Iruñean (Nafarroa) jaio zen Carlos Garaikoetxea Urriza, 1938ko ekainaren 2an. Abokatua eta Zientzia Ekonomikoetan lizentziaduna (Deustuko Unibertsitatea), Euskal Autonomia Erkidegoko Lehendakaria izan zen bost urtez (1980-1985). Besteak beste, gogoratu behar da bere agintaldian onetsi zela EAEko Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko legea (1982). Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen 2021eko azaroaren 26an, eta 2022ko otsailaren 25ean jaso zuen diploma, Andres Iñigo euskaltzain emerituaren eskutik.
Sagrario Aleman Euskaltzaindiko Nafarroako ordezkariak gogoratu duenez, Garaikoetxeak «etxetik zekarren euskaltzaletasuna. Baina familian ez zuen euskararik jaso, eta euskaltegian ikasi zuen». «Garaikoetxeak garbi izan zuen Jaurlaritzaren egitekoa zela euskararen normalizazioa, eta horretarako beharrezkoa zela lege bat egitea. Norbanakoen eta gizarte-eragileen ahaleginak lege-babesa behar zuela, instituzioen inplikazioa. Garai hartan egin zen Euskararen Legea; geroago etorri zen Nafarroakoa, zoritxarrez, askoz eskasagoa». Euskaltzaindiarekin ere beti harreman ona izan zuela esan du Alemanek, Akademiak ohorezko euskaltzain izendatu zuela 2021ean, merezimendu osoz.
Fermin Erbiti euskaltzain urgazle nafarrak ere antzerako hitzak erabili ditu Garaikoetxea deskribatzerakoan, baina Lehendakariak Nafarroako ikastolen alde eginiko lan eskerga nabarmendu du, batez ere: «Garaikoetxea euskaltzale handia izan da. Politikan buru-belarri murgildu aurretik, Nafarroako ikastolak bultzatu zituen. Vianako Printzea erakundeko euskararen aldeko kide, 60ko hamarkadatik aurrera herriz herri ibili zen Jose Mari Satrustegi, Periko Díez de Ulzurrun eta beste euskaltzale batzuekin, ikastolak sortzeko mugimenduari gogor eraginez. Itzal handiko gizona, talde hartako liderra izan zen. San Fermin ikastolako presidentea ere izan zen: Nafarroako ikastolek asko zor diote Garaikoetxeari».
















