Euskaltzaindiak antzerki-ekoizpena sustatzeko laguntza berria sortu zuen 2020an, Bilboko Udalaren babesarekin. Sari horren helburu nagusia euskarazko antzerkia sustatzea da, batez ere, lan laburren sorkuntzari bultzada emateko xedez.
Horretara, aurtengo Lautan Hiru laguntza Gehibat Kultura Elkarteak irabazi du, Zaku berekoak lan laburrari esker. Xabier Fernandezen proiektua da Zaku berekoak, eta gidoia ere berak idatzi du. Dena den, Intujai konpainiarekin elkarlanean bideratuko dute proiektua, eta antzezlana 2026ko otsailean antolatuko den VIII. Lautan Hiru jaialdian estreinatuko da.
Epaimahaiko kideen arabera (Tartean, BIRA Kultura, 7Katu eta Euskaltzaindia), «testuan ausardia erakutsi du egileak, eta txotxongiloak baliatuz indar handia har dezake lan ilun honek».
Zaku berekoak: sinopsia
Gizon batek bere familiarekin ospatu nahi du urtebetetzea. Baina, zer gertatzen da inork erantzuten ez dionean? Zaku berekoak oroimenaren eta eromenaren artean igerian dabilen arima baten istorioa da. Odolekoa ez duen bere familia, panpin erraldoien irudian jasoko du ikusleak, bizitza bat antzeztu nahi duen gizon baten delirio poetiko moduan. Bakarrizketa dramatiko honetan, antzerkia eta txotxongilo-teatroa uztartzen dira, gizakiaren barneko haustura erakusteko.
Lautan Hiru antzerki-jaialdia
Lautan Hiru antzerki-jaialdia Bilboko Zazpikaleetako espazio desberdinetan egiten da. Euskaltzaindiak antolatzen du, Tartean konpainiarekin, Bira Kulturarekin eta ZazpiKatu gaztetxearekin elkarlanean. 2026koa zortzigarren aldia izango da.
















