Bibliako historiak artisten inspirazio-iturri izan dira mendeetan zehar. Hor dauzkagu, edozein museotan, haien protagonistak: Adam eta Eva, Kain eta Abel, David eta Goliat, Samson eta Dalila, Judit eta Holofernes; Moises jaioberria ibai ertzean bere zumitzezko saskian, Sodoma eta Gomorra sutan, Daniel lehoien zuloan sartuta, Lazaro bere hilobitik ateratzen. Brueghelek, Caravaggiok, Leonardo da Vincik eta beste artista handi askok irudikatu dituzte halakoak; gure artean, Jenaro Urrutiak, Adolfo Guiardek edo Vicente Ameztoyk. Artelan horien atzean dauden Bibliako pasarteak jaso ditugu oraingoan Noeren Ontzian, irakasbide izaten jarrai dezaten. Hiru adibide hauek ikustera gonbidatzen zaitugu: “Eginkizun bakoitzak bere garaia”, “Kain eta Abel” eta “Susana eta zaharrak”.
Horretaz gain, Pio Barojaren edo Italo Calvinoren ipuinak, Joan Perez Lazarragaren olerkiak, gaurko gizartearekin lotutako gaiak… Guztira berrogeita hamabost testu berri, beti bezala irakurketa aberasten duten irudi, audio eta bideoekin hornituak.

















