Euskaltzaindiak, Mintzola proiektuaren bidez, euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko hiru ikerketa-lan saritzeko deialdia argitaratu zuen martxoan. Ikertzaile gaztea edo hasiberria doktorego-tesiraino eramango duen ibilbidean, aurreko erabakiak eta urratsak ere garrantzitsuak dira, eta deialdi honen helburuak dira: batetik, bide horretan laguntzea; bestetik, berriz, unibertsitateko edozein jakintza-alorretatik abiatuta, euskaraz egiten den ahozko jarduna ikergai gisa sustatzea.
Bi egitasmo aurkeztu dira deialdi honetan, eta proposamenak irakurri eta aztertu ondoren, zehaztutako ebaluazio-irizpideak aintzat hartuta, epaimahaiak erabaki du ondorengo lana saritzea: Unibertsitateko irakasleen ahozko jardunaren inplikazio pedagogikoak euskararen erabileran: hizkera formala, ahozkotasun hurbila eta hizkuntzen arteko alternantzia Euskal Herriko Unibertsitatean (Odei Guirado Irasuegi, Alaitz Santos, Peio Manterola eta Karin Van der Worp).

















