Euskorpora agentzia 2025ean eman zen ezagutzera, eta euskara merkatu digitalean indartzeko eta bermatzeko «herri-aliantza estrategikoa» izan nahi du. Eusko Jaurlaritzaren gidaritzapean, erakunde, enpresa, unibertsitate eta ikerguneak batzen ditu elkarteak, helburu garbi batekin: euskarak mundu mailan lehiatzeko behar duen hizkuntza-azpiegitura eraiki. Gaur gaurkoz, Vicomtech enpresa da Euskorporaren buru, eta Euskaltzaindiari dagokio agentziaren buruordetza.
Honela, Euskorporak Euskorpora Summit 2026: Europako testuingurutik tokiko eraginera jardunaldia antolatu du. Bihar izango da mintegia, EITBren egoitzan (Bilbo, Bizkaia), eta parte-hartzaileen artean izango dira Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Iker sailburua eta Andres Urrutia euskaltzainburua.
Bi bloke nagusi
Egitaraua bi bloke nagusitan banatuko da:
- Europako ikuspegia: politikak, estrategiak, lege-esparrua, merkatua eta enpresa eta herrialdeen kasuak.
- Tokiko ekosistema: gaitasunak, beharrak eta euskarari lotutako aplikazio errealak.
Ekitaldia adimen artifizialaren eta hizkuntza-teknologien arloko profesionalei, erakundeetako arduradunei, enpresei, ikertzaileei eta ekosistemako eragileei zuzenduta dago, eta aurkezpenak ingelesez, euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira (saio osoan zehar hiru hizkuntzen arteko aldibereko interpretazioa eskainiko da).
Egitaraua
09:10-09:20 / Irekiera instituzionala (Eusko Jaurlaritza)
09:20-09:40
AA eta hizkuntza-teknologien ikuspegiak Europako testuinguruan (Georg Rehm, Alemaniako Adimen Artifizialaren Ikerketa Zentroko (DFKI) ikertzaile nagusia eta research fellow)
09:45-10:05
Datuen kudeaketa eta gobernantzari buruzko ikuspegi juridikoa (Khalid Choukri, ELDAko CEOa eta ELRAko idazkari nagusia, hizkuntza-teknologietarako baliabideetan espezializatua).
EUROPA BLOKEA – Kasuak (10:35-11:45)
- Europako enpresak (Andrejs Vasiljevs, Tildeko CEOa).
- Europako herrialdeak: Herrialde txikiak AAren aroan (Krister Lindén -Helsinkiko Unibertsitateko Humanitate Digitalen Saileko ikerketa zuzendaria- eta Steinþór Steingrímsson -Islandiako Árni Magnússon Institutuko ikerketa irakasle laguntzailea-).
EUSKADI BLOKEA – Tokiko ekosistema (11:45-13:30)
- Leire Barañano (Euskorpora, zuzendari nagusia, Eusko Jaurlaritza); Andres Urrutia (euskaltzainburua) eta Miriam Urkia (Euskaltzaindiaren Iker sailburua eta Gipuzkoako ordezkaria); Jon Telletxea (EITBko Data, AA eta Berrikuntza zuzendaria); Iñaki Gorostidi (Logikalineko zuzendari nagusia); Mikel Echebarria (AA eta eraldaketa digitalean aditua).

















