Aurten 50 urte bete dira Aresti zendu zenetik eta, urteurrenaren harira, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gabriel Aresti Katedrak, Gabriel Aresti Elkarteak, Bilboko Koralak eta Euskaltzaindiak egitarau zabala antolatu dute bilbotar idazlea omentzeko eta haren pentsamendua gaur egungo belaunaldiei transmititzeko. Egitarau horren barruan sartzen da Gabriel Arestik ereindakoak 1975-2025 liburu kolektiboa.
Obraren asmoa idazlearen mezuek gaur egungo gizartean duten balioa eta gaurkotasuna nabarmentzea da. Liburuan euskal komunitatea, euskal kultur sistema eta euskal literatura indartu beharrari buruz hitz egiten da. “Arestik euskal kulturaren eta literaturaren bide zaharrak hobetu zituen eta bide berriak bilatu. Horregatik, hain zuzen ere, ez du gaurkotasunik galdu. Aresti oso ondo lotzen da gaur egun euskal kulturaren barruan ditugun kezkekin”, esan du Patxi Juaristi Gabriel Aresti Katedraren zuzendariak.
Liburuan EHUko bost ikastegitako ikuspegi, diziplina eta jatorri akademiko anitzak dituzten 35 irakasle eta ikaslek parte hartu dute: Bilboko Hezkuntza Fakultatea, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, Letren Fakultatea, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea eta Arte Ederren Fakultatea. “Pertsona desberdinak elkartu gara eta genero literario, komunikatzeko modu, ikertzeko bide eta gogoeta egiteko era desberdinak elkartu nahi izan ditugu liburuan”, gehitu du Juaristik.
Horrez gain, Irudigintza Saileko artisten marrazkiak, ilustrazioak, komikiak... ere jasotzen ditu argitalpenak, Gabriel Arestik garaiko artistekin izan zuen harreman estua gogoratuz. “Irudigintza saileko zenbait lankideei proposamena luzatu nien eta askatasun osoz irakasle-artista bakoitzak bere hizkuntza grafikoa erabiliz, bere ekarpena egin du. Gabriel Aresti, bai pertsona bai pertsonaia, edo bere obra oparoa inspirazio gisa erabili dugu. Nolabaiteko baldintza neurria izan zen, Aresti omentzeko irudiak liburutik at erakusketa batean aurkezteko nahia hasieratik plazaratu genuelako, adierazi du Susana Jodra EHUko Arte Ederren Fakultateko irakasleak.
Honela, liburuan Arestiren idazmakinaz, bere errealismo sozialaz eta iruditeria poetikoaz hitz egiten da, hala nola harria, mailua, etxea, H letra edo Bilbo bezalako sinboloen bidez.
Gabriel Arestik ereindakoak 1975-2025 liburua EHUko Argitalpen Zerbitzuan eta Euskal Herriko liburudendetan eskura daiteke.