Euskaltzaindiak eta Zuzenbidearen Euskal Akademiak (AVD-ZEA) bost urterako lankidetza-hitzarmena izenpetu dute gaur, euskararen Akademiaren egoitzan. Honela, bi erakundeok euskararen jakitean, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, dibulgazioan eta sentiberatzean egitasmoak partekatzeko konpromisoa hartu dute. Gainera, hitzarmen honek jasotzen dituen egitasmo guztietan Euskaltzaindiak euskararen arloan ezarririko arauak eta proposaturiko gomendioak zabaltzeko konpromisoa hartu dute bi erakundeek. Bestetik, Euskaltzaindiak garatzen diharduen Euskararen Erreferentzia Corpusa (EEC) elikatzeko asmoz, Zuzenbidearen Euskal Akademiak argitaraturiko euskarazko testu-multzoaz baliatzeko adostasuna erakutsi dute bi erakundeek.
Gaurko ekitaldian Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Elixabete Piñol Zuzenbidearen Euskal Akademiaren presidenteorde eta euskaltzain urgazleak parte hartu dute. Euskaltzainburuaren iritziz, berebiziko garrantzia du hitzarmen honek: «Euskaltzaindiaren eta Zuzenbidearen Euskal Akademiaren arteko harremanak aspaldikoak izanik ere, bien arteko hitzarmen honek berretsi eta sendotu egiten du lotura hori, bi bion ekimenak euskara zuzenbidearen alorrean txertatzeko eta erabiltzeko baliatuko ditugula. Aurrerantzean, beraz, joko-zelai berria izango dugu: batetik, bion arteko kolaborazioa gauzatzeko hainbat ekitaldi, biltzar, argitalpen, jardunaldi, baliabide informatiko… Beti ere, euskara eta zuzenbidea helburu hartuta; bestetik, bi erakundeen arteko testu trukaketak egiteko, horrela zuzenbidearen esparruan Zuzenbidearen Euskal Akademiak euskaraz ekoizten duena Euskaltzaindiak bere eskura izan dezan euskararen estandarizazio prozesuan. Azkenik, aurten Bizkaiko Foru Berriaren 500. urteurrena dela eta (1526-2026), foru horrek euskarari ekarri dion berme juridikoa eta linguistikoa ikusarazteko eta gizarteratzeko ahalegina egingo da, jardunaldien eta sare sozialen bidez». Elixabete Piñolek akordioaren garrantzia nabarmendu du, esanez euskara erabiltzeko beldurra kendu behar dugula, baita Zuzenbidearen arloan ere: «Testuak badaude, euskarazko dokumentuak badaude, eta erabili egin behar ditugu, oraindik ere badagoelako erresistentzia edo beldur bat, eta beldur hori gainditu behar dugu. Gure aldetik, erakutsi behar dugu mundu juridiko-administratiboan euskara erabiltzeko aukerak badaudela, testamentu edo demanda bat egin daitekeela euskaraz. Beraz, militanteak izan behar gara eta arlo honetan ere gure hizkuntza erabiltzeko ahalegina egin behar dugu».
2026ari dagokionez, hauek izango dira elkarlanean landuko diren egitasmo nagusiak:
- Iurislinguistikaren arloan, euskara juridikoaren garatze bidean. Euskararen ofizialtasunak izan duen garapenari eta eraginari buruzko testu-bilduma eta oinarrizko bibliografia osatzeko urratsak egingo dituzte. Oinarrizko bibliografia osatzearen helburua da, besteak beste, ofizialtasunak ekarri duena dokumentatzea, bai indarrean dagoenaren gaineko interpretazio egokia emateko, bai irismenari eta eraginari buruzko azalpen-testuak paratzeko.
- Euskararen ofizialtasunaren garapenari buruzko ikerketak. Horretarako, beka-deialdi bateratua egingo dute bi erakundeok.
- Hizkuntza-zuzenbidearen arloan, AVD-ZEAk eta Euskaltzaindiaren Sustapen Batzordeak lankidetzan jardungo dute gaiari buruzko jarraipena egiteko eta ikertzeko, eta Hizkuntza Zuzenbidearen Behatokia eratuko dute, ondoko helburua betetzeko: urtean behin, Frantziako edo Espainiako estatuetan euskararen ofizialtasunak izan dituen aldaketei zein euskal lurraldeetan euskararen ofizialtasunak izan dituen eguneratzeei zein moldaketei buruzko azalpen-txostena paratzea eta gizarteratzea.
- Bizkaiko Foru Berriaren bostehun urte dituela eta (1526-2026) Euskaltzaindiak eta AVD-ZEAk lankidetza berezia egingo dute, beste erakunde batzuekin batera, Bizkaiko Forua eta euskara, bostehun urte geroago jardunaldia antolatzeko. Jardunaldi horretan ere Legea mintzo erakusketa jarriko da jendaurrean.
















