Jon Casenave Baionan (Lapurdi) jaio ondotik, Lehuntzen handitu zen, Aturri ibaiaren ibarrean eta Baionatik gertu. 1983tik eta orain arte, Heletan (Nafarroa Beherea) bizi da.
Lehen liburua, Zutaz amoroski (1978), Koldo Izagirrek argitaratu zion, Ustela sailean. Poeta gazte baten lehen emaitza zen: 21 urte besterik ez zituen. Bateratsu agertu zen, sail berean, Azkenean dilindan (1978), Mattin Larzabalekin batera ondua. Bazirudien idazle izatera osorik deliberatua zen gazte baten aurrean ginela, baina aieru hori ez zen bete: 1981ean Itsu-mandoka testu laburren bilduma argitaratu ondoren, 1984an bere lanik osoena eta aipatuena agertu zen, Ordu alferren segida, Euskaltzaindiaren urte horretako Azkue saria jaso zuen olerki-liburua. Hortik aurrera ez du beste literatura lanik argitaratu, eta honela azaldu zuen berak erabaki hori: «Beti aritu naiz poesia idazten, baina argitaratzeari utzi nion beti berdina idazten nenbilela iruditzen baitzitzaidan» (Argia, 1996-03-24). Ez da osorik egia, Peio Çabalette musikariaren bi musika-lanen testuak ondu zituelako, hurrenez hurren Bidaia kantata (1993) eta Ilargi xendera opera (1997), baina gertakari bakanak dira.
Izan ere, literaturarekiko zaletasuna inoiz apaldu ez bazaio ere, une batetik aurrera sorkuntzara baino literaturaren historia eta kritikagintzara bideratu du oldarra eta, horretan, guztiz bat egin du bere lanbide-garapenarekin. Horrela, Frantses Letrak ikasi zituen Bordeleko Unibertsitatean (gaur egun Michel de Montaigne du izena, orduan Bordele III). Hortik aurrera Frantziako hezkuntza sisteman irakasle izateko beharrezkoak diren konkurtsoak pasatu zituen (CAPES eta Agregazioa), beti frantses letretan. Doktoregoa erdietsi zuen 1997an Michel de Montaigne Unibertsitatean eta 2001etik aurrera, irakasle izan da unibertsitate berean eta Baionako fakultatean. Hain zuzen ere Baionako Euskal Ikasketak saila izan da haren ibilbide akademikoaren lantoki nagusia: maila guztietan aritu izan da irakasle Lizentzian eta Masterrean, tesiak zuzendu edo epaimahaietan kide eta buru izan arte, baina literaturaren barrutitik sobera aldendu gabe beti. Irakaskuntzaz gain, kargu administratiboak ere izan ditu, besteak beste: euskarazko CAPES delakoaren mahaiburu (2005-2008, 2018-2022), Agregazioaren epaimahaiaren antolatzaile eta buruorde (2018-2022), unibertsitate-saileko zuzendari (2013-2015, 2018-2023) edo Euskal ikasketak masterraren zuzendari (2018-2022). Ez dira horiek bete dituen postu eta langintza guztiak, baina haren ibilbidearen soslai orokor bat izateko baliagarri izan daitezke. 2023an hartu zuen erretiroa eta, gaur egun, irakasle emeritua da.
Euskal ikasle gazteei irakaskuntzarako eta ikerketarako aukerak zabaltzeaz gain, euskal literaturaren historiaz hausnartzea izan da haren kezka intelektual nagusia. Tesia Jean Etxepare (1877-1935) mirikuari eskaini zion, euskal letren printze handi bat tamalez urte askotan behar bezalako arreta jaso izan ez duena, bereziki Hegoaldean, mila arrazoi bitarte; Casenaveren tesiak horretaz dihardu, eta erreibindikazio horretan bakarrik ibili ez bada ere (Xarritton, Altonaga...), dudarik gabe literaturaren esparruan berea da ikerketa akademiko osoena, beste askoren interesei oinarri eder bat eskaintzen diena. Hortik abiatuta, Iparraldeko hainbat autore ikertu izan ditu (Duvoisin, Lhande, Etxahun-Barkoxe, Loti ...) eta, banakako lan horiez gain, kezka berezia izan du gure literaturaren historia oso bat egituratzeko baldintzez eta ezaugarriez hausnartzeaz. Azken ildo horretan haren lan nagusia bi edizio izan duen liburua da: Euskal literaturaren historiaren historia: Gurea nola konda? (2012, 2021).
Euskaltzaindiari dagokionez, Hiztegigintza batzordeko kide (1987-1989) eta Literatura Ikerketako batzordekide izan da (1993-2017). 2003an euskaltzain urgazle hautatu zuten.
Hainbat aldizkaritan idatzi izan du artikulu akademikoak: Bulletin Francis Jammes, Bulletin du Musée Basque, Cahiers de Pierre Loti, Euskera, Hegats, Maiatz, Lapurdum, Lengas, Revue du Centre d’Etudes médiévales et dialectales de L’Université de Lille eta abar.
Lapurdum aldizkariak omenezko zenbaki berezia eskaini dio haren jubilazioaren karietara: 24.a (2023), bi tomotan banatua (I-II).
Sorkuntzazkoak
1978 Zutaz amoroski (Ustela)
1978 Azkenean dilindan [Mattin Larzabalekin batera] (Ustela)
1981 Itsu-mandoka: kontu xume, joko krudel (Hordago)
1985 Ordu alferren segida (Elkar)
1993 Bidaia [Peio Çabaletteren kantata baten testua][argitaragabea]
1995 Ilargi xendera [Peio Çabaletteren opera baten testua][argitaragabea]
Ikerketak eta edizioak
1991 Nature et vie rurale dans "Laborantzako liburua": la figure du paysan [argitaragabea]
1997 De l'article de presse à l'essai litteraire: "Buruchkak" (1910) de Jean Etchepare [tesia]
2002 De l'article de presse à l'essai littéraire:" Buruchkak" (1910) de Jean Etchepare (UNED)
2008 Yolanda: eta beste euskarazko idazlanak / Pierre Lhande [argit.] (Euskaltzaindia)
2012 Euskal literaturaren historiaren historia: gurea nola konda? (Utriusque Vasconiae)
2021 Euskal literaturaren historiaren historia: Gurea nola konda? (Euskaltzaindia)