Letra edo zenbakia ez diren marka grafikoak dira ortografia-markak, eta ezinbestekoak dira testu idatziak zuzen irakurtzen eta interpretatzen laguntzeko.
Arau gisa argitaratzen bada ere, ulertu behar da kontsulta-obra dela, zalantza eginez gero zalantza non argitu izateko. Ez da bere horretan goitik behera ikasi beharreko zerbait. Lan honek, markak deskribatzeaz gainera, erabilera‑kasu bereziak xehe‑xehe zehazten ditu, erabiltzaile kualifikatuei (kazetariak, euskara-teknikariak, irakasleak, idazleak, itzultzaileak, argitaratzaileak…) argibide arrazoituak eta jarraibideak ematearren.
Hiru ataletan banatuta dago. Lehena puntuazio-markek osatzen dute: puntua, koma, puntu eta koma, bi puntuak, etenpuntuak, galdera-marka eta harridura marka. Haiekin batera, parentesiak, parentesi karratuak, marra eta komatxoak. Atal horrek hartzen du arauaren parterik handiena. Bigarren atalak marka lagungarriez dihardu: marratxoa (-), beheko marra (_), barra etzana (/), barra etzan bikoitza (//), alderantzizko barra etzana (\), barra bertikala (|), barra bertikal bikoitza (||), izartxoa (*), apostrofoa ('), parentesi angeluarra (<>), et edo anpersana (&), paragrafo‑marka (¶), gezia (®), giltza (}) eta abar. Hirugarren atala marka diakritikoei dagokie: zer diren, zertarako erabiltzen diren, euskararen diakritikoak zein diren eta erdal marka diakritikoak noiz erabili behar diren euskal testuetan.
Marka bakoitzaren deskribapen xehea egiten da, eta noiz eta nola erabiltzen den zehazten, luze eta zabal, adibide ugari erabiliz. 218 orrialde ditu kontsulta-obrak, eta 1500 adibide baino gehiago.
Ortografia-markak Euskara Batuaren Ortotipografia (EBO) egitasmoko bosgarren atala da. Haren aurrekoak hauek dira: Laburtzapenak: laburdurak eta siglak (196. araua), Sinboloak (197. araua), Letra‑estiloak (198. araua) eta Letra larriak eta xeheak (200. araua).

















