Oiartzungo Arritxulo aterpetxean babes hartuta, sutondoan eta sormenari eraginez jardun dute Ahots Baten Sormen Egonaldiko gazte eta begiraleek bost egunez. Egonaldian ohikoak diren ariketa eta ekintzez gain, Mari Luz Esteban idazlearen, Amaia Elizagoien ipuin-kontalariaren, Intza Alkain aktorearen, Odei Barroso raplariaren eta Alaia Martin eta Eli Zaldua bertsolarien berotasuna izan dute lagun ekimenean parte hartu duten 28 gazteek.
Aurtengo edizioaren helburua sorkuntza-prozesuei garrantzia ematea izan da, hots, bila aritzea. Eta helburu horri testuingurua emateko, Txuloarri Museoa atondu dute begiraleek, «bidean egindako aurkikuntza guztiak ordenatzeko txokoa». «Poz-pozik itzuli dira parte-hartzaileak etxera, egonaldian zehar aurkitutakoak errepasatu, katalogatu eta sortzen jarraitzeko gogoz», adierazi dute begiraleek, azken edizioaren arrakasta azpimarratuz.
















