Patxi Ondarraren jaiotzaren mendeurrenaren harira, hark jasotako datu onomastikoen azterketa xehea egin dute Andres Iñigo, Paskual Rekalde eta Patxi Galé euskaltzainek. 510 agiri eta 15.000 sarreratik gora aztertu dituzte, baita digitalizatu, sailkatu, antolatu eta kontsultarako egokitu ere. Horrela bada, Ondarrak karpetatan gordetako materialaren zati handi bat Euskaltzaindiaren webgunean kontsultagai dago orain, herritar guztientzat eskuragarri.
Aztertutako materialaren eta egindako lanaren berri eman dute gaur egileek Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaritzan. Ez dira bakarrik egon, agerpenean Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizkidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak eta Javier Arakama Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak ere parte hartu dutelako, Sagrario Aleman Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariarekin batera.
Eginiko lanaren garrantzia azpimarratu dute Nafarroako Gobernuko ordezkariek prentsaurrekoan, eta, horrekin batera, Euskaltzaindiarekin duten aspaldiko konpromiso sendoaren pisua. Ondoren, Lekarozko kaputxinoaren funts onomastikoaren ezaugarriak aletu dituzte lanaren prestatzaileek. «Patxi Ondarrak Lekarozko kaputxinoen komentuko karpeta handi eta txiki gorri ilunetan eman zizkigun agirietatik 510 aztertu dira; gutxi batzuk errepikatuta daude eta funts onomastiko honetarako interes gutxikoak dira. Aztertutako agiri horietatik erauzi diren sarrera edo formak, berriz, 15.745 izan dira», azaldu dute euskaltzainek.
Agirien iturriak
Lanaren paratzaileek azaldu dute beraiek jasotako material baliotsua Ondarrak artxiboetan emandako ordu aunitzen fruitua izan dela: «Lekarozko kaputxinoen komentuan irakasle izan zenean, artxibo batean eta biblioteka batean aritu zen paper zaharren artean. Lehena, Baztango Udaleko Artxiboa izan zen, eta, bigarrena, kaputxinoek Lekarozen zuten komentuko biblioteka. Baztango Udaleko Artxiboan 368 agiri aztertu zituen eta Lekarozko komentuko bibliotekan 138 izan ziren».
Gizon isila eta langilea
Patxi Ondarra Erdozia Bakaikun (Nafarroa) jaio zen, 1925eko maiatzaren 19an eta Iruñean hil, 2005eko uztailaren 30ean. Fraide kaputxinoa, Filologia Hispanikoan lizentziaduna eta irakaslea. Euskaltzain oso izendatu zuten 1980an, Polikarpo Iraizozkoak utzitako hutsartea betetzeko.
Gizon isila eta, aldi berean, langile nekaezina eta ikertzaile sakona eta zehatza izan zen Ondarra. Argitara eman zituen lan ezagunenak arkeologiaren (Megalitika, bereziki) eta euskararen alorrekoak dira. Azken honetan plazaratu zituen lanak, han-hemenka aurkitutako euskal testu zaharrez gain, Joakin Lizarragari eta Polikarpo Iraizozkoari buruzkoak dira aipagarrienak. Baina ez horiek bakarrik, bai baititu bertzelakoak ere, erraterako, Dialektologiaren eta Gramatikaren ingurukoak.
Horietaz gainera, onomastika haren oso gustuko gaia zen. Horren seinale, bertzeak bertze, Lekarozko kaputxinoen komentuan irakasle izan zen 25 urteetan zehar, 1968 eta 1993 bitartean, Baztango Udaleko Artxibotik, bereziki, eta komentuko Borda Ubillos eta Aita Donostia izeneko fondoetatik ere jaso zituen datu onomastikoak ditugu.
Makinaz edo eskuz idatzi eta zenbait karpetatan bildua zuen material hori da, hain zuzen, bere azken egunak hurbil zituela konturaturik nonbait, 2005eko ekain-uztailetan Andres Iñigoren eta Paskual Rekalderen esku utzi zuena. Material hori bera digitalizatua, sailkatua, antolatua eta kontsultetarako egokitua da, Patxi Ondarraren jaiotzaren mendeurrenean, eta haren omenez, Euskaltzaindiaren webgunean Patxi Ondarraren Funts Onomastikoa izenburupean ezagutzera ematen dena.
















