Urteroko ohiturari eutsiz, Euskaltzaindiak iaz zendutako bost euskaltzainak omendu ditu gaur, beraien bizitzak eta euskara eta euskal kulturaren alde eginiko ahaleginak gogoratuz. Ageriko bilkura Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan izan da, Jargi aretoan. Ekitaldiaren buru izan dira Irune Berasaluze Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza diputatua eta Itxaro Borda euskaltzainburuordea.
Irati G. Rodriguez biola-jotzaileak egin du sarrerakoa, Benito Lertxundiren Udazken koloretan interpretatuz. Ostean, banan-banan irakurri dira iaz zendutakoen profilak: Xabier Itzainak irakurri du Mixel Itzaina euskaltzain ohorezkoaren txostena; Paulo Agirrebaltzategik Joxe Azurmendi ohorezkoarena; Juan Luis Goikoetxeak Iñaki Sarriugarte ohorezkoarena; Jose Ramon Etxebarriak Martxel Ensunza urgazlearena eta Patxi Salaberrik Koldo Artola ohorezkoarena. Tarteka, musikariak beste bi pieza interpretatu ditu, hain zuzen, Martxa baten lehen notak (J. Artze / M. Laboa) eta Xalbadorren heriotzean (Xabier Lete).
Xabier Itzainak bere aita Mixel Itzainaren umezaro gorabeheratsua gogoratu du hasierako mintzaldian, eta, geroago, bere bizitzan Piarres Lafitte apez eta gramatikalariak izandako eragina. Gogoratu du, baita, Mixelek soldadu bezala bizi izandakoak, Auch-en (Alemania) eta gerla betean zegoen Aljerian egin baitzuen soldaduska. Ondoren, Maulen izan zen irakasle eta bertan hasi zen koplak egiten, Mixel Labeguerie auzapezarekin batera. Aitak euskararen eta euskal kulturaren alde eginiko lanak ere azpimarratu ditu Xabierrek, haren bi kezka nagusiak fedea eta euskara zirela gogoratuz. Bertsozale amorratua izan zen Itzaina, eta Errola ezizenarekin sinatzen zituen bere koplak. Herrian eta Gure Herrian idatzitako artikuluak ere aipatu ditu bere semeak, eta, nola ez, aitak eginiko hiru liburuak, hain zuzen, Mixel Labeguerie, Louis Dassance eta Ferrando Aire Xalbadoren biografiak. 1967an urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak, eta 2014an, ohorezko.
Ondoren, Paulo Agirrebaltzategi ohorezko euskaltzainak irakurri du Joxe Azurmendi pentsalariaren hilberri-txostena. «Fraide izateko ikasketen ibilbidean (13 urte) deskubritu zuen zegamarrak Euskal Herria, beronen hiru dimentsio geografiko eta historikoetan: mendia (Arantzazu), itsasoa (Forua-Urdaibai eta Zarautz), lautada (Erriberri), eta berriro Arantzazu. Ibilbide horretantxe jabetu zen bere herriaren hizkuntzaz, eta euskal kulturako lanari atxiki zitzaion leialtasunez bizitza osoan», gogoratu du Agirrebaltzategik. «Euskal Herritik Erroma eta Alemaniara (12 urte): Pentsamendu europarraz jabetzen -gogoratu du bere mintzaldian-. Eta Euskal Herrira itzulita, europar pentsamendutik pentsatu zigun kritikoki Euskal Herria, euskaraz. Pentsalan pertsonal erraldoia utzi zigun Azurmendi hori, ordea, talde-lanekoa zen zinez: “Ni Jakin naiz”, esan ohi zuen. Eta beraren bizitzako ikuspuntu funtsezkoa, Arantzazu –“pobreen unibertsitatea”–: “Ni Arantzazukoa nauk”, ere aitortu ohi zuen. Eta “Arantzazu dena da” esaldi misteriotsua jaulki zuen behingoz, hil aurreko esaldietako batean».
Juan Luis Goikoetxea ohorezko euskaltzainak Iñaki Sarriugarte ohorezkoaren bizitza aletu du, besteak beste, halakoak aipatuz: «Iñaki Sarriugartek familiako supazterra maite zuen, etorri handiko hiztuna zen, bere iritziari eusteko euskararen soinu gregorianotik irten beharrik ez zuena. Zer ikertu, hura idazten zuen; idatzi ere dotore. Olerkian Gandiaga zuen gogoko. Bertsolarien artean, deigarri gertatzen da ibilbide biografikoa Urdulizeko Prudentzio Abarrategi besamotzari ̶esku biak galduak zituenari̶ eskainia; baita, Matxin Irabola, txapeldunorde senpertarrari buruzkoa ere, ezen oholtzatik Sorbonako jakintza mailara eraman zuen; ahaztu gabe, Jule Gabilondo idazle mungiarraren Jel-hazia liburu desagertua, Iñakiri esker oraintsu gizarteratu dena, besteak beste».
Bere aldetik, Jose Ramon Etxebarria ohorezkoak Martxel Ensunza euskaltzain urgazlearen bizitzako pasadizoak gogoratu ditu, ondo baino hobeto ezagutu baitzuen Loiuko euskaltzalea: «Zientzietako Euskal Kultura Taldearen (ZEKT) ekimenez, laurogeiko hamarkadaren hasieran hautazko irakasgai ofizial bat onartu zen Leioako Zientzia Fakultatean, Euskara Teknikoa izenburuarekin, eta Martxelek irakasgai horretarako irakasle-kontratua lortu zuen, Matematika eta Fisikako sailetako ikasleei klaseak emateko. Une hartatik aurrera, zenbait hamarkadatako lankidetza emankorra abiatu zen gure artean. Buruz buru aritu ginen elkarrekin irakasgaiaren programa, materialak eta beharrezko osagaiak prestatzen […]. Martxel Zientzia Fakultatean irakasle hasi bezain laster, lanean hasi ginen elkarrekin Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) argitaraturiko fisika eta matematikako testuliburuak aztertzen […]. Horrela, 1983an Alfabetatze zientifikoa: zenbakiak, unitateak, irakurketa, eragiketak, esamoldeak izenburuko testuliburua prestatu genuen UEUren argitalpen-zerbitzuan, bere irakasgaiaren programa bideratzeko. Eta hortik abiatu zen Martxelek UEUrekin izandako harreman oparoa. Euskarazko unibertsitateko testuliburuekin kezkaturik, Martxel UEUko Argitalpen Batzordeko kide arduratsua eta marrazkilari tekniko bikaina izan zen hainbat urtetan; eta tarte batean, baita Zientzia Fakultatean euskaraz argitaratu zen Ekaia aldizkari zientifikoaren zuzendaria ere».
Edonola ere, Goikoetxearen ustez, Martxelen ekarpenik originalena «matematika eta fisikako ekuazio eta formuletan erabiltzen diren sinboloen unibertsaltasunaz konturatzetik eta azpimarratzetik etorri zen […]. Proposamena biribiltzeko, hiru arau argi eta errazetan laburbildu zituen sinbolo bidezko esaldiak ahoz irakurtzeko eta irakaskuntzan esateko moldeak finkatzeko». Eta, Ensunzaren ahaleginak nabarmendu ostean, esaldi honekin zarratu du berbaldia Goikoetxeak: «Gaur egun, Martxel adiskide ona betiko joan zaigula, izan bitez hitz labur hauek modu egokia adierazteko, berak egindako lanak nire/gure estimu osoa izan zuela euskararen akademian, eta bizirik dirauela gure bihotzean».
Azkenik, Patxi Salaberri euskaltzain osoak Koldo Artola etnolinguista eta ohorezko euskaltzainaren bizitza eta lanak aztertu ditu. Hastapenean, gogoratu du Koldok ez zuela euskara etxean jaso: «Nolanahi ere, Zizurkilen lehengusuak bazituen, euskaldunak, euskaraz mintzatzen zirenak, eta hau pizgarria izan bide zen Koldoren geure hizkuntzaren aldeko jarreran. Nonbait, 20 bat urterekin hasi zen euskara ikasten, hemen bertan». Gogoratu du, halaber, Donostiako Aurrezki Kutxaren euskara sustatzeko arduradun izan zela Artola («Berehala, lankide euskaltzale multzo bat elkartu eta Kutxaren barne funtzionamendua euskaratzen hasi ziren»), eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea («1977an hasi zen Euskal Herriko Atlas Etnolinguistikoa [EAEL] izenekorako inkestak egiten, eta hor piztu omen zitzaion dialektologiarako arra»).
Mendizalea ere bazen Artola, eta Donostia inguruko eta urrunagoko mendietara joaten hasi omen zen, lagun batzuekin, baita Nafarroako Pirinioetara ere, eta orduan Iruñeko zenbait jenderen ezagutza egin omen zuen, besteak beste emazte izanen zuen Mari Puyrena. Mendia, dena dela, aitzakia zen hein batez, bestelako gauzak egiteko. Hain zuzen, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan, Nafarroan euskararen atzerakada nabarmena zenean, euskalkiei buruz ikasi eta ikertu zuen, iparraldeko haranak (Erronkari, Zaraitzu, Aezkoa, Erro, Esteribar...) zeharkatuz eta bertako hizkuntza-barietateak ezagutzen zituzten euskaldunei grabazioak eginez. «Garai bateko grabagailu analogiko horietako batekin ibiltzen zen beti; mahai gainean paratu, abian ezarri eta kito. Teknika gehiagoren beharrik ez, baina pazientziarena bai, seguru. Datuak biltzeko metodologia ariz-ariz ikasi behar izan zuen, nonbait», argitu du Salaberrik. «EAEL egiteko euskara galtzeko zori-zorian zegoen tokietara joaten hasi zen: Izabara, Uztarrozera Erronkaribarren, eta orobat Zaraitzura, Artzibarra, Aezkoara, Erroibarra, Esteribarra, Olaibarra, Anuera, Odietara, Txulapaina, Gulibarra, Arakila, Ergoienera, Burundara eta bestetara ere. Iruñean emaztearen gurasoen etxean zuen ”kanpamentu nagusia” edo, berak dioen bezala, ”tranpolina”, eta, hamabost egunetik hamabost egunera egiten zizkieten bisitak baliaturik, hortik joaten omen zen Koldo Nafarroako herrietara».
Koldok elkarrizketatutako euskaldunen pasadizoak kontatu ditu Salaberrik, eta beti laguntzeko prest zegoela esan du, horren truke ezagutzarik, aitormenik, esker onik batere galdegin gabe. «Euskaldun guziok anitz zor diogu Koldo langile jarraiki-porrokatuari ̶esan du euskaltzain nafarrak̶, eta partikularki nafarrok, bere lanarekin egun ezin entzun daitezkeen hizkera galduak entzuteko eta ezagutzeko aukera eman digulako, guri eta gero etorriko direnei, eta hori ikaragarrizko lorpena dela zalantzarik ez dago».
















