Idaztean eta hitz egitean, etengabe erabiltzen ditugu zenbakiak. Zenbakiak idazteko, sinboloak erabil daitezke, eta sinbolo horietako bakoitzari zifra edo digitu esaten zaio (0, 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7, 8 eta 9). Zenbakiak idazteko, baina, hitzak ere erabiltzen dira, eta zenbaki bat adierazten duen hitz edo hitz-kate bakoitzari zenbatzaile deritzo (zero, hiru, berrogei, ehun eta hogeita bost, mila…).
Zenbakien bidez, kantitateak eta kopuruak adierazten dira. Era askotako zenbakizko adierazpenak erabiltzen ditugu egunerokoan: neurriak, datak eta denbora‑bitarteak adierazteko, eragiketa matematikoak egiteko, hurrenkerak antolatu eta etiketatzeko, kodeak sortzeko, etab. Zenbakizko adierazpenak era askotakoak dira, eta adierazpen horietarako zenbaki-motak banan‑banan deskribatu eta erabiltzeko irizpide eta gomendioak ematen dira arauan.
Hauek dira arauak aztertzen dituen puntu nagusiak:
- Zenbaki erromatarrak (idazteko arauak eta erabilera)
- Zenbaki arabiarrak (zenbakiak zifraz idaztean zer hartu behar den kontuan)
- Zenbaki kardinalak, ordinalak eta frakzionarioak
- Ehunekoak
- Banatzaileak, biderkatzaileak eta zenbatzaile kolektiboak
- Zenbakiei artikulua eta kasu-markak jartzean kontuan hartu beharrekoak
- Zifrak ala hitzak? Zer erabili zenbakizko adierazpenak idaztean
- Ordua adieraztea
- Data adieraztea, hamarkada adieraztea, mendea eta milurtekoa adieraztea
- Iraupena adieraztea
Zenbaki-mota guztien deskribapen xehea egiten da, eta noiz eta nola erabiltzen diren zehazten, luze eta zabal, adibide ugari erabiliz. 70 orrialde ditu kontsulta‑obrak, eta ehunka adibide.
Zenbakizko adierazpenak Euskara Batuaren Ortotipografia (EBO) egitasmoko seigarren atala da. Haren aurrekoak hauek dira: Laburtzapenak: laburdurak eta siglak (196. araua), Sinboloak (197. araua), Letra‑estiloak (198. araua), Letra larriak eta xeheak (200. araua) eta Ortografia-markak (202. araua).

















