Euskorpora Berrikuntzaren Euskal Agentzia 2025ean jaio zen, eta enpresak, unibertsitateak, ikerguneak eta instituzioak konektatzea du helburu, euskarak mundu mailan lehiatzeko behar duen hizkuntza-azpiegitura elkarrekin eraikitzeko. Donostian egin zen estreinaldia, eta agentziak Euskorpus ekimena aurkeztu zuen bertan, euskara merkatu digitalean beste hizkuntzen antzeko baldintzetan jartzeko asmoa duen proiektua. Besteak beste, proiektu honekin euskararen corpus digitala bildu, sortu eta modu aktibo eta metodikoan garatu nahi da; era berean, euskararentzako kode irekiko oinarrizko ereduak sustatu nahi dira. Finean, adimen artifizialeko sistemen eta euskararen zerbitzura dauden hizkuntzaren teknologien ahalmen guztia aprobetxatu nahi da.
Euskaltzaindia agentziaren bazkide da hastapenetik. Euskorporaren inaugurazio egunean, Andres Urrutia euskaltzainburuak Adimen Artifizialak (AA) planteatzen dituen erronkei aurre egin behar zaiela adierazi zuen: «Adi-adi dago Akademia ingurune digitalaren esparruan gertatzen ari denaren aldetik. Hizkuntza eta Industriaren arteko sinergiak gero eta beharrezkoagoak dira, eta Euskorpora da horren erakusle nabarmena, euskarari adimen artifizialaren arloan etorkizuna bermatzeko ezinbestekoa».
Ardura horren beste erakusgarri bat da Euskaltzaindiak Vicomtech enpresarekin oraintsu sinatu duen hitzarmena. Bertan jasotzen den legez, zientzia-eremu eta eremu teknikoetan lankidetza areagotzeko konpromisoa hartu dute bi erakundeok, nazioarteko proiektu bateratuetan parte hartzea barne. Gogoratu behar da Vicomtech Euskaltzaindiaren ‘elkarte atxikia’ dela, UZEI eta Elhuyarrez gain.
Jardunaldia ekainaren 11n
Euskorporak goiz osoko jardunaldi mamitsua antolatu du ekainaren 11n, EiTBren egoitzan (Bilbo, Bizkaia): Euskorpora Summit 2026: Europako testuingurutik tokiko eraginera.
Programa bi bloke nagusitan egituratzen da:
- Europako ikuspegia: politikak, estrategiak, marko legala, merkatua eta enpresa eta herrialdeen kasuak
- Tokiko ekosistema: gaitasunak, beharrak eta euskarari lotutako aplikazio errealak
Ekitaldiaren helburua da Euskorpora eremu horien arteko lotura-puntu gisa sendotzea, ezagutzaren transferentzia erraztuz eta euskarazko AAren garapenean benetako eragina sortuz. Ekitaldia adimen artifizialaren eta hizkuntza-teknologien arloko profesionalei, erakundeetako arduradunei, enpresei, ikertzaileei eta ekosistemako eragileei zuzenduta dago.
Parte-hartzea doakoa da, baina izen-ematea beharrezkoa da, HEMEN
















