Aurten 50 urte bete dira Gabriel Aresti idazle eta euskaltzain urgazlea hil zela. Urteurrenaren kariaz, egitarau oparoa antolatu du Euskaltzaindiak haren hirian, XX. mendeko euskal idazle berritzaileenetako bat izan zena omentzeko eta beronen ekarria goresteko. Euskaltzaindiak Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU), Gabriel Aresti Kultura Elkartearekin eta Bilboko Koral Elkartearekin elkarlanean prestatu du egitaraua, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, EITBren eta BBK Fundazioaren babesa duela.
Ekainean estreinatu zen egitaraua Bilboko Txistularien Bandaren kontzertu eder batekin, eta harrezkero jardunaldi, liburu-aurkezpen eta bestelako musika-emanaldiak izan dira poeta bilbotarraren omenez. Orain, Euskaltzaindiak erakusketa bitxi bezain deigarria muntatu du Bizkaiko Foru Liburutegiaren Areto Nagusian: 50 urte ba(GA)rik. Erakusketa horrekin, Gabriel Aresti bera eta beronen lanak ezagutzera eman nahi dira, eta, bide batez, Arestiren ekarria balioan jarri, hots, beronen lanak duen meritua aitortu, balioetsi eta ezagutarazi, Arestik euskal literatura modernizatzeko eginiko ahalegina gogoraraziz eta euskararen batasunaren hastapenetan izan zuen eragina eta ikuspegi zorrotza nabarmenduz.
Arestiren objektuak
Erakusketa ikusgai izango da azaroaren 7ra arte, astelehenetik ostiralera (11:00-14:00 / 16:30-19:30) eta larunbatetan, goizez (10:30-13:00). Bertan, hain ezagunak ez diren Gabriel Arestiren kontu autobiografikoak ageri dira, eta, horiekin batera, haren lanen lagin deigarri bezain interesgarriak, edozenbat paneletan jasota: itzulpenak, antzerki-pieza baten deskribapena, Bilbori eta bere emazteari emandako poema ederrak...
Aipu, deskribapen eta poema-lagin gehienak Harri eta herri (1964), Euskal harria (1967), Harrizko herri hau (1970) eta Azken harria (1976) poemarioetatik jaso dira. Baina Egan eta Anaitasuna aldizkariak ere arakatu dira, Arestiren jatorrizko testuen bila, haren idazkera zehatza agertuz, «garai hartako euskara batuaren ahalegina», adituek behin eta berriz azpimarratu izan duten bezala. Antzerki-piezak ere idatzi zituen Arestik, tartean, Oilarganeko etxola batean. Hona hemen antzezlanaren hasierako deskribapena: «Basa hondatu bat... ferde iluna. Laharrak edonundik. Arnotegi mendiaren atzekaldea da. Aldapa gora erpina. Etxolen itxurak edonundik. Eskuman, goialdean, burdin-mehatz abandonatuak...».
Erakusketak itzulpen-lanetan ere jartzen du begia. Arestik Don Kixote Mantxako eleberriko lehen zortzi kapituluak euskaratu zituen 1969an (gero, Susak argitaratu zituenak, 1986an), Eugéne Pottierren Internazionala (gero Anaitasuna aldizkarian argitaratu zena, 1977an) eta Nazim Hikmet turkierazko idazlearen poema batzuk (Lau gartzelak izenburupean, Lur, 1971) ekarri baitzituen euskarara, besteak beste. Bere idatziak ez ezik, idazlearen ahotsa entzuteko aukera ere ematen du Foru Liburutegiko laginak.
Jakina denez, Arestiren lanetan leku berezia dute bai Bilbok («Bilbaoko kaleak, / gora eta behera, / errekatik mendira, / batzuk artezak, / gehienak zeiharrak...») bai Meli Esteban bere emazteak («Orienteko perlea / Nobia neurea / Biotzeko puskea / Melitxu maitea...»), eta erakusketa honetan ere nabarmen ikus daiteke hori dena. Azkenik, familiak lagatako objektu ugari dago erakusketan; besteak beste, Arestiren idazmakina eta haren betaurreko ezagunak.
















