Andres Urrutia euskaltzainburuak honela gogoratu du: «Euskaltzale sutsua, irakasle trebea eta euskal literaturaren aztertzaile nekaezina izan da Iñaki». Adolfo Arejita Labayru Fundazioko presidente eta euskaltzain osoak ere antzerako berbak erabili ditu Sarriugarte deskribatzeko: «Euskal hizkuntza eta batez ere literatura munduan luzaroko urteetan ikertzaile zorrotz eta zaletua izan da. Poesia maite zuen denaren gainetik: Bitoriano Gandiagarena barne-barnetik. Baina hizlauzko literatur sorkuntza eta literatur kritika ere hurbiletik jarraiki eta zorrotz aztertu izan ditu. Gizon apala, leuna, baina zorrotza bere lumaz; isilik joan zaigu, baina ereindako hazi horrek emango du fruitua gerora ere». Manu Etxebarria hizkuntzalari eta euskaltzain urgazleak ondo ezagutu zuen aspalditik Galdakaon bizi zen euskaltzalea: «Labur esango dut, zintzoa zen Iñaki, jakituna, langilea eta apala», esan du Zeberioko maisuak.
Iñaki Sarriugarte filologo eta ohorezko euskaltzaina zendu da, 71 urte zituela
- Iñaki Sarriugarte filologo, euskaltzale eta ohorezko euskaltzaina hil da gaur, Binke! aldizkariak jakinarazi duenez. Bilbon (Bizkaia) jaio zen Sarriugarte, 1953ko abuztuaren 29an. Euskal Filologian lizentziaduna (Deustuko Unibertsitatea) Irakaskuntza Ertainetako eta IRALE programako irakaslea izan zen urte luzez. Gainera, bertsolaritzaren eta literaturaren sustatzaile porrokatua izan da Sarriugarte. Bere merituak gogoan hartuz, Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen 2024ko maiatzaren 31n.
- Iñaki Sarriugarteren zenbait idazlan: Poema argitaragabeak: [III. t.] Izadiminez / Bitoriano Gandiaga [argit.] (2005); Marijaren illa: 1850 / Jose Antonio Uriarte Adaro [argit. elkarlanean] (2012); Jel-azia / Jule Gabilondo [argit.] (2023).
- Hileta-elizkizuna asteazkenean izango da, 19:00etan, Galdakaoko Santa Maria elizan.
Idatzi iruzkina
















