Eusko Legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur Gasteizen. Bakartxo Tejeria legebiltzarburuak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak izenpetu dute akordioa, urteetako egonkortasunari eutsiz. 2011ko maiatzaren 4an sinatu zen erakunde bien arteko lehen lankidetza-hitzarmena; hitzarmen horrek bi urteko indarraldia izan zuen eta, harrezkero, ondoz ondoko epealdietan luzatuz joan da. Elkarrenganako konfiantzan oinarrituta dago akordioa, eta, nola ez, bakoitzaren ardura publikoen elkarrekiko aitorpenean eta euskararen normalizazioari gizarte- eta erakunde-bizitzako esparru guztietan laguntzeko borondate partekatuan.
Honela, bi alderdiek egokitzat jo dute lankidetza-esparru berri bat eratzea, dagoen lankidetzari jarraipena emateko eta lan-tresnak eguneratzeko eta jarduketa jakin batzuk zehaztasun juridiko handiagoz antolatzeko; bereziki, Eusko Legebiltzarraren testu-materialak XXI. mendeko Euskararen Erreferentzia Corpusean (EEC) txertatzeari dagozkionak. Hortaz, Eusko Legebiltzarrak bere erakunde-jardueran sortu edo itzulitako testu-material jakin batzuk Euskaltzaindiaren eskura jarri ahal izango ditu, XXI. mendeko Euskararen Erreferentzia Corpusean txertatzeko eta corpus horrekin zuzenean lotutako hizkuntza-azterlanak egiteko xedez. Hain zuzen, Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean (EHAA) behin betiko eta modu ofizialean argitaratu diren eta finkatuta dauden testu-materialak eta itzulpenak jasoko ditu Akademiak bere corpusa aberasteko.
Bere aldetik, Euskaltzaindiak, material hau guztia erabiliko du Euskararen Erreferentzia Corpusaren barruan indexatzeko, analisi estatistikoa egiteko eta tratamendu lexikografikoa egiteko, horren zuzendaritza zientifiko zorrotzaren pean.
Baina, zer da Euskararen Erreferentzia Corpusa (EEC)? Euskararen Erreferentzia Corpusa euskararen adierazpen eta erabilera mota desberdinak biltzen dituen corpus sinkronikoa da. Corpus hori ahalik eta orekatuena izateko eratzen da, lurraldeen, egileen, jatorrien eta erabilera-eremuen ikuspegitik. Euskaltzaindiak, besteak beste, hizkuntza-araugintzaren bilakaera aztertzeko, premia berriak antzemateko eta Euskaltzaindiaren Hiztegia aberasteko erabiltzen du. Halaber, haren xedea da Euskaltzaindiaren ahozko nahiz idatzizko edukiak jasotzen dituzten datu-baseak aberastea. Euskaltzaindiaren datu-baseek hainbat hedabidek, argitaletxek eta erakundek euskaraz sortutako ahozko nahiz idatzizko edukiak jasotzen dituzte, eta eduki horiek corpusaren oinarria osatzen dute.
Euskaltzaindiak 2025eko martxoaren 31n aurkeztu zuen jendaurrean. «Corpus orekatua, irekia eta kolektiboa» dela esan zuen Andres Urrutia euskaltzainburuak agerpenean, Euskal Herriko 70 bat erakunde pribatu eta publikoren materialak jasotzen baititu.
Ikastaroak, argitalpenak, erakusketak…
Testuen lagapenaz gainera, 2026an, ondoko arloetan bultzatuko dute elkarlana bi erakundeek:
- Euskararen ofizialtasunaren errealitatea gizarteratzeko bidean, Frantziako edo Espainiako estatuetan euskararen ofizialtasunak izan dituen aldaketei zein euskal lurraldeetan euskararen ofizialtasunak izan dituen eguneratzeei zein moldaketei buruzko azalpen-txostena prestatu eta zabalduko da.
- Eusko Legebiltzarreko kideen prestakuntza areagotzeko bidean, 2026. urtean Euskaltzaindiak bi ikastaro emango ditu.
- Beste erakunde batzuekin lankidetzan, 2026an Etxeparerekin edo euskararen ezagutza, hedapena eta sustapena bultzatzeko beste gai batzuekin lotutako musika-emanaldi edo kultura-jarduera bat antolatuko da.
- Beste erakunde batzuekin lankidetzan, Frantziako eta Espainiako mugaz bi aldeetan dauden hizkuntza txikien errealitatea ikusarazteko asmoz, 2026ko udazkenean, Pirinioetako hizkuntzak erakusketa antolatuko da.
Akordioak jasotzen dituen bestelako jarduera eta konpromisoak:
- Euskaltzaindiak emandako arauak, irizpideak eta gomendioak Eusko Legebiltzarraren esparruan hedatu eta aintzat hartu ahal izango dira.
- Bi alderdiek, adostasun osoz, prestakuntza-jarduerak, jardunaldiak, mintegiak, dibulgazio-ekintzak, hizkuntza-hobekuntzako proiektuak, ezagutza-trukeak, legebiltzarkideen eta langileen hizkuntza-prestakuntza areagotzea helburu duten beste ekimen batzuk sustatu ahalko dituzte.
- Argitalpenen arloan, elkarlana bultzatuko da, eta baterako argitalpenak sustatuko dira, euskarazko terminologia juridikoaren arloan nahiz lan dibulgatiboen arloan.
- Euskaltzaindiak eta Eusko Legebiltzarrak lankidetzan jardun ahal izango dute arlo instituzional eta juridiko-parlamentarioetan euskararen erabilerarekin lotutako hizkuntza-baliabideak, terminologia-irizpideak, kontsulta-materialak eta laguntza-tresnak identifikatzen, egiten, berrikusten eta eguneratzen.
- Euskaltzaindiak, Eusko Legebiltzarrak hala eskatzen duenean, aholkularitza tekniko eta kontsultiboa eman ahal izango dio hizkuntzaren, terminologiaren edo hizkuntza-legediaren arloan.
















