2024ko Resurrección Maria Azkue Literatura sariak banatu dira gaur Euskaltzaindiaren egoitzan. Sariak emateko ekitaldian, epaimahaikideekin batera, Miren Agur Meabe Euskaltzaindiaren idazkaria eta Koldo Bilbao BBK-ko Kultura arloko arduradunak parte hartu dute.
Miren Agur Meabek irabazleak zoriondu ditu agerpenaren hastapenean, eta esan du geroko euskal idazleen harrobi emankorra dela sariketa. Horrez gain, eskerrak eman dizkie lanak zuzentzen eta bideratzen ahalegintzen diren irakasleei, eta, bide batez, idazleen senideei, eskolan zein etxean lantzen duten irakurtzeko eta idazteko zaletasunagatik. Koldo Bilbaok sariketan eman den partaidetzaren igoera aipatu du bere belbaldian, eta adierazi du BBKk euskara eta euskal kultura sustatzen jarraituko duela etorkizunean ere.
Akademiak eta BBK-k 1991tik antolatzen dituzten sari hauek idazle gazteak literatura mundura erakartzea dute helburu nagusi. Bi genero saritzen dira Azkue sarietan: narrazioa eta poesia. Genero bakoitzak bi maila ditu: A maila (10 eta 13 urte bitarteko gazteentzat); eta B maila (14 eta 17 urte bitartekoentzat).
Urtero bezala, aurten ere literatura eremuko pertsona adituek osatu dituzte epaimahaiak, Euskaltzaindiak izendatutakoak. Hauexek izan dira aurtengo epaimahaikideak:
- A mailan: Igone Etxebarria, Jabier Kaltzakorta eta Manu López Gaseni.
- B mailan: Castillo Suárez, Patxi Zubizarreta eta Garbiñe Ubeda.
Epaileek iritziz, «lan helduak eta landuak» aurkeztu dira aldi honetan. Gaurkotasunez jositako gaiak jorratu direla ere aipatu dute (feminismoa, maitasuna, heriotza...).
A MAILAKO sariak
Narrazioaren alorra:
- Lehen saria: Izarren koadernoa. Egilea: Jon Maestre Gelado (Franciscanas de Montpellier, Trapagaran, Bizkaia).
(Epaileen iritzia: “Bere begiez ikusten duen mundutik harago, unibertsoko bazter urrun eta ezkutuak ezagutu nahi dituen neska baten istorioa da. Errealitatea eta fantasia, hemengoa eta urrunekoa, benetakoa eta ezezaguna tarteka dabiltza hara eta hona, bidaiariaren begien aurrean agertu ahala”).
- Bigarren saria: Ametsik gabeko bizia, izarrik gabeko gaua. Egilea: June Salazar Cruz (Koldo Mitxelena BHI, Errenteria - Gipuzkoa).
- Hirugarren saria: Ahaztutako ipuinen hiria. Egilea: Nahia Cid González (Mendebaldea BHI Gasteiz, Araba).
Olerkiaren alorra:
- Lehen saria: Beldurra. Egilea: Aner Elizondo Fanegas (Haurtzaro ikastola, Oiartzun - Gipuzkoa).
(Epaileen iritzia: “Beldurrari buruzko gogoeta honetan, hainbat galdera egiten dira: zeren beldur izaten gara, zer eragiten digu beldurrak, erreakzioak... Baina beldurra bera, zeren beldur da? Horren gainean galderak sortzen dira. Testu laburra da, baina zer pentsatu ematen duena. Errepikapenen bidez, aurrera doa gaia garantzen eta indarra hartzen”).
- Bigarren saria: Asmatu. Zer naiz?. Egilea: Anari Larburu Tolosa (Haurtzaro ikastola, Oiartzun - Gipuzkoa).
B MAILAko sariak:
Narrazioaren alorra:
- Lehen saria: Inork ez du merezi. Egilea: Kattin Madariaga Apaolaza (Toki Ona BHI, Bera - Nafarroa).
(Epaileen iritzia: “Gaztaroa ilusioen eta ametsen aroa da, gauza berriak sentitzeko eta bizitzeko garaia. Bikote baten hasiera gozoa kontatzen digu narrazio honek, eta nola doan, denboraren poderioz, gaiztotzen eta ankertzen”).
- Bigarren saria: Aske. Egilea: Maria Iribar Larrañaga (Zumaia BHI, Zumaia – Gipuzkoa).
- Hirugarren saria: Testamendua. Egilea: Ekhi Arizmendi Telletxea (Oiartzo ikastola, Oiartzun – Gipuzkoa).
Olerkiaren alorra:
- Lehen saria: Euskarriak. Egilea: Naroa Asensio Gaston (Aita Larramendi ikastola, Andoain - Gipuzkoa).
(Epaileen iritzia: “Bizitzan aurrera egiteko heldulekuak eskaintzen dizkigu poema sorta honek: itsaso hondoari lotzeko aingurak edo etxea sostengatzeko harroinak. Batzuetan galdu egiten ditugu euskarriak eta, hala ere, aurrera egin behar dugu horiek gabe”).
- Bigarren saria: Ordura arte zaindu. Egilea: Libe Martin Aldalur (Haztegi ikastola, Legazpi - Gipuzkoa).
- Hirugarren saria: Hasieran ez omen zegoen ezer. Egilea: Naroa Asensio Gaston (Aita Larramendi ikastola, Andoain - Gipuzkoa).
Idazle, kazetari eta bertsolariak
Resurrección María Azkue saria, berez, 1975ean sortu zuen Bilbao Aurrezki Kutxak eleberri, olerki eta saio modalitateetan, eta 1990 arte iraun zuen. Urte haietan, ez zen gaztetxoentzako saria izan, helduentzakoa baizik, eta gaur egun oso ezagunak ditugun hainbat idazle eta ikertzailek jaso zuten saria. Beste horrenbeste gertatu da 1991tik aurrera antolatutako sariekin ere; egun ezagunak diren Alaine Agirre, Arkaitz Estiballes, Nagore Amondarain, Irati Goikoetxea, Maialen Zubeldia, Nerea Ibarzabal, Uxue Alberdi edo Urtzi Urrutikoetxea idazle, bertsolari eta kazetariek eskuratu izan dute saria.
Azkue Sarietara aurkeztutako lanen kopurua (2009-2024)
2009 (219) / 2010 (217) / 2011 (157) / 2012 (167) / 2013 (173) / 2014 (75) / 2015 (88) 2016 (175) / 2017 (151) /
2018 (135) / 2019 (568) / 2020 (353) / 2021(526) / 2022 (463) / 2023 (374) / 2024 (574)