Euskararen Akademiak euskaltzain berria izendatu du gaur, bere egoitzan egin den azaroko osoko bilkuran. Euskaltzain osoek bozketa egin dute Andres Alberdi emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea betetzeko, eta Irene Arraratsek erdietsi du Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen duen gehiengo osoa. Gogoratu behar da Andres Alberdi emeritu izatera igaro zela uztailaren 1ean, 75 urte bete baitzituen egun horretan Getariako hizkuntzalariak, eta hilabete horretan bertan zabaldu zela hautagaiak aurkezteko epea. Hautagai bakarra aurkeztu zuten euskaltzainek urriko osoko bilkuran (hain zuzen, Irene Arrarats), eta gaurko bilkuran izendatu dute euskaltzain oso hizkuntzalari hernaniarra.
Orain, zortzi hilabeteko aldia izango du euskaltzain oso berriak sarrera-hitzaldia prestatzeko, eta epe berdina izango du erantzunezko idazkia egin behar duen euskaltzainak berea prestatzeko. Geroago, harrera-ekitaldia egingo da.
Euskaltzain berriaren profila:
Irene Arrarats Lizeaga (Hernani, 1967) Geografia eta Historian lizentziatu zen, Deustuko Unibertsitatean. Bere ibilbide profesionalean, euskarazko prosa lantzeari lotu zaio hasieratik, kazetaritzako idazkuntza lantzeari bereziki, eta alor horretan dihardu orain ere. Euskaldunon Egunkarian aritu zen 1991z geroztik 2003ra arte, estilo-zuzentzaile eta itzultzaile lehenbizi, eta euskara-arduradun gero. 2003an bertan hasi zen euskara-arduradun Berria egunkarian, eta horretan dabil harrezkero. 2001ean argitaraturiko Egunkariaren azken estilo-liburuaren egileetako bat izan zen, eta orain Berriaren estilo-liburuaren zuzendaria da. Era berean, hizkuntzari buruzko Ezer ez eta festa podcastaren egileetako bat da.
Euskaltzaindiarekin ere hartu-eman handia izan du Arraratsek 2007az geroztik, eta zenbait batzordetan aritzen da: Hiztegi Batuko lantaldean (2007-2017), Exonomastika batzordean (2009-), Euskaltzaindiaren Hiztegia lantaldean (2017-) eta Euskara Batuaren Eskuliburuaren Batzordean (2017-). Akademiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 2018an.
Irene Arraratsek feminismoa eta euskara uztartu ditu bere ekarpen teorikoetan. Itzultzaile ere aritzen da, eta, besteak beste, hark euskaratuak dira Monique Wittigen Pentsamendu heterozuzena (2017, beste batzuekin batera), Simone de Beauvoirren Bigarren sexua saiakera (2019), Nancy Fraserren Kapitalaren lantegi ezkutuak: mapa bat ezkerrarentzat (2021, beste batzuekin batera), Marjane Satrapiren Persepolis komikia (2023) eta Atef Abu Saiden Gazako egunerokoa lekukotasun-liburua (2024).
1918tik 2025era, 101 euskaltzain oso
Ehun eta bat euskaltzain oso dira 1918tik gaurdaino Akademiak izendatu dituenak. Gaur egun, 24 euskaltzain osoz eta 12 euskaltzain emerituz osatua da Euskaltzaindia.
Hona hemen gaur egungo euskaltzain osoen zerrenda (guztira, hogeita lau: 13 gizonezko eta 11 emakumezko): Adolfo Arejita, Aurelia Arkotxa, Sagrario Aleman, Irene Arrarats, Miren Azkarate, Bernardo Atxaga, Itxaro Borda, Jean-Baptiste Coyos, Jon Casenave, Asun Garikano, Roberto González de Viñaspre, Jabier Kaltzakorta, Joseba Lakarra, Miren Agur Meabe, Alfontso Mujika, Miren Lourdes Oñederra, Paskual Rekalde, Patxi Salaberri, Pello Salaburu, Castillo Suárez, Ana Toledo, Andres Urrutia, Miriam Urkia eta Mikel Zalbide.
Eta hauexek dira egungo emerituen izenak (guztira, 12): Andres Alberdi, Jean-Louis Davant, Patxi Goenaga, Andres Iñigo, Xabier Kintana, Jose Luis Lizundia, Beñat Oihartzabal, Andoni Sagarna, Ibon Sarasola, Patxi Uribarren, Xarles Videgain eta Patxi Zabaleta.
















