Ikerketa artikuluetan, bi multzo egin daitezke. Lehenean, batetik, Ines Marguerite Azkarateren proposamen didaktiko bat aurkeztu da antzerkiaren bitartez adierazkortasun-baliabideak nola ikasi behar diren azaltzeko; bigarrenik, haur euskaldun elebakarren hizkuntza-jabekuntza aztertu du Garazi Domínguezek, morfema funtzional goiztiarrak deiturikoak eta, azkenik, hizkera akademikoaren oinarrizko trebetasunak definitzeko eta ezaugarriak ulertzeko marko teorikoa erakutsi du Artzai Gasparrek. Bigarren multzoan, berriz, elkarren ondoan dauden bi herritan, Goizuetan eta Leitzan, kokatutako bi lan eta euskal kulturgileei eta euskal idatzizko komunikabideei buruzko lan bat daude. Lehenean, nokaren erabilera ikertu du Oihana Lujanbiok; bigarrenean, Leitzako euskaran ahalera sintetikoa zenbait aditzetan nolakoa den aztertu du Fernando Oiartzunek; eta hirugarrenean, euskal kulturgileek Euskal Herriko idatzizko komunikabide digital batzuetan duten presentzia ikertu dute Libe Mimenzak, Ane Martinezek, Naroa Burresok eta Josu Amezagak.
Oharrak lau dira. Lehenean, Karmelo Etxenagusia ekarri nahi izan da gogora, eta gainerako hiruretan fonetika eta fonologiako gaiak landu dira: Hernaniko euskararen ahoskera aztertu da, hizkera-maila zaindu eta arduragabean ekoitzitako euskarazko bokalen azterketa akustikoa egin da eta, azkenik, Igeldoko euskararen bilakaera fonologikoa erakutsi da.
Azkenik, liburu-aipamenak bi izan dira. Lehenean, ingelesez, hizkuntzaz, politikaz eta lurraldeaz aritu da Andres Urrutia euskaltzainburua eta, bigarrenean, gaztelaniaz, Antzinaroko sustrai indoeuroparreko Arabako eta Nafarroako sartaldeko jende izenak zein izan ziren jakiteko parada ematen da, Luis Mari Zaldua Etxabe euskaltzain urgazlearen eskutik.

















