Bilboko Liburu Azokak 2016ko Urrezko Luma Andres Urrutiari emango dio. Euskaltzainburuak berriki aurkeztu du Blas de Oteroren Historias fingidas y verdaderas lanaren euskarazko itzulpena, Istorioak, alegiazkoak nahiz egiazkoak izenarekin. Hain zuzen ere, Bilboko poeta omenduko du aurtengo Azokak, bere jaiotzaren mendeurrenean.
Anjel Lertxundi idazle eta euskaltzain urgazleak Atea-Laboral Kutxa saria jaso du gaur, ekainaren 2an, Bilboko Liburu Azokaren inaugurazio ekitaldian. Manuel Rivas idazle galiziarrari ere eman diote saria. Ekitaldian Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Jose Ramón Taranco Laboral Kutxaren Komunikazio zuzendaria, Asier Muniategi azoken koordinatzailea eta Toti Martinez de Lezea idazlea izan dira.
Euskaltzaindia parte hartzen ari da gaur zabaldu den Bilboko Liburu Azokan. Akademiak saltokia jarri du eta urte osoan argitaratutako liburuak salgai ditu. Ekainaren 2tik 12ra bitartean Areatzan izango da.
Lutxi ospitalean izeneko ipuina aurkeztu zen atzo, maiatzaren 31n, Iruñeko Planetarioan. Nafarroako Gobernuko Osasunbideak eta Hezkuntza Departamentuak sortutako "Merezi du" (Merece la pena) egitasmoak egindako argitalpena da eta "osasunean hezteko ipuina" da. Gaztelaniaz eta euskaraz argitara eman da. Euskarazko itzulpena Andres Iñigo Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariak egin du.