Euskaltzaindiak, Mintzola proiektuaren bidez, euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko gradu- eta master-amaierako hamar lan saritzeko deialdia argitaratu zuen 2025eko azaroan.
Ikertzaile gaztea edo hasiberria doktoretza-tesiraino eramango duen ibilbidean, aurreko erabakiak eta urratsak ere garrantzitsuak dira, eta hori aitortzea, eta unibertsitateko edozein jakintza-alorretatik abiatuta, euskaraz egiten den ahozko jarduna ikergai gisa aukeratu izana saritzea da deialdi honen helburua.
Denera, hamar eskaera aurkeztu dira deialdi honetan gradu-amaierako zazpi lanen egitasmoekin eta master-amaierako beste hiru lanen proposamenekin batera. Horietatik bederatzi izan dira sarituak.
Ebaluazio-irizpideak:
- Ikerketaren helburuen egokitzapena Mintzolak zehaztuta dituen iker-lerroetara.
- GRAL/MALen kalitatea: ikerketa-gaia eta helburua ondo zehaztuta egotea. Metodologia egokia izatea eta ondo garatua egotea. Lana argi eta ondo idatzita eta egituratua egotea.
- GRAL/MALen garrantzia eta originaltasuna: lanak jakintzari egindako ekarpena, maila teorikoan zein metodologikoan egindako berrikuntzak. Ikuspegi interesgarria eskaintzea eta etorkizunerako lan ildoak irudikatzea.
Epaimahaiak erabaki du ondoko egitasmoak saritzea:
- Orioko euskararen bilakaera fonologikoaren azterketa (Aidé Elustondo Ferrera).
- Aisialdi antolatuaren eta euskararen erabilera informalaren arteko elkarreragina: kasu- azterketa (Camila Utrera Di Michele).
- Ahoskeraren lekua irakaskuntzan: euskara bigarren hizkuntza gisa helduaroan (Izaro Urreta Elizegi).
- Eskola-inguruneko ahozko interakzioetan euskararen erabilera eta hizkuntza-hautuak: haur hezkuntzako 4 urteko gelako kasu-azterketa (Libe Miner Astaburuaga).
- Dokumentazioa eta deskribapena: Ahotsak.eus eta ikerlanak alderatzen Busturialdeko euskararen kasuan (Martin López Arandia).
- Euskara eta emozioak txirikordatuz: larrialdiko harrera-zentroetan artatutako gazte migratzaileak euskarara hurbiltzeko esku-hartze programa (Saioa Makazaga Urruzola).
- Euskararen ahoskerari eta prosodiari EAEko Bigarren Hezkuntzan ematen (ez) zaion lekua: irakasleen jarduna aztergai (Garazi Irastorza Arza).
- Eremu ez euskaldunak: nola landu ahozkotasuna eskolan? (Maddi Ormazabal Sudupe).
- Hitzetik oholtzara: euskararen erabilera sustatzeko antzerkian oinarrituriko proposamen didaktikoa (Uxue Cárdenas Osés).

















