Euskaltzaindiak Euskal Literatura Nafarroan izeneko jardunaldiaren bigarren edizioa aurkeztu du gaur Akademiaren Nafarroako ordezkaritzan. Jardunaldi hauek Nafarroako idazle-talde batekin elkarlanean antolatzen dira, Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren babesarekin. Jardunaldiaren helburua ere garbia da: nagusiki, euskal literaturan eta Nafarroan bereziki sortzen diren lanak eta euskaraz idazten duten sortzaileak ezagutaraztea eta hauspotzea. Gaurko agerpenean, Jabier Arakama Euskarabideako zuzendari-kudeatzaileak, Aitziber Campion Iruñeko Euskara, Hezkuntza eta Herritarren Partaidetza Alorreko zinegotzi ordezkariak, Paskual Rekalde Euskaltzaindiaren Jagon sailburuak, eta Castillo Suárez euskaltzain osoak parte hartu dute.
Paskual Rekaldek eskerrak eman dizkie Nafarroako Gobernuari eta Iruñeko Udalari egitasmo honi eman dioten babesagatik, eta Nafarroako erakunde desberdinekin Akademiak sinatuta dituen hitzarmenen pisua nabarmendu du, «horien egitekoen artean bete-betean sartzen baita gaur hemen aurkeztu nahi dugun Euskal Literatura Nafarroan jardunaldia».
Bere aldetik, Aitziber Campionek eskerrak eman dizkio Euskaltzaindiari, «Iruñea euskararen eta euskal kulturaren topagune bihurtzen laguntzeagatik». «Iruñea ez da soilik jardunaldi hauen agertoki, euskararen eta euskal kulturaren bizileku ere bada eta izan nahi du, eta geroz eta gehiago gainera», adierazi du Campionek. Jabier Arakamak azpimarratu du jardunaldiok euskaldunon bilgune ere badirela: «Guk hasieratik ikusi genuen begi onez ekimena, alderdi anitzetatik direlako egokiak horrelakoak euskararentzat, eta euskal kulturarentzat oro har: zabalkuntza, prestigioa, euskararen ezagutza eta erabilera… (…) Gainera, aurtengo gaia, zinemarena, bereziki interesgarria iruditzen zaigu, euskararen ispilu bikain bihurtu zaigulako zinema azken urteotan, eta erakutsi digu zenbait muga, nahiz eta apurtezinak iruditu askotan, gainditu daitezkeela zenbaitetan».
Ondoren, Castillo Suárez euskaltzain osoak aletu du egitaraua. Iazko jardunaldian euskal literaturak Nafarroan duen egoera aztertu bazen, aurtengoan zinemaren eta literaturaren arteko harremana jorratuko da: hain zuzen, zinemak literaturzaletasunean duen eragina, aspaldikoa baita diziplina bien arteko harreman hori, eta azken urteotan areagotu egin da. Azkenik, berriki poesia-lanak argitaratu dituzten Nafarroako zenbait poeta gonbidatu dira, beraien lanak jendaurrean irakur ditzaten.
Kazetari baten galderak xaxatuta, Nafarroako literaturak azken urteotan izan duen gorakadaren arrazoiak ere zirriborratu ditu Altsasuko euskaltzainak: «Ez da izan bat-bateko gorakada, lehenagotik datorren zerbait da, baina orain arte oso ikusezina izan da. Gertatzen ari zen zerbaiten isla da nafar literaturaren gaur egungo gorakada». Baina dena ez da abantea nafar literaturan, eta aje batzuk ere aipatu ditu: «Logikoa denez, oraindik ere oso Iruñerrikoa da nafar literatura, Iruñerrian baitago euskaldun kopururik handiena (…). Gogoratuko dut, halaber, euskarazko nafar liburuak Donostian aurkezten direla gehienetan, baina gero Iruñean ere aurkezten direla. Lehen ez zen hori gertatzen (…). Gaur egun argitaratzea ekonomikoki errazagoa da, horrek ere laguntzen du (…). Generoen orekarena ere interesgarria da: lehen eleberria baitzen estimatuena, baina orain oso orekatua da generoen arteko argitalpenen ehunekoa. Esaterako, 1975etik 2024ra arte 134 nobela eta 97 saiakera argitaratu dira, antzerki-lanak 29 (…). Eta azkenik nabarmendu behar da Nafarroan baditugula argitaletxe inportanteak, Pamiela, Denon artean, Txalaparta… Hori ere aipagarria da».
Honela, bi egun hartuko ditu aurtengo ekimenak, maiatzaren 8a eta 9a, eta Iruñeko Kondestablearen jauregian izanen dira ekitaldiok.
Maiatzaren 8an, Zinema eta literatura solasaldia izanen da, 18:30ean. Bertan, zinemarako egokitu diren literatur lanak, egokitzapen prozesuan gainditu beharreko erronkak eta bestelakoak izango dira hizpide. Horretarako, zinemaren eta literaturaren arloan eskarmentu handia duten lau adituk (Pello Lizarralde, Gaizka Izagirre, Imanol Rayo eta Begoña del Teso) beraien iritziak eta bizipenak partekatuko dituzte, Ariane Kamio kazetariak gidatuta.
Maiatzaren 9an, aldiz, poesia-errezitaldi bat izango dugu, 12:00etan, Poesiagintza berri bat zedarritzen izenburuaren ildoan. Bertan, Uxue Juarez, Hasier Larretxea eta Arantzazu Lizartza nafar poetek beraien poemak irakurriko dituzte. Alicia Erkuden Griffiths Turrillas harpa- jotzaileak girotuko du errezitaldia.
Jardunaldian parte hartuko duten aditu eta sortzaileen profil laburrak:
Pello Lizarralde (Zumarraga, 1956)
Hilargiaren hotzikarak (Ustela, 1978) poema-bildumarekin eman zen ezagutzera Nafarroan errotutako Pello Lizarralde idazle eta itzultzailea. Lan hori da Lizarraldek poesian argitaratutako lan bakarra, ondoren narratiba landu baitu nagusiki. Zazpi eleberri eta bi ipuin liburu kaleratu ditu ordutik. Tartean da Larrepetit (Erein), 2003ko Euskadi Saria eta Espainiako Kritika Saria jaso zituen nobela. Zinemagintzaren beherakada hizpide duen Argiantza (Erein) lanarekin ere 2020an 111 Akademiaren Saria eskuratu zuen eta, 2021ean, Euskadi Saria eskuratu zituen.
Gaizka Izagirre (Donostia, 1984)
GAZTEZULOko zuzendaria eta film eta telesail kritikaria. Zazpi urtetik gorako eskarmentua du Gaztea, ETB, Argia, Euskadi Irratia, Ttap edota Zinea.eus bezalako komunikabideetan. Horrez gain, epaile aritu da ikus-entzunezkoen arloko hainbat lehiaketatan. Donostian antolatzen den Crossover Telesailen Kultura jaialdian ere antolakuntzako laguntzaile, moderatzaile eta parte hartzaile gisa parte hartu aritu izan da.
Imanol Rayo (Arbizu, 1984)
Zinema zuzendaritzako eta idazketa zinematografikoko ikasketak ditu. 2011n, Bernardo Atxagaren eleberrian oinarritutako Bi anai film luzea zuzendu zuen, eta Donostiako Zinemaldian Zinemira saria irabazi zuen. 2019an, Miren Gorrotxategiren 33 ezkil eleberrian oinarritutako Hil Kanpaiak grabatu zuen, 2020ko Zinemaldian, Zuzendari Berriaren saria jasotzeko hautagai izan zen. Horrez gain, 2021ean, film berria aurkeztu zuen, Iñigo izenekoa, Ignazio Loiolakoaren konbertsioan oinarriturikoa.
Begoña del Teso (Donostia, 1955)
Zinema-kritikari eta kazetaria, euskarazko zein gaztelaniazko hedabideetan eskarmentu handia duena. Euskadi Irratian, Diario Vascon, Berrian eta beste hainbat hedabidetan lan egin du. Gainera, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian eta Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko ohiko kolaboratzailea da. 2021ean, Euskal Kazetariak saria eman zioten Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak.
Ariane Kamio (Andoain, 1985)
Kazetaria. Hainbat urtetan kulturan aritu da Gara egunkarian, eta, besteak beste, Zinemaldiari eta Goya sariei buruzko artikuluak egin ditu; beraz, zinemagintzaren kritikak idazten aditua da. Bestalde, urtetan eman du liburu aurkezpenen berri eta hainbat euskal idazleri elkarrizketak egin dizkie. Egun 7k aldizkariko editorea da.
Uxue Juarez (Iruñea, 1981)
Bere obran maiz jorratzen ditu barne-mundua, amatasuna, dolua eta egunerokoaren begirada poetikoa. Etxe bat Husaviken (Balea zuria, 2025) da bere azken lanetako bat. Liburu horretan, suizidioa eta dolua ditu hizpide, bai eta argia eta jolasa ere, itsas azpiko iruditeria erabiliz. Liburu horretako poemak irakurriko ditu.
Hasier Larretxea (Arraioz, 1982)
Bere poesiagintza idazlearen sustraien, gatazka pertsonalen eta familia-memoriaren arteko elkarrizketa etengabea da. Landa-eremuaren eta hiri-ingurunearen arteko zubia eraikitzen du, sarritan muga gai hartuta. Alabaina, mugaren kontzeptua barne-mugen eta belaunaldien arteko arrakalen isla ere bada. Horrez gain, familia-harremanak eta herri-kirolak elementu poetiko bilakatzen ditu. Tradizioaren pisuak eta horrekiko gatazkak edo adiskidetzeak markatzen du bere ahotsa. Guztia urruntzea da (Susa, 2025) liburuko poemak irakurriko ditu.
Arantzazu Lizartza (Leitza, 1987)
Bere poesiagintzak medikuntza, filosofia eta bizipen pertsonalak uztartzen ditu, hizkera zuzen eta sakon baten bidez. Egilea medikua izanik, osasun-sistemaren barruko bizipenak, gorputzaren hausturak, mina eta gizatasuna dira bere olerkien ardatz nagusiak. Bere poesiak hausnarketa existentziala eta egunerokotasun profesionala lotzen ditu, eta irakurleari begirada humanista bat eskaintzen dio. O negatiboa (Pamiela, 2025) liburuko poemak irakurriko ditu.
Alicia Erkuden Griffiths Turrillas (Iruñea, 1985)
Familia musikazale bateko kidea eta Manuel Turrillas Nafarroako herri musikako konpositore handiaren biloba. 13 urterekin harpa jotzen hasi zen eta 2006an Galesera joan zen, Royal Welsh College of Music and Draman harpa-ikasketak egitera. Egun, Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin jo ohi du, eta besteak beste, Lisboako Orquestra Fundación Gulbenkian, London Mahler Orchestra eta Royal Orchestral Society orkestrekin kolaboratu izan du. Erresuma Batuan, Espainian eta Singapurren ere errezitaldiak eman ditu bakarlari gisa. 2011n, John Marson for Harp Studies saria eskuratu zuen.
















