Euskaltzaindiak 2024ko ekainaren 28an izendatu zuen euskaltzain oso Jon Casenave hizkuntzalaria. Orain, eta Akademiaren barne-arauek agintzen dutenari jarraikiz, sarrera-hitzaldia egitea dagokio euskaltzainari. Larunbatean izango da ekitaldia, 10:00etan, Heletako (Nafarroa Beherea) Agerraldi aretoan. Atarikoan, soka-dantzan joango dira heletarrak Agerraldi aretora, euskaltzainak eta agintariak atzetik direla. Behin areto barnean daudelarik, herriko abesbatzak Telesforo Monzonen Heletarrak abestuko du, eta, ondoren, ekitaldi instituzionala hasiko da. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Phillippe Etchepare Heletako auzapezak ongietorria egingo diete bertaratutakoei eta, jarraian, Jon Casenavek sarrera-hitzaldia irakurriko du: Euskara eta euskal literatura soka luze bat bezala. Hitzaldiaren muina euskara bera izanen da: Casenavek bere haur- eta gazte-denborak gogoratuko ditu, herritik eta familiatik jasotako euskara bizia, eta batez ere euskal idazle klasikoen emari oparoaz gogoeta egingo du, azken urteotan ondo baino hobeto aztertua duen gaiaz.
Itxaro Borda euskaltzainburuordeak erantzuna emango dio Casenaveri. Lehunztarraren hitzei eutsiz, klasikoez jardungo du emazteki idazle lapurtarrak ere, euskal literaturako izen handi batzuen balioaz eta gaurkotasunaz; era berean, klasikoen zerrenda ohikoetan dauden (eta ez dauden) emakumezkoen izana aldarrikatuko du eta, nola ez, Casenavek xix. mende hondarreko eta xx. mendearen hastapeneko autoreak ezagutarazteko egin duen lana nabarmenduko du.
Azkenik, euskaltzain berriak karguaren zina egingo du, eta euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jasoko ditu euskaltzainburuaren eskutik.
Lehuntzen (Lapurdi) jaio zen Jon Casenave, 1957ko uztailaren 4an. Euskal Ikasketetan doktorea da (Bordele Montaigne Unibertsitatea), Bordele Montaigne Unibertsitateko irakasle emeritua eta Iker zentroko kidea ere bada. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 2003ko urtarrilaren 31n, eta oso 2024ko ekainaren 28an. Euskaltzaindiaren Hiztegigintza Batzordeko kide (1987-1989) eta Literatura Ikerketako batzordekide (1993-2017) izana da anitz urtez. Dozenaka ikerketa-artikulu idatzi ditu Casenavek, eta publikatu dituen liburuetatik honako hauek nabarmenduko ditugu: Zutaz amoroski (1978, Ustela saila) poesia-lana, Itsu-mandoka: kontu xume, joko krudel (1981, Hordago) narrazioa; eta bi saiakera: De l’article de presse à l’essai littéraire: Buruchkak (1910) de Jean Etchepare eta Euskal literaturaren historiaren historia. Gurea nola konda? (2012, Utriusque Vasconiae; 2021, Euskaltzaindia).