Ostegunean, ekainak 11 dituela, abiatuko dira aurtengo Udako Euskal Unibertsitatearen Udako Ikastaroak, hain zuzen, UEUk eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatutako jardunaldi batekin. Horrela, Akademiaren egoitzak hartuko du estreinaldia. Sarrera-ekitaldia 09:30ean izango da, Aitor Bengoetxea UEUko zuzendariaren eta Andres Urrutia euskaltzainburuaren eskutik. Ostean, Andres Urrutiak berbaldia emango du (Euskararen itzal akademikoa: ustetik ekintzetara).
Euskararen eta unibertsitatearen arteko erlazioan aurrerapen handiak egin diren arren, azken urteetan desbideraketa batzuk gertatu direla ikusi du UEUk. Inguma datu-baseari buruz iaz egindako ikerketak erakutsi du euskarazko produkzio zientifikoa gainbeheran doala, eta UEUko arduradunen arabera, gainbehera horren arrazoia garbia da: euskarak ez dauka maila akademikoan izan beharko lukeen balioa.
Kezka horrek hainbat galdera piztu ditu UEUren baitan: Zein da euskarak unibertsitatean duen balioa? Zer egin daiteke egoera hori hobetzeko? Nola konektatu dezakegu eztabaida hau euskararen biziberritzearen pizkunde-garaiarekin?
Jardunaldi honetan UEUk eta Euskaltzaindiak gai hori landu eta gizarteratu nahi dute, argi baitago euskarak bere unibertsitatearen premia handia duela.
Hitzaldiak
Andres Urrutia euskaltzainburuaren mintzaldiarekin hasiko da jardunaldia. Urrutiak euskararen itzal akademikoa lortzeko zeintzuk alor indartu behar diren azalduko du. Bere iritziz, hauek dira indartu beharreko arloak:
- Euskaltzaindiak babestu eta lantzen duen arlo linguistikoa (estandarizazioa eta corpus planninga)
- Arlo juridiko-administratiboa (gaur egungo ebaluazio-agentzien jardunean ikusten dena)
- Arlo soziala eta demolinguistikoa (gizartearen baldintza horiek ere nahitaezkoak baitira itzala lortzeko)
- Azkenik, UEUren eta Euskaltzaindiaren zereginak aztertu eta ondorioak aterako ditu. Batez ere, UEUren eta Akademiaren arteko elkarlana nolakoa den azalduko du, etorkizuneko zereginak eta erronkak irudikatuz.
Hona hemen mintegiko beste hitzaldi eta mahai-inguruak:
- Euskara unibertsitatean (Aitor Bengoetxea, UEU)
- Euskara zientzia-hizkuntza al da? Ingumaren 25 urteetako irakaspenak (Amaia Torrealdai, MU)
- Euskararen tokia unibertsitatean: ikerketa, prestigioa eta argitalpen zientifikoa (Nahia Idoiaga, EHU)
- Euskaraz ardaztutako unibertsitate-jarduna: bisioa, egoera, eginbidea mahai-ingurua. Karmele Artetxe (EHU, UEU), Haritz Garmendia (EHU), Xabier Arregi (HiTZ zentroa) eta Eider Goikolea (EHU). Moderatzailea: Jon Mentxakatorre (UEU).
















