Ekitaldian, Iruñeko Komunikabideak Fundazioak eta Euskaltzaindiak Caparrosoko eta inguruko haurrei aitortu nahi diete azken urteotan ingurune zail horretan euskaraz ikasteko egin duten esfortzua. Familia eta haur horien ahaleginari esker, euskarak galduak zituen lurraldeak berreskuratu ditu, oraindik neurri apal batean bada ere.
Sari-ematearen ondoren, dantza erakustaldia eta haur jostaketak izanen dira, eta, azkenik, 12 minutuko bideoa erakutsiko da, non azalduko den D ereduak hamar urtetan herriko eskolan egindako ibilbidea.
2024an, Mañeruibarko (Mañeru, Zirauki, Artazu eta Girgillao) familiei seme-alabak euskal irakastereduen bidez euskalduntzeko egin izan duten ahalegina aitortu zieten. Aurten, Caparrosoko eta inguruko herrietako haurren txanda izanen da.
Iruñeko Komunikabideak Fundazioak eta Euskaltzaindiak egina duten hitzarmenaren barruan dago kokaturik ekitaldia.

















