Pello Salaburu euskaltzain osoak 75 urte bete zituen uztailaren 3an, eta, ondorioz, emeritu bilakatu da. Hala agintzen dute Euskaltzaindiaren barne-arauek. Orain, Salabururen ordezkoa aukeratzeko epea ireki da. Euskaltzain osoek irailean eta urrian aurkeztu ditzakete Salabururen lekua betetzeko proposamenak, eta azaroko osoko bilkuran egingo da hautaketa, hain zuzen, Bilboko Euskal Museoan egingo den bilkuran. Jakina denez, euskaltzain oso izateko proposamena hiru euskaltzain osok izenpetu behar dute. Proposamenaz batera, hautagaiaren merezimenduak aipatu behar dira xeheki.
Gogoratu behar da euskaltzain emerituek euskaltzain osoen eskubide guztiak gordetzen dituztela, baina ez dute erakunde-arduraren betebeharrik. Emerituek osoko bilkuretan nahiz batzordeetakoetan parte hartzeko eskubidea dute, ahots eta botoarekin. Era berean, erakundearen karguetarako hautagai eta hautesle izan daitezke, baina ahala ezin diote inori eman.
Pello Salaburu Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Euskal Filologiako katedraduna da. Soziologia eta Zientzia Politikoetan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean 1978an. Ondoren filologia eta hizkuntzalaritza ikasketak egin zituen unibertsitate berean, eta hizkuntzalaritzako ikasketak Estatu Batuetako zenbait unibertsitatetan: New Mexiko, Cornell, MIT. Doktore titulua Euskal Herriko Unibertsitatean eskuratu zuen 1983an, Koldo Mitxelenaren zuzendaritzapean Baztango euskalkiaz egindako tesiarekin.
1983an Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle izendatua izan zen lehiaketa bidez. Leioako Informazio Zientzien Fakultatean eta Gasteizko Letren Fakultatean izan da irakasle. Euskal Filologiako sailburu izan zen (1988-1991) eta 1990etik Euskal Filologiako katedradun da. EHUko euskara errektoreorde (1992-1996) eta errektore (1996-2000) ere izana da. Erretiroa hartu arte, EHUko Euskara Institutuko zuzendaria izana da. Euskaltzaindiaren Gramatika batzordeko presidentea izana da urteetan. Batzorde horrek landu zuen EGLU bilduma (1985-2011, 9 ale). Liburuki horien bilduma berridatzi eta laburtua agertu zen 2021ean, hain zuzen, gaur gaurkoz erreferentziazkoa den Euskararen Gramatika.
Euskararen inguruko hainbeste lan argitaratu ditu zenbait hizkuntzatan: liburuak, artikuluak, hizkuntza corpusak, eta abar. Baditu beste gai batzuetako saiakerak ere euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, eta ehunka iritzi artikulu egunkari eta aldizkarietan.

















