Sarako Idazleen Biltzarrak 43. ahalegina beteko du aurten, eta euskal egileen habia izanen da hiru egunez, hain zuzen, apirilaren 5ean, 6an eta 7an. Aurten, Jean-Michel Garat medikuak sortu zuen topaguneak Anne Marie Lagarde ikerlaria eta Marikita Tambourin idazle eta ohorezko euskaltzaina omenduko ditu.
Euskaltzaindiak hastapenetatik parte hartu du azokan, eta aurten ere Sarako kiroldegian izanen da Akademiaren erakusmahaia. Horrez gain, bi argitalpen aurkeztuko ditu euskararen Akademiak: Pazko Astelehenean izanen da agerpena, apirilak 6 dituela, goizeko 11etan.
Batetik, Battittu Coyos euskaltzain osoak Junes Casenave-Harigileren Olerki bildüma agertuko du jendaurrean. Aspalditik dabil zuberotarra Casenave-Harigileren idatziak aztertu eta editatzen, eta honako hau poesiari lotua dago estuki. Bi dosier badira liburuan: lehen dosierreko 138 olerkietan denetarik dugu aipagai (natura, liliak, animaliak, iragaten eta egiten den denbora, jendea, bizitzaren gorabeherak, sentimenduak...), eta bigarren dosierrak erlijioneari loturik diren hamalau olerki biltzen ditu.
Bestetik, Jon Casenaveren saiakera dugu, Euskal klasikoen bila. Autore zaharrak zertarako ditugu? Liburu honetan, hainbat gai jorratzen ditu euskaltzainak, besteak beste, nola osatu den euskal klasikoen corpusa, nola finkatu den euskal kanon literarioa XX. mende erditik aurrera, gaiari buruz Jon Etxaidek, Koldo Mitxelenak, Ibon Sarasolak edo Joan Mari Torrealdaik eginiko ekarpenak, zertan diren gaur egun gure harremanak lehengo autoreekin…

















