Norbert Tauer ohorezko euskaltzainaren dokumentu-bilduma ikusgai Euskaltzaindiaren webgunean
- Euskaltzaindiak erabiltzaileen esku jarri ditu Norbert Tauer (Pilsen, 1898-Praga, 1983) euskalari txekiarraren dokumentuak. Hemen kontsulta daitezke.
- Norbert Tauer funtsak hiru atal ditu:
- GUTUNERIA: gutunak eta oro har Tauerrekin zerikusia duen korrespondentzia.
- PRENTSA-LANAK: euskal kulturari buruzko prentsa-ebakin zein -testuak.
- BESTELAKO MATERIALA: euskal munduarekin lotutako osterantzeko idazlan eta dokumentuak. - XX. mende hasierako Txekoslovakiak (egun Txekiako Errepublika eta Eslovakiako Errepublika) Madrilen zuen enbaxadan lan egin zuen Norbert Tauerrek, merkataritza-arloko arduradun, hamar bat urtean (1927-1939). Haren medioz, Euskal Herria ezagutu zuen: gure lurrak eta hizkuntzak liluraturik geratu omen zen. Pragan bizi zelarik, batik bat, hamarkada luzez, euskal kultura mintzagai zuten prentsa-berri eta -artikuluak biltzeaz gain, gutun-harreman handia izan zuen orduko euskal eragile askorekin, euskaraz, gehien-gehienean. Euzko Deya, Karmel, Egan, Gernika... aldizkarietarako ere hainbat artikulu idatzi zuen. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1954an, eta ohorezko 1973an.
Idatzi iruzkina
















