Vicomtech erakundea Euskaltzaindiaren hirugarren ‘elkarte atxikia’ izango da, UZEI eta Elhuyarrez gain. Hizkuntzen trataera eta eremu digitalean hizkuntzen garapen teknologikoan egin duen ekarpenagatik izendatu du Euskaltzaindiak ‘elkarte atxikia’. Honela, Vicomtechek eta Euskaltzaindiak lankidetza indartzeko lau urterako hitzarmena sinatu dute gaur. Hitzarmenaren eskutik, aurrerantzean zientzia-eremu eta eremu teknikoetan lankidetza areagotzeko konpromisoa hartzen dute bi erakundeok, nazioarteko proiektu bateratuetan parte hartzea barne. Hitzarmenaren izenpetze-ekitaldian izan dira Julián Flórez Vicomtech-eko zuzendari nagusia eta Andres Urrutia euskaltzainburua.
Hona hemen bi erakundeon arteko elkarlanerako eremuak:
- Euskaltzaindiak euskararen batasun bidean hartu dituen arau, gomendio zein irizpenen zabalkundea eta gizarteratzea.
- Ingurune digitalean euskararen presentzia bermatzeko beharrezkoak diren baliabide digitalen azterketa, identifikazioa zein garapena.
- Ingurune digitalean, euskararen erabilera jasoa sustatzeko produktuak, egitasmoak, ekimenak eta jarduerak.
- Ikerketa aplikatuko proiektuak egitea interes komuna ageri duten eremuetan.
- Bi alderdiek sustatu ditzaketen edo bi alderdien lankidetza jaso dezaketen kontaktuak, eta sare eta proiektuak identifikatzea.
- Berrikuntza jarduerekin erlazionatutako topaketa, konferentzia, prestakuntza-jarduerak eta zabalkunde lanak antolatzea, ezagutzaren sortzea eta eraldatzea erakunde sinatzaileek konpartitzen dituzten interes komunetan
- Ordezkaritza- eta lan-foroetan, biltzarretan, kongresuetan, eta abar, parte hartzea, maila autonomikoan, estatuan edo nazioartean.
- Elkarri aholkuak ematea bi erakundeek garatutako jarduerekin lotutako gaietan.
- Bi erakundeek beharrezko finantzaketa bilatzea, beren eskumeneko inguruneetan, ikerketara, ezagutzaren eta teknologiaren transferentziara bideratutako ekintzak garatzeko.
- Elkarren interesetarako egokitzat jotzen diren gainerako jarduera guztiak, alderdien gaitasunen eta esparru-akordio honen xede diren jardueren barnean.
















