Euskaltzaindiaren webguneko hainbat hizkuntza-baliabide prestatu edota eguneratu dira: Euskaltzaindiaren Hiztegia, Orotariko Euskal Hiztegia, Euskararen Erreferentzia Corpusa, Zalantzen Txokoa, Euskal Onomastikaren Datutegia, Tokian tokiko onomastika bildumak, Euskararen Historia Soziala (EHS). Argibide bibliografikoak, Euskaltzaindiaren Adierazpenak, Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz... Erakunde, elkarte eta gizabanakoen onomastika eta hizkuntza-zuzentasunari buruzko kontsultak erantzun dira.
Euskararen sustapenari lotutako ekimenak antolatzen eta Euskararen Historia Soziala ikertzen jarraitzen du Akademiak eta baita, Euskararen Gogoetagunearen bidez, euskararen biziberritzeko etorkizuneko ikuspegia lantzen ere. Mintzola egitasmoaren barruan abian jarri dira hainbat ikerketa, ahozkotasuna eta, batez ere, ahozko hizkera informala ikertzeko; Mintzola Sariak ere ikerketak bultzatzeko baliatu dira. Herri-kulturarako hezkuntzan izeneko egitasmo pilotua ere jarri du abian Akademiak.
Euskera Ikerketa Aldizkariaren bi zenbaki eta Euskaltzaindiaren Buletinaren zenbaki bat argitaratu dira; horrez gain, 11 liburu plazaratu dira eta hainbat ikastaro, jardunaldi, mintegi, hitzaldi eta erakusketa antolatu dira. Kultura ekimenei dagokionez, honako hauek antolatu dira: Ahots Baten sormen-egonaldia, Lautan Hiru antzerki-jaialdiaren zazpigarren aldia, Irailekoak egitasmoaren hirugarren edizioa, Gabriel Arestiri buruzko ekitaldiak eta R. M. Azkue Literatura Sariak.
















