Filosofian doktorea (EHU), Euskal Herriko Unibertsitateko katedradun emeritua eta Jakin Fundazioko ohorezko kidea, Akademiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1965eko irailaren 24an, eta ohorezko 2010eko urtarrilaren 29an. Euskaltzaindian, Euskera agerkarian lan egin zuen batez ere.
Azurmendiren zenbait idazlan: Kultura proletarioaz (1973, Jakin EFA); Errealismo sozialistaz (1978, Haranburu); Miranderen pentsamendua (1989, Susa); Demokratak eta biolentoak (1997, Elkar); Azken egunak Gandiagarekin (2009, Elkar); Karlos Santamariaren pentsamendua (2013, Jakin / EHU); Historia, arraza, nazioa (2014, Elkar); Hizkuntza, Nazioa, Estatua (2017, Elkar).
Pentsalari zegamarraren ibilbide intelektuala Arantzazun hasi zen, frantziskotarrekin. 60ko hamarkada erdian Europan barrena jarraitu zuen, bereziki Alemanian, frankismo ostean Euskal Herrira itzuli zen arte. Harrezkero, lan ugari argitaratu zuen, gai anitz jorratuz: nazioa, pentsamendu soziala, biolentzia... «Arloz arlo, modernitatearen ideia hegemonikoen irakurketa kritikoa egin du, Euskal Herritik eta euskaraz», nabarmendu dute Jakin-en.