... Suizidioren bat ere egon zen. Hor sortu zen emakumezkoak eramateko ideia», azaldu du Ortizek. Ez dago kopuruari eta halakoei buruzko akordiorik idatzita. «Zegoen akordio bakarra zen 35 urtez azpiko emakumezkoak izan behar zutela, ezkongabeak —inork ez zien galdetu amak ziren eta haietako batzuk ama ezkongabeak ziren— eta katolikoak».

Eta planaren izenak ere badu bere azalpena: «Konnotazio erlijiosoa dauka». Marta Betaniakoa Bibliako pertsonaia bat da: Lazaroren arreba eta Maria Betaniakoaren ahizpa, eta Lukasen eta Joanen ebanjelioetan agertzen da. Jesusekin joan zen Kalbarioraino. «Maria zen intelektuala eta Jesusen hizketaldiak entzuten zituena, eta Marta zen garbitu, jaso eta etxeko lanak egiten zituena. The Handmaid's Tale telesaileko emakume zerbitzariei ere horrela deitzen zaie: Marthas».

Ortiz ikerlariak argi utzi nahi izan du 700 esperientzia horietan denetarik egon zela: senargaiarengana zihoazenak, ahalordez ezkontzera zihoazenak, eta benetan zertara zihoazen ez zekitenak. Eta azken horiek zirela gehienak, uste zutelako bi urterako zihoazela lanera, eta itzuli egingo zirela gero. «Ezin da esan denak engainatu zituztela, eta egia da asko kanabera-moztaileekin ezkondu zirela, baina beste asko artzainekin, igeltseroekin edo basomutilekin ezkondu ziren».

Kontua da Francoren erregimenaren helburua zela espainiarrak espainiarrekin ezkontzea, eta Australiako gobernuarena, kanpotik zetozenak australiarrekin ez nahastea. «Oso arrazista izan da Australiako gizartea», zehaztu du Ortizek. Horregatik dio historia hau kontatu nahi izan duela, bi herrialdeetako jendeak jakin dezan: «Ezin dugu galtzen utzi. Ez alde batetik, eta ez bestetik. Australiak garai hartan ez zeukan harreman diplomatikorik Espainiarekin, baina sinatu zuen tratatu bat diktadura batekin eskulana bertara eramateko. Hori kontatu egin behar da. Hezkuntzarako gida moduko bat egin dugu, eta Australiako institutuetan eta unibertsitateetan ere sustatuko eta banatuko dugu, iraganari esker ikasteko».

Emakume ikusezinak

Ikertzen jarraitzen du Ortizek, eta testigantza gehiago ari da jasotzen. Pandemia sartu zen tartean ikerketa betean, eta Australiatik irten ezinda egon zen ia bi urtez: «Pentsatu nuen: emakumezko hauek hiltzen badira, haiekin batera hilko da haien historia». Eta hil dira haietako asko, eta seme-alaben eta ingurukoen bidez ari da Ortiz materiala jasotzen —urrian entregatuko du liburuaren lehen zirriborroa—. «Emakumezkoen istorioak historian presente egotea nahi dut, zeren erabat isilarazita gaude: badirudi ez garela existitu. Emakume horiek Australiara joan eta haurrik izan ez balute, Australiako komunitate espainiarra ez litzateke existituko».

1960ko martxoaren 10ean iritsi zen lehen hegaldia Australiara, eta martxoaren 3rako ekitaldi bat antolatu dute Espainiako Gobernuak, Cervantes Institutuak eta Australiako enbaxadak. Dokumentala emango dute, eta Marta izan zirenek eta haien senitartekoek elkar ikusteko modua egin.

4. “Expertly Domestic”, The Good Neighbour (1961-09-01), 4-5 or. National Library of Australia. Albistea, hemen.

Siège social

  • B
  • BISCAYE
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBAO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Centre de recherche

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 SAINT SÉBASTIEN
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Represéntations

  • A
  • ALABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 VITORIA-GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GUIPUSKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 SAINT SÉBASTIEN
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAVARRE
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 PAMPELUNE
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

L'association

  • P
  • PAYS BASQUE NORD
  • Château Neuf
    15, place Paul Bert
    64 100 Bayonne
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper