Beste berrogei testurekin kargatu dugu Noeren ontzia. Neskametza eta morrontza gaia hartu, eta errealitate horretara hurbiltzeko aukera ematen duten testuak hautatu ditugu, lehengoak eta oraingoak: azalpen-testuak, abestiak, bertso jarriak, egoera hori bizi izandakoen lekukotasunak, baita Anton Txekhoven ipuin eder bat ere. Hizkuntzaren karpeta ere osatu dugu: zer adierazten digu toponimiak lurraldeari eta bertan bizi izandakoei buruz? Nola sortu dira euskal deiturak? Zer harreman dago “ur” hitzaren eta “urte” hitzaren artean? Zer ari gara esaten norbait “pikutara” bidaltzen dugunean? Gainera, Xamarren eskutik, euskal kultura tradizionalean barruratuko gara eta lehen auzoak zer funtzio betetzen zuen jakingo dugu, etxeko andrea edo jauna hiltzen zenean nola ematen zitzaien albistea erleei, edo ostadarrak lurra ukitzen duen lekuan mutilak neska bihurtzen zirela, eta neskak, mutil.
Noeren ontzia
Irautea eta zabaltzea merezi duten testuak jasotzen dira Noeren ontzian. Atzokoak eta gaurkoak, egungo ortografiara eta morfologiara ekarrita, baina lexikoa eta sintaxia ukitu gabe. Testuekin batera, bideoak, audioak eta argazki-bildumak ere aurkituko dituzu.
DBHko eta Batxilergoko ikasleak gogoan hartuta diseinatu da Noeren ontzia, baina baliagarria izan nahiko luke unibertsitateko ikasleentzat ere, eta baita euskaltegi zein hizkuntza-eskolentzat, ikasmaterialak prestatzen diharduten Berritzegune eta argitaletxeentzat, edota Irakurketa Plana hornitu nahi duten ikastetxeentzat.

















