Gaur, 150 urte betetzen dira idazle, kazetari, musikari eta euskaltzain urgazlea jaio zenetik, eta, horren harira, ondorengo egunetan askotariko ekitaldiak egingo dituzte bere jaioterrian, Zaldibarren. Atzo bertan erakusketa bat inauguratu zuten liburutegi zaharrean; gaur, Garitaonandiaren omenezko lehenengo ipuin lehiaketako sari-banaketa egingo da, eta bihar Euskaltzaindia batuko zaie Udalari eta Gerediaga Elkarteari, eguerdiko 12etan egingo den omenaldian. Udaletxean izango da gorazarrea, eta Eneritz Azpitarte alkate andreak, Adolfo Arejita euskaltzain osoak eta Joseba Sarrionandia idazle eta euskaltzain urgazleak parte hartuko dute bertan.
Omenaldi-sorta martxoaren 14an izango den musika-emanaldiarekin amaituko da, Olazarko frontoian Donostiako Orfeoiak emango duen kontzertuarekin (19:30ean). Sarrerak martxoaren 6ra arte izango dira salgai, bost euroan, Zaldibarko udal liburutegian.
















