
- Hiru lan aurkeztu dira deialdi honetan, eta epaimahaiak horietako bi hautatu ditu, hain zuzen, Odei Guiradoren Babes-sistema, haurrak eta eguneroko mintzamoldea. Harreman-mundu bat euskaratik eta euskaraz harilkatzeko ikerketa aplikatua, eta Fernando Oiartzunen Leitzako hitanoa: corpusa osatzeko eta erabilera berpizteko saiakera.
- Ikertzaile bakoitzak 3.000 euro gordin jasoko ditu, eta 2026ko otsailaren 27ra bitarteko epea izango du lana ondu eta aurkezteko.
Irakurri gehiago: Odei Guirado eta Fernando Oiartzunen ikerketa-lan monografikoak saritu ditu Mintzolak Iruzkin berria idatzi

- Orotariko Euskal Hiztegiaren eguneratze berri honetan, hiru testutako adibideak sartu dira nagusiki: W. Websterrek Lapurdin bilduriko ipuinetako adibideak eta I. Bergara eta J.R. Minondo goizuetarren gutunetako adibideak (1800. urte inguruko burdinoletako lexikoa jasotzen duten gutunak).
- Ekainaren 14an, Lekeitio 700 egitasmoaren barruan, herriko Eusebio Erkiaga Kultur Etxeko Azkue aretoa bete egin zen Andres Urrutia euskaltzainburuaren hitzaldia entzuteko: Azkue lekeitiarra, Euskaltzaindiaren hauspoa.
- Alegiazko elkarrizketa baten bidez eman zuen Urrutiak berbaldia. Elkarrizketa, frankismoaren garai latzetan kokatuta dago, euskararen errepresiopean, 1951. urtean.
- R.M. Azkuek eta Nazario Oleaga kazetariak Bilbotik Donostiara egin zuten bidaia bat aitzakiatzat hartu zuen Urrutiak lekeitiar maisuaren izaera, gogoak eta esfortzuak azaltzeko. Bidaian zehar, Oleagak galderak egiten dizkio Azkueri eta Azkuek zuzen erantzuten dio. Iñaki Goioganak egin zuen Oleaga kazetariaren papera eta Andres Urrutiak narratzailearena eta Azkuerena.

- Lotuta eta letra xehez idaztekoak dira horrelako jai-izenak.
- Iñaki Sarriugarte filologo, euskaltzale eta ohorezko euskaltzaina hil da gaur, Binke! aldizkariak jakinarazi duenez. Bilbon (Bizkaia) jaio zen Sarriugarte, 1953ko abuztuaren 29an. Euskal Filologian lizentziaduna (Deustuko Unibertsitatea) Irakaskuntza Ertainetako eta IRALE programako irakaslea izan zen urte luzez. Gainera, bertsolaritzaren eta literaturaren sustatzaile porrokatua izan da Sarriugarte. Bere merituak gogoan hartuz, Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen 2024ko maiatzaren 31n.
- Iñaki Sarriugarteren zenbait idazlan: Poema argitaragabeak: [III. t.] Izadiminez / Bitoriano Gandiaga [argit.] (2005); Marijaren illa: 1850 / Jose Antonio Uriarte Adaro [argit. elkarlanean] (2012); Jel-azia / Jule Gabilondo [argit.] (2023).
- Hileta-elizkizuna asteazkenean izango da, 19:00etan, Galdakaoko Santa Maria elizan.
















