Irailekoak poesia-jaialdia Itsasura (Lapurdi) itzuliko da aurten, bigarrenez. Euskaltzaindiak 2023an antolatu zuen poesia-jaialdiaren estreinako edizioa, Lekeition; bigarrena Itsasun antolatu zuen, eta hirugarren aldia, 2025ekoa, Lekeition izan zen berriz. Aurten, Lapurdiko herrira itzuliko da, hain zuzen, irailaren 26an eta 27an. Akademiak Itsasuko Herriko Etxearen babesarekin eta Euskal kultur erakundearen partaidetzarekin antolatu du aurtengo hitzordua.
Honela, Euskararen Akademiak, literaturari dion atxikimendua adierazte aldera, poesiari eskainitako laugarren asteburua antolatzea deliberatu du, hastapeneko helburuei eutsiz. Aurrekoetan bezala, Euskal Herri osoarentzat antolatuko da Irailekoak, poesiak bere toki-denborak izan ditzan gure artean. Era berean, Euskal Herrian antolatzen diren orotariko literatura jardunaldien egutegia osatu nahi du jaialdiak; horretarako, Euskal Herriko olerkarien eta beste bazter batzuetako poeten lanak hauspotu eta aztertuko dira jaialdiaren aurtengo edizioan.
Egitasmoak euskal poeten lana gizarteratzea du xede, dela hitzaldien edo irakurraldien eskutik, dela errezitaldien bidez. Halaber, beste bazter batzuetako poetek ere hartuko dute parte. Poesiarekin batera, beste kultura-adierazpide batzuk uztartuko dira, hala nola musika eta artelanak. Egitarauaren zehaztasunak irailean emango ditu Euskaltzaindiak.
Jarduera gehigarriak
Itsasun poesiari presentzia handiagoa emateko, garai eta geografia askotako egileen bertso-lerroz jantziko dira herriko erakusleihoak udaldian. Tartean, Forugh Farrokhzad, Anne Sexton, José Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Raymond Carver, Angel Erro, Castillo Suárez, Itxaro Borda, Jon Gerediaga edo Alejandra Pizarnik-en bertsoak erakutsiko dira.
Gainera, eta iraileko egun horietan egindakoaren lekukotza jasotzeko, Iraileko paperak aldizkaria plazaratuko da, oroigarri intelektual-poetiko gisa. Jaialdian parte hartuko duten olerkari eta ikusleen artean banatuko da aldizkaria.

















