Euskaltzaindiak Euskararen Biziberritzea Araban (EBA) proiektua aurkeztu zuen atzo jendaurrean. Akademiaren Arabako ordezkaritzan egin zen agerpena, erakunde eta elkarte anitzetako ordezkariak bildu zirela bertan. EBAren helburuak eta ezaugarriak azaltzeko mahaiburuan izan ziren Iñaki Gurtubai Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Saileko diputatua; Roberto González de Viñaspre Euskaltzaindiko Arabako ordezkaria; Iñaki Martinez de Luna euskaltzain urgazlea eta Irati Iciar Taupa Mugimenduko zuzendaria. Guztiek nabarmendu zuten EBA Arabaz, Arabatik eta arabarrentzat sortua dela, eta azpimarratu nahi izan zuten egitasmoaren helburu nagusia xx. mendearen 60ko eta 70eko hamarkadetatik gaur egun artean euskarak lurralde horretan egin duen biziberritze-ibilbidearen kontakizuna osatzea eta gizarteari helaraztea dela, betiere xede hezitzaile eta aktibatzaile batek bultzaturik. Bereziki, belaunaldi berriei horren berri ematea garrantzitsua dela esan zuten aurkezpenean, Araban euskara biziberritzeko edo indarberritzeko ahaleginetan jarrai dezaten.
Beraz, egindako bidea, egungo egoera eta haren biziraupen osasuntsurako baldintzak zein diren bildu eta gizartean zabaldu nahi du EBAk, ezaguera horrek arabarren —esan bezala, batez ere gazteen— euskararekiko atxikimendua eta konpromisoa areagotu egingo dituelako, bai eta Araba euskaldunaren identitatea sendotu eta ahalduntzen lagundu ere.
Honela, euskarak Araban izan duen biziberritzea nolakoa izan den azaltzeko, EBA gune honek bi informazio mota nagusi eskaintzen ditu. Alde batetik, euskararen bilakaera adierazten duen informazio estatistikoa dago: Iñaki Iurrebasok bere tesian oinarriturik osatutako lana da, Arabarako egokitua eta 2021eko datuekin eguneratua. Eta, beste alde batetik, biziberritze-prozesuaren lekuko edo protagonista izan diren hainbat laguni egindako elkarrizketak eta haiek emandako iritzi eta ideiak jaso dira, etiketaturik: ezagutza, erabilera, euskararekiko jarrera eta gizarte giroari buruzko argibideak dira, oro har.
















