Ordu horretan izango da jaialdiaren inaugurazio ofiziala. Ekitaldian, 60 urte betetzen dituen Gerediaga elkarteari emango diote BBK Gutun Zuria Bilbao Ohorezko Saria. Ohorezko makila, ordea, nazioarteko literatura-edizio garaikideko figura nabarmenetako bati emango diote, hain zuzen, Valerie Milses editore estatubatuarrari.
Horrez gain, Euskaltzaindiak sustatu duen Aresti eta abesti dokumentalaren lagin bat erakutsiko dute inaugurazio-ekitaldian, eta, ostean, hiru ahotsetako solasaldia izango da (Biharko berbak), Bernardo Atxaga, Karmele Jaio eta Jabier Muguruzarekin.
Aresti eta abesti dokumentalak ez du Arestiren bizitza errepasatzen, ez dio iraganari begiratzen. Iraganetik abiatzen da, bai, baina egungo galderei helduz: zertan da euskararen borroka gaur? Nola transmititu poesia eta konpromisoa belaunaldi berriei?
Dokumentalak Arestiren hitzez egindako kantuen abenturak kontatzen ditu; beraz, elkarrizketa musikatu bat dela esan daiteke. Honela, kantari helduak musikari gazteekin hitz egiten dute. Abesti horien historiaz, idazlearen poetikaz eta politikaz jardun dute, poema eta kantu horien formaz eta funtsaz mintzatu dira, eta, bide batez, garai hartako diskoak, doinuak, partiturak, liburuak, paperak eta argazkiak ere azalduko dira.

















