Orotariko Euskal Hiztegiaren 16. argitalpenean, hiztegi-sarreren aldaera guztiak eta definizioak TEI (Text Encoding Initiative) delako testu-kodeketaren arabera egituratzea izan da lan nagusia. Horrenbestez, lehendik egituraturik eta kontsultagai zeuden adibideez gain, orain hiztegiko definizio guztietan ere bilaketak egin daitezke. “Definizioetan” aukeraren bitartez, guztira, 136.075 definiziotan egin daiteke bilaketa. “Sarreretan” aukeran, berriz, hiztegiko aldaera guztiak aurki daitezke orain. Horrez gain, 100 sarrera eta 166 azpisarrera berri gehitu dira.
Eduki berriei dagokienez, hiru testutako adibideak sartu dira nagusiki: W. Websterrek Lapurdin bilduriko ipuinetako adibideak eta I. Bergara eta J.R. Minondo goizuetarren gutunetako adibideak (1800. urte inguruko burdinoletako lexikoa jasotzen duten gutunak).
Orotariko Euskal Hiztegiak euskararen aro eta euskalki guztietako lexikoa jaso eta antolatzea du xede. 1987an argitaratu zen paperean lehen liburukia eta 2005ean hamaseigarrena eta azkena. Hortik aurrera Euskaltzaindia ahalegin handia egiten ari da hiztegi horren bertsio elektronikoa gero eta aberatsagoa izan dadin edukian eta bilatzeko aukeretan.

















