Euskaltzaindiak Lizarrako gazteen artean euskararen erabilerak duen pisua eta lekua aztertu nahi izan du, haiei hitza emanez. Horrela, Euskararen erabileraren indarra gazteen artean topaketa antolatu du euskararen Akademiak, Lizarrako Udalarekin elkarlanean eta Nafarroako Gobernuaren babesarekin. Euskaltzaindiak eta Lizarrako Udalak sinatutako hitzarmenaren barruan sartzen da jardunaldia.
Javier Arakama Euskarabideko zuzendari-kudeatzaileak eta Sagrario Aleman Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariak egin dute aitzinsolasa. Arakamak datu positiboak eman ditu bere berbaldian eta azpimarratu du ezagutza arloan Nafarroan egin den jauzia (gazteen % 28 euskalduna da eta % 12 euskaldun hartzailea). Beste kontu bat da erabilera. «Ezagutzaz gain, bestelako aldagaiak ere behar ditu euskarak: prestigioa, atxikimendua, aukerak eta ohiturak zabaldu...», aipatu du Euskarabideko arduradun nagusiak. Ondoren, Nafarroako Gobernua egiten ari den esfortzua nabarmendu du, eta azken urteotan bideratu diren hizkuntza plangintzak, laguntzak, hitzarmenak eta abar aipatu ditu. «Dena den, ez ditut zailtasunak ezkutatu nahi», adierazi du Arakamak, eta Nafarroan euskara babestuko duen «marko juridiko egokia» eskatu du. Sagrario Alemanek, ostera, gazteen gaitasun linguistikoan jarri du arreta, erabileran bainoago: «Gogoeta egin behar dugu hiztunen gaitasun linguistikoan (irakaskuntza unibertsala), euskaraz mintzatzeko eskaintzen diren bitartekoetan... Gazteek horren gogoko dituzten jardunetan (kirola, musika, sare sozialak...) euskarak zer indar duen ikusi behar da, zer laguntza eta oztopo duten eguneroko bizimoduan euskaraz aritzeko. Eta, azkenik, erabilera handitzeko zein diren ikastetxeetan ematen zaizkien baliabideak, zein euskara sustatzeko herrian egiten diren ekimenak...».
Frai Diego Kultur Etxean izan da topaketa, goizez, eta bertan herritar eta eragileak izan dira protagonista nagusiak. Kristina Berasain kazetariak gidatu ditu mahai-inguru eta elkarrizketak eta hiru adar nagusi izan ditu jardunaldiak. Lehendabizikoan, kirolaren eta kulturaren arloan ezagunak diren bi lagunek (Oier Sanjurjo, Maddi Sarasua) adierazi dute sortu zirenetik gaurdaino eta haien egunerokoan euskararekin zer harreman izan duten. Bigarrenean, bertako herritarrek hartu dute hitza, eta hiru gaztek (Onintze Arrastia, Ura Vergara, Iraia de la Torre) azaldu dute euskaraz bizitzeko zer aukera dituzten, arlo horretan zer bizipen duten eta haien ikuspegia zein den. Azkenik, bertako ikastetxeetako bi irakaslek (Maider Etxaniz eta Begoña Martinez −azken hau Garean elkarteko kidea ere bada−) eta EuskarAbenturako kide batek (Irune de la Maza) parte hartu dute, eta ikastetxeek euskararen erabilera bultzatzeko dituzten tresna, baliabide eta egitasmoen berri eman dute jendaurrean.
















