Jakina denez, aurten 50 urte bete dira Gabriel Aresti idazle eta euskaltzain urgazlea hil zela. Urteurrenaren kariaz, egitarau oparoa antolatu du Euskaltzaindiak haren hirian, XX. mendeko euskal idazle berritzaileenetako bat izan zena omentzeko eta beronen ekarria goresteko. Euskaltzaindiak Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU), Gabriel Aresti Kultura Elkartearekin eta Bilboko Koral Elkartearekin elkarlanean prestatu du egitaraua, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, EITBren eta BBK Fundazioaren babesa duela.
Ekainean estreinatu zen egitaraua, eta ordutik bi argitalpen ondu dira idazle bilbotarraren omenez. Ekainean bertan, Gabriel Arestik ereindakoak liburua argitaratu zen, EHUko Gabriel Aresti Katedrarekin batera, eta azaroan Galda aldizkaria banatu zuen Euskaltzaindiak Gabrielen ispiluetan barrena jardunaldian. Euskaltzaindiak hirugarren argitalpen bat aurkeztu du gaur Durangoko Azokan, Gabriel Aresti Kultura Elkartearekin batera. Agerpenean parte hartu dute Miren Agur Meabe idazle eta Euskaltzaindiaren idazkariak eta Xabier Monasterio Gabriel Aresti Kultura Elkarteko kideak. Azken honek koordinatu du liburu korala, Arestiren ekarria diziplina anitzetatik begiratuz aztertu baita bertan. «Gaur egungo hamar sortzaileren gidaritzapean, iraganari baino areago, geroari behatu nahi dion argitalpena da», aurreratu du Xabier Monasteriok Azokako Talaia espazioan.
«Gabriel Aresti poeta soziala izan zela diote eskuliburuek -gaineratu du Monasteriok-, baina guk badakigu hori baino askoz gehiago izan zela. Nolabait definitu beharko bagenu, Aresti aitzindari ausarta eta bide urratzaile bikaina izan zela esango nuke nik. Herriaren mandatua sentitu zuen bere baitan, eta mailuaren eta biolaren bidez politika, gizarte, kultura eta identitate gaietan ikusten zituen gabeziak betetzen eta akatsak zuzentzen ahalegindu zen. Eta buru-belarri lotu zitzaion euskararen eta euskal komunitatearen humusa berrosatzeko beharrezko ziren alorrak lantzeari». Honela, jarraitu du Monasteriok, «euskara, literatura, gizartea, hirigintza, bertsolaritza, itzulpengintza, artea, antzerkigintza, gazteria eta kazetaritza landu zituen. Horra Gabriel Arestiren interesgune nagusietako batzuk, beste zenbaitekin batera bere obraren hezurdura osatzen lagundu ziotenak». «Beraz, mende erdiaren efemeridearen karietara eta Arestiren interesguneek gaurkotasunik galdu ez dutela iritzirik, gaur egungo hamar sortzaile arestizalerengana jo dugu, zeinek bere alorretik eta bere erara, Gabrielek herriarengandik jaso zuen mandatua aztertu duten eta, gure egunetara etorrita, mandatu hori zertan den adierazi duten», azpimarratu du liburuaren koordinatzaileak.
Liburuak hamar saiakera labur jasotzen ditu, beste horrenbeste adituk idatzitakoak: Euskara (Eneko Bidegain); Literatura (Irati Jimenez); Gizartea (Sonia Gonzalez); Antzerkigintza (Oier Guillan); Hirigintza (Ula Iruretagoiena); Artea (Xabier Gantzarain); Kazetaritza (Goizalde Landabaso); Bertsolaritza (Iruri Altzerreka); Gazteria (Hedoi Etxarte); Itzulpengintza (Aiora Jaka).
















