- Aurelia Arkotxa euskaltzain osoa omendu dute gaur VI. Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokan, baina berak Ipar Euskal Herriko euskalgintzan jarduten dutenei eskaini die saria: «Saria nik jaso dut, baina Euskal Herri osoko euskalgintza zoriondu nahi nuke, Argia, Baltsa Elkartea, Azoka hau antolatzen duzuenok... Inurriak bezala, isilean eta urtez urte lan egiten duten guztiei eskaintzen diet sari hau, miresgarria baita egiten duzuen lana».
- Iaz egin zuen bezala, Euskaltzaindiak erakusleihoa jarri du Ziburun, azken hilabeteetan argitaratu diren liburuak erakusteko. Tartean, Joseba Sarrionandiak paratutako Txomin Peillen Karrikaburu. Saiakera hautatua, Jean Baptiste Coyosen Junes Casenave-Harigile. Zortzi pastoral berri (II) eta Martin Ducqen Erroma eta Jerusalem bidaia-kontakizunaren edizio kritikoa, Jabier Kaltzakortak ondua.
- Guztira 43 argitaletxe, diskoetxe eta autoekoizle batu dira Ziburun, iaz baino lau gehiago, antolatzaileek esan duten bezala.
Iruzkin berria idatzi
- Arabako Foru Aldundiak eta Euskaltzaindiak sustatutako proiektuak Araban euskara biziberritzeko XX. mendeko 60. eta 70. hamarkadetatik gaur egun arte egin den bidea aztertu nahi izan du.
- Batetik, 12 lagunei eginiko sei elkarrizketa grabatu dira; bestetik, euskarak Araban izan duen bilakaeraren lanketa estatistiko bat egin da. Hori dena HEMEN ikus daiteke.
- Emakume batek argitaratu zuen euskarazko lehen liburua aukeratu dute Bilbo Zaharra euskaltegikoek Klasikoen Irakurketa etenik gabearen XVIII. ediziorako. Nerea Ibarzabal markinar idazle eta bertsolariak abiatu du saioa, Bizenta Mogelen Ipui onac itzulpenaren zati bat irakurriz. Andres Urrutia euskaltzainburuak, Adolfo Arejita euskaltzain osoak eta Erramun Osa Euskaltzaindiaren idazkariordeak ere parte hartu dute egitasmoan; guztira, 400 lagunek irakurriko dute Ipui onac.
- Esopo greziar idazlearen 50 alegia eta Joan Antonio Mogel idazle eta Bizentaren osabaren beste zortzi biltzen ditu Ipui onac lanak; 1804an argitaratu zen liburua.
(Argazkian: Andres Urrutia euskaltzainburua; Nerea Ibarzabal idazle eta bertsolaria eta Eider Inunciaga Bilboko zinegotzia)
- Bihar 50 urte beteko dira Gabriel Aresti idazle eta euskaltzain urgazlea hil zela. Urteurrenaren kariaz, egitarau oparoa antolatu du Euskaltzaindiak haren hirian, xx. mendeko euskal idazle berritzaileenetako bat izan zen hura omentzeko eta beronen ekarria goresteko.
- Euskaltzaindiak Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU), Gabriel Aresti Kultura Elkartearekin eta Bilboko Koralarekin elkarlanean prestatu du egitaraua, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, EiTBren eta BBKren babesa duelarik.
- Bilboko Liburu Azokak Urrezko Luma eman dio gaur Jabier Kaltzakorta ikerlari eta euskaltzain osoari. Adolfo Arejita euskaltzain osoak aletu ditu Kaltzakortaren merituak, eta adierazi du ikerlari fin eta fidagarria dela markinarra, herri literaturaren tradizioa ondo baino hobeto ezagutzen duena. «Joan Antonio Mogel, Juan Jose Mogel, Bizenta Mogel, Astarloa anaiak, Fray Bartolomé... Tradizio horretako kate-begi modernoa da Jabier Kaltzakorta», gaineratu du Arejitak.