Bilbon euskararen erabilera sustatzea, bultzatzea, hauspotzea eta normalizatzea da Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak gaur sinatu duten lankidetza-hitzarmenaren xede nagusia. Hitzamena bi hamarkada luzez norabide berean egindako elkarlanaren isla da. Bilboko Udalak eta Euskaltzaindiak urtero sinatzen dute hitzarmen hori, hizkuntzaren garapenarekin eta gizarteratzearekin duten konpromisoaren erakusgarri. «Urtero sinatzen dugun hitzarmen hau estrategikoa da Euskaltzaindiarentzat, besteak beste, Bilbon euskara hauspotzeko eta euskal kulturari lotutako ekimen erakargarriak antolatzeko baliatzen baitugu», adierazi du Andres Urrutia euskaltzainburuak lankidetza-hitzarmena sinatu ostean.
Hitzarmenari esker, hizkuntza-aholkularitza zabala ematen dio Akademiak Udalari. Baina, horrezaz gain, kultur ekimen ugari antolatzen ditu akordioa baliatuz. Esaterako, aurten Gabriel Aresti poeta bilbotarraren heriotzaren 50. urteurrenaren kariaz, urtemugarekin lotutako egitarau zabala antolatu du Euskaltzaindiak, elkarte eta herri-erakundeekin batera. Ekainean hasita gaurdaino, askotarikoak izan dira Akademiak antolatu dituen egitasmoak, tartean, Udalak lagundu dituenak: EHUko Uda Ikastaroen barruan, Gabriel Aresti 1975-2025 uda ikastaroa; Guggenheimen, Aresti Gogoan musika emanaldia, Bilboko Koral Elkartearekin lankidetzan; Gabriel Arestiren mandatua liburuaren argitaratzea (Gabriel Aresti Kultura Elkartearekin batera); Euskal idazleak G. Arestiren ispiluan barrena literatura-jardunaldia eta Galda bildumaren aurkezpena, Mikel Martinezen antzerki-saioa eta Eñaut Elorrietaren musika-emanaldia.
Gainera, urrian euskararen arloan Bizkaiko hiriburuan lanean diharduten euskara irakasle, euskara teknikari, itzultzaile, trebatzaile eta arduradun politikoen prestakuntza hobetzeko, euskararen ahoskerari buruzko prestakuntza-saio bat eskaini da, eta otsailean, Lautan hiru antzerki-jaialdiaren zazpigarren edizioa antolatu du Akademiak, ohi duen legez, Bilboko Zazpikaleetako eragileekin batera (Tartean konpainia, 7Katu Gaztetxea eta BIRA Kultura). Honela, zortzi ikuskizun eman dira otsailaren 6an, 13an, 20an eta 27an. Formatu txikiko lanak erakusten dira Lautan Hirun, gazteen artean sormena, euskararen erabilera eta euskarazko kultur kontsumoa indartzeko. Bestetik, euskarazko antzerki sorkuntza zein ekoizpena sustatzeko laguntza berezia eman da bosgarren aldiz, azken hau ere Udalaren laguntzaz.
















