Euskaltzaindiak eta BBK Fundazioak 2025eko Resurrección Maria Azkue Literatura sariak banatu dituzte gaur Euskaltzaindiaren egoitzan. Sariak emateko ekitaldian, Jabier Kaltzakorta eta Patxi Zubizarreta epaimahaikideekin batera izan dira Erramun Osa Akademiaren idazkariordea eta Miren Agur Meabe Euskaltzaindiaren idazkaria.
Miren Agur Meabek hauspoa eman nahi izan die idazle gazteei bere sarrerako berbaldian. Irabazleak, irakasleak eta epaimahaikoen lana goraipatu ostean, literaturaren onurak aletu ditu, berak bizi izandakoak: literatura sare bat dela esan du, mundu konplexu honetan gugan eragina duten errealitateak harrapatzen saiatzen dena; zubi bat ere badela azpimarratu du, «beste aldean norbait topatzeko esperantzan eraikitzen dugun zubi bat»; «linterna» dela ere aipatu du, «gure pentsamenduen labirintoan erabat ilunpean ez geratzeko oratzen duguna»; utopietan aldez edo moldez partida jokatzeko aukera ematen digun tiketa ere badela aitortu du Lekeitioko euskaltzainak; memoriaren artxibategia, «ezen gure idazkietan gure bizitza jasotzen dugu»; eta, azkenik, ispilua dela adierazi du, erradiografia, kaleidoskopioa… Beste gauza asko ere bada literatura, baina Miren Agur Meabek gogorarazi die idazle bakoitzak mamitu behar duela bere definizio propioa. Ondoren, aurrerantzean jorratu beharreko bidea erakutsi die idazle gazteei: liburu onak irakurri, idatzi eta idatzi, autokritikoak izan, eta ez etsi inoiz. Hortxe eskarmentu handiko idazle baten aholkuak.
Akademiak eta BBK-k 1991tik antolatzen dituzten sari hauek idazle gazteak literatura mundura erakartzea dute helburu nagusi. Bi genero saritzen dira Azkue sarietan: narrazioa eta poesia. Genero bakoitzak bi maila ditu: A maila (10 eta 13 urte bitarteko gazteentzat) eta B maila (14 eta 17 urte bitartekoentzat).
Urtero bezala, aurten ere literatura eremuko pertsona adituek osatu dituzte epaimahaiak, Euskaltzaindiak izendatutakoak. Hauexek izan dira aurtengo epaimahaikideak:
- A mailan: Igone Etxebarria, Jabier Kaltzakorta eta Manu López Gaseni.
- B mailan: Castillo Suárez, Patxi Zubizarreta eta Garbiñe Ubeda.
A MAILAKO sariak
Narrazioaren alorra:
- Lehen saria: Egunerokoa (Alatz Nazabal / Haurtzaro ikastola, Oiartzun, Gipuzkoa).
Epaileen iritzia: Istripu baten inguruko istorio hunkigarria kontatu ahala, bigarren bat tartekatzen da, aldi ezberdinetako gertaerak lotu. Gertaera hutsa baino gehiago, emozioak azaltzen ditu. Gertaera bi elkartzean, gainera, narrazioa biribildu egiten da.
- Bigarren saria: Erantzuna jasotzeko esperantza (Irati Zabalo / Haurtzaro ikastola, Oiartzun, Gipuzkoa).
Epaileen iritzia: Gerra giroko testuinguruabera ja gutun bidez adierazten da, neba-arreba biren harreman epistolarraren bidez. Bertan esperantzari atexka bat zabaltzen diote.
- Hirugarren saria: Ez zara bera bezalakoa (Malen Vallejo / Haurtzaro ikastola, Oiartzun, Gipuzkoa).
Epaileen iritzia: Protagonistak jazarpena jaso izan du, baina hori ez da arrazoi bera jazarle izateko. Izan ere, bera jazarri zuenak istripu larria izan du ondorio oso larriekin, eta hari laguntza eskaintzen dio. Bigarren pertsonan kontatua.
Olerkiaren alorra:
- Lehen saria: Pasillotik isiltasuna (María Aguirre / Armentia ikastola, Gasteiz, Araba).
Epaileen iritzia: Identitateari buruzko gai intimo bat garatzen du ahapaldi laburretan. Estrofarik estrofa tentsioa handitzen doa, anafora eta paralelismo sintaktikoa lagun. Amaieran argitzen da tentsio horren eragilea zein den.
- Bigarren saria: Zer da zuretzat laguntasuna? (Noa Zabalegi / Haurtzaro ikastola, Oiartzun, Gipuzkoa).
Epaileen iritzia: Galdera horri erantzuten doa, laguntasunaren gorazarrea eginez. Zer den esaten du, errepika eta errima baliatuz. Amaieran, ostera, hitzetatik ekintzara igarotzeko gonbita egiten du.
- Hirugarren saria: Irribarrea (Izar Urretagoiena / Oianguren BHI, Ordizia, Gipuzkoa).
Epaileen iritzia: Balizko maiteari zuzendutako poema. Irribarrea eskaintzen dio hari, orain gozatzeko eta urruntzen denean gogoan izateko.
B MAILAko sariak:
Narrazioaren alorra:
- Lehen saria: Kartoizko oheak (Maddi Lakasta / Biurdana BHI, Iruñea, Nafarroa).
Epaileen iritzia: Estetika etikarekin lotuz, tunela paisaia gisa hartu du egileak, baina ez goaz trenez edo autoz, oinez edo bizikletaz baizik, patxadatsuago, eta horra hor ikusi nahi ez dugun pertsona bat: «Umeak gosaritan jan gabeko platanoa esku batean izaten du, eta ama bestean, eta kartoizko ohera ez begiratzeko esaten dio hark, arintzeko pausua». Baina protagonista gazte konprometituak gutxienez irribarre prefabrikatu bat eskainiko dio gizarte kanpoeder honek ezikusia egiten dion etxegabeari.
- Bigarren saria: Amaitzearen hori (Kattin Madariaga / Toki Ona BHI, Bera, Nafarroa).
Epaileen iritzia: Aldaketa, transformazioa, krisalidatik atera eta munduan heldu gisa tokia hartzea, horra hor narrazioak kontatzen duena. Eta oinarri hori harilkatuz, besteren begirada eta epaia, norbere buruaren onarpena, institutuko urteak, heriotza, dolua, autonomia eta beste zenbait gai ekartzen ditu hizpidera egileak. Gauzak ongi esplikatzeko tartea hartzen du horretarako, eta ederki idatzita dago.
- Hirugarren saria: Isiltasunaren pisua (Alaa El Ablaoui / Miguel de Unamuno BHI, Gasteiz, Araba).
Epaileen iritzia: Lan honetan asko esaten da espresuki idatzita ez badago ere. Izan ere, protagonistak isilean darama bere arrangura, baina erabat oharkabean pasatzen zaie ingurukoei. Geure buruari sufritzeko baimena ematen ez diogun garai baten isla krudela.
Olerkiaren alorra:
- Lehen saria: Wendigo (Araitz Martinez / Oianguren BHI, Ordizia, Gipuzkoa).
Epaileen iritzia: Izenburutik beretik, amodioa halako kanibalismo beharrizan batekin lotzen duen poema dugu, gorputzezkoa, gorputzarena guztiz; alde horretatik, zentzumen guztiak biltzen ditu, haragiaren irrika guztiak pizten; halako idealismo abstraktutik urrun, estilokeriarik gabe, zuzenean egiten digu gorputza gorputzarekin elkartzearen aldarria.
- Bigarren saria: Haizea (Liher Larrea / Haurtzaro ikastola, Oiartzun, Gipuzkoa).
Epaileen iritzia: Inguratzen gaituen elementu bat hartuz, bere aldarte kontrolaezinen berri ematen du poeta nerabeak. Ezinbesteko makulutzat dauka Haizea, beti mugimenduan eta amaiezin, eta beti alboan, ifrentzua eskainiz. Haizearen bidez askatasunaz mintzo da, eta itxituratik ateratzeko aukeraz.
- Hirugarren saria: Zuen islak nigan (Amaia Sarasola / Beasain BHI, Beasain, Gipuzkoa).
Epaileen iritzia: Poema sorta hau helduleku bat da egilearendako, idazten ari den bitartean bere burua eraikitzen ari delako. Hitzak baliatzen ditu galderak egiteko zein bere baitan dauden erantzunak emateko. Autoerretratu zintzoa da, mingarria eta indargarria aldi berean, hauskorra eta irmoa. Bizitzea, finean, kontraesanak kudeatzean datza.
Idazle, kazetari eta bertsolariak irabazleen artean
Resurrección María Azkue saria, berez, 1975ean sortu zuen Bilbao Aurrezki Kutxak eleberri, olerki eta saio modalitateetan, eta 1990 arte iraun zuen. Urte haietan, ez zen gaztetxoentzako saria izan, helduentzakoa baizik, eta gaur egun oso ezagunak ditugun hainbat idazle eta ikertzailek jaso zuten saria. Beste horrenbeste gertatu da 1991tik aurrera antolatutako sariekin ere; egun ezagunak diren Alaine Agirre, Arkaitz Estiballes, Nagore Amondarain, Irati Goikoetxea, Maialen Zubeldia, Nerea Ibarzabal, Uxue Alberdi edo Urtzi Urrutikoetxea idazle, bertsolari eta kazetariek eskuratu izan dute saria.
Azkue Sarietara aurkeztutako lanen kopurua (2009-2025)
2009 (219) / 2010 (217) / 2011 (157) / 2012 (167) / 2013 (173) / 2014 (75) / 2015 (88)
2016 (175) / 2017 (151) / 2018 (135) / 2019 (568) / 2020 (353) / 2021(526) / 2022 (463) / 2023 (374) / 2024 (574) / 2025 (412)
















